Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:5:3

alabaina, bada

Alabaina lokailua aurkaritzakoa izan daiteke, eta hala azaltzen dugu dagokion tokian. Baina har dezakeen azalpen edo kausa balioaz arituko gara hemen, nahiz geroago ematen ditugun azalpenak ere kontuan hartzea ezinbestekoa den. Hurrengo adibideetan ikusten dira bi balio horiek:

  • Egia da langilea dela. Lana, alabaina, ez du musutruk egiten
  • Iritsi ziren hirira, baina ez zuten non lo egin aurkitu. Orduko, alabaina hotel guztiak beteak zeuden

Lehenbizikoa aurkaritzakoa da eta, hori dela eta, ez dago hor arazorik ordea bezalako aurkaritzako beste lokailu bat erabiltzeko alabaina horren tokian. Bigarrena kausazkoa da, edo azalpen balioa duena, nahi bada, eta horregatik zeren jar daiteke horren ordez hor. Lokailua batez ere Iparraldean erabili da. Aurkaritzako balioarekin XX. menderaino erabili dute, betiere gero eta indar gutxiagorekin, eta aldaera ugari izan ditu: alabaina, alabainan, alabaia, alabana, alabena eta alabeina. Hegoaldean bizkaieraz ageri da idazle zahar batzuetan eta geroago ageri da gipuzkeraz. XX. mendearen erdi aldetik aitzinat hartzen du berriz ere indarra, eta gaur egun nahiko hedatua dago. Azalpen lokailu gisa, alabainan, alaina, alainan, alainian, alabena aldaerekin, aldiz, gehiago ageri da Hegoaldeko idazleen artean XIX. menderainoko testuetan. Gero hedatzen da Iparraldera.

Bada lokailuak ere bi balio ditu: bat, ondoriozkoa, ikusi dugun bezala. Bestea, sail honetakoa: azalpena edo kausa. Ondoko adibide hauek erakusten dute hori:

  • Aitor dezagun, bada, bera jaio baino urtebete lehenago hasi dugula geure heroiaren historia, autore itzaltsu askoren ereduari jarraiturik (Parmako kartusia, Henri Beyle Stendhal / Jon Muñoz)
  • Ezin naiz etxetik mugitu, bada aski eri naiz.

Artikulu honetan

Tokia

Tokiari dagokionez, gainerako kausazko lokailuek baino askatasun handixeagoa du alabaina lokailuak. Perpaus hasieran, eta perpaus barnean erabiltzen dute idazleek:

  • Baña zergatik orrela dabiltzan, berak dakite; baita beste guztiok ere badakigu! alabañan agerian zebiltzan (Manuel Larramendi, Sobre los Fueros de Guipúzcoa, J.I. Tellechea (ed). San Sebastián, 1983, 225)
  • Hau egiten duena ongi aterako da beste munduko tribunalean; ez du alabaña ara eramanen beldurrik bage ager ez diteken gauzarik (Sebastian Mendiburu, Mendibururen idazlan argitaragabeak (2 lib., Altunaren edizioa), Bilbao, 1982, I, 364)
  • Etzuen arkitu non oñak sartu, horduko alabaña beteak zeuden ostatu ta etxe guziak (Juan Antonio Ubillos, Cristau doctriñ berri-ecarlea Tolosa, 1785, 62)
  • Jotzen du sorginetarik bat, eta hortan galtzen… bere xahakoa. Sorginak ebatsi alabainan! “Emportée évidemment par la sorcière!” (Jean Barbier, Légendes du Pays Basque Paris, 1931, 147)
  • Egin zion Andre dena Mariak Jainko Jaunari egundaino nihork egin dion eskaintzarik ederrena: eskaini zion alabainan bere Seme bakharra (Basile Joannateguy, Sainduen Bizitzea. Lehen zatia, Baiona, 1890, 40)
  • Harma lanjerosa da geiago ezina, / ez dea alabainan hiltzeko egina? (Fernando Aire “Xalbador”, Odolaren mintzoa 1976, 136)

Aldiz, bada lokailuarekin ez da hori gertatzen, eta aurreko zerbaitekin lotzen duen bigarren perpausaren hasieran doa beti. Batzuetan ondoriozko eta kausazko lokailu honek adierazten dituen ñabardurak aski nahasgarri eta labainkorrak izan badaitezke ere, esan dezagun ondoriotasuna adierazten baldin badu, anitzez ere askatasun handiagoa duela tokiari dagokionez. XX. mendearen hasieran gramatikariak holako lokailu hauek baztertzen saiatu ziren, erdararen kalkoan direlakoan. Eta ondoren, idazleek aise gutxiago erabili zituzten. Ez dirudi, hala ere, hori hala den ezinbestean, Villasantek berak aski argi adierazi zuen gisan (ikus, besteak beste, Sintaxis de la oración compuesta,(2.ª ed.). Oñate, 1979, 165), non esaten baitu bi balioak aski hedatuak direla bai euskara mintzatuan bai tradizio idatzian ere. Dena den, sailkapen hauek gehiago dira diskurtsoa bera antolatzeko erabiltzen ditugun hitzak, bestelako ondorio semantikorik gabe. Nola ageri diren hitz horiek, zer hurrenkeratan, zer duten aurrean edo atzean, horregatik ematen diogu balio hau edo bestea. Baina nekez joan gaitezke urrunago. Esate baterako, eta hitza hartzen badugu, batzuetan aski garbi ikusten dugu juntagailu hutsa dela: “Miren eta Andoni etorri dira” bezalako perpaus batean. Eta berdin perpaus elkartuetan ere: “Miren mendira joan zen eta Koldo, berriz, hondartzara”. Baina hori esan beharrean, demagun beste holako zerbait esaten dugula:

  • Mikel izugarri haserretu zen Koldorekin. Eta hantxe berean muturreko bat eman zion
  • Koldok muturra hanpatua zuen. Eta medikura joan zen

Nekez esango genuke hor eta hori lokailua dela, izan dadin ondoriozko nahiz kausala.

Gauza bera gertatzen da alabaina eta bada-rekin. Baina zenbait kasutan badirudi kausaren balio hori ageriago gelditzen dela:

  • Bitzubak uts egiten dabee. Bada ez olgeeta guztiak dira onak, ez guztiak dira txarrak edo pekatuzkuak (Fray Bartolome de Santa Teresa, Euskal-Errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizo-gatz-ozpinduba, Pamplona, 1816, 38)
  • Hire admonizionéz ez remonstranzéz konturik eztiagu egin. Bekhatu egin diagu bada, Iauna, ta anhitz maneraz ofensatu ukhan augu (Leizarraga, «Catechismea», 5v)

Gaur egun

Gaur egungo euskeran biziki zaila da alabaina eta bada kausazko edo azalpen balio honekin ikustea, benetan balio hauen artean hain erraz bereizterik bada. Ez dira erraz aurkitzen adibideak. Eta batzuek itxura hori izan baldin badezakete ere, zail da erabakitzea hala dela. Ikus, esaterako, ondoko adibide hau:

  • Frantziako Poliziak ETAko ustezko bi kide atxilotu zituen atzo goizean Azkainen (Lapurdi). Garikoitz Etxeberria Goikoetxea eta Asier Larrinaga Rodriguez dira atxilotuak. Herriko plazan bertan atxilotu zituzten, bizkarreko zakuarekin. Atxilotuetariko batek ustez pistola bat zeraman. Atxiloketa 8: 30ak aldera gertatu zela zehaztu digu Didier Ameztoi Azkaingo harakinak. Alabaina, gertakariaren lekuko bakarretarikoa zen (Herria, 2007.01.10)

Adibide horretan azalpen/kausazkoa izan daiteke alabaina: harakina izan zelako lekuko bakarretarikoa dakigu hori. Baina berdin uler daiteke aurkaritzakoa bezala ere. Egia esateko, idazle gehienek, Iparraldekoak nahiz Hegoaldekoak izan, aurkaritzako lokailu gisan erabiltzen dute arruntean. Esan dezagun, bi lokailuei dagokionez, aski hedatuak direla egun, batez ere bada. Baina, semantika aldetik biziki hurbilago sentituko dugu, eta hala identifikatu, ondorio baliotik bada eta aurkaritza baliotik, berriz, alabaina

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "alabaina, bada", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3