Erabiltzaile Tresnak


morf:5:2

Perpaus motak

Euskarazko perpaus motak aztertuko dira atal honetan. Lehenik eta behin, perpaus bakuna eta perpaus elkartua bereiziko dira. Perpaus elkartuak bi eratara sor daitezkeela ikusiko da ondoren: menderakuntza bidez edo juntadura bidez. Perpaus lokabe edo beregainak eta mendekoak ere aztertuko dira.

Perpaus bakunak eta perpaus elkartuak

SAGARRAREN ADARRAREN PUNTAREN PUNTANHizkuntzaren ezaugarri nagusietako bat errekurtsibitatea da. Honi esker, eta eragiketa kopuru mugatu baten bidez, atal gero eta konplexuagoak sortzen dira, atal sinpleagoetan oinarrituz. Adibidez:

    • Punta > adarraren punta > sagarraren adarraren punta > aldapeko sagarraren adarraren punta …

Errekurtsibitate edo errepikakortasun honek perpaus mailan ere eragiten du eta perpaus bat beste baten barnean txerta daiteke, horrela perpaus berri bat sortuz. Orobat, perpaus berri hau ere beste batean txerta daiteke, beste bat sortuz eta hau ere beste batean eta horrela. Adibidez:

    • Ez dakit ezer > uste dut ez dakidala ezer > esan diot ezer ez dakidala uste dudala > ezer ez dakidala uste dudala esan diodala badakit …

Perpaus bakuna deitzen diogu barnean, osagai gisa, beste perpausik ez duenari, alegia perpaus bakarraz osatuari. Perpausaren atal nagusia aditza bada, perpaus bat bakuna ala elkartua den jakiteko, aski da zenbat aditz diren begiratzea:

    1. Ez DAKIT ezer.
    2. Nork ESAN DU astakeria hori?

Hauek perpaus bakunak ditugu: aditz bakarra dute eta, horrenbestez, ez dago beste baten barnean kokaturiko perpausik.

Baina gauzak bestela izan daitezke. Badira, hain zuzen, perpaus bat baino gehiagoz osatutako perpausak ere. Hauei perpaus elkartuak deitzen zaie. Perpaus bakoitzak aditz bat behar duenez, perpaus elkartuetan aditz bat baino gehiago izango da. Adibidez:

    1. [ [Ezer ez DAKIDALA ] ESAN DIT irakasleak ].
    2. [ [IKUS DEZAGUN [ nork ESAN DUen astakeria hori ] ].
    3. [ [Jonek baloia HARTU ZUEN ] eta [ parkera JOAN GINEN denok] ].

Adibide hauetako perpaus elkartuak bi perpausez osatuak daude, baina, berez, gramatikak ez du mugarik ezartzen gai honetan. Mugak beste alde batetik etor daitezke, esaterako, gure oroimenetik. Honako perpaus honetan, adibidez, mendeko perpaus bat baino gehiago dugu:

    • [Irakasleak ESAN ZIGUN [ [ [ [ikasturtea GAINDITU NAHI BAGENUEN], [ [orain arte SAIATU GAREN baino] pixka bat gehiago SAIATZEA] KOMENI ZAIGULA] ], eta [ez LUKEELA NAHI [inork gauzak gaizki ULERTZERIK] ] ] ]

(5)eko perpaus hau ez da bakuna. Hain zuzen, (4)koak baino zerbait konplexuagoa ere bada. Begira, bestela, letra larriz markatu diren adizkiak: zazpi badira gutxienez. 1

Perpaus elkarketa: juntadura eta menderakuntza

Goiko adibideek erakusten dutenez, perpaus elkarketa bi motatakoa izan daiteke: (4a eta b)n menderakuntza erlazioa dago perpaus lokabearen eta mendekoaaren artean. Bata bestearen mendeko osagaia da. Aldiz, (4c)n, perpaus elkarketa sintaxi maila berekoen artean gertatzen da. Ez da bata bestearen mendeko. Mota honetako perpaus elkarketari juntadura deitzen zaio, edo koordinazioa. Perpaus bat bestearen mendeko denean, perpaus nagusiaren eta mendekoaren artean erlazio berezia gertatzen da. Erlazio hori izan daiteke ohiko perpaus bakunetan osagarriak eta adjunktu batek aditzarekiko izan dezakeen berbera: BATZUETAN HOBE ISILIK EGOTEA

    1. Isilik egoteak asko balio du. (cf. Etxe honek asko balio du.)
    2. Berandu etorriko naizela esan diot. (cf. Gezurra esan diot.)
    3. Kontatu digun istorioa sinestezina da. (cf. Karmeleren istorioa…)
    4. Diru pixka bat eman nion kafe bat har zezan. (cf. Diru pixka bat eman nion kafe baterako.)

Perpaus izaera duten osagaiek bakarrik bete ditzaketen erlazioak ere badira. Zenbait perpaus 'adberbialetan' (baldintzazkoetan, zenbait kausazkotan, kontzesiboetan… adibidez, mendeko perpausaren eta nagusiaren artean erlazio berezia dago, determinatzaile sintagma baten edo postposizio sintagma baten bidez ordezkatzen zail dena:

    1. Etortzen bazara, egidazu bisita.
    2. Nola ezer ez nekien, ez nintzen mugitu.
    3. Hori jakin arren, ez nintzen mugitu.

Perpaus hauetan ageri diren mendeko perpausak (etortzen bazara, nola ezer ez nekien, hori jakinarren) ordezkatzea zaila gertatzen da2.

Perpaus lokabeak eta mendeko perpausak

Perpaus bat beste baten mende ez badago, bere buruaren jabe bada nolabait, perpaus hori lokabea dela esaten da. Adibidez, honako hauek perpaus lokabeak dira:

    1. Herri honetan haur gutxiegi dago.
    2. Gure herri hau harrizkoa dela esan zuen poetak.
    3. Herri honetan haur gutxiegi dago eta gobernuak eskola itxi egingo omen du.

Hirurak perpaus lokabeak, beregainak, ditugu, ez daude beste baten mende. Egongune absolutuan daudela esan ohi da. Hain zuzen, sintaxiaren ‘sabaia’ perpausa dela diogunean, esan nahi da sintaxiaren helburua perpaus lokabeak sortzea dela: gramatika arauek perpaus lokabeak sortzeko bidea eskaintzen digute. Horraino iritsi behar du gramatikak.

Hurrengo hauetan, aldiz, azpimarraturik daudenak beste baten mendeko dira, nagusiago den perpaus batean txertaturik ikusten ditugu:

HERRI HONETAN EZ DAGO HAURRIK

    1. [Herri honetan haur gutxiegi dagoela] uste dute askok.
    2. [[[Gure herri hau harrizkoa dela] esan zuen] poeta] bilbotarra zen.
    3. [[Herri honetan haur gutxiegi dagoela] eta [gobernuak eskola itxi egingo duela]] esan du irratiak.

Honako perpaus hauek:

    • [herri honetan haur gutxiegi dagoela]
    • [[gure herri hau harrizkoa dela] esan zuen]
    • [[herri honetan haur gutxiegi dagoela]
    • [gobernuak eskola itxi egingo duela]]

mendeko perpausak dira. Bere horretan ez dira beregainak, ez dira 'osoak', nolabait 'amaitu gabeak' edo dira. Horietako bakoitza “gorago” dagoen perpaus baten osagai da. Hori argi ikusten ahal da (2)ko hiru perpausetan. Jakina, gauzak horrela, bai perpaus bakuna bai perpaus elkartua, biak izan daitezke lokabe nahiz mendeko. Adibidez, (1b eta c) eta (2)ko hirurak perpaus elkartuak dira, eta lokabeak ere bai, beregainak. Aldiz, (1a) perpaus lokabea baina bakuna da. Orobat, (1b eta c) eta (2a, b eta c) perpaus elkartu horien barneko [herri honetan haur gutxiegi dagoela] eta [gure herri hau harrizkoa dela] perpaus bakunak dira, baina baita mendeko ere, erakusten dituzten menderagailuek (-(E)LA eta –(E)N-ek) argi salatzen diguten bezala.

Laburbilduz:

perpaus bakuna perpaus elkartua juntadura
perpaus lokabea Herri honetan haur gutxiegi dago. Herri honetan haur gutxi dagoela diote. Herri honetan haur gutxiegi dago eta eskola itxi egingo dute.
perpaus mendekoa herri honetan haur gutxi dagoela herri honetan haur gutxi dagoela esateko herri honetan haur gutxi dagoela eta eskola itxi egingo dutela
1 'Zazpi gutxienez' diogu, zeren gainditu nahi bagenuen adizki bakartzat hartu baitugu. Gauzak nola analizatzen diren, beharbada, bi adizkiz osatua dagoela ere defendi daiteke, honela atalkatuz: [[... gainditu] nahi genuen]]
2 Aipatu diren perpausetan zailtasun hori nabarmena da. Izan ere, ordezkoak oso lausoak gertatzen dira:
  1. Hori jakinarren, ez nintzen mugitu = Horregatik, ez nintzen mugitu. (cf. Hala ere, ez nintzen mugitu.)
  2. Kasu horretan, egidazu bisita.
  3. Horregatik, ez nintzen mugitu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus motak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3