Erabiltzaile Tresnak


morf:5:2:1

Perpaus bakuna

Perpaus bakuna aditz bakarra duena da. Alegia, bere barnean, osagai gisa, beste perpausik ez duena. Adibidez, har ditzagun kontuan honako bi perpaus hauek:

  • Gezur biribila esan duzu oraintxe.
  • [[Gezur biribila esan duzula] iruditzen zait]

Lehenengo perpausean adizki bakarra dago: esan duzu. Horrenbestez, perpaus bakuna da.

Aldiz, bigarrena perpausa elkartua da, bi adizki baititu: batetik esan duzu, lehenengoko berbera, eta bestetik iruditzen zait.

Perpaus bakunaren osagaien artean ez da perpaus kategoriako beste osagairik agertuko, eta, horrenbestez, adizki bakarra izango da. Hori erakusten dute argiro goiko bi adibideek.

Perpaus bakunaren osagai nagusiak

Perpausa predikazio-banako txikiena da, hots, subjektu bat eta predikatu bat erlazioan jarriz sortzen den atala. Horrenbestez, subjektua eta predikatua izango dira perpausaren osagai nagusiak. Baina osagai hauek ere, bere aldetik, zerbait egituratuak dira. Adibidez, perpausean, subjektu lanetan, normalean, Determinatzaile Sintagma aurkituko dugu:

  • [DS Lehengo eguneko gizon hura] etorri zait gogora.

MIKELEK HEMEN EROSI DU ETXE BERRIA (Donibane Lohizuneko kalea)Predikatua, berriz, modu askotara osatua egon daiteke. Aditza beharrezko den heinean, aditza izango dugu ardatza. Baina aditza predikatiboa izan daiteke (etorri, erosi, erori…) eta honek, inguruan, dagozkion osagarriak eta adjunktuak izango ditu, hauek kategoria desberdinekoak direla

  • Lehengo eguneko gizon hura [ [Aetorri zait] [PoSgogora]]
  • Mikelek [ [DS etxe berria] [A erosi du] [PoS Gernikan] [PoS milioi erdi eurotan]]

Eta kopulatiboa edo loturazkoa ere izan daiteke perpauseko aditza. Izan eta egon dira loturazko aditz tipikoak. Hauetan predikatua adjektibozkoa, izenezkoa, adberbiozkoa izan daiteke:

  • Lehengo eguneko gizon hura [[DS herriko alkatea] [Ada]]
  • Mikel [[AdbSpozik] [Adago] [PoS bere lanarekin]]

Izendatu, bihurtu eta beste aditz batzuk ere badira predikatu osagarriari bide ematen diotenak. Kasu honetan ohikoena da Izen Sintagma soila (determinatzailerik gabea) agertzea predikatuan:

  • Lehengo eguneko gizon hura [[IS herriko alkate ] izendatu dute.]
  • Mikelek dena [[IS urre] bihur dezake.]

Perpausaren subjektu/predikatu gisako partiketa hau gorabehera, eta osagaien hierarkia kontuan hartu gabe, perpausaren osagai nagusitzat aditza, inflexioa, Determinatzaile Sintagma, Izen Sintagma, Postposizio Sintagma, Adberbio Sintagma eta Adjektibo Sintagma har daitezke.

PERPAUS BAKUNAREN OSAGAI NAGUSIAK
inflexioa
aditza
Determinatzaile Sintagma
Izen Sintagma
Postposizio Sintagma
Adberbio Sintagma
Adjektibo Sintagma

Hauek perpausaren osagai 'nagusiak' direla esaten denean, lehen mailakoak direla esan nahi da. Alegia, hauetako bakoitzak bere aldetik beste osagai batzuk izango dituzte. Hortaz, azken hauek ere perpausaren osagai izango dira baina perpausa baino 'beheragoko' beste osagai baten osagai diren neurrian, ez dira perpausaren osagai nagusi.

Eta atal hauek denak subjektu/predikatu egitura bikoitzean jaso nahi badira, kontuan hartu beharko da, batetik, Inflexio delako hori perpaus osoari dagokiola. Bestetik, subjektu izateko aukera duena Determinatzaile Sintagma dela. Perpausean Determinatzaile Sintagma bat baino gehiago izan daitezke. Hauetako bat izango da subjektua. Honako perpaus bakun honetan, adibidez, hiru Determinatzaile Sintagma ditugu:HEMEN DAGO AMARI EROSITAKO GONA GORRI FAMATUA!

  • [DS Aitak] [DS amari] [DS gona gorria] ekarri dio.

Baina kasu honetan, ergatiboan doan sintagma da subjektua. Gainerako Determinatzaile Sintagmak eta goiko zerrenda horretako osagaiak Aditz Sintagman, predikatuaren partean alegia, bilduko dira. Hortaz, perpausean osagai hauek hierarkia batean kokaturik ikusiko ditugu.

Bestalde, perpausaren osagai nagusitzat eman ditugun hauetako bakoitzak ere bere taxu propioa izango du eta, horrenbestez, bakoitzak bere osagaiak izango ditu. Postposizio Sintagma eta Adjektibo Sintagma, adibidez, Determinatzaile Sintagma baten barneko osagai ere izan daitezke, perpausaren osagai ez ezik. Adibidez:

  • Etxerako bidea hartu zuen artzainak.
  • [DS [IS [PoS [PoS Etxera] -ko] bide] -a]
  • Bide zaila aukeratu duzu.
  • [DS [IS bide [ AdjSzail ] -a]

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus bakuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3