Erabiltzaile Tresnak


morf:5:2:1:2

Aditzaren inguruko osagaiak

Perpausa predikatu baten inguruan antolatutako egitura bat da. Predikatu hori gehienetan aditza izan ohi da. Esan berri dugunez, ordea, aditz bakoitzak, bere eskakizunak ditu. Erori aditzak, esaterako, aski du argumentu bakarrarekin. NOR (edo ZER) sintagma deitzen dena eskatuko du bereziki:

  • [ZER Teila bat] erori da.

Baina gehiago ere izan ditzake, NONDIK, NORA eta holakoak bereziki, erori mugimendu aditz bat baita:

  • [ZER Teila bat] erori da [NONDIK teilatutik] [NORA kalera].

Erosi aditzak, aldiz, sintagma absolutiboaz (NOR/ZER) gainera, sintagma ergatiboa (NORK) ere eskatuko du:

  • [NORK Gure lagunek] [ZER etxe berria] erosiko dute.

Kasu honetan, nondik eta nora adierazteak ez du zentzu handirik, baina erosketa nahiz teila erortzea non gertatu den esateak, bai:

  • Gure lagunek etxe berria erosiko dute [NON Gernikan].
  • [NON Gernikan] teila bat erori da teilatutik kalera.

Eta horrela, aditz guztiak.

Lehengo adibidea har dezagun:

  • Aitak amari gona gorria ekarri dio Donostiatik.

Hau, edozein euskal hiztunentzat euskarazko perpaus zuzen bat da. Euskal hiztun horrek, gramatika pixka bat jakitea aski du perpaus hori zein osagaiz osatua dagoen esateko. Adibidez, badugu adizki nagusi bat: EKARRI DIO. Eta adizki nagusi honen inguruan zenbait osagai. Batak, ekartzeko ekintza hori nork gauzatu duen esaten digu, nor izan den ekarlea: AITAK, ergatiboa. Beste batek, berriz, ekintza horren hartzailea zein den esaten digu. Hori datiboan doan sintagma dugu: AMARI. Bada ekarritako objektua zein den adierazten diguna ere. Gure kasuan GONA GORRIA. Eta azkenik, EKARRI DIO aditzaren inguruan doazenen artean badugu beste atal bat, ekartze hori nondik egin den esaten diguna: DONOSTIATIK. Aditzaren argumentuak gauzatuak ageri zaizkigu perpausean. EKARRI predikatuak eskatzen dituen argumentuak perpausean emanak daude. Kimikan elementu baten 'balentziak' elementu horrek beste batzuekin konbinatzeko duen ahala adierazten digun bezala, predikatu batek ere bere 'balentzia' izango luke, nolabait, behar eta eskatzen dituen argumentuak zenbat eta zein diren esango diguna. Eta perpaus bat osatzeko predikatu bakoitzak behar dituen argumentuak ‘aseak’ egon behar dute. Hots:

  • [egilea Aitak] [hartzailea amari] [gaia gona gorria] ekarri dio [sorburua Donostiatik]

Aditzaren inguruan ager daitezkeen osagai nagusiak Determinatzaile Sintagma(k), Postposizio Sintagma(k), Adberbio Sintagma(k), Izen Sintagma eta Adjektibo Sintagma direla esango dugu. Eta azkenik, perpausa nolabait 'koroatuz', aditzak behar duen inflexioa ere hor da.

Determinatzaile Sintagmak

Determinatzaile sintagmak izan daitezke, bereziki, aditzaren inguruko, bakoitza bere kasu markarekin:

  • [DS Etxe handi hari] su eman nahi izan diote [DS ezezagun batzuek]
  • [DS Liburu horrek] ez du [DS txakur handi bat]
  • [DS Irakasle berri bat] etorriko zaigu.

Perpausetan, parentesi bidez 'hesituak' ageri diren osagaiak Determinatzaile Sintagmak dira. Horietako bakoitzak badu agerian marka bat, kasu marka, perpausean nolako zeregina betetzen duen, halakoa:

Determinatzaile/Kasu Sintagma = Determinatzaile Sintagma + Kasu marka
etxe handiari etxe handi -a -i
ezezagun batzuek ezezagun batzuk -k
liburu horrek liburu hor- -k
txakur handi bat txakur handi bat Ø
irakasle berri bat irakasle berri bat Ø

Hortaz, funtsean, honako egitura hau izango dugu:

  • [DS/KS [ DS Etxe handi -a] [KM -ri ] ]

Postposizio Sintagmak eta Adberbio Sintagmak

Postposizio sintagmak ere izan daitezke perpausaren osagai:

  • [PoS Mendian] aurkitu dugu azeria
  • [PoS Fosilei buruz] hitz egin digu Alberdi jaunak
  • Loa galdu dut [PoS zuregatik]
  • [PoS Txakur handi batekin] etorri da.

Hemen ere atzizki egokiaz hornitutako Determinatzaile Sintagmak ditugu. Baina kasu markaren ordez, oragingan daukagun atzizkia postposizio bat da (ik. ). Eta hau ere sintagmaren buru izaki, sintagma osoa Postposizio Sintagma izango da.

Postposizio Sintagma = Determinatzaile Sintagma + Postposizioa
mendian mendia -n
fosilei buruz fosilei buruz
zuregatik zure -gatik
txakur handi batekin txakur handi bat -ekin

Postposizio hauek (-N, BURUZ, –GATIK, -EKIN… ), kasu markak bezalaxe, ezin dira bere kasa ibili, zerbaiti itsatsiak baizik, atzizkiak baitira. Determinatzaile Sintagma bat eskatzen dute ezkerrean, osagarri gisa: [mendia]; [fosilei]; [zure], edo beste Postposizio Sintagma bat:

  • [PoS [PoS Mendian] [Po zehar] ] ibili ginen.

Postposizioek kasu markek baino erreferentzialtasun handiagoa dute. Alegia, badute berezko esanahiren bat eta esanahi hau eransten diote sintagmari. Adibidez, mendi berari erreferentzia eginda ere, mendiTIK esaten bada edo mendiRA, kasu bakoitzean ageri den postposizioak (kasu batean –TIK, bestean, -RA), esanahi berezia ematen dio atal horri: menditik eta mendira bi kontu desberdin baitira. Batak jatorria den lekua adierazten du, abiapuntua, eta besteak jomuga, helburua.

Adberbioz osatutako sintagmak ere izan daitezke perpausaren atal. Azken batean, Postposizio Sintagmen banaketa bera dute adberbio sintagma askok (ik. ):

  • [AdbS Gero] erosi nuen astoa.
  • Mikelek [AdbS buruz] ikasten zituen ikasgaiak.

Hauetako adberbio batzuk perpaus osoari dagozkio eta, maiz, perpausaren hasieran aurkituko ditugu:

  • [AdbS Zorionez], ez ninduen ezagutu.

Adjektibo Sintagmak eta Izen Sintagmak

Aditzaren inguruko sintagmak aurkezten ari garenez, Adjektibo Sintagma eta Izen Sintagma ager daitezke aditz baten inguruan. Bereziki, izen predikatu lanetan aurkituko ditugu holakoak:

  • Disko hau [AdjS berria] da.1
  • Mikel [IS liburuzain] izendatu dute

Dena dela, osagai jakin baten kategoria eta funtzioa ongi bereizi behar dira. Predikatu osagarri funtzioa bete dezakete Adjektibo Sintagmek eta Izen Sintagmek.

kakotxa
kakotxa
Egun batez, konpaiñia on batean, euskaldunik baizen etzen lekhuan nengoela, ekharri zuen solhasak, izan zen perpausa, etzuela, deusek ere hanbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko utzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak (Axular)

Determinatzaile Sintagmek eta Postposizio Sintagmek nahiz Adberbio Sintagmek ere bai. Hots: funtzio bera, predikatu osagarria, bete dezakete aipatu ditugun kategoria desberdin horietako sintagmek. Aditz bereziak izan ohi ditugu holakoetan, lotura aditzak, edo aditz kopulatiboak, izan eta egon, bereziki, baina beste batzuekin ere aurkituko ditugu:

  • Nire lagunak [AdjS oso alaiak] dira.
  • Etsaiak [IS lagun] harturik ibili zen gizon hura.
  • Iñaki [IS gure ordezkari] izendatu dute.
  • Andoni [DS herriko alkatea] da.
  • Opari hau [PoS zuretzat] da.
  • Zure lana [AdbS ederki] dago.

Predikatu osagarriaren funtzioa betetzen dute oso alaiak AdjS-ak, lagun IS-ak, herriko alkatea DS-ak, zuretzat PoS-ak eta ederki AdbS-ak. Sintagma hauek predikatuak dira, subjektuaren edo objektuaren proprietate bat adierazten dute. Perpausa osatzeko ezinbestekoa denez aditza izatea, predikatu hauek aditz berezi batzuez baliatuko dira subjektu-predikatu bikotea osatzeko. Aditz berezi hauek lotura-aditzak deitzen dira, aditz kopulatiboak. Hemen hizpide ditugun predikatu hauek perpauseko subjektuari dagozkio gehienetan, baina objektu bati buruzkoa izatea ere gertatzen da. Hori da 'bigarren mailako predikazioa' deitzen dena:

  • Oso dotore aurkitu nituen denak.

Hemen, [oso dotore] predikatua ez dagokio perpauseko subjektuari (ni-ri, alegia), objektuari baizik (denak-i).

1 Berria AdjS-tzat hartzen dugu, nahiz eta sintagma horrek eskuin muturrean -a artikulua eraman. Hau balitz sintagmaren burua, AdjS barik DS dela esan beharko genuke. Hala ere, kontuan hartzen badugu hemen ageri den mugatzaile horrek ez duela erreferentzia markatzeko balio, ezin baitugu, adibidez, erakusle batez ordezkatu (ikus *disko hau [berri hori] da) eta, bestalde, maiz mugatzailerik gabe ere agertzen dela (ikus etxe hau [beste hori baino handiago] da, Adjektibo Sintagma dela onartzeko prest egon behar genuke. Nolanahi ere mugatzaile horren izaera eta zeregina zein den eztabaidagai da oraindik hizkuntzalarien artean (ik. Igone Zabala; Luis Eguren, adibidez).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditzaren inguruko osagaiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3