Erabiltzaile Tresnak


morf:5:2:1:9

Aditz komunztadura

HAU IZANGO DA PERTSONA ANIZTASUNA?Adizki jokatuak aztertzen ditugunean, berehala konturatzen gara denbora edota modu markak ez ezik, perpauseko argumentuen isla morfologikoak ere biltzen dituela (Hizkuntza eranskaria) inflexioak. Ildo honetan, dena delako perpausak baldin eta, adibidez, singularreko lehen pertsonako izenordain absolutiboa erakusten badu –ni–, orduan inflexioak argumentu horren pertsona zein numeroarekin bat egiten duen marka morfologikoa bilduko du: n– alegia, adizkia trinkoa izan –nator, adibidez– zein perifrastikoa –etorri naiz. Izan ere, n– markari komunztadura deritzo.

Komunztaduraren bitartez bereizi izan dira euskalaritzan, absolutibo, ergatibo eta datibo kasuez markatutako argumentuak postposizioetatik: kasudun argumentuek komunztadura eragiten dute inflexioan; postposizioek, aldiz, ez. Horregatik, hiru argumentu horietako bakar batekin komunztadura zaintzen ez denean, perpaus okerra osatzen da. Konparatu ezker zutabeko perpaus gramatikalak, eskumatara dauden ez-gramatikalekin –adibideak errazago ulertzearren, argumentu bakar baten komunztadura markatu dugu perpaus bakoitzean.

Ni nator/etorri naiz vs. *Ni zatoz/etorri zara
Jon niri negarrez datorkit/etorri zait vs. *Jon niri negarrez datorkizu/etorri zaizu
Nik Jon dakart/ekarri dut vs. *Nik Jon dakarzu/ekarri duzu
Nik zuri Legoa dakarkizut/ekarri dizut vs. *Nik zuri Legoa dakarkizuet/ekarri dizut

Eta lehenago esan dugun bezala, postposizioek ez dute komunztadura eragiterik inflexioan:

  • Ni zurekin nator/etorri naiz
  • Ni zuregana nator/etorri naiz

Goiko perpausetan, adibidez, zurekin edota zuregana bezalako postposizio sintagmek ez dute komunztadurarik erakusten: nator adizkiak ni argumentuarekin baino ez du komunztadura egiten.

Pertsona komunztadura markei begira, izatez, bi komunztadura marka sorta ditu euskarak: bata komunztadura aurrizkiena, erroaren aurretik gaineratzen diren markek osatzen dutena, eta bestea komunztadura atzizkiena, erroaren atzetik atxikitzen direnena. Hona hemen, pertsona komunztadura aurrizki eta atzizkiak euskaraz.

AURRATZ
NIn––t
HIh––k(–a–)/–n(a–)
GUg––gu
ZUz––zu

 NIK ZU MAITE ZAITUTZu pertsona izenordainari dagokionez, esan beharra dago, izatez singularra izan arren, morfologikoki plurala dela arrazoi historikoak tarteko –garai batean, plurala izan baitzen. Horregatik, zu izenordainarekin komunztadura egiten duen adizkian, pertsona markaz gain, pluralgile bat ere ager daiteke. Adibidez:

  1. Zu berandu zatoz
  2. Nik zu maite zaitut

Lehen perpausean absolutibo argumentuak z– pertsona komunztadura marka ez ezik, –z pluralgilea ere erakusten du; bigarrenean, pertsona komunztadura bera ageri da, eta ondoren –it– pluralgilea.

Orobat, zuek pluraleko izenordaina denean komunztatu beharrekoa, orduan, lehen aipatu dugun pluralgileaz gain, beste pluralgile bat ageri da adizkian:

  1. Zuek berandu zato-z-te
  2. Nik zuek maite zaitu-zte-t

Zuek pluraleko izenordain hori ergatiboa denean, edo baita datiboa ere, orduan –e– pluralgilea ere gaineratzen zaio:

  • Zuek egin duzu-e
  • Zuei egin dizu-e

Zu singularreko pertsona izenordaina da gaur egun nagusiki erabiltzen dena eta orokortua dagoena –hortaz, forma ez-markatua dena–, baina singularreko beste pertsona izenordain bat dago, lagunarteko hizkeran erabiltzen dena: hi alegia. Biak bereizteko zu izenordainari formal iritzi izan zaio eta, hiri, aldiz, ez-formala. Hi formari dagokionez, aurrizkia bat bera da –h beti, baina atzizkietan, mintzakidea emakumezkoa denean –n(a–) erabiltzen da eta gizonezkoa denean, berriz, –k(–a–).

Goian aurrizki eta atzizkien artean egin dugun bereizketa bateragarria da neurri batean Euskaltzaindiak (1987: 141-142) egiten duen sailkapenarekin. Euskaltzaindiak dio pertsona-komunztadura markak adizkiaren a) aurrean, b) azken muturrean eta c) barnean kokatzen direla, eta kokapena izanik komunztadura markak sailkatzeko darabilen irizpidea, ez zaigu iruditzen ukatzen duenik adizikiaren barnean eta azken muturrean kokatzen diren markak atzizki direnik.

Bestalde, komunztadura aurrizkiak darabiltzagu absolutiboak diren argumentuekin, adibidez:

  • Zu etorri zara

Horregatik, aurrizkien bitartez azaltzen den komunztadurari absolutibo komunztadura deritzo.

Eta komunztadura atzizkiak ditugu, berriz, ergatibo edota datiboz markatutako argumentuetarako:

  1. Zuk ni ikusi nauzu
  2. Nik zuri liburua eman di-zu-t

Ikusten denez, zuk argumentu ergatiborako zein zuri datiborako –zu atzizki bera darabilgu. Atzizkiek erakusten duten komunztadurari ergatibo ala datibo komunztadura deritzo, dagokien argumentuen kasua zein den kontuan hartuz.

Datibo komunztadura hizkia zein den jakiteko, badago bera baino lehen kokatzen den morfema bat aurre-datiboa (ingelesez dative flag) deitu izan dena. Goiko adibidean –i– morfema da, baita adibidez (etorri) za-i-o adizkian ere; beste batzuetan, –ki– itxura hartzen du, adibidez, etor da-ki-o-n adizkian. –(k)i– aurre-datiboaren ostean datorren komunztadura marka datibo komunztadura da. Egile batzuk, hala nola, Elordietak (2001: 62) morfema aplikatibotzat hartu izan dute morfema hori. Xehetasunik emateko aukerarik ez badugu ere, munduko hizkuntza polisintetiko askotan, adibidez, aditzaren inflexioan jasotzen da aplikatiboa deritzon morfema bat, nolabait oinarrizkoagoa den egitura batean argumentu bat gaineratzeko bidea ematen dutenak. Aplikatiboa den egitura hori txandakatu egiten da normalean, preposizio/postposiziodun sintagma bat biltzen duen beste egitura batekin.

Ildo nagusira itzuliz, ergatibo eta datibo komunztadura hizkien batasun morfologikoa erakutsi nahi izan dugu, bi komunztadura marka sortak bakar batean bilduz –ikus baita Albizu & Eguren (2000), Albizu (2002) edota Fernández (2004). Dena den, badira gure sailkapen bikoitz honen aldean, sailkapen hirukoitza nahiago dutenak. Adibidez, Hualde & Ortiz de Urbinaren gramatikan (2001: 162-166), esaterako, hiru komunztadura marka bereizten dira, alegia, absolutibo, datibo eta ergatibo, ez bi bakarrik.

ABS DAT ERG
NI n––t –t
HI h––k(–a–)/–n(a–)–k(–a–)/–n(a–)
GU g––gu–gu
ZU z––zu–zu

Alabaina, Fernándezek (2004) dioenez, sailkapen hirukoitzak ezkutatu egiten du datibo eta ergatibo komunztadura markak itxuraz bat bera direla, eta hurrenkerari dagokionez ere berdinak –biak atzizkiak baitira. Oso litekeena da atzizkiak izatea besterik gabe bigarren (eta hortik aurreko) komunztadura hizkiak, hau da, aurrizkiak ezarri ostean, gaineratzen diren markak –kontuan izan aurrizkiak behin baino ezin daitezkeela ageri adizkian; aldiz, atzizkiak, behin baino gehiagotan gaineratu daitezke adizki berean –adibidez, dizut adizkian, bi atzizki daude bata bestearen atzetik –zu eta –t. Dena den, honek garrantzia izan lezake hausnarketa teorikorako, hastapen hauetarako baino gehiago.

Bestelako diferentziak badira gure goiko taulatik, Hualde & Ortiz de Urbinaren (2001) analisira. Izan ere, irakurlea konturatuko zenez, guk ez dugu hirugarren pertsona markarik jaso, hirugarren pertsonak ageriko pertsona komunztadura markarik ez duela uste dugulako. Jo dezagun, adibidez, ondoko perpausetara:

  1. Jon etorri da / zen
  2. Jonek Garazi ikusi du / zuen / eban
  3. Jon etorriko litzateke…
  4. Etor bedi zure erreinua

Perpaus hauetan, adizki hastapenean ageri diren /d–, z–, l–, b–, Ø–/ hirugarren pertsonako komunztadura markatzat hartzen dituzte Hualde & Ortiz de Urbinak (2001). Du/zuen formez ari garela, adizki hastapeneko /d–, z–/ komunztadura aurrizkiak ez ezik, erroaren ostean ere, argumentu ergatiboari (Jonek) dagokion Ø– komunztadura atzizkia ere badagoela uste dute. Guk, lehen ere esan dugun bezala, hirugarren pertsonak adibide hauetan guztietan zein asma genezakeen beste edozeinetan, pertsona komunztadura markarik ez duela esango genuke.

Euskalaritzan aspaldi samar dagoen ustea da gurea (Oregi 1974, Trask 1977, Euskaltzaindia 1987, Laka 1988, Gomez & Sainz 1995). Besterik da erabakitzea ea hor Ø komunztadura dugun ala bat ere komunztadurarik ez. Dena den, interpretapenak interpretapen, hirugarren pertsonak ageriko pertsona komunztadurarik ez izatea bat dator hizkuntza asko eta askotan aurkitzen den aukerarekin: hirugarren pertsona, lehen edota bigarren pertsonak ez bezala, ez-markatua izaten da munduko hizkuntzetan, alegia, ageriko marka morfologikorik ez duena. Halaxe gertatzen da, bada, euskaraz ere.

Eragozpen bat bakarra jar lekioke hirugarren pertsonak komunztadura markarik ez duela esateari: hirugarren pertsonako datibo komunztadurak –o marka du singularrerako eta –e pluralerako. Pluraleko –e besterik gabe pluralgiletzat har daiteke, eta halaxe hartzen dugu guk, baina zailxeagoa da suposatzea –o marka hori singularrekoa dela. Singularreko formak izatez forma ez-markatuak izan ohi dira –lehen esan dugun bezala, ageriko markarik gabeak–, eta hemen ia inon markarik ez duen hirugarren pertsonak singularreko marka bakarti bat duela pentsatzea ez dirudi oso egokia. Dena den, hipotesi hoberik izan ezean, hauxe da esan daitekeena.

Morfema hauek guztiak zer dira, orduan, hirugarren pertsonako komunztadura markak ez badira? Euskalari batzuk, Euskaltzaindiak (1987: 143) adibidez, denbora edota modu markatzat hartu dituzte, eta horretarako aztarnak gure lehengo adibideetan aurki daitezke. Izan ere, d– orainadian aurkitu ohi dugu (da/du), z– iraganean (zuen), l– alegiazkoan (etorriko balitz/litzateke), eta b– azkenik aginteran (betor). Dena den, hori baino zertxobait korapilatsuagoa da morfema hauen irudia. Adibidez:

  • Jon etorri zait
  • Liburua ekarri zionat

Berez bi perpaus hauetako adizkiak orainaldikoak izan arren, iraganeko markatzat hartu izan den z– erakusten dute. Hortaz, besterik gabe, alomorfia –testuinguru morfologiko jakinen araberako morfema diferenteak– erakusten duten izenordain betegarritzat (expletives ingelesez) har ditzakegu aipatu morfemak (Fernández & Albizu 2000, Fernández 2001).

Irakurleak ikusten duenez, hipotesi bat baino gehiago erabili izan dira bereziki aipatu ditugun morfema hauei dagokienez. Hipotesi guztiek, ohi bezala, aldeko eta kontrako alderdiak dituzte. Nolanahi ere den, euskalarien artean nahikoa adostasun handia dago, bederen, morfema horiek pertsona komunztadura markak ez direla esaterakoan.

Komunztaduraren nolakotasun tipologikoa: komunztadura ergatiboa

Komunztadura sistemak aztertu izan direnean munduko hizkuntzetan, sistema horiek nolakoak diren galdetu izan dute hizkuntzalariek, eta mota bat baino gehiago bereizi izan dituzte:

  • Ergatiboak
  • Akusatiboak
  • Bestelakoak.

Ergatibotasuna azaldu dugunean (Euskara hizkuntza ergatiboa) erakutsi dugunez, hizkuntza bat morfologikoki ergatiboa dela aldarrikatu daiteke, bai kasuari bai komunztadurari begira. Hortaz, komunztadurak nolabait bikoiztu egiten du perpauseko argumentuen kasuak adierazten duena –ikus baita (Pertsona Aniztasuna adizki jokatuan). Hala gertatzen da euskaraz eta gauza bera izen zein aditz morfologia aberatseko hizkuntzetan. Dena den, teoriaren ikuspuntutik oraindik ere hamaika eztabaida pizten duen gaia izan arren, printzipioz kasu eta komunztadura bi gertakari beregainak direla pentsa daiteke. Joka dezagun horrela, printzipioz, argumentuen kasua eta aditz komunztadura zein bere aldetik jarriz eta bereiziz. Munduko hizkuntzen artean badira subjektu eta osagarriaren markaketa adierazteko, komunztadura besterik erakusten ez duten hizkuntzak -hau da, euskara ez bezala, argumentuen ageriko kasu markaketarik ez dutenak. Halako kasuetan, hizkuntzalariek komunztadurari begira erabakitzen dute hizkuntza ergatiboa ala akusatiboa den, eta hortik ondorioztatzen dute hizkuntzaren nolakotasun tipologikoa.

Euskararen komunztadura sistema euskalariek finezia handiz eta xehetasunez aztertutako gaia izan da denbora luzean, eta lan horren ondorioz dakigu ondoren labur azalduko dugun guztia. Abia gaitezen perpaus hauetatik:

  1. etorri n-aiz
  2. ikusi n-au-zu
  3. ikusi zaitu-t

Pertsona komunztadura hizkiez beste nonbait (Pertsona Aniztasuna adizki jokoan) esandakoa irakurtzea komeni zaio irakurleari, atal hau begiratu aurretik. Bada, pertsona komunztadura sistema, eta hortaz, hizkuntza bera ere nolakoa den erabakitzeko, kontuan hartu behar da nola adierazten den subjektua eta nola osagarria aditz komunztaduran. Hau da, euskarak zein kasu sistema duen erabakitzeko egin duguna komunztadura sistemara begira ere egin beharko genuke. Gogoratu hauxe dela hain zuzen ere, kasu sistemari dagokionez esan duguna: baldin eta aditz iragankorreko eta iragangaitzeko subjektuak -A eta S- bereizten badira eta aditz iragangaitzeko subjektua eta aditz iragankorreko osagarria -O- berdintzen badira, orduan, hizkuntza ergatiboa dugu. Hona hemen taulan laburbildurik:

Bestela, subjektu biak berdindu –A eta S– eta osagarritik bereizten badira –O–, orduan hizkuntza akusatiboa da.

Bada, hori bera esan daiteke komunztadurari begira. Esate baterako, jo dezagun berriro goiko hiru adibideetara, eta ikus dezagun, adibidez, singularreko lehen pertsona nola adierazten den komunztaduran. Hauxe da komunztadurak erakusten diguna.

Batetik, subjektu iragangaitza denean, isilduriko ni pertsona izenordain hori n– komunztadura aurrizkiaz markatzen da adizkian. Pertsona-komunztadura aurrizki hori bera da erabiltzen dena ni osagarria denean (b). Hortaz, osagarria eta iragangaitzeko subjektua berdindu egiten dira komunztaduran. Komunztadura sistema osatzeko, subjektu iragankorra –isilpeko nik– komunztaduran nola adierazten den ikusi behar dugu. Bada, (c) adibideak ematen digu horren berri: –t komunztadura atzizkia da isilpeko nik argumentuari dagokiona. Ikusten denez, subjektu biak bereizi egiten dira (n– vs. –t). Ondorioz, komunztadura sistema bera ere ergatiboa dela esan dezakegu.

Berdin gertatzen da hi, gu, zu, edota zuek pertsona izenordainei dagokienez, hau da, lehen edota bigarren pertsonako komunztadura hizkiei dagokienez. Guztietan sistema bat bera aurkituko da: sistema ergatiboa.

Ergatiboaren lekualdatzea

Euskararen komunztadura sistema aztertu izan denean, ikertzaile askok eta askok begiratu izan diote euskaraz gertatzen den bitxikeria bati. Lakak (1988) ergatiboaren lekualdatzea (EL) deitu zionetik, orokortu egin da deitura, Lakaren beraren azalbide teorikoa jarraitu zein ez. Datu hauek euskalaritzan ez ezik, hizkuntzalaritza orokorrean ere oihartzun handia izan dute eta baita hizkuntzalari askoren arreta piztu ere.

Begiratu ondoko bi perpausei. Iraganeko perpausak dira biak, EL hain zuzen ere iraganean gertatzen delako (iraganeko zein alegiazko adizkietan) –EL erakusten duen adibidea (b) da.

  1. etorri n-intzen
  2. ikusi n-uen

Perpaus horretan, ezkutuko subjektua nik da, lehen pertsonakoa beraz, eta osagarria hirugarren pertsonakoa (Jon edo Irene, adibidez). Izan ere, EL gerta dadin, ezinbestekoak dira aipatu ditugun bi baldintzak: i) adizkia iraganekoa edota alegiazkoa izatea, eta ii) subjektua 1 edo 2 pertsonakoa izatea eta osagarria, aldiz, 3 pertsonakoa.

EL modu askotara deskribatu eta azaldu izan da. Dena den, badago guztiontzat baliagarri gerta daitekeen deskribapena: EL jasotzen den perpausetan, predikatu iragankorreko subjektua (nik) pertsona-komunztadura atzizkiaren bitartez (-t) markatu beharrean, aurrizkiaren bitartez (n–) adierazten da. Kontuan izan, hori ez dela hala goiko perpausen orainaldiko kidekoetan:

  1. etorri n-aiz
  2. ikusi d-u-t

Orainaldiko adizkiotan (n– vs. –t) pertsona komunztadura hizkien aurkakotasuna dago subjektuaren markaketan, iraganeko adizkietan ez bezala, zeinetan n– pertsona komunztadura hizki bakarraz adierazten diren bi subjektuak, ni eta nik (“etorri nintzen”, “ikusi nuen”).

Besterik da EL perpausean (ikusi nuen), agertzen den n– komunztadura marka horri zer iritzi izan zaion eta nola aztertu izan den. Xehetasunak eta azalbideak hemen jasoko ez ditugun arren, Lakak (1988) dio n– komunztadura marka hori ergatibo komunztadura marka dela, baina lekuz aldaturik. Horregatik, hitz egiten du hain zuzen ergatiboaren lekualdatzeaz. Oso bestela, beste lan batzuetan (Fernández 1997) besterik gabe absolutibo komunztadura marka dela aldarrikatu izan da: absolutibo komunztadura hizkiak dira aurrizkiak, hortaz, hemen ere absolutibo komunztadura dugu, ez ergatiboa. Jakina, oso litekeena da bien arteko diferentzia datu berberei begiratzeko modu ezberdinak sortzea. Izan ere, argumentuen kasua eta komunztadura biak batera doazen gertakariak direla uste badugu, orduan ez da harritzekoa pentsatzea ondoko adibidean, hau da, ergatiboz markatutako argumentua dugun horretan (EL), ergatibo (komunztadura) lekuz aldatu dela.

  • nik ikusi n-uen

Aldiz, komunztadurari berari begiratzen bazaio gertakari beregaina balitz bezala, orduan errazagoa da pentsatzea absolutibo komunztadura dela aurrizki horrek adierazten duena eta ez lekuz aldatutako ergatibo komunztadura.

Ikusten denez, aurkakoak diren ikuspuntuetatik begiratu izan zaio ELri. Dena den, fenomenoaren berezitasuna da hemen markatu nahi duguna, eta ez hausnarketa teoriko sakonera lerratzen duten alderdiei erreparatzea.

Egia esan, goian esan bezala, asko izan dira fenomeno berari begiratzeko moduak, eta fenomenoaren inguruko ekarpenak. Adibidez, ergatibotasun erdibitu edo banatuaren erakusgarritzat hartu da inoiz (Trask 1977) –split ergativity deritzo ingelesez honi. Ergatibotasun erdibituan, askotariko gertakariak biltzen diren arren, guztiek dute ezaugarri erkide bat, hots, ergatiboa den hizkuntza batean, arrazoi bat baino gehiagorengatik, subjektuen (A eta S) markaketa berdindu egin daitekeela, akusatiboa den sistema bat sortuz. Horregatik deritzo, hain zuzen, erdibiketa, ustez ergatiboa den hizkuntzak zenbait alderditan itxura akusatiboa har dezakeelako. Horregatik, n- marka egotziz iragankorreko zein iragangaitzeko subjektuei, erdibiketa gertatu dela pentsa liteke. Dena den, Ortiz de Urbinak (1986) aspaldi irakatsi zigun ergatibotasun erdibitutzat hartuz gero, zein diren sortzen zaizkigun arazoak baita ikuspuntu tipologiko hutsetik ere. Ergatibotasun erdibitua alde batera, bestelako azalpenak aurkituko ditu euskalaritzan irakurleak, hala nola, Heathena (1976) antipasiboarekin alderatu zuena. Albizu eta Egurenek ere (2000) ekarpen esanguratsua egin zuten gaiaren inguruan.

Ergatiboaren Lekualdatzea bezalakoxe fenomenoak hizkuntza artean arakatu nahi dituenak komunztadura bitxiak (Hale 2001) –ingelesez eccentric agreement– biltzen dituen askotariko datuak azter ditzake, hala nola, txuktxieraren alderantzizko egitura –inverse construction– edota maiar hizkuntzetako antipasibo izuna. Ikus Fernández eta Ortiz de Urbina (2007), hurbilketa tipologiko baterako.

Pertsona Kasuaren Muga (edo Me-lui murriztapena)

Komunztadura sistemari dagokionez, badago unibertsala den murriztapen bat munduko hizkuntza asko eta askori ez ezik, euskarari ere eragiten diona. Pertsona Kasuaren Muga edota Me-lui Murriztapena deitu izan zaio hizkuntzalaritzan. Azken deitura honek adierazten duena da, hain zuzen, me eta lui klitikoak batera ezin ager daitezkeela. Klitikoak izenordain atono edo azentugabeak dira. Me singularreko lehen pertsonako klitiko akusatiboa da eta lui hirugarren pertsonako klitiko datiboa. Frantsesaren (Grevise 1986) adibideak dira ondokoak:

  • *Agnès me lui présentera
  • Agnes ni hari aurkeztu-infl
  • ‘Agnesek ni hari aurkeztuko nau’

Baina murriztapen hori ez da frantsesez bakarrik gertatzen. Gaztelaniaz ere murriztapen bera dago, Romeroren (2008) adibidean ikus daitekeen bezala:

  • *Me le enviaron al general
  • ni hari bidali-infl P det generala
  • ‘(Haiek) Ni generalari bidali ninduten’

Jakina, hauek bezalako hizkuntzetan, klitikoen jokabidea da aztertzen dutena. Klitikoak ez dira printzipioz komunztadura hizkiak, baina hizkuntzalari askorentzat, biak gertakari bera dira –badira, adibidez, euskararen komunztadura hizkiei klitiko deritzetenak.

Hizkuntza erromanikoetan agertzen den murriztapen hau munduko beste hainbat hizkuntzatan jasota dago. Bonetek (1991) eta Albizuk (1997) beste batzuen artean, tipologikoki oso diferente eta genetikoki oso mutur desberdinetan kokatzen diren hizkuntzetan jaso dute haren berri. Euskara ez da honi dagokionez, auzoko eta urrunagoko hizkuntzetatik bereizten. Ikusi besterik ez dago Lakaren (1993) adibide bat, euskalaritzan nolabait klasiko bihurtu dena:

  • *Zuk harakinari ni saldu n-a-i-o-zu

Adibidea, jakina, ez-gramatikala da, murriztapenak eragozten duelako, frantses eta gaztelaniaren goiko adibideetan bezala –irakurlea konturatuko zenez, adibide ez-gramatikal haien euskal itzulpena ere oso badaezpadakoa da, jasotzen den me-lui batura hori ezinezkoa delako baita euskaraz ere. Murriztapen hori da hain zuzen Lakaren adibidea oker bihurtzen duena. Hemen ez dira me-lui/me-le klitiko pare okerrak agertzen direnak, euren ordezko n– eta –o– komunztadura hizkiak baino. Dena den, klitikoak izan komunztadura hizkiak izan, guztiak daude murriztapen beraren menpe.

Perpausaren ez-gramatikaltasunaren zergatia argitu aurretik, ikus dezagun antzekoa izan arren, gramatikala den beste perpaus bat:

  • Zuk harakinari okela saldu diozu

Perpaus gramatikal hau goiko ez-gramatikaletik bereizten duen ezaugarri bakarra da honetan osagarria –okela– hirugarren pertsonakoa dela. Aldiz, me-lui murriztapena duen goiko adibidean osagarria –ni– lehen pertsonakoa da. Horixe da, hain zuzen, perpaus okerra bihurtzen duena: perpausean datiboa –harakinari– agertu arren, absolutibo argumentua lehen pertsonakoa dela. Izan ere, murriztapenak halaxe diosku, baldin eta datibo argumenturik agertzen bada perpaus batean, orduan, absolutibo argumentua ezinbestean hirugarren pertsonakoa izan behar da –edota absolutiboaren ordez, akusatiboa, frantsesa edota gaztelania bezalako hizkuntza akusatiboetan. Ulertuko da, orduan, zergatik ditugun euskaraz hirugarren pertsonako osagarriak, hiru argumentuko perpausetan –zuk harakinari okela/arkumeak saldu di(zki)ozu. Orobat, ulertuko da zergatik ez dugun inoiz ez lehen ezta bigarren pertsonako osagarririk izaera bereko perpausetan –*zuk harakinari zu/gu saldu naiozu/gaizkiozu. Dena den, komeni da esatea inoiz izan direla murriztapenak baldintzatzen ez dituen formak literaturan, hala nola, Oyharçabal eta Etxeparek (2007) lapurtera goiztiarrean jasotzen duten Leiçarragaren adibide hau:

  • Eta orain ere, anaiak, gomendatzen zerauzkiotet Iainkoari

Konpara ezazue, egile berberek Duvoisinen itzulpenetik jasotzen duten beste adibide honekin, lapurtera klasikokoa bera.

  • Eta orai gomendatzen zaituztet Jainkoari

Irakurlea konturatuko zenez, Duvoisinen adibidean me-lui murriztapena saihesteko erabiltzen den estrategia bera da guk goiko adibide frantses eta gaztelauak euskaratzeko erabili dugun bera: osagarria absolutiboaz markatu –zuek– eta dagokion komunztaduraz jaso, datiboa –Jainkoari– komunztadurarik gabe uzten den bitartean. Honelako eta bestelako estrategietarako, ikus Albizu (1997).

Murriztapenak berez ez die eragiten hiru argumentuko perpausei bakarrik. Izatez, bi argumentuko egituretan ere, munduko hizkuntza askotan, murriztapen bera dago indarrean. Aldiz, euskaraz ez, edo ez guztiz behintzat. Adibidez, adizki trinkoetan, ez da inondik inora arrotza absolutiboa lehen edota bigarren pertsonakoa izatea (b), datiboa ere agertu arren. Begiratu bestela:

  1. Jon harakinari berandu doakio
  2. Ni harakinari berandu noakio

Bigarren perpaus honetan ere lehengo datibo bera –harakinari– agertu arren, absolutibo argumentua lehen pertsonakoa da. Hala ere, perpausa gramatikala da. Me-lui murriztapenak, beraz, ez ditu noakio bezalako formak eragozten, teorikoki eragotzi beharko lituzkeen arren. Forma perifrastikoetan, hizkera jasoan badira antzeko formak (b), hots, murriztapenak itxuraz eragiten ez dienak:

  1. Jon harakinari berandu joan zaio
  2. Ni harakinari berandu joan natzaio

Murriztapenak, jakina, zerikusia du komunztadurarekin ez argumentuekin eurekin. Kontuan izan, aditz jokatugabeak izanez gero, orduan ez dagoela inongo eragozpenik, argumentuak ager daitezen, Lakaren beste adibide honek erakusten duen bezala:

  • Gaizki iruditzen zait zuk ni harakinari saltzea

Hortaz, komunztadurarekin zerikusia duen murriztapena da hau, ez kasuarekin.

Bere oinarrizko ezaugarrietan erakutsi dugun murriztapenaz asko izan dira euskalaritzan idatzi diren lanak, Albizu (1997, 1998), Ormazabal (2000), Ormazabal eta Romero (1998, 2001, 2007) edota Rezacenak (2006a,b, 2008, 2009) bereziki.

Datibo komunztadura galera

Ipar-ekialdeko euskalkietan, batzuetan ez da ageri aditzean datibo komunztadura. Datibo komunztadura galera deitzen zaio fenomeno horri, eta hemen ikus ditzakezu bere xehetasunak.

Alokutiboak

Euskararen ezaugarri tipologikoak kontuan hartzen badira, ohartu gara euskarak askotariko pertsona komunztadura hizkiak biltzen dituela inflexioan: hizki horien artean batzuk argumentu komunztadura dira (“ikusi n-aute”) eta beste batzuk ez-argumentu komunztadura (“berehala etorriko du-n” = “berehala etorriko da”). Izan ere, alokutiboak ez dira argumentu komunztadura hizkiak –ez dagozkio-eta perpauseko inongo argumenturi–, kontrakoa baino: gure alokutiboez mintzakidearen berri jasotzen da komunztaduran, eta mintzakidea ez da izatez argumentua. Hortaz, berea ez-argumentu komunztadura da. Alokutiboei buruzko beste atal beregain bat aurkituko du gramatika honetan irakurleak, alokutiboen forma aldetiko xehetasun guztiekin (ikus hemen). Guk hemen zenbait ezaugarri orokor emango ditugu gramatika orokorraren ikuspuntutik eta beste hizkuntza batzuetako datibo etikoekin alderatuko ditugu euskararen alokutiboak.

Alokutiboak hi bigarren pertsonako izenordain ez-formalari dagozkion adizkietatik bereizi behar ditugu. Ondokoak, adibidez, hi izenordainaren komunztadura hizkiak dakartzaten adizkiak ditugu, ez alokutiboak:

  1. hi berandu etorri haiz
  2. hik liburua erosi dun/k
  3. hik niri liburua eman didan/k
  4. nik hiri liburua eman dina/at

h– aurrizkia hi izenordain absolutiboaren komunztadura marka da (a); –n/–k atzizkiak, aldiz, hik izenordain ergatiboarenarenak (b,c). Ikus daitekeenez, komunztadura absolutiboa denean, h– aurrizki bat bakarra erabiltzen da mintzakidea emakumezkoa izan zein gizonezkoa. Aldiz, komunztadura ergatiboa dugunean, orduan, mintzakidearen generoa bereizten da –n atzizkia (femeninoa) emakumezkoekin erabiliz eta –k (maskulinoa) gizonezkoekin. Halaber, komunztadura datiboa denean, orduan –na eta –a atzizkiak erabiltzen dira femenino eta maskulinorako, hurrenez hurren. Hauek, beraz, argumentu komunztadura hizkiak dira, hi pertsona izenordainari dagozkionak.

Besterik da argumentu komunztadura ez dena, hau da, alokutiboarena, nahiz eta itxuraz bederen, adizkiak eurak lehen, zinezko komunztadura aztertzean, ikusi ditugunak bezalakoak izan.

  • (a) Jon berandu etorri dun/k
  • (a') Jon berandu etorri da
  • (b) nik liburua erosi dina/at
  • (b') nik liburua erosi dut

Adibidez, (a) perpausean, –n/–k atzizkiak ageri zaizkigu. Atzizki horiek alokutiboak dira. Ez dira inongo hik izenordainenak –izatez ez da hik izenordaina sartzeko modurik perpausean. Perpausean, Jon absolutibo argumentua baino ez dago eta etorri dun/k adizkiak etorri da adizkiaren ordezkoak baino ez dira. Ordezko horietan, jakina, mintzakidearen hizkia gaineratu da –n/–k. Antzera esan daiteke (b) perpausaz. Erosi dinat/at formak erosi dut perpausaren ordezko alokutibodunak dira. Dena den, zertxobait engainagarriagoak dira erosi dina/at formak. Izan ere, bi modutara interpreta ditzakegu:

  1. erosi dut (zehaztu gabe nori)
  2. erosi dinat/at hiri (hiretzat)

Itxuraz, beraz, bi formak berdin-berdinak dira, eta hori neurri handi batean hala da adizkiei dagokienez, baina perpaus osoari begiratuz gero, diferentzia txiki baina garrantzitsu bat dago bien artean. Ikus dezagun ondoren lehengo adibide bat errepikaturik:

  1. nik liburua erosi dina/at
  2. nik hiri liburua erosi dina/at
  3. (*)nik hiri liburua erosi dina/at

Lehen perpausean (a) forma alokutiboa dugu. Bietara interpreta daiteke perpausa, goian esan berri dugun moduan. (b) perpausean, aldiz, hiri izenordain datiboa agerian dago. Hortaz, hi(ri) argumentua da perpausean eta ondorioz dinat/at ezin daiteke alokutiboa izan, hiriren argumentu komunztadura duen adizkia baino. Izan ere, alokutiboa izanez gero (c), orduan ezin daiteke izenordain espliziturik ageri. (c), jakina, gramatikala da hiri argumentua den interpretazioan.

Ikusten denez, hi pertsona izenordainak esplizituki ezin agertzeak berebiziko garrantzia du alokutiboak argumentu komunztadura hizkietatik bereizterakoan. Hori are argiagoa da, hiru argumentuko perpausetan, adibidez:

  1. nik Joni liburua erosi ziona/at
  2. (*)nik hiri Joni liburua erosi ziona/at

(a) perpausean, hiru argumentu ditugu eta hirurei dagokien komunztaduraz gain, alokutiboa ere jasotzen da. (b) perpausak diferentzia bakarra du goikoarekiko: hiri izenordaina agerian dago, eta hori da hain zuzen perpausa oker bihurtzen duena, argumentua ez denez, ezin baita esplizituki eman. Are, kontuan izan bi datibo sintagma ditugula, bata mintzakidea (hiri) eta bestea helburua (Joni), eta ageriko bi datibo sintagma, salbuespenak salbuespen, ezin ditugula batera eman.

Kontuan izan behar da ez dela horren harrigarria izenordain esplizitua ezin agertzea. Diferentziak diferentzia, datibo etikoa deitu izan denak, gaztelaniaz edota frantsesez adibidez ezaguna denak, antzeko jokabidea du: klitiko modura baino ezin ager daiteke. Konpara ditzagun Branchadell-en (1992) ondoko adibideak bata bestearekin:

  1. Je vais te le frapper, cet abruti!
    • ni infl zu-dat hura-akus jo, hori ergel
    • ‘Joko dut (zuri), ergel hori!’
  2. *J´ai frappé cet abruti a Marie
    • ni infl jo hori ergel p Marie
    • ‘Jo dut ergel hori (Marieri)’

Lehen perpausean (a), datibo etikoa ageri da te klitikoaren bitartez, eta perpausa gramatikala da. Aldiz, klitikoaren ordez a Marie preposiziodun sintagma ageri den bigarren perpausa ez-gramatikala da. Branchadell-ek dioenez, (a) hauek bezalako datibo etikoak klitikoen bitartez bakarrik azal daitezke perpausean, ez, aldiz, klitikoa ez den forma baten bidez. Horren antzeko zerbait esan dezakegu euskaraz alokutiboa deitu izan dugun horretaz: ez-argumentu komunztadura bitartez azal daiteke, eta ez, ordea, datibo sintagma batez, edo ergatibo sintagma batez (*Hik Jon berandu etorri dun/k).

Gure alokutiboak badu zerikusia Branchadell-ek etikoetarako aipatzen duen beste ezaugarri batekin. Batzuetan datibo etikoa klitikoa ez den beste datibo batzuekin batera ager daiteke perpausean:

  • Paul te raconte de des idioties à tout le monde!
  • Paul zu-dat esan-infl ergelkeriak p den det mundu
  • ‘Paulek halako ergelkeriak esaten dizkio mundu guztiari (zuri)’

Euskaraz horren antzeko zerbait gertatzen da alokutiboekin.

  • nik Joni liburua erosi zio-na/at

–na/–a alokutiboen agertzeak ez du eragozten bestelako datiboak ere batera agertzea, adibidez: gure azken perpausean Joni da argumentua. Areago, –na/–a alokutiboen agertzeak ez du eragozten Joni argumentuaren –o– komunztadura hizkia bera ere azaltzea. Hortaz, alokutiboaz gain, datibo komunztadura hizkia ere batera ager daitezke adizki berean.

Azken ezaugarri honek, galizieraren che datibo klitiko berezira lerratzen du gure alokutiboa, adibidez, gaztelaniazko datibo etikotik bereiziz. Gaztelaniaz, lehen esan dugun moduan, datibo etikoa –klitikoa dena–, klitikoa ez den datiboarekin batera ager daiteke (a). Ez, aldiz, klitikoa den beste datibo batekin (b). Abididez (Longa eta Lorenzo 2001):

  1. Este es el único bedel que te entrega las cartas a los profesores sin abrirlas
  2. *Este es el único bedel que te les entrega las cartas a los profesores sin abrirlas

Egile biek diotenez, adibide hauek galizieraren che-dunak ez bezalakoak dira. Ikusi bestela:

  • O ministro agasallábache-lle xoias (a todo deus)
  • det ministro erregalatu-che-kl dat bitxiak (prep guztia jainkoa)
  • ‘Ministroak bitxiak erregalatzen zizkion kristo guztiari (zuri)’

Perpaus honetan, che, klitikoa ez den datiboarekin (a todo deus) ez ezik, klitikoa den datiboarekin (lle) ere ager daiteke batera. Hortaz, euskararen nik Joni liburua erosi ziona/at perpausaren oso antzekoa da galizieraren che-klitikoduna.

Gure alokutiboak galiziar che horrekin ere antzekotasun gehiago ditu: singularreko bigarren pertsonakoa da, adibidez, gure alokutiboa bezalaxe. Benetan orain arte arakatu dena baino gehixeago begiratu beharko genioke auzoko che honi, eta oro har, datibo etikoei, euskararen alokutiboen izaera hobeto ulertuko badugu. Dena den, gogoratu datibo etikoak printzipioz datibo diren klitikoei eragiten diela bakarrik; gure alokutiboak, aldiz, datibo komunztaduraz (ekarri din/k) ez ezik, ergatibo komunztaduraz ere (etorri dun/k) ageri dira adizkian. Hortaz, morfologikoki behintzat sistema konplexuagoa da.

Gainerakoan, Oyharçabalek (1993) alokutiboei buruzko bere aspaldiko lanean, japanieraren honorifikoekin duten antzekotasuna aipatu zigun. Honorifikoek keigo (敬語, ‘errespetuzko hizkera’) izena dute japanieraz -ikus Fernández & Ortiz de Urbina (2007) azalpen labur baterako. Gure alokutiboak, keigoa bezala, perpaus nagusietara mugatzen da, eta ez da mendeko perpausetara zabaltzen:

  1. *Lagunek Jon berandu etorri dunela/dukela esan dute
  2. *Lagunek liburua erosi dinatela/diatela esan dute

Ezaugarri honek alokutiboak zein keigoa ez-argumentu komunztadura direlako ideia indartzen du.

Euskal alokutiboen inguruko literatura ez da goian aipatu ditugun beste komunztadura gaiak bezain landua izan. Salbuespen dira Oyharçabal (1993), Alberdi (1994) eta Albizu (2002). Baita Euskaltzaindia (1995, hemen) ere, baina hemen ikuspuntu arauemailea erabiltzen da.

esan dezagun, azkenik, egitura konplexu batzuetan komunztadura hautazkoa ageri dela:

  • hari begira egon da
  • hari begira egon zaio

Egitura hauek datiboari eskaini atalean ikus daitezke.

Erreferentziak

Atarian

  • Albizu, Pablo. 2002. “Basque Verbal Morphology: Redefining cases”. In X. Artiagoitia, P. Goenaga & J.A. Lakarra (arg.), Erramu Boneta: Festchrift for Rudolf P. G. de Rijk. Bilbo: EHU. 1-19.
  • Albizu, Pablo & Luis Eguren. 2000. “Ergative Displacement in Basque”. In W. U. Drexler et al. (arg.), Morphological Analysis in Comparison, Current Issues in Linguistic Theory 201. Amsterdam: John Benjamins. 1-25.
  • Elordieta, Arantzazu. 2001. Verb movement and Constituyent Permutation in Basque. Utrecht: LOT.
  • Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Bilbo: Euskaltzaindia.
  • Fernández, Beatriz. 2001. “On Split Ergativity: Evidence from Basque.” In V. Lin, C. Krause, B. Bruening eta K. Arregi (arg.) Papers on Morphology and Syntax. Cycle Two. MITWPL 34. Cambridge Mass.): MIT Press.
  • Fernández, Beatriz & Pablo Albizu. 2000. “Ergative Displacement in Basque and the Division of Labor between Morphology and Syntax”. In J. Boyle & A. Okrent (arg.), Proceedings of the Chicago Linguistic Society 36, Volume 2: The Panels. Chicago: Chicago Linguistic Society. 103-117.
  • Gomez, Ricardo & Koldo Sainz. 1995. “On the origin of the finite forms of the Basque verb”. In J.I. Hualde, J.A. Lakarra & R.L. Trask (arg.) Towards a history of the Basque language. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 235-274.
  • Laka, Itziar. 1988. “Configurational heads in inflectional morphology: the Structure of the Inflected Forms in Basque”. ASJU 32. 343-365.
  • Oregi, Josu. 1974. “Euskal aditzaz zenbait gogoeta”. FLV 17. 265-283.
  • Trask, Robert T. 1977. “Historical Syntax and Basque Verbal Morphology: Two Hypothesis”. In W. A. Douglas, R. W. Etulain & W. H. Jacobsen (arg.), Anglo-american Contributions to Basque Studies. Essays in Honor of Jon Bilbao. Reno: Univ. of Nevada. 203-425.

Ergatiboaren lekualdatzea

  • Albizu, Pablo & Luis Eguren. 2000. “Ergative Displacement in Basque”. In W. U. Drexler et al. (arg.), Morphological Analysis in Comparison, Current Issues in Linguistic Theory 201. Amsterdam, John Benjamins. 1-25.
  • Fernández, Beatriz. 1997. Egiturazko kasuaren erkaketa euskaraz. Bilbo, UPV/EHU.
  • Fernández, Beatriz & Jon Ortiz de Urbina. 2007. Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan. Bilbo, UEU.
  • Hale, Ken. 2001. “Eccentric Agreement”. In B. Fernández eta P. Albizu (arg.), Kasu eta Komunztaduraren Gainean. On Case and AgreementBilbo, UPV/EHU-ko Argitarapen Zerbitzua. 15-48.
  • Heath, Jeffrey. 1976. “Antipassivization: A functional typology”. In Thompson eta al. (arg.) BLS 2. Berkeley. University of California. 202-211.
  • Laka, Itziar. 1988. “Configurational heads in inflectional morphology: the Structure of the Inflected Forms in Basque”. ASJU 32. 343-365.
  • Ortiz de Urbina, Jon. 1986. Parameters in the Grammar of Basque. Dordrecht, Foris.
  • Trask, Robert Larry. 1977. “Historical Syntax and Basque Verbal Morphology: Two Hypothesis”. In W. A. Douglas, R. W. Etulain & W. H. Jacobsen (arg.), Anglo-american Contributions to Basque Studies. Essays in Honor of Jon Bilbao. Reno, Univ. of Nevada. 203-425.

Pertsona Kasuaren Muga (edo Me-lui murriztapena)

  • Albizu, Pablo. 1997. The Syntax of Person Agreement. doktorego tesia, University of Southern California, AEB.
  • Albizu, Pablo. 1998. “Generalized Person-Case Constraint: A Case for a Syntax-Driven Inflectional Morphology”. In M. Uribe-Etxebarria & A. Mendikoetxea (arg.), Theoretical Issues on the Morphology-Syntax Interface, ASJUren gehigarriak XL. Donostia / Bilbo: Gipuzkoako Foru Aldundia / EHU. 1-33.
  • Bonet, Eulalia. 1991. Morphology after syntax: pronominal clitics in Romance, doktorego tesia, MIT.
  • Grevisse, Maurice. 1986. Le bon usage. Paris, Duculot.
  • Laka, I. 1993. “The structure of Inflection”. In J.I. Hualde & J. Ortiz de Urbina (arg.), Generative Studies in Basque Linguistics, Amsterdam, John Benjamins. 21-70
  • Ormazabal, Javier. 2000. “A conspiracy theory of case and agreement.” In R. Martin et al. (arg.) Step by step: Essays on Minimalist Syntax in Honor of Howard Lasnik. Cambridge (Mass.), MIT Press. 235-260.
  • Ormazabal, Javier & Juan Romero. 1998. “On the syntactic nature of the Me-lui and the Person Case Constraint”. ASJU 32.2, 415-433.
  • Ormazabal, Javier & Juan Romero. 2001. “A brief description of some agreement restrictions”. In B. Fernández & P. Albizu (arg.) Kasu eta komunztaduraren gainean. On case and agreement. Bilbo, UPV/EHU. 215-241.
  • Ormazabal, Javier eta Juan Romero. 2007. “Object agreement restrictions”. Natural Language and Linguistic Theory 25: 315-347.
  • Oyharçabal, Beñat eta Ricardo Etxepare. 2007. The absence of Person-Case Constraints in Early Lapurdian. Mitxelenaren Katedraren II Jardunaldiak. Gasteiz.
  • Rezac, Milan. 2006a. Agreement displacement in Basque: Derivational principles and lexical parameters. Eskuizkribua, UPV/EHU.
  • Rezac, Milan. 2006b. “Escaping the Person Case Constraint: Reference-set computation in the φ-system.” In P. Pica (arg.) Linguistic Variation Yearbook 6. 97-138. Amsterdam / Philadelphia, John Benjamins.
  • Rezac, Milan. 2008. “The syntax of eccentric agreement: The Person Case Constraint and Absolutive Displacement in Basque.” Natural Language and Linguistic Theory 26. 61-106.
  • Rezac, Milan. 2009. “Person restrictions in Basque intransitives.” Lapurdum, Baiona. [inprimatzen]
  • Romero, Juan. 2008. Los dativos en español. Madrid, Arco.

Alokutiboak

  • Alberdi, Xabier. 1994. Euskararen tratamenduak: erabilera. doktorego tesia. UPV/EHU.
  • Albizu, Pablo. 2002. “Basque Verbal Morphology: Redefining cases”. In X. Artiagoitia, P. Goenaga eta J.A. Lakarra (arg.) Erramu Boneta: Festchrift for Rudolf P. G. de Rijk. Bilbo, EHU. 1-19.
  • Euskaltzaindia. 1995. “Adizki alokutiboak (hikako moldea)”. Euskaltzaindiaren arauak. Bilbo, Euskaltzaindia. 47-107.
  • Branchadell, Albert. 1992. A study of lexical and non-lexical datives. doktorego tesia. Universitat Autònoma de Barcelona.
  • Fernández, Beatriz & Jon Ortiz de Urbina. 2007. Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan. Bilbo, UEU.
  • Longa, Víctor M. eta Guillermo Lorenzo. 2001. “Universal constraints on ‘superfluous elements’: The case of Galician ‘Arb Che’”, In J. Gutierrez-Rexach & Luis Silva-Villar (arg.) Current Issues in Spanish Syntax and Semantics. Studies in Generative Grammar 53. Berlin, New York, Mouton De Gruyter. 175-191.
  • Oyharçabal, Beñat. 1993. “Verb Agreement with Non Arguments: On Allocutive Agreement”. In J.I. Hualde eta J.Ortiz de Urbina (arg.) Generative Studies in Basque Syntax, Amsterdam, John Benjamins. 89-114.

Gaian sakonduz

Datiboa dela eta

Ane Odriak “What lies behind differential object marking: a survey in Basque dialects” izenburuko Master Tesia egin du markapen bereizgarriko osagarrien inguruan. Hemen jaso daiteke lana.

— Egilea: Ane Odria

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditz komunztadura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3