Erabiltzaile Tresnak


morf:5:2:2:1

Juntadura eta juntagailuak

Juntadura da perpausak elkartzeko ohiko bide bat. Juntaduran elkartzen diren osagaiak juntagai deituko ditugu. Jakina, hemen perpausez ari gara, baina juntagaiak perpaus ez direnak ere izan daitezke. Juntatze lan hori gauzatzeko, gramatikak eskura dituen tresnak juntagailuak izan ohi dira.

kakotxa Juntadura maila askotakoa izan daiteke kakotxa

Horrenbestez, honako honen antzeko zerbait esaten denean juntadura dugu:

  • Zoro bat agertu da eta tiroka hasi da.

Bi perpaus ditugu hemen juntatuak:

  • Zoro bat agertu da
  • Tiroka hasi da

Perpaus hauek dira, hortaz, juntagaiak. Eta begien bistan dago, halaber, juntatze hori gauzatzeko erabili dugun tresna gramatikala ere: eta juntagailua.

Juntadura

Maila bereko edo estatus gramatikal bereko perpausak nahiz sintagmak lotzen ditugunean, juntaduraren aurrean aurkitzen garela esan dugu. Sarritan, ez da erraz izaten mailaberekotasun hori zertan datzan jakitea. Esanahiaren aldetik begiratuta, izan ere, sarritan semantika erlazio bera edo bertsua egon daiteke juntadura bateko juntagaien artean eta mendeko perpaus baten eta perpaus nagusiaren artean. Inolako perpaus elkartura iritsi gabe ere, jakina, egon daiteke, alborakuntzan, erlazio semantiko hori. Adibidez:

  • Euria da. Goazen tabernara. (alborakuntza)EURIA DA. GOAZEN TABERNARA!
  • Euria da eta goazen tabernara. (juntadura)
  • Euria denez gero, goazen tabernara. (menderakuntza)
  • Goazen tabernara, euria da eta. (juntadura?/menderakuntza?)

Bi perpaus ditugu adibide hauetako bakoitzean, eta bien arteko erlazio semantikoa, funtsean, bera da guztietan. Denetan, perpaus batek bestearen kausa, arrazoia edo holako zerbait adierazten du. Besteak, berriz, kausa edo arrazoi horren ondorioa. Hala ere, funtsean esanahi bera da, egitura sintaktiko desberdinaren bidez gauzatua.

Horra bi perpausen artean egon daitekeen erlazio semantiko bera adierazteko zenbait bide: denetan, lehenbiziko perpausak, nola edo hala, bigarrenaren kausa, arrazoia edo dena delakoa aditzera ematen du. Bigarrena, berriz, lehenbizikoaren ondorioa litzateke. Hau, semantikaren ikuspegitik begiratuta.

Juntadura motak

Juntagaien arteko erlazioa nolakoa den, hiru juntadura mota bereiziko ditugu, bakoitzak bere juntagailu berezia duela:

  • a) emendiozkoa
  • b) hautakaritzazkoa
  • c) aurkaritzazkoa
juntadura
Emendioa eta Liburu baten bila joan naiz eta Lourdes aurkitu dut atarian.
Hautakaritza edo Aspirina bat har dezakezu edo esne beroa ezti pixka batekin.
ala Aspirina hartuko duzu ala esne beroa nahiago duzu?
nahiz / zein Liburu bat opari diezaiokezu nahiz / zein ardo on batzuk bidali etxera
Aurkaritza baina Pozik lagunduko nizuke etxeraino baina senarra itxaroten daukat.
baizik Ez dut errukirik nahi baizik justizia (nahi dut)

DENAK DANTZARA! Gramatiketan beste juntadura eta juntagailu berezi batzuk ere jasotzen dira. Adibidez, ordea, aldiz, eta antzekoak inoiz juntagailu adbertsatibotzat edo aurkaritzakotzat hartuak izan dira. Hemen EGLU IV-ren bideari jarraiki lokailutzat hartuko ditugu. Gauza bera gertatzen da beraz, hortaz, eta antzekoekin ere. Gure ikuspegitik, hauek ez dute, berez, inolako perpaus elkarketarik sortzen, baizik perpausen artean dagokeen lotura semantikoa zer nolakoa den agerian jartzen. Izan ere, testuinguru jakin batean, bi perpausen artean izan daitekeen erlazio semantikoa zein den adierazteko, batzuetan, lokailuak erabiltzen ditugu lotura horren nolakotasuna adierazteko:

  • Azkeneko eguna da. Hortaz, goazen guztiok dantzara.
  • Mirenek hondartza du atsegin; senarrak, aldiz, nahiago du mendia.

Bestalde, juntagailu banakariez ere hitz egin izan da: bai … bai; ez… ez; dela… dela…; etab. Hauek ez dira egiazko juntagailuak. Beste kontu bat da jakitea ea nolako egitura osatzen duten era horretako itzuliek.

Junta daitezkeen osagaiak

Juntaduraren eskema nagusitzat honako hau emango dugu, ohiko bideari jarraituz:

  • [X [ X ] junt [ X ] ]

Hots: juntagailuak X kategoriako juntagaiak elkartzen ditu. Eta sortzen den juntadura ere X kategoriakoa izan ohi da.

Adibidez:

  • Bilbon eta Moskun
  • Lehenbizi Bilbora etorriko dira eta ondoren, Moskura joango dira.

Hauen egitura, goiko eskemaren arabera, funtsean berdina da. Kasu baten X Postposizio Sintagma kategoriakoa izango da eta bestean, perpaus kategoriakoa:

  • [PoS [PoS Bilbon] eta [PoS Moskun] ]
  • ?800
  • [Perpausa [Perpausa etzi Bilbora datoz ] eta [PoS gero Moskura doaz] ]
  • ?600

Juntadura, hortaz, maila askotakoa izan daiteke: perpausak junta daitezke, baina baita perpausa baino beheragoko osagaiak ere: Izen Sintagmak, Adjektibo Sintagmak, Aditz Sintagmak eta abar. eta eta edo-k, adibidez, era guztietako juntagaiak junta ditzakete. baina juntagailuak, aldiz, perpausak juntatzen ditu, batez ere, edo Adjektibo Sintagmak. Bestelako juntagaiak nekez aurkituko ditugu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Juntadura eta juntagailuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3