Erabiltzaile Tresnak


morf:5:2:2:2

Menderakuntza eta menderagailuak

Juntadura bezala, menderakuntza da perpausak elkartzeko beste bide bat, eta horixe ikusiko dugu, hain zuzen ere atal honetan.

Zer da menderakuntza?

Gizon hau haserre dago (Miguel Sanz Romeroren margolana) Perpaus batek bere barnean beste perpaus “txikiago” batzuk izan ditzake txertaturik. Perpaus nagusi deitzen dugun horren eta osagai dituen beste perpausen artean menpekotasunezko erlazio bat dago. Menpekotasun hori zuzena izan liteke, esaterako aditz baten osagarrien kasuan. Baina izan daiteke, nolabait, zeharkakoa ere, postposizio baten osagarri direnen kasuan edo Izen Sintagma baten barnean txertaturik daudenen kasuan, adibidez. Nolanahi ere, perpaus nagusian bestelako osagaiek bete ohi duten zeregina bete dezakete perpaus txertatuek. Batzuk aditzaren gainerako osagarrien eta inguratzaileen pareko izango dira, beste batzuk izenaren edo adjektiboaren osagarri eta inguratzaile. Konpara dezagun perpaus elkartu bat pareko beste perpaus bakun batekin:

  • Gure ondoan bizi den gizon honek auzokoekin oso haserre dagoela adierazi digu.
  • Ondoko gizon honek bere kexua adierazi digu.

Perpaus hauek, funtsean, egitura bera dute:

  • [P0 [DS [P1 gure etxe ondoan bizi den] gizon honek ] [P auzokoekin oso haserre dagoela] adierazi digu]
  • [P0 [DS ondoko gizon honek ] [DS bere kexua] adierazi digu]

Bien arteko diferentzia bakarra da perpaus horien osagai nagusiek duten egitura:

  • lehenengoan [KS ondoko gizon honek] osagaia dugun lekuan, bigarrengoan Kasu Sintagma horren barnean perpaus bat daukagu, erlatiboa: [KS [P1 gure etxe ondoan bizi den] gizon honek ]. Lehenengo adibideko erlatibo honek eta bigarreneko [ondoko] Postposizio Sintagmak lan bera egiten dute sintagma horretan, izenlagunarena, alegia. Kokagune berean ageri dira, gainera.

Bestalde, lehenengo perpausean dugun [KS bere kexua] osagaiaren ordez, perpaus bat dugu bigarrengoan, [P auzokoekin oso haserre dagoela], aditz nagusiaren osagarriak biak ere. Paralelotasuna argiago ikusteko, honako diagrama hauetaz balia gaitezke:

perpaus bakuna eta elkartua elkarren parean

Horrelakoetan, txertakuntza edo menderakuntza dugula esaten da, perpausak nagusiago den beste perpaus baten mende txertatuta ageri baitira. Gure kasuan, P2 (gure etxe ondoan bizi den) Determinatzaile Sintagma baten osagai dugu eta Determinatzaile Sintagma hau, bere aldetik, perpaus baten (kasu honetan perpaus nagusiaren) osagai da, perpaus horren subjektua, hain zuzen. P3 ere, (auzokoekin oso haserre dagoela) perpaus nagusiaren osagai da, aditz nagusiaren osagarria.

Hierarkia aipatu dugu. Hain zuzen, osagai diren perpaus horiek oso sakonean txertatuak egon daitezke, edozein perpaus elkartu beti txerta baitaiteke beste baten barnean. Esaterako:

[[morf:5:20|mendeko perpaus]]en arteko hierarkia

Mendeko perpausen ezaugarri formalak

Juntaduraren eta menderakuntzaren arteko bereizgarri nagusia, egiturazkoa da: mendeko perpausak nagusi baten pean daude, bata bestearen ‘mendeko'. Juntatuak, aldiz, elkarren pareko dira, bata bestearen mendean barik, bata bestearen ‘ondoan’ kokatuak daude. Hierarkia kontua da, hortaz. Baina beste bereizgarri formal batzuk ere badira, askoz ere agerikoagoak.

  • Mendeko perpausek menderagailua eraman ohi dute: Hierarkiaz gainera, edo horren erakusgarri, bada bereizketa formal bat oso argia: mendeko perpauseko adizkia jokatua bada, orduan, adizki horrek –perpausak, azken batean- menderagailua eramango du berekin: -(e)n, -(e)la, bait- edo ba-. Hortaz, holako adizkiak ageri badira, seinale perpausa mendekoa dela:
    • [Etorriko naizela] esan diot.
    • [Etorriko balitz], poztuko nintzateke.
    • Ez nintzen joan, [ez baitzidaten abisatu]
    • Mesedez, esango didazu [zenbat balio duen]?
  • Subjuntibo delakoak ere (esan diezaion, etor dadila…) menderagailua berekin darama: esan diezaio-n, etor dadi-la.
kakotxa mendeko perpauseko adizkia jokatua bada, menderagailua eramango du beti kakotxa
  • Hortaz, subjuntibozko adizkia ageri bada, mendeko izango da.
  • Perpaus juntatuek, aldiz, juntagailua izango dute juntagai bataren eta bestearen artean:
    • Ikusi dut eta goraintziak eman dizkiot.
    • Berandu nabil baina konponduko naiz.
  • Salbuespen bat: Badira, hala ere, perpaus batzuk, menderagailuz horniturik agertu arren, perpaus lokabetzat hartu ohi direnak:
    • Egin dezala nahi duena.
    • Goazen berehala hemendik.
  • Adibide hauetan ageri diren adizkiak atzizkidunak dira. Horrenbestez, mendeko perpausen forma dute (egin dezala, goazen), baina perpaus lokabetzat hartu ohi ditugu. Horrek esan nahi du, beharbada, azpian badutela, edo noizbait izan dutela, aditz nagusi bat eta honen mende zegokeela menderagailudun perpaus hori (cf. Goenaga 1997).
  • Perpaus jokatugabeak ere mendeko izan ohi dira: Adizkia jokatugabea denean, berriz, alegia pertsona eta denborarako markatu gabea bada, orduan ere seinale perpaus mendeko baten aurrean gaudela. Ondoko adibide hauetan mendeko perpausak ditugu eta hauen adizkia jokatugabea da:
    • [Etortzeko] esan diot.
    • [Garaiz etorri izanak] zerbait esan nahi du.
    • [[Botila eskuetan harturik], kantatzen] hasi zen.
  • Beste salbuespen bat: Oraingoan ere, lehen begiratuan behintzat, adizki jokatua duten baina mendeko ez diren perpaus batzuk aipa litezke. Izan ere, agintera perpausak, adibidez, laguntzaile gabe eman daitezke euskaraz eta pentsa liteke, horrenbestez, adizki jokatugabea dutela. Esaterako:
    • Lagundu, mesedez.
    • Isildu berehala.
    • Etorri hona!

Trena etorri da, horrenbeste aldiz deitu ondoren

  • Baina hauek, egiazki, adizki jokatugabea duten perpausak ez, laguntzailea isilpean duten agintera perpausak direla pentsatzeko arrazoiak badira. Zeren laguntzailea erraz bereskura daiteke, honako perpaus hauen baliokidetasunak adierazten duten bezala:
    • Etorri hona, mesedez.
    • Etor(ri) hadi hona, mesedez.
    • Hator hona, mesedez.
  • Salbuespenak salbuespen -eta ikusi dugu salbuespenok ez direla benetakoak-, aipatu diren irizpide formal hauek (adizki jokatua menderagailuduna izatea edo adizki jokatugabea izatea) baliagarri izan daitezke perpaus elkartu batean adizki nagusia zein den eta mendekoak zein diren erabakitzeko orduan: adizkia 'biluzik' badago, seinale perpaus nagusikoa dela:
    • Garaiz etortzeko esan diot.
    • Mila bider esan diodala uste dut.
  • Lehenengo adibideko esan diot adizki 'biluzia' nagusia da, perpaus nagusikoa. Aldiz, bigarreneko esan diodala adizkiak -(e)la atzizkia duenez, [mila bider esan diodala] perpausa beste perpaus baten mendeko izango da, kasu honetan uste dut adizki nagusiaren mendeko.
  • Aldiz, adizkia jokatugabea bada perpaus hori mendekoa izango da. Hori da lehenengo adibideko [garaiz etortzeko] perpausaren kasua: adizkia jokatugabea denez (etortzeko), adizki hori barnean duen perpausa ere, [garaiz etortzeko], mendeko perpausa izango da.
  • Mendeko perpausetan alokutiborik ez: Aipatutako bi ezaugarri horiez gainera, mendeko perpauek badute beste ezaugarri bat ere, forma alokutiborik ez onartzea:
kakotxa mendeko perpausetan ez da adizki alokutiborik erabiltzen kakotxa
  • Bihar joango naun. (perpaus lokabea; adizki alokutiboa)
  • [Bihar joango naizela] uste dinat. (mendeko perpausa; adizki arrunta)
  • *[Bihar joango naunala] uste dinat. (*mendeko perpausa; adizki alokutiboa)
  • Arau berari jarraituz, juntadura perpaus lokabeen artekoa bada, forma alokutiboak zilegi izango dira. Aldiz, juntadura perpaus nagusi baten mendeko bada, orduan ez da adizki aokutiboentzako lekurik izango:
    • Altxatuko nauk eta galdetuko zioat. (perpaus juntadura; lokabea; alokutiboa)
    • [Atxatuko naizela eta eta galdetuko diodala] esan zioat. (perpaus juntadura; mendekoa; adizki arrunta)
    • *[Atxatuko nau(k)ala eta galdetuko zioadala] esan zioat. (perpaus juntadura; mendekoa; alokutiboa)
  • Goiko perpausok erakusten dutenez, perpaus lokabeen adizki nagusia alokutiboa izan daiteke, baina mendekoa inola ere ez.

Mendeko perpausen sailkapena

Mendeko perpausen sailkapena egiteko irizpide bat baino gehiago erabil daiteke. Esanahiaren araberako sailkapena, askotan, oso erosoa izan daiteke eta zenbait sailkapen irizpide honen arabera egin izan dira: denborazko perpausez edo kausazkoez hitz egiten dugunean, adibidez, esanahaia daukagu kontuan. Baldintzazkoez, helburuzkoez eta abarrez dihardugunean ere beste horrenbeste. Irizpide hau oso erabilia da mendeko adberbialez edo zirkunstantzialez aritzen garenean.

Beste perpaus batzuek, berriz, funtzioaren araberako deitura jasotzen dute. Esaterako, perpaus osagarriak edo erlatiboak aipatzen direnean. Perpausen forma bera ere zenbaitetan irizpidetzat hartzen da: aditz jokatua duten ala ez, adizkia subjuntiboa den ala ez, eta abar.

Mendeko perpausak aztertu eta sailkatzeko orduan, forma kontuan hartzea ezinbestekoa da.

Formaren eta esanahiaren arteko hautua

Formatik abiatzearen alde arrazoi asko eman daitezke. Perpaus bakunaren barne osagaiak ere ez ditugu sailkatzen esanahiaren arabera, formaren arabera baizik. Egia da inesiboa, adlatiboa, elatiboa, prolatiboa eta holakoek, jatorriz esanahiari ere egiten diotela erreferentzia (ik. Hjelmslev 1935-1937), baina guretzat askotan deitura formal hutsak dira. Zer esanik ez, ergatibo, absolutibo eta holakoak. Deitura hauek forma jakin batzuei egiten diete erreferentzia. Batzuetan, helburu didaktikoak horretara eramanik, ‘non sintagma’ bezalako deiturak ere erabiltzen ditugu, nahiz eta jakin batzuetan ‘non sintagma’ hori ‘non’ sintagma baino gehiago, ‘noiz’, edo ‘zertan’ litzatekeen. Genitibo deiturak ere zer esan nahi duen ez da begien bistakoa. ‘Mendiko’ bezalako sintagma bati ‘leku genitibo’ deitzeak, beharbada, badu zentzua, baina ‘bihotz oneko gizona’ diogunean ‘bihotz oneko’ leku genitibo dela esatea askotxo esatea dela iruditzen zaigu. Horrela, deklinabideaz ari garenean erabiltzen ditugun terminoek, batzuetan nolabaiteko esanahiari erreferentzia egiten badiote ere, normalean forma jakin batzuen deitura soiltzat hartu ohi ditugu. Horrela jokatu ohi da gure gramatiketan ‘deklinabide’ delakoaren berri ematerakoan. Formatik abiatuz gero, forma bakoitzak ezkuta edo adieraz ditzakeen adiera edo esanahi desberdinak ematea errazago gertatuko zaigu. Adibidez, formaren ikuspegitik ‘ergatiboa’ den sintagmak esanahi bat baino gehiago ezkuta ditzake barnean:

  • Gizon horrek etxea saldu du. (gizon horrek = egilea)Gizona etxea ezin salduz
  • Gizon horrek asko sufritu du. (gizon horrek = jasailea)
  • Liburu horrek zenbat balio du? (liburu horrek = gaia?)

Esanahia gorabehera, formatik abiatzea egoki ikusi ohi dugu kasu hauetan. Forma finkatu ondoren eman daitezke eman beharreko adierari buruzko xehetasunak. Bada, mendeko perpausekin ari garenean ere beste horrenbeste egiteko ez genuke arazorik izan behar, orohar. Adibidez:

  • Gainean egundoko ekaitza genuela atera ginen Gasteiztik.
  • Pipa ahoan zuela agertzen zen beti jendaurrean.
  • Etxera nindoala, Koldo ikusi nuen.

Esanahi desberdina gorabehera, goiko mendeko perpausek forma bera dute funtsean: -(e)la menderagailuaren gainean eraikiak dira, mendira Postposizio Sintagma ere -n inesiboaren gainean eraikia den bezala.

Eta funtzioaren aldetik, hiruetan aditzaren ‘lagun’ edo adjunktu direla esan genezake. Gero, batean denbora adiera nagusitzen dela, bestean modua adierazten dela eta holakoak aipatuko dira, baina sailkapena egiteko, egokiago eta erosoago dela ematen du abiapuntu formalagoa hartzea. Horrela, perpaus barneko osagai guztientzat, perpaus izan nahiz determinatzaile sintagma edo postposizio sintagma izan, irizpide bera erabiliko dugu. ba- aurrizkia duten perpausetan ere abiapuntutzat forma har dezakegu eta forma honetan oinarri harturik, iritsi gaitezke baldintzazkoetara ez ezik kontzesiboetara ere, adibidez.

e

Mendeko perpausen funtzioa irizpide

Mendeko perpausek, forma jakin bat izateaz gainera, funtzio jakin bat ere izango dute perpausean. Perpaus nagusiko osagai diren heinean, bakoitzak bere funtzioa beteko du: batzuk aditzaren osagarri izango dira, beste batzuk izenaren edo adjektiboaren osagarri. Adibidez, baditugu perpaus osagarriak: Etxe honetara aldatzea erabaki dugu (AGBAR dorrea Bartzelonan) : [Lan handia egin duela] dio. (aditzaren osagarri)

  • [Etxez aldatzea] erabaki dugu. (aditzaren osagarri)
  • [Aurten etorriko delako] berria iritsi zaigu. (izenaren osagarri)
  • Horren jokabidea zail da [ulertzen]. (adjektiboaren osagarri)

Adjunktu edo lagun ere izan daitezke. Erlatiboak, adibidez, Adjektibo Sintagmak edo zenbait Postposizio Sintagma bezalaxe, izenaren adjunktutzat hartzen ditugu:

  • [Gure etxe ondoan bizi den] gizona (cf. [gure etxe ondoko] gizona)
  • [Interes handia duen] liburua / [interes handiko] liburua / liburu [interesgarri] -a

Aditzaren adjunktuak ere izan daitezke. Halakoak dira, barnean osagai gisa perpaus bat duten Postposizio Sintagmak:

  • [Esan zenidanean] etorri nintzen. (cf. {[Lehengo astean]/[atzo]} etorri nintzen.

Goiko adibideetan jaso ditugun -(e)la menderagailua (postposizioa) duten Postposizio Sintagmak, adibidez, adjunktu dira. Hona hemen haietako bat errepikatua:

  • Pipa ahoan zuela agertzen zen beti jendaurrean.

Hain zuzen, gramatiketan mendeko perpausak sailkatzeko orduan, perpaus diren osagaien eta ez direnen arteko parekotasun hau kontuan harturik, perpaus erlatiboei ‘adjektibozko’ ere deitzen zaie (ik. Villasante ). Perpaus ‘sustantiboak’ ere badira, gaztelaniazko gramatiketan bereziki, izen batek edo Izen Sintagma batek beteko lukeen lekua betetzen dutela eta. Beste batzuei, berriz, ‘adberbiozko’ eta abar. Hala ere, mendeko perpaus batzuek ez dute parean Postposizio Sintagma soilik. Baldintza perpausek, esaterako, ez dute horrelako parekorik:

  • Galdetzen badidazu, erantzungo dizut.

Galdetzen badidazu baldintza perpausaren ordain argia litzatekeen Postposizio Sintagmarik ez da, kasu horretan, orduan… edo holakoren batera jotzen ez badugu bederen.

‘Denbora perpaus’ direlakoetan, esaterako, noiz? galderaz balia gaitezke. Kausazko batzuetan ere zergatik? galdetzea zilegi da, baina, adibidez, baldintzazko baten aurrean zer galdera egin daiteke? Edo kontzesibo baten aurrean?

Irizpide desberdinak ditugunez gero, terminologia nahasketak sor daitezke: batzuetan mendeko perpausak izendatzeko esanahia hartzen da kontuan (denborazko, kausazko, helburuzko, baldintzazko eta holako deiturek esanahiari egiten baitiote erreferentzia). Ostera, osagarri bezalako termino batek egitura eta funtzioari egiten dio erreferentzia, erlatibo terminoak bezala. Termino hauek erabili beharrekoak gertatzen dira maiz, baina sailkapen egokia egiteko, komeni da, ahal dela, irizpideak argi edukitzea. Ez da beti erraza.

kakotxa
kakotxa
Batzuetan zail gertatzen da mendeko perpausak zein diren bereizteko irizpide argiak eta funts bakarrekoak erabiltzea. Askotan sortzen dira zalantzak. Irizpide formalak dira nagusi batzuetan; esanahia, aldiz, beste batzuetan

Horrenbestez, formari eusten ahalegintzea bidezko da: ahal den neurrian, perpausen formari begiratuko diogu eta baita perpaus hauen funtzioari ere. Esanahiari dagozkion kontuen berri ere emango dugu, baina ahaleginak egingo ditugu esanahia abiapuntutzat ez hartzeko. Horrela, perpaus osagai guztiak, Determinatzaile Sintagmak, Postposizio Sintagmak zein perpausak izan, irizpide berarekin tratatuko dira.

Esanahi kontuak, gainera, oso irristakorrak gertatzen dira maiz: perpaus bat kausazko den ala helburuzko den ez dago argi batzuetan. Zenbaitetan, bi adierak batzen dira eta zalantzak ere ugaldu egiten dira. Esate baterako, ikus dezagun zer esan lezaketen gure artean kurritzen duten gramatikek honako perpaus honi buruz:

  • [[Zu janzten zaren bezala] jantzi nahi nuke neuk ere]

Hau perpaus elkartu bat da eta barnean badu txertaturik mendeko perpaus bat: [zu janzten zaren bezala]. Nola sailkatu behar genuke perpaus hau? Villasantek (1976:115 eta hurr.), adibidez, 'moduzko' perpausa dela esango du. Aldiz, balitz bezala hizpide hartuta, honela dio:

  • “Estas oraciones hoy se tratan como meras condicionales” (118. orr.).

Moduzkoa litzateke, baina baldintzazkoa ere bai, nonbait, eta, baita konparatiboa ere. Hortaz, ‘konparatiboen’ artean ere sailkatu beharko litzateke, egiazki bi modu konparatzen baititu. Konturatu baino lehen estean ere, alde batetik ‘denbora’ adierazten da (noiz? galderari erantzuten dio), baina konparatiboa ere bada. Formari begiratuta, ordea, bai batean bai bestean, gauzak argi daude: perpaus horrek eskuin buruan bezala postposizioa du. Hau batetik moduzkoa da (-(e)la atzizkia zerbaitetarako dauka) baina bestetik BEZ- osagaia ere badu, konparatiboetan ohikoa dena (bezain, bezainbat… ). Horrenbestez, goiko perpaus txertatua Postposizio Sintagmen artean sailka daiteke. Postposizio Sintagma hau adjunktua izango da, ez osagarri. Baina, sintagmaren barnera begira, Postposizio Sintagma horren burua postposizioa izango da eta honek osagarri bat izango du –(e)n menderagailua duena. Horrenbestez, ondoren aurkeztuko dugun laburpenean bide horri jarraituko diogu: forma eta funtzioa lehenbizi, eta esanahia, ondoren.

Era honetako bidea bereziki egokia gertatzen da perpaus jokatu gabeak ditugunean:

  • Berandu da [inora joateko]

Holako perpaus batean ‘helburuzko’ perpaus bat ikusteko arazo handiegirik ez da. Baina beste honetan esanahiaren araberako sailkapena egitea pixka bat gehiago kostako zaigu:Etxe honetako argi guztiak itzali ditu, banan bana)

  • [Etxeko argi guztiak itzaltzeari] ekin zion.

Modu berean, honako adibide hauetako mendeko perpausa non sailka daiteke?:

  • [Zinera joatekotan] nintzen.
  • [Zinera joatekotan], joan zaitez gaur ematen dutena ikustera.

'Moduzko' perpaus deitzen direnak ere, egiazki zer diren jakitea ez da samurra. Gramatiketan, multzo horretan sartu ohi dira maiz beste inon kokatu ezin diren hainbat perpaus.

Hortaz, ondoko sailkapena irizpide hauetan oinarriturik eskainiko dugu: jite formal bera edo bertsua dutenak elkarrekin ezarriz.

Oinarrizko sailkapen bat

Formari atxikirik, lehenbizi perpaus jokatua ala jokatugabea den hartuko dugu kontuan. Ondoren, perpaus horrek izango duen menderagailuari egingo diogu so: perpaus jokatuen kasuan, -(e)n, -(e)la, bait- eta ba- menderagailuak hartuko dira kontuan.

Perpaus jokatu gabeekin ere modu bertsuan egingo dugu: [… -t(z)e] eta […-tu] tankerako adizki jokatugabeak behar den kasu marka edo postposizioarekin agertuko dira:

-t(z)e -tu
-t(z)en (←t(z)e + -n) -tua (←tu +-a+ Ø)
-t(z)eko (←t(z)e + -ko)-tu(a)z (←tu + (-a) + -z)
-t(z)era (←t(z)e + -ra) -turik (←tu + -®ik …
-t(z)etik (-t(z)e + -tik) -tu gabe
-t(z)eak (←t(z)e + -a + -k) … -tuagatik (←tu + -a + -gatik)

Menderagailudun perpaus hauek egiazki postposizio bati itsatsirik agertzen dira, hauen osagarri dira, horrenbestez. Eta horrela osatutako perpaus hauek perpaus nagusian zer nolako funtzioa betetzen duten hartuko da kontuan. Honela sailka daitezke euskaraz mendeko perpausak:

mendeko perpausak eta menderagailuak

Eta xehetasun pixka bat gehiagorekin:

ADIZKI JOKATUKO MENDEKO PERPAUSAK:

FORMA FUNTZIOA ADIBIDEAK
-(E)N aditzaren osagarri Uste dut [hala den].
Ez dakigu [noiz etorriko den].
[Gauzak konpon daitezen] nahi dut.
Izenaren osagarri [Norbait etorriko den] errezeloa dut.
Aditzaren adjunktu [Gauzak konpon daitezen] norbaitek amore eman beharko du.
Izenaren adjunktu [Mikelek esaten dituen] astakeriak ezin onartuzkoak dira.
-(E)N + Postposizioa Aditzaren adjunktu [Joseba etorri den arte] bakean egon gara.
-(E)LA Aditzaren osagarri [Berandu etorriko dela] esan du.
Aditzaren adjunktu [Txapela eskuan zuela] sartu zen bilerara.
-(E)LA + Postposizioa Aditzaren adjunktu [Hona nentorrelarik] istripu bat ikusi dut.
[Gogoak eman didalako] esan dut hori.
Izenaren osagarri [Minbizia zuelako] susmoa zuen.
Izenaren adjunktu [Jakintsu delako] gizon hori hor dabil.
BAIT- Aditzaren osagarri Harrigarria da [ez baita agertu lanera].
Aditzaren adjunktu Joan egingo naiz, [berandu baita].
Izenaren adjunktu Gizon hura, [aspaldi han bizi baitzen] denek ezagutzen zuten.
Lokailua + BAIT- Aditzaren adjunktu Partida galdu dute [zeren ez baitute ongi jokatu.]
Izenordain erlatiboa + BAIT- Izenaren adjunktu Piramideak, [zeinak eragin baitzituen faraonek] ederrak dira.
Joan zen mendira, [non aurkitu baitzuen arrano bat].
BA-Perpausaren adjunktu [Garaiz etorri bazina] hartuko zintduan.
BA- … ERE Perpausaren adjunktu [Garaiz etorri bazina ere], ez zintudan hartuko.

ADIZKI JOKATUGABEKO MENDEKO PERPAUSAK:

FORMA FUNTZIOA ADIBIDEAK
-T(Z)E + A + kasu marka Aditzaren osagarri [Mendira joatea] erabaki dugu.
[Zu hemen ikusteak] pozten nau.
[Etxea berritzeari] ekin diogu.
Ez du [inor joaterik] nahi.
Izenaren osagarri [Lanik gabe gelditzearen] errua berea da.
-T(Z)E + (A) + Postposizioa Aditzaren osagarri [Ogia erosteko] esan diote.
Ez da ausartzen [ezer esatera]
Aditzaren adjunktu [Hori esateko] ez zenuen hainbeste hitz behar.
Izenaren osagarri [Bileran isilik egoteko] erabakia hartu zuen zuzendariak.
Izenaren adjunktu [Ergelak engainatzeko] makina asmatu du.
-TU Izenaren/aditzaren osagarri [Etxera lehenbaitlehen iritsi] nahi zuen.
[Garaiz iritsi] beharra daukazu.
TU + -A + Kasu marka Aditzaren osagarri[Hitz haiek esan izana] eskertu zioten.
[Gerrikoa lotuta eraman izanak] salbatu zuen.
[Trena galdu izanari] bota zion errua.
Izenaren osagarri [Gauzak ongi pentsatu izanaren] ondorioa da hori.
Aditzaren adjunktu Nik zer kulpa daudakat [zuk seme asko hazia]?
-TU + (-A) + Postposizioa Aditzaren adjunktu [Hau esan ondoren] lasai gelditu nintzen.
[Ardoa edanez gero] mozkorra harrapa daiteke.
[Oihu handi bat eginez] utzi zuen bilera gela.
Izenaren adjunktu [Mila bider entzundako] ipuinarekin zatoz?
aditz oina Aditzaren osagarri Ez genekien [zer egin mutiko harekin].
Perp. erlatiboa Ez geneukan [zer jan].

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Menderakuntza eta menderagailuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3