Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:10

Helburu perpausak

Zerbaiten xedea edo helburua adierazteko erabiltzen ditugu helburu perpausak. Zertara(ko)? galderari erantzunez osatutako perpausak dira helburuzkoak edo finalak. Perpaus nagusiko ekintzaren helburua, asmoa eta xedea zein den adierazten dute, adizlagun funtzioa hartuta.

Auto-lasterketa

  • Amaiak lana utzi behar izan zuen, seme jaioberria zaintzeko.
  • Garik auto hobea erosi du, auto-lasterketetan azkarrago ibiltzeko.

“Jaioberria zaintzeko” eta “auto-lasterketetan azkarrago ibiltzeko” zatiak dira helburuzko perpausak. Amaiaren helburua jaioberria zaintzea da eta horretarako, lana utzi behar izan zuen. Garik auto-lasterketetan azakarrago ibili nahi zuen, eta horretarako, auto hobea erosi du. Honelako perpausak aditz nagusiaren osagarri erabiltzen ditugu, baina ez osagarri zuzen gisa, zeharkako edo bigarren mailako osagarri gisa baizik, adberbioen antzera. Perpaus hauetan, parentesi artean ageri diren sintagmen parekoa izango litzateke helburuzko perpausa:

  • Amaiak lana utzi behar izan zuen (joan den urtean).
  • Garik auto hobea erosi du (gaur goizean).

Helburuzko perpausaren osagarri hori bigarren mailakoa da, aukerakoa da. Beste adibide hauetan, ordea, nahi izan aditzak berez behar du osagarri bat, mendeko perpausa osagarri zuzena da:

  • Amaiak ez du nahi (lana utzi behar izatea).
  • Garik esan du (auto hobea erosi nahi duela).

Orain aztertuko ditugun perpausak ez dira azken sail horretakoak, helburuzko perpausak ez baitira osagarri zuzenen sailean sartzen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Helburu perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3