Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:10:1

Helburu perpausen bereizgarriak

Helburu perpausen ezaugarriak ematen saiatuko gara artikulu honetan, besteak beste, kausazko eta ondoriozko perpausetatik bereizteko.

Kausa, helburua eta ondorioa

Kausa eta helburua

Ez da erraza helburuzko perpausak sailkatzea, askotan kausazko perpausak eta helburuzkoak oso gertu baitaude. Xedea adierazteko erabiltzen ditugun perpaus hauetan kausa-ondorio erlazio bat gertatzen da, kausa perpausetan bezala. Erlazio hori ez da kausazkoetan agertzen denaren modukoa, kausa perpausetan denborari dagokionez kausa hori aldez aurrekoa delako, hau da, lehenengo kausa bat, zergatiko bat gertatzen da, eta horrek geroago datorren zerbaiti eragingo dio:

Putzuak kalean

  • Putzu handiak daude kalean, euri asko bota duelako.
  • Urduri dago Aitor, bihar partidua daukalako.

Kalean putzuak egoteko kausa euria da, lehenengo euria egin du (A) eta ondorioz putzuak daude kalean (B). Bigarren adibidean ere, bihar partidua dauka Aitorrek (A) eta horren ondorioz urduri dago (B). Perpaus kausaletako gertaerak eragina du perpaus nagusiak aditzera ematen duen ondorioan: lehenik A (mendeko perpausa) eta ondorioz B (perpaus nagusia).

Helburu perpausetan, ordea, kausa-ondorio harreman hori alderantzizkoa da:

  • Anek oihu egin zien ikasleei, geldirik egon zitezen.

Helburuzko perpausetan, mendeko perpauseko gertaera (B) perpaus nagusiak aditzera ematen duenaren ondoren gertatzen da: lehenik oihu egin (A), eta ondoren ikasleak gelditu (B).

Kausa perpausetan kausa edo zergatiko bat dago, mendeko perpausean biltzen dena eta beste zerbaiti eragin eta ondorio bat sortzen duena perpaus nagusian. Kausa-ondorio kontu hori borondatezkoa izan daiteke nahiz ez. Helburuzko perpausetan ere bada zergatiko bat, perpaus nagusian biltzen dena, beste zerbaiti eragiteko borondatea erakusten duena mendeko perpausean. Eragin horrek ondorio arrakastatsua izan dezake edo ez, eta nahi duena lor dezake edo ez. Horrenbestez, hauxe da bi perpausen eskema:

  • [ondorioa… perpaus nagusia… B [kausala kausa…mendeko perpausa A]]
  • [kausa… perpaus nagusia… A [helburuzkoa ondorioa…mendeko perpausa B]]

Helburua eta ondorioa

Helburuzko eta ondoriozko perpausak ere gertu daude semantika aldetik. Biek ala biek begiratzen diote ondokoari, baina ez dute modu berean ikusten. Helburuzkoek berariazkoa dute ondorioa, aldez aurretik bilatzen dute. Ondoriozkoetan, berriz, ondorioa ez da berariaz bilatzen, halabeharrez gertatzen da:

  • Kameralariak oihu egin zion kazetariari, [geldirik egon zedin].
  • Maiatzean horrenbeste euri egin zuen, non ibai askok gainezka egin zuten.

Adibide horretan, oihu egitearen helburua kazetaria geldiaraztea da. Zerbait berariaz bilatzen da. Horrenbestez, helburuzko perpausek subjektu egile bat behar dute, normalean biziduna. Adibide horretan “kameralaria” da subjektu egile hori. Bigarren adibidean, ordea, ez da hori gertatzen, ondorioa ez delako berariaz bilatzen. Ondoriozko perpausetan ondorioa halabeharrez gertatutako zerbait da, perpaus nagusian bildutako baldintzen ondorioz jazotako zerbait.

Bigarren adibidean kausa bat (euri asko egitea) eta ondorio bat (ibaiek gainezka egitea) daude, lehenengo adibidean bezala. Izan ere, helburuzkoetan bezala, hemen ere lehenago gertatzen da perpaus nagusiak adierazten duen euri jasa ibaiek gainezka egitea baino, hori ondorioa delako, mendeko perpausean jasotzen dena. Beraz, denborari dagokionez antzeko eskema dute helburuzkoek eta ondoriozkoek.

Horrenbestez, eragilean dago helburuzko eta ondoriozko perpausen arteko aldea: helburuzko perpausetan ezinbestekoa da eragile baten borondatea. Lehenengo adibidean kameralariaren nahia dago kazetaria geldiarazteko. Bigarren adibidean, ordea, ez du inork berariaz ibaiek gainezka egiteko borondaterik adierazi.

Hauxe izango litzateke perpaus horien eskema:

  • [kausa… perpaus nagusia… A [helburuzkoa ondorioa borondatezkoa…mendeko perpausa B]]
  • [kausa… perpaus nagusia… A [ondoriozkoa ondorioa ez-borondatezkoa…mendeko perpausa B]]

Horrenbestez, helburuzko perpausetan ondorioa eta subjektu egile bat behar ditugu, biak batera, eta subjektu egileak espresuki nahi du ondorio hori gertatzea.

Helburuzko eta ondoriozko perpaus asko parekoak dira semantika aldetik:

  • Halako oihua egin zien irakasleak, non ikasle denak mutu gelditu ziren.
  • Irakasleak oihu egin zien, ikasle denak isil zitezen.

Bi adibide horietan irakasleak oihu egin die ikasleei eta ondorioz isildu egin dira denak. Dena den, lehenengo adibidea ondoriozkoa da; bigarrena, berriz, helburuzkoa. Izan ere lehenengoan ez dago argi irakaslearen helburua ikasleak isilaraztea zen, edo beste bat zen. Ezin da esan irakaslearen nahia bete dela, ez dakigulako zein zen bere nahia. Gauza bakarra dakigu: irakasleak oihu egin diela eta ondorioz ikasleak isildu egin direla. Bigarren adibidean, irakasleak oihu egin die ikasleei, ondorioz ikasleak isildu egin dira, baina badakigu irakaslearen borondatea hori zela, ikasleak isilaraztea, alegia.

Azter ditzagun orain, beste bi adibide hauek:

  • Izebak telefonoz hots egin dit, [lo gera ez nedin]. Telefonoz hizketan
  • Izebak telefonoz hots egin dit, [lehenbailehen jaiki nedin].

Bi perpaus horiek helburuzkoak dira, egiazko helburuzkoak, eta agentearen helburua kako artean aipatutako zatia da. Gerta liteke, hala ere, helburu bat izan eta ondorioa este bat izatea. Gerta zitekeen, izebak telefonoz hots egin arren, lo geratzea edo berehala ez jaikitzea. Adibide horietan argi ikusten da zein den helburuzkoen eta ondoriozkoen arteko alde nagusietako bat. Hori argiago geratzen da bi ondorio motak batera emanez:

  • Lo gera ez nedin izebak horren ozen egin dit oihu, berehala jaiki bainaiz.

Hor kausa bat dago: oihu egitea. Kausa horrek ondorio bat bilatzen du, helburuzko perpausa, alegia: lo ez geratzea. Baina egiaz beste ondorio bat izan du (ondoriozkoa): berehala jaikitzea. Aurreko adibideetan helburu bat zegoen, baina ez dakigu bete den, perpausak ez baitu halakorik argitzen.

Horrenbestez, ondoriozko eta helburuzko perpausek ondorioari begiratzen diote. Helburuzkoek subjektu egile bat behar dute, ondorio hori betetzea nahi duena. Helburuzko perpausek zerbait betetzeko “asmoa” adierazten dute, eta asmo hori agerikoa denez erraza da perpausaren parafrasia egitea, “nahi izan” eta antzeko aditzak erabiliz, esaterako (halakorik ezin da egin ondoriozko perpausetan):

  • Izebak telefonoz hots egin dit, lo ez geratzea nahi zuelako.
  • Irakasleak oihu egin zien, ikasleak isiltzea nahi zuelako.
  • * Euria egin zuen, kaleak busti nahi zirelako.

Helburua, kausa eta ondorioa

Horrenbestez, hiru eratako esaldiak bereiz litezke: helburuzkoak, kausazkoak eta ondoriozkoak. Hiruretan gertatzen da kausa-ondorio erlazio bat:

  • Kausazkoetan ezinbestekoa da erlazio hori. Kausa mendeko perpausean adierazten da eta ondorioa, berriz, perpaus nagusian.
  • Ondoriozkoetan, perpaus nagusian ageri da kausa, eta ondorioa mendekoan.
  • Helburuzkoetan ere kausa perpaus nagusian ematen da eta ondorioa mendekoan, baina kausa hori eragile baten borondateak ematen du.

Hauek izango lirateke hiru perpaus hauen eskema nagusiak:

  • [ondorioa… perpaus nagusia… B [kausala kausa…mendeko perpausa A]]
  • [kausa… perpaus nagusia… A [ondoriozkoa ondorioaez-borondatezkoa…mendeko perpausa B]]
  • [kausa… perpaus nagusia… A [helburuzkoa ondorioaborondatezkoa…mendeko perpausa B]]

Horiek dira ezberdintasun semantikoak, esaldien esanahiari lotutakoak. Ezberdintasun sintaktikoak ere badira, eta badute semantikarekin ere halako lotura bat. Kausazko perpausetan BAIT-, -eLAKO, ETA eta antzeko hizkiak erabiltzen ditugu; ondoriozkoetan, berriz, non…bait- alborakuntza etab; azkenik, helburuzko perpausetan -T(Z)EKO, -T(Z)ERA edo subjuntiboa erabiltzen ditugu. Hauxe izango litzateke eskema horrenbestez:

  • [ondorioa… perpaus nagusia… B [kausala kausa…mendeko perpausa (-eLAKO) A]]
  • [kausa… perpaus nagusia… A [ondoriozkoa ondorioaez-borondatezkoa…mendeko perpausa… (NON…BAIT) B]]
  • [kausa… perpaus nagusia… A [helburuzkoa ondorioaborondatezkoa…mendeko perpausa… (subjuntiboa) B]]

Beste ñabardura batzuk

Subjektu bizigabea duten perpausak

Subjektu bizigabea duten perpaus batzuk helburuzkotzat hartu izan dira zenbait gramatikatan.

  • Gurpil berriak behar ditu autoak, neguan irrist egin ez dezan.
  • Gurpil berriak behar ditu autoak, neguan irrist ez egiteko.

Autoak ezin du inolako asmorik izan gurpilak babesteko, eta subjektu agentea falta bada ere, guk helburuzkoetan sartuko ditugu halakoak, itxuraz antzekoak direlako. Helburu perpausetan A “asmoa” da eta B asmo horren helburua, eta A eta B artean dagoen erlazioa egile batean oinarritzen da. Hemen ez dago egilerik baina hala ere, helburu perpausetan sartzekoak dira subjektu bizigabea duten perpaus hauek ere.

Halako egiturak nahiko mugatuak dira, egoera jakin batzuetan baino ezin dira erabili: perpaus nagusian asmoa, beharra, komenigarritasuna, erabilgarritasuna eta antzekoak adierazten dituzten aditzak behar ditugu. Aditz gutxirekin erabil daitezke. Goiko adibideak, esaterako, nahi ukan erabiliz ere eman daitezke:

  • Gurpil berriak nahi ditu autoak, neguan irrist egin ez dezan.

Hala ere, halako esapideak egitura inpertsonalekin daude lotuta. Izan ere, nahi ukan aditza erabiliz, badirudi norbaitek gurpilak lehenbailehen eman behar dizkiola autoari, irrist egin ez dezan.

Hala ere, batzuetan ez dago horren argi mendeko perpausa helburuzkoa den, bladintza edo modalitatea ere adierazi ditzake eta. Goiko adibide horiek honela ere eman litezke:

  • Gurpil berriak behar ditu autoak, neguan irrist ez egitekotan.
  • Gurpil berriak behar ditu autoak, neguan irrist egingo ez badu.

Halako esaldiak sarri erabiltzen dituzte batzuek, baina ez da erraza helburuzkoak diren esatea. Gainera, halakoetan subjektu bizidunak ere erabil daitezke:

  • Behe-laino itxia dago eta bidea aurkituko badugu, argi eta adi ibili beharko dugu.

Hor esan nahi dena da argi ibili beharko dugula bila, bidea aurkitu ahal izateko. Mendeko perpausa (semantika aldetik batzuetan helburuzkoen mugan egoten da) geroko aspektu-markarekin ageri da:

  • Euskara behar dute haurrek txikitatik ikasi, Euskal Herria euskaldunduko bada.

Inpertsonalak

Inpertsonal batzuekin ere arazoa sortzen da:

  • Asko entrenatu behar da lasterka azkar egiteko.
  • Asko jakiteko asko ikasi behar da.

Zenbaiten ustez ez da egokia halako perpausak helburuzkoetan sartzea, ez dagoelako ageriko agenterik. Dena den, egitura aldetik antz handia dago batzuen eta besteen artean:

  • Entrenamenduetan asko entrenatzen da, gerora lasterka azkar egiteko.
  • Entrenamenduetan asko entrenatzen dute gazteek, gerora lasterka azkar egiteko.

Bi perpaus horiek oso antzekoak dira. Horietan argi dago, norbaitek lasterka azkar egin nahi badu, borondate edo nahi hori erakutsi behar duela. Asmo hori berdin ageri da pertsona markatzen duten perpausetan eta inpertsonaletan, nahiz eta azken horietan ez den argi adierazten asmo hori nork duen.

Sokari lotuta

Erabilgarritausna adierazten duten perpausak

A eta Bren artean gertatzen den asmo zuzen eta estuaz gain, perpaus hauetan beste erlazio mota batzuk ere ager litezke, nahitasun hori zuzenean erabilgarritasunarekin lotzen dutenak. Horrenbestez, helburuzko perpausetan nolabaiteko erabilgarritasuna adierazten da:

  • Soka hori eramango dut, mendian eskalatzen seguru ibiltzeko.
  • Anek ez du pazientziarik haur txikiekin jolasean aritzeko.

Helburua ondorio gisa

Beste batzuetan, nahitasuna ondorio gisa hartzen da: B atalak ez du biltzen nahikaria, A atalean gertatzen diren egoera batzuen ondorioa delako B:

  • Ez du dirurik etxea ordaintzeko.
  • Badu astirik benetan proba hori prestatzeko?

B ataleko helburu-ondorio hori beti dago A ataleko egoera bati lotuta: dirurik edo astirik izatearekin, esaterako.

Helburua, segida kronologiko hutsa

Bete nahi den helburua segida kronologiko hutsean gauzatzen da batzuetan:

  • Aterpetxean igaroko dugu gaua, bihar mendi tontorrera igotzeko.

Helburua, borondatearen aurkakoa

Kontrastea adierazteko ere erabiltzen dira helburu perpaus hauek:

  • Urte osoa igaro du entrenatzen, gero lasterketa ez amaitzeko.
  • Jo eta su aritu naiz lanean baratzean, orain ekaitzak uzta osoa hondatzeko.

Goian aipatu dugun nahia ez dago hain argi bi adibide horietan, subjektuak nahi zuenaren aurkakoa bete baita: entrenatzen aritu denak lasterketa amaitu nahi zuen eta ez du lortu; baratzean lanean aritu denari ere ekaitzak uzta hondatu dio. Hala ere, bi perpausetan subjektu agente bat dago, asmo bat duena (nahiz eta bete ez), eta beraz helburuzkoetan sailkatuko ditugu.

Goiko adibidearen parafrasi egokia izango litzateke hau:

  • Urte osoa igaro du entrenatzen, lasterketa amaitzeko, baina azkenean ez du amaitu.

Linzako aterpetxea  A eta B arteko erlazioak borondatezkoak badira ere, borondate horrek batzuetan oso ñabardura argiak ditu eta sail ezberdinetan sar ditzakegu, azkeneko adibideetan ikusi dugunez.

Dena den, atal honetan eta aurreko atalean ageri diren perpausak egokiago dira beste modu honetara:

  • Urte osoa igaro du entrenatzen eta azkenean ez du amaitu.
  • Jo eta su aritu naiz lanean baratzean eta orain ekaitzak uzta osoa hondatu dit.
  • Aterpetxean igaroko dugu gaua eta bihar mendi tontorrera igoko gara.

Helburua eta konparazio morfema batzuk

Konparazioak adierazteko erabiltzen ditugun egituretan eta maila aditzondoekin sarri erabiltzen dira helburu perpausak. Halakoetan izenondoek -EGI marka hartzen dute, gehiegizko maila adierazteko:

  • Lasterketa hori gogorregia da, nik egiteko.
  • Jaka hori sobera garestia da, zuk erosteko.

Zilegi da halaber, helburuzko perpausa eskuinean jartzea:

  • Nik egiteko, gogorregia da lasterketa hori.
  • Zuk erosteko, sobera garestia da jaka hori.

Adina eta lain erabiltzen baditugu, ordea, helburuzko perpausa ezkerrean joaten da beti:

  • Ez duzu dirurik jaka hori erosteko adina.
  • Ez duzu jaka hori erosteko adina diru.
  • * Ez duzu dirurik adina jaka hori erosteko.
  • Azterketa ongi amaitzeko lain astia badu.
  • * Badu astia lain azterketa ongi amaitzeko.

Helburu eta baldintza perpausak

Zenbait perpausa baldintzazkoen eta helburuzkoen artean daude:

  • Zoriontsu izateko ez da aski dirua edukitzea: horrez gain, jarrera baikorra eta ingurukoen laguntza ere behar dira, nahi duguna egingo badugu eta zoriona lortuko badugu.

Adibide horrek baldintzazko perpausen itxura du: egingo badugu, lortuko badugu. Baina nahi duguna egitea eta zoriona lortzea ez dira baldintza bat zoriontsu izateko. Hain zuzen ere, alderantzizkoa gertatzen da: jarrera baikorra eta ingurukoen laguntza baldin baditugu, zoriona lortuko dugu. Helburuzko perpausetan gertatzen den bezala, mendeko perpauseko gertaera (zoriona lortzea), perpaus nagusiko gertaeraren (jarrera baikorra eta ingurukoen laguntza) ondorioa da. Jarrera baikorra eta ingurukoen laguntza behar dira, zoriona lortu nahi badugu. Gauza bera gertatzen zen aurreko adibideetan ere: oihu egin zien, geldirik egon zitezen.

Halako adibideen ezaugarrietako bat da baldintza itxura duen perpauseko aditz nagusia geroaren markarekin agertzea:

  • Egunero entrenatu behar dut, udan Mont Blancera joango banaiz.

Halakoak helburuzkoak dira eta ez baldintzazkoak, baldintzazkoen itxura izan arren. Baina perpaus hauek badute beste ezaugarririk. Helburuzko perpaus arruntetan gertatzen den inplikazioa da perpaus nagusian egiten denaren ondorioa dela mendeko perpausean gertatzen dena (kausaletan alderantzizkoa gertatzen da). Eta baldintza itxurako perpaus hauetan ere berdin gertatzen da, baina inplikazioa estuagoa da: mendeko perpausean adierazten den helburu hori bete ahal izateko nahitaezko baldintza da perpaus nagusian agertzen dena egitea, eta horretarako egiten da perpaus nagusiko ekintza.

  • Eskola partikularretara joan beharko duzu [euskara ikasteko].
  • Eskola partikularretara joan beharko duzu [euskara ikasiko baduzu].

Bi perpaus horietan euskara ikastea da helburua baina badago alde bat: lehenengoan euskara ikasteko bide bat erakusten da (eskola partikularretara joatea); bigarrengoan, ordea, bide hori erakusteaz gain, bide bakarra dela ere esaten da, eskola partikularretara joan gabe ezin dela euskara ikasi, alegia. Ustekizun bat dago hor, ez da ezinbestean egia, baina hiztunarentzat egiaren balioa du: euskara ikasteko modu bakarra eskola partikularretara joatea dela, ezinbesteko baldintza dela. Alde horretatik baldintzazkoen antza du, itxuraz, baina baldintzazkoetan azpimarratzen den baldintza ez da bakarra eta ezinbestekoa, eta egitura sintaktikoa ere alderantziz gertatzen da, adibide hauetan bezala:

  • [Eskola partikularretara joaten bazara] euskara ikasiko duzu.
  • Eskola partikularretara joan behar duzu [euskara ikasiko baduzu].

Horregatik, lotura berezi hori ez badago, ezin ditugu erabili baldintza itxurako helburuzko perpausak:

  • Testua ahots goraz esan behar duzu, ondoren jendaurrean ongi ahoskatuko baduzu.

Hiztunak hori esango du pentsatzen badu jendaurrean ongi ahoskatzeko nahitaezkoa dela aurretik testua ahots goraz esatea, intonazioa lantzeko, esaterako. Honelako perpausek behar hitza behar izaten dute, eta iraganean ere ematen ditugu:

  • Bankuak etxea kenduko ez bazion, lagunek dirua utzi zioten Anerri.
  • Putzura jauzi egin behar izan zuen, mendi-ertzean geratuko ez bazen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Helburu perpausen bereizgarriak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3