Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:10:2

Helburu perpaus jokatuak eta jokatugabeak

Helburuzko perpausetan, aditza jokatua nahiz jokatugabea izan liteke:

  • Amak liburuak erosi zizkien haurrei, (irakurtzen has zitezen).
  • Amak liburuak erosi zizkien haurrei, (irakurtzen hasteko).

Helburu perpausek ZERTARA eta ZERTA(RA)KO galderei erantzuten diete, baina batzuetan ZERTAKO galderari ZERGATIK-en balioarekin erantzuten zaio: Lorategia

  • Landareak erosi ondoren, haiek landatzera joan dira. (zertara)
  • Landareak erosi dituzte, ondoren lorategian landatzeko. (zerta(ra)ko)
  • Zertarako erosi dituzu landareak? (zertarako)
  • Lorategian ongi emango zutela uste bainuen. (zergatik)

Atal honetan, ordea, ez ditugu azken horiek aztertuko (zertarako? zergatik), ohiko helburu perpausak baizik (has zitezen/hasteko). Hala ere, zenbaitetan ez da erraza muga argiak jartzea:

  • Plazaren erdian jarri zen, inguruko denek ongi ikus eta entzun zezaten.

Halako adibideetan hainbat izan litezke azpian dauden galderak: zerta(ra)?, zergatik?, zer dela eta?, zertarako?, etab.

Horrenbestez, helburuzko perpausak jokatuak nahiz jokatugabeak izan daitezke, eta ez da erraza jakitea noiz erabili behar diren batzuk eta noiz besteak. Gehienetan dena den, perpaus nagusiko subjektuak eta helburuzko perpaus txertatuarenak erreferentzia bera dutenean, helburuzko perpausa forma ez jokatuan ematen da, eta ez aditz jokatuarekin:

  • Etxe bat erostera joan da.
  • Etxe bat erosteko mailegua eskatu du banketxean.
  • * Etxe bat eros dezan mailegua eskatu du banketxean.
  • Etxe bat eros dezan mailegua eman diote banketxean.

Subjektuak erreferentzia bera duenean ez da egokia forma jokatua erabiltzea; bai, ordea, subjektuaren erreferentzia bakarra ez denean. Beste adibide hauetan ere bi subjektuek erreferentzia bakarra dute, eta horregatik forma jokatugabea baino ez da egokia:

  • Maider Bilbora joan da, lehengusuaren etxea garbitzera. Bilboko Guggenheim museoa
  • * Maider Bilbora joan da, lehengusuaren etxea garbi dezan.

Hori joera bat da, ez da beti ezinbestean betetzen. Batzuetan, bi perpausek erreferentzia bakarreko subjektua izan arren, zenbait perpaus errazago onartzen ditugu aditza jokatua denean. Badirudi bi subjektuak zenbat eta urrunago egon perpausaren egituran, errazago sartzen dela perpaus jokatua. Perpaus nagusia ezezka ematen baldin bada, esaterako, egitura hauek erabil daitezke:

  • Isunik jar ez diezaioten, autoa lekuz aldatu du.
  • Diru asko gasta ez dezazun, nik esango dizut zer erosi.

Baiezka, ordea, halako perpausak ez dira egokiak:

  • * Lasterketa irabaz dezan, asko entrenatzen ari da.

Perpausak ezezka ematerakoan, esandakoa urrundu egiten da eta badirudi hala bideratzen direla perpausak. Subjektuaren eraginkortasuna leuntzen bada antzekoa gertatzen dela dirudi:

  • * Medikuari deituko diot, biharko hitzordua lor dezadan.
  • Medikuari deitu diot, biharko hitzordua izan dezadan.
  • Medikuari deitu diot, biharko hitzordu-zerrendan sar nazan.
  • Medikuari deitu diot, biharko hitzordu-zerrendan lehenengoen artean egon ahal nadin. Medikuarenean

Ezezko perpausetan ere gertatzen da hori, ezezko guztiak ez baitira zilegi:

  • * Hasi eta amaitu egin dut idazlana, gero presaka egin ez dezadan.
  • Hasi eta amaitu egin dut idazlana, gero presaka egiteko beharrik izan ez dezadan.

Perpausak ezezka ematen ditugunean, urruntze moduko bat gertatzen dela esan dugu eta hain zuzen ere, urruntze horrek lagundu egiten du subjektu bera duten perpausak sortzen. Esaldia ezezka jartzeak edo agentetasuna lausotzeak eragina dauka urruntzean. Gauza bera gertatzen da perpausean sintagma gehiago tartekatzen baditugu:

  • * Lo egin dezadan joan naiz goiz etxera.
  • Ikasleei edukia ongi azal diezaiedan, nik neuk ongi ulertu eta barneratu behar dut aurrez.

Perpaus nagusiko subjektuaren erreferentzia helburuzkoaren barnean dagoenean errazago onartzen ditugu honelako perpausak:

  • Patata-tortila egingo dut, afaritan denok jan dezagun.
  • Irratia piztuko dut, afaldu bitartean albistea denok entzun dezagun.

Esan bezala, erreferentzia ezberdineko subjektuak baldin badira, forma jokatuan eman liteke perpausa baina baita forma jokatugabean ere, aditzaren ezaugarri semantikoen arabera (etorri, ekarri, eman) eta aditz erregimenaren arabera (-T(Z)EKO, -T(Z)ERA). Azkenean testuinguruak argitzen du esanahia.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Helburu perpaus jokatuak eta jokatugabeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3