Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:10:2:1

Helburu perpaus jokatugabeak

Helburuzko eta kausazko perpaus jokatugabeek antzeko itxura edo forma izaten dute batzuetan. Hori gertatzen da, esaterako, -tzeagatik atzizkia duten aditzekin. Testuingurua erabakigarria izaten da halakoetan.

  • Zinemara joan gabe gelditu nintzen, ama etxean bakarrik ez uzteagatik.

Hori gorabehera, perpaus jokatuetan adierazi dugun bezala, helburuzko perpausak erabiltzen ditugu zerbait egiteko xedea edo helburua adierazteko. Horrenbestez, helburuzko perpausek galdera hauei erantzuten dieten: zertara? (zertan? bizkaieraz), zerta(ra)ko?. Horiek markatzen dute xedea edo helburua.

  • Zertara/zertan joan zara etxe horretara? Laguna bisitatzera/bisitatzen joan naiz.
  • Zerta(ra)ko deitu zenidan atzo gauean telefonoz? Zer moduz zeunden jakiteko.

Hala ere, zertara?/zertan? galderari erantzuten dioten perpausak ez ditugu helburuzkoen artean aztertuko, perpaus osagarri gisa baizik.

Horrenbestez, hauek dira helburu perpaus jokatugabeen ezaugarriak:

  • Perpaus txertatuak dira, eta -tzeko amaiera hartzen dute.
  • Perpaus nagusian zerbait gertatzeko nahia agertzen da.
  • Gertatuko den hori perpaus nagusian jasotako nahiaren ondorioa da. Kausa-ondorio perpausak dira beraz.
  • Ez dira perpaus osagarriak (aditz nagusiarekin sortzen diren harremanei dagokienez). Ordenagailua
  • Ordenagailu hau zuk erabiltzeko erosi dut.

Adibide hori helburuzko perpaus jokatugabe garbia da: aditz-izenak -tzeko marka hartzen du eta autoa erosi duenaren nahia da norbaitek auto hori erabiltzea. Hala ere, helburu perpaus guztietan ez da horren argi ikusten. Zenbait perpausatan zalantzak sortzen dira nahi edo borondate horren inguruan, -tzeko marka eduki arren ez dagoelako borondaterik mendeko perpausak adierazten duena betetzeko:

  • Ander jo eta su aritu da ikasten, gero azterketa ez gainditzeko.

Halakoak forma aldetik helburuzko perpausak diren arren (-tzeko marka helburuzkoen ezaugarria baita), ez dirudi helburuzkoen artean sar daitezkeenik. Arazo hori ez da helburuzko perpausetan gertatzen soilik, beste zenbait egituratan ere ikus daiteke:

  • Gizona parrandan dabil, emaztea haurrak zaintzen dagoen bitartean.
  • Erorikoa izan zuen mendian, txorkatila bihurritu zuelarik.

Lehenengo adibidea anbiguoa da, bi adiera hauek uler baitaitezke: “gizona parrandan dabil, eta emaztea haurrak zaintzen dago” (denborazko arrunta); edo “emaztea haurrak zaintzen dagoenean, gizona parrandan dabil beti”. Bigarren adiera hori baino ez da gramatikala, lehenengoa ez baitago argi. Bigarren adibideak, berriz, esanahi hauxe du: “txorkatila bihurritu ondoren, erorikoa izan zuen mendian”; baina hiztunak esaldi hori esaten duenean hauxe esan nahi izaten du: “erorikoa izan ondoren txorkatila bihurritu zuen”. Horiek guztiak mugakoak dira, goiko helburuzkoak bezala, eta ez ditugu beraz hemen azalduko.

Erlazio semantikoak

Helburuzko perpausen eta perpaus nagusiaren artean gertaera baten kausa eta ondorioa jartzen dira jokoan:

  • Logelan telebista bat jarri zuen Peruk, gauetan filmak ikusi ahal izateko.

Perpaus horretan telebista jartzea kausa da, eta filmak ikustea erosketa horrek izan dezakeen ondorioa. Horregatik horrelako perpausetan kausa-ondorio erlazioak gertatzen dira. Kausa perpaus nagusian jasotzen da (Peruk telebista bat jarri zuen logelan) eta ondorioa txertatuan (gauetan filmak ikusi ahal izatea). Dena den, kausa-ondorio erlazio hori beste perpaus batzuetan ere ematen da: Kontuz zorua bustita

  • Lurrera erori da, zorua bustita zegoelako.
  • Amak errieta egin zion alabari, geldirik egon zedin.
  • Halako euritea izan zen, uzta osoa hondatu zen.

Lehenengo perpausa kausazkoa da, bigarrena helburuzkoa eta hirugarrena ondoriozkoa. Hiru perpaus horietan kausa-ondorio erlazioa dago, baina modu ezberdinean ematen dira: kausazko perpausetan, bi perpausen arteko erlazio logikoa hartzen badugu kontuan, kausa, azalpena edo dena delakoa perpaus menderatuak markatzen du; ondoriozkoetan eta helburuzkoetan, ordea, alderantziz gertatzen da, mendeko perpausak ondorioa erakusten du eta perpaus nagusiak kausa:

  • Lurrera erori da (zorua bustita zegoelako) MP
  • Halako euritea izan zen, (uzta osoa hondatu zen) MP
  • Amak errieta egin zion alabari, (geldirik egon zedin) MP

Horko ondorio perpausari buelta eman dakioke:

  • Geldirik egon zen alaba, amak errieta egin baitzion.

Azkeneko perpausa kausazkoa da, eta horregatik, ondoriozkoan ez bezala, kausa mendeko perpausean ageri da.

  • Amak errieta egin zion alabari, kausa [geldirik egon zedin] ondorioa.
  • Amak errieta egin zion alabari, ondorioa [geldirik egon baitzen] kausa.

Formari dagozkion ezberdintasunak ere badira bi perpaus horien artean: kausa eta ondorio perpausetan, mendeko perpausaren adizkiak indikatiboan behar du adizkia jokatua denean; helburuzkoetan, ordea, ezin da indikatiboan eman:

  • Lurrera erori da, [zorua bustita baitzegoen/*zorua bustita egon zedin].
  • Amak errieta egin zion alabari, [*geldirik egon zen/geldirik egon zedin].
  • Halako euritea izan zen, [non uzta osoa hondatu baitzuen/*zezan].

Helburuzko perpausak, bigarren mailako

Perpausaren osagaiak aditzaren inguruan antolatzen dira gehienetan, baina osagai horiek guztiak ez dira maila berekoak: batzuk ezinbestekoak dira, aditzak eskatzen dituenak; beste batzuk, ordea, aukerakoak:

  • Anak zapatak erosi ditu. Alberto Iñurrategi
  • Anak gaur erosi ditu zapatak.
  • Mikel hondartzara joan da.
  • Maider eskolatik etorri da.
  • Mirenek lorontzi bat egin du, etxeko balkoian jartzeko.
  • Aita oinetakoak erostera animatu da.
  • Aita oinetakoak erostera joan da.

Adibide horietan jasotako osagaiak (zapatak, gaur, hondartzara, eskolatik, lorontzi bat, etxeko balkoian jartzeko, oinetakoak erostera) ez dira maila berekoak aditzari dagokionez, eta batzuk lotuago daude aditzari. Osagai batzuk ezinbestekoak dira, aditzek hiztegian duten argumentu egiturarengatik. erosi aditzak, esaterako, “zerbait” erostea eskatzen du, osagarri hori beharrezkoa du. Ez, ordea, “zertarako” erosi den, osagarri hori ez da ezinbestekoa, aukerakoa da.

  • Mikelek [jaka bat] erosi du.
  • Mikelek [jaka bat] erosi du], mendira joateko.

Adibide horietan [jaka bat] osagaia hurbilago dago aditzetik [mendira joateko] osagaia baino. Erosi aditzak zerbait erostea eskatzen du, “jaka bat, auto bat, etxe bat”, edozer. Horregatik, [jaka bat] sintagma erosi aditzaren osagarria da, eta biek, osagarriak eta aditzak, unitate mota bat osatzen dute. Aditzak ezinbestean eskatzen duen argumentua sintagma horrek betetzen du. [mendira joateko] osagaia, ordea, askeagoa da, aukerakoa, ager liteke edo ez, osagai hori kenduta ere ulertzen baita esaldiaren esanahia. Hain zuzen ere, helburuzko perpausak bigarren mailakoak dira, aukerakoak, alegia. Horrenbestez, aukerakoak direnez, aditzarekin elkartzen direnean ez dute osatzen osagarriek aditzarekin elkartzen direnean osatzen duten unitate mota bera. Horregatik dute osagai horiek askatasun sintaktiko handiagoa perpausean. Gauza bera gertatzen da beste edozein aditzekin ere. Etorri aditzak, esaterako, “norbait” etortzea eskatzen du, baina ez “nola” edo “zergatik”. Beste informazio hori guztia ez da ezinbestekoa perpausa osatzeko. Helburuzko perpausak ere maila horretakoak dira, hau da, aukeran ditu aditzak eta “non”, “noiz” edo “norekin” sintagmak.

  • Esan dit telefonoz deituko didala biharko hitzordua zehazteko.

Adibide horretan mendeko bi perpaus daude: [telefonoz deituko didala] eta [biharko hitzordua zehazteko]. Lehenengoa osagarri zuzena da, aditzaren argumentu-sarean funtsezko osagaia, esan aditzak “zerbait” esatea eskatzen baitu. Bigarren perpausa, ordea, ez da nahitaezkoa, esan aditzak ez duelako nahitaez behar “zerbaitetarako” deitzea. Bigarren perpaus hori urruneko osagai bat da, eta horixe da helburuzko perpausen tokia, bigarren maila, alegia.

Aditz-izena helburuzko perpausetan

Mendeko perpaus jokatugabeetan, jokatugabeko aditza hiru eratara ager daiteke: aditzoina, partizipioa eta aditz-izena. Helburuzko perpaus jokatugabeak aditz-izenaz osatzen dira. Aditz-izenak -KO atzizkia hartzen du halakoetan, baina baita -TZEKO ere, beste forma batzuetan: aditz-izena + -KOTAN/-KOTZAT/-ALDE(RA)/-AGATIK/-RAINO/-ARREN.

  • Zurekin berrikusteko ekarri dut artikulua hona.
  • Zurekin berrikustekotan ekarri dut artikulua hona.
  • Zurekin berrikusteagatik ekarri dut artikulua hona.

-tzeko

-TZEKO atzizkiak xede bat markatzen du eta helburuzko perpausen marka nagusia da horregatik. Hiztunak zerbait egin nahi duela adierazi nahi duenean, -tzeko marka erabiltzen du, besteak beste:

  • Maria lanean hasi zen, dirua irabazteko.

Adibide horretan helburu bat markatzen da; dirua irabaztea. Hauxe da perpaus honen egitura, helburuzko perpausa “kanpoan” utzita:

  • [[[Maria] lanean hasi zen], dirua irabazteko.]

Esan dugu -TZEKO dela helburuzko perpausen marka kanonikoa baina -TZEKO guztiak ez dira helburuzkoak. Batzuetan, -TZEKO izenlagunaren marka arrunta baino ez da:

  • Mendian ibiltzeko botak erosi ditut. Mendiko zapatilak

Hauxe da adibide horren egitura posibleetako bat:

  • [Mendian ibiltzeko botak] erosi ditut.

[Mendian ibiltzeko botak] horrez ordez [mendiko botak] jartzen badugu, antzeko egiturako ISk ditugu, bietan izenlaguna izenaren ondoan ageri baita:

  • [mendian ibiltzeko botak]
  • [mendiko botak]

Hala ere, mendian ibiltzeko botak hitz-kateak beste egitura bat ere eduki lezake, intonazioaren arabera:

  • Mendian ibiltzeko botak / erosi ditut.
  • Mendian ibiltzeko / botak erosi ditut.

Bigarren adibidean “botak” osagarri zuzena da eta “mendian ibiltzeko” hautazko osagaia, bigarren mailakoa (zertarako erosi dituzte botak?), alegia. Horrenbestez, bigarren adibide hori helburuzko perpausa da, baina honela argiago ikusten da hori:

  • Botak erosi dituzte, mendian ibiltzeko.

Bestetik, borondatea adierazteko erabiltzen ditugun izenek, “asmo”, “gogo” edo “nahi” bezalakoek, -TZEKO markarekin osatutako osagarriak hartzen dituzte:

  • lehiatzeko asmoa
  • edateko gogoa
  • irabazteko nahia

Horiek ez dira helburuzko egiturak, “lehiatzeko”, “edateko” eta “irabazteko” izenlagunak “asmo”, “gogo” eta “nahi” izenek hartzen dituzten osagarriak dira, izenen osagarriak. Hala ere, batzuetan helburuzko perpausen itxura izan dezakete: partizipioa + nahi, gura perifrasiek, esaterako:

  • Arretaz irakurtzen ari naiz gutuna, dioen guztiaz jabetu nahian.
  • Halako zalaparta sortu zuen lagun artean, hurrengo egunean ez zuen kalera agertu gura.

Esanahiari begiratuz gero, adibide horiek helburua edo xedea markatzen dute:

  • nahia… jabetzeko
  • guraria… agertzeko

Hala ere, halako agiturak ez ditugu helburuzkotzat hartuko, perifrasi-egituratzat baizik: nahi izan/gura izan aditzaren (edo nahi/gura izen modalen) osagarritzat, alegia. Helburu kutsua nahi/gura izenak ematen du. Antzekoa gertatzen da beste perpaus hauetan ere:

  • Kiroldegira joan beharrean da Aner.
  • Kiroldegira joateko asmotan da Aner.

Adibide horien azpian zer nahi? edo zer behar? galderak daude. Hori horrela azaltzen ez bada kontua nahasi samar gera liteke, halako perpausak moduzkoak direla dirudi-eta. Beraz, bi egitura hauek perifrasi egituratzat hartuko ditugu:

  • Kontzertura [joan] nahi du. Su ta Gar taldearen kontzertua
  • Kontzertura [joan] nahian da.

Helburuzkoak ez diren egiturak (mendian ibiltzeko botak, lehiatzeko asmoa, nahia jabetzeko) osagarrien sailean jasoko dira.

Hori alde batera utzita, -TZEKO atzizkia batzuetan ez da izenlagunaren marka izaten, aditzaren osagarria baizik:

  • Irakasleak esan du [lanak amaitzeko].
  • Maiderrek asmoa du [afarira joateko].
  • Markel asmotan da [lasterketa egiteko].
  • Nik gogoa daukat [zurekin egoteko].
  • Mirenek nahia du [ama izateko].

Adibide horietan, [lanak amaitzeko], [afarira joateko], [lasterketa egiteko] ez dira helburuzko perpausak, aditzen osagarriak dira. “asmoa izan/ukan” aditzak -TZEKO amaieradun aditz-izena hartzen du osagarri gisa. Horrenbestez, asmoa du afarira joateko edo esan du afarira joateko egiturak paraleloak dira neurri batean:

  • Asmoa du [afarira joateko].
  • Esan du [afarira joateko].

Iñigo Urkullu lehendakaria

Lehenbizikoan, afarira joateko “asmoa izan” aditzaren osagarria da: bigarrengoan, berriz, etxera joateko “esan” aditzaren osagarria da. Bi aditzek, “asmoa izan” eta “esan” aditzek, osagarri bat behar dute ezinbestean eta osagarri hori “irakurtzeko” da adibide horietan. Gauza bera gertatzen da beste hauetan ere (-TZEKO “nahia” izenaren osagarria da):

  • Gaixotasun larria izanagatik, sendatzeko nahiak laguntzen dio Maiderri esperantza ez galtzen.

Horiek guztiak esan dugu ez direla helburuzko perpausak baina halako egituretan sar litezke helburuzko perpausak ere:

  • Lehendakariak esan du hauteskundeak egiteko, [herritarrek euren nahia demokratikoki azaltzeko].
  • Amak asmoa dauka euskaltegira joateko, [euskara ongi ikasteko].

Herritarrek euren nahia demokratikoki azaltzeko eta euskara ongi ikasteko perpausek zertarako? galderari erantzuten diote. Helburuzko perpausak dira eta horrenbestez, aukerakoak dira, ez osagarri zuzenak. Halakoak subjuntiboarekin ere eman litezke, perpaus nagusiaren eta mendeko perpausaren subjektuek erreferentzia ezberdina badute:

  • Lehendakariak esan du hauteskundeak egiteko, [herritarrek euren nahia demokratikoki azal dezaten].
  • Amak asmoa dauka euskaltegira joateko, [alabak gero euskara ongi ikas dezan].

Beste osagarri mota batzuek ere -TZEKO atzizkia hartzen dute:

  • Dantzan ikasten saiatu zen.
  • Dantzan ikasteko saiatu zen.

“Saiatu” aditzaren osagarri arrunta -TZEN da baina zenbait idazlek -TZEKO-rekin ere erabiltzen dute:

Adibide horietan -TZEN ere jar liteke, eta hala erabiltzen da gainera sarriago.

-tzeagatik/-tzearren

-TZEAGATIK eta -TZEARREN atzizkiez osaturiko egiturek hainbat esanahi izan dezakete testuinguruaren arabera. -TZEAGATIK atzizkiarekin kausazko eta helburuzko perpausak sortzen ditugu gehienetan:

  • Berandu jaikitzeagatik egin dizu ihes autobusak. (kausa)
  • Gitarra jotzen ikasi zuen Anerrek, Maddiri gauero kantak abesteagatik. (helburua)

-TZEARREN atzizkia ere erabiltzen da kausazko balioarekin, baina gehiago erabiltzen da helburuzko perpausak osatzeko. Batzuetan, hala ere, ez da erraza egoki interpretatzea:

  • Zer emango didazu lorak ureztatzearren? (kausa)

-TZEAGATIK atzizkia erdialdeko eta ekialdeko euskalkietan erabiltzen da sarriago; -TZEARREN, berriz, erdialdetik mendebaldera. Azken adibide horretan ikusten denez, hainbat balio ditu -TZEARREN atzizkiak, eta helburu perpausak eraikitzeko ere erabiltzen da:

  • Haserre dagoenean edozer egingo luke Ainarak aldamenekoa mintzearren. (helburua)
  • Alabak kontu handiz itzali zuen argia, gurasoak ez esnatzearren. (helburua)

-TZEARREN eta -TZEAGATIK koordinaturik ere ageri dira zenbaitetan:

  • Egia argitara ateratzearren esan dut esandakoa, ez inori min emateagatik.

-tzekotzat

-TZEKOTZAT egiturak -TZEKO atzizkiaren esanahi bera du eta Iparraldean erabiltzen da batez ere:

  • Arren fabora gaitzatzu orai gure egunean bizitzekotzat sainduki zurekin zure bakean (Gasteluçar, Eguia Catholicac)

-tze alde/-tze aldera

Helburuzko perpaus gisa gutxi erabili da atzizki hau tradizioan, gaur egun gehiago erabiltzen da:

  • Idazleari berari deitu nion, informazioa osatze aldera.
  • Irakasleak berriz irakurri du pasartea, zalantzak argitze aldera.

Honela ere erabiltzen da egitura hau:

  • Jan babarrun hauek, proba egite aldera.

Zenbait euskalkitan horrek ez du esan nahi “proba egiteko” soilik, “proba egiteagatik besterik gabe”, baizik. Bestalde, “X-en truke” esanahiarekin ere erabiltzen da egitura hau:

  • Udalak lehiaketa bat jarri du martxan, urteko egutegirako argazkiak biltze aldera. (= biltzearen truke)

-tzekotan

-TZEKOTAN egitura bakarrik ageri da askotan, lexikalizatuta; beste batzuetan, berriz, izen baten inguruan: Doctrina Christiana

  • Eskiak erabiltzekotan erosi ditut jada.
  • Eskiak erabiltzeko asmotan erosi ditut jada.
  • Hitzaldi bat egitekotan gara proiektuaren berri emateko.
  • Hitzaldi bat egiteko asmotan gara proiektuaren berri emateko.
  • Ba eta beste bi erregebide oraino egitekotan dira. (Artikulu bilduma, "Manezaundi")

Horiek biek zerbait egiteko asmoa adierazten dute. -TZEKO ASMOTAN eta antzeko egituretan, aldiz, “asmotan” hitzari izenlagun arrunt bat gehitzen zaio (mendiko botak bezala), arestian azaldu dugunez:

  • Lanpostu horretarako curriculuma bidaltzeko asmotan dago anaia.
  • Lagunek hainbat argazki atera zituzten afaritan, Aneri adarra jotzeko asmotan.

Hori dela eta, beste kasu batzuk ere onartzen ditu:

  • curriculuma bidaltzeko asmoa duela esan du.
  • curriculuma bidaltzeko asmotik ez du inork ere atera.

-TZEKO KONTUAN egituraren gainean eraikitzen diren esaldi hauek ere antzekoak dira:

-tzekotz

-TZEKOTZ formak baldintza balioa izan lezake baina baina baita helburu balioa ere. Honelako formak iparraldean erabiltzen dira batez ere eta ez dira oso ohikoak:

  • Goriot isilean egon zen une batez, eginahal guztiak eta bi egiten bide zituela bere indarren biltzekotz minaren jasateagatik (Goriot zaharra, Ulzurrun, P. M.)

Perpaus horretan, “indarren ibiltzekotz” zatiaren ordez, “indarrean ibiltzeko” ere jar liteke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Helburu perpaus jokatugabeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3