Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:0

Kausa perpausen ezaugarriak

Kausa adierazten duten perpausez eta hura iradokitzen dutenez ariko gara atal honetan. Bataren eta bestearen osagaiak eta formak ikusiko ditugu.

Kausa adieraztea eta iradokitzea

Berariaz kausa seinalatzea helburu duten perpausek eta sintagmek forma jakinak erabiltzen dituzte adierazpen hori gauzatzeko, -lako, bait-, -gatik eta horrelakoak, alegia (etorri delako, etorri baita, etortzeagatik; nekeagatik). Halakorik ez duten perpaus batzuek, hala ere, berariaz seinalatu ez, baina iradoki behintzat egiten dute kausazko adiera, irakurketa hori erantsiz, inferentziaz, beren esanahiari.

Hala, juntaturiko perpausetako lehenak kausa iradoki dezake:

  • [Gau iluna da] eta ez da ezer ikusten.Gau iluna da

Alboraturiko perpausetakoak ere bai:

  • [Gau iluna da], ez da ezer ikusten.

Berdin, erabilera zabala duen -larik formarekin eginiko perpausek ere:

Edo partizipioarekin eginiko sintagma adberbialek:

  • Partida irabazita, pozik ziren jokalariak.
  • Polizia ikusitakoan, lasterka hasi ziren.

Zenbaitetan, perpausen esanahia bera aldatu egiten da; hala, esate baterako, denborazko formakoek kausa edo azalpena adieraz dezakete:

  • Horrek esan duenean, ez da zalantzarik horrela dela.
  • Laguna larri ikustean, ospitalera eraman zuten.
  • Zuk erran duzun puntutik, sinesten dut. (Yolanda, Lhande, P.)
  • Amodiotik aingeru hori kontzebitu den ordutik, ni segur nago Jainko maiteak deitzen duela zerutik. (Odolaren mintzoa, Xalbador)

Aditz batzuek ere berekin daramate kausazko esanahia:

  • Eurite handiak uholdeak ekarri ditu.
  • Harrokeriak eraman zuen txorakeria horiek esatera.

Horrelako egiturak, iradokizun mailako edo aldaturiko kausa-adierazpena egiten dutenez gero, ez dira hemen aztertuko.

Kausa adierazten duten formak

Berariaz kausa adierazten duten formak ez dira denak mota batekoak eta ez dituzte denek egitura sintaktiko berak eratzen.

  • Lokailuak dira batzuk, testu mailakoak, esaldien edo solas zatien arteko lotura gauzatzen dutenak:
    • Etxera joan da; izan ere, nekatuta dago.
  • Perpaus mailako egitura sintaktikoak eratzen dituzte beste batzuek: postposizio sintagmak eratzen dituzte postposizioek, izen sintagma gobernatuz:
    • Zugatik egin du.
  • Menderagailuek, berriz, mendeko perpaus jokatuak eratzen dituzte:
    • Gehiegi erre dutelako hondatu zaie janaria).
  • bestalde, postposizioek aditz izena gobernatuz mendeko perpaus jokatugabeak ere era ditzakete:
    • Semaforoa gorrian pasatzeagatik jarri diote isuna.

Euskaltzaindiak honetaz

Kausazko lokailuei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikus EGLU III, 177-195. orrialdeak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausa perpausen ezaugarriak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3