Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:0:1

Kausazko lokailuak

Lokailu guztiek bezala, kausazkoek ere bi esaldi elkartzen dituzte. Lokailua daraman esaldiak bestean esaten denaren azalpena eskaintzen du, baina haren mendeko izan gabe. Hala, izan ere, alabaina, bada, ezen, zeren eta zergatik (eze) kausazko lokailu gisa erabil daitezke 1.

izan ere

Izan ere esapidea bere osoan da lokailu, perpausaren hasieran nahiz tartean kokatuta:

  • Auto berria erosi du; izan ere, zaharra ez zebilen ondo.
  • Zaila da, izan ere, testuak ongi ulertu ahal izatea. (Mitxelena, K. 1988, VIII 121)

Gipuzkoan eta Bizkaian erabiltzen da batez ere, XIX. mendearen amaiera aldetik hona.

Egitura enfatikoa

‘Izan + ere’ sekuentzia zenbaitetan ez da lokailu, izan aditzarekin eginiko «aditza, aditza + ere» egitura enfatikoa baizik:

  • Bolada txarra etorri zaigu, etorri ere.
  • Lasai dago eserita, egon ere.

Alegia, halakoxea da, izan ere adiera hartzen du, ‘izan’ aditza bere indarrean dela. Villasanteren iritziz, egitura horretatik sortu da, hain justu, izan ere lokailua (1986, 241).

  • Izan ere. Locución creada recientemente en Hegoalde (2). Se coloca generalmente en principio de frase. Su valor es más bien ilativo y de enlace. Significa «en efecto». Por su afinidad con la causal coordinada la citamos aquí. Ya dijimos que alabainan y bada han servido para cumplir funciones similares. En el origen de este giro parece hallarse la costumbre muy vasca de repetir el verbo, aparcándolo en su forma de participio, como para hacer más hincapié en él. Hau da, izan ere, nik dudan arazoa = «este es, en efecto, mi problema» (La oracion causal en vasco, Villasante).

Nolanahi ere, zaila da, izan ere edo halakoxea da, izan ere bezalakoak bietara uler daitezke, ‘izan’ aditzaren esanahia indarrean duen egitura gisa nahiz lokailu bilakaturiko esapide bezala.

alabaina

Alabaina batez ere aurkaritzako lokailu gisa erabiltzen da gaur egun mendebaldean, baina kausazko bezala batez ere ekialdean:

bada

Bada lokailuak –lagunartean, ba– bestelako erabilerak ditu, baina inoiz kausa ere adierazten du, hegoaldeko euskalkietan2:

  • Ez dut agurtu, bada ez dut ezagutu.
  • Eraman ezazu, bada on egingo dizu.
  • Ill-erazi nik au? Ill ezazue zerok, nai badezue, zeren gurutzean, edo zeren gogo gaistoak ematen dizuten eran, ta ez dezadazuela niri egiteko onetan bururik geiago autsi: bada ez dut nik gizon onegan arkitzen obenen pitsik ere. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Andikan gero beste aldiya batean, tranpa zegoala otso zuloko atean, sagukumeetako bat gertatu zan an, eta zuben otsoaz oroiturik esan: “ Gizarajoa or da egongo zuloan, irteteko beldurrez ez edan ta ez jan; bada on egin zion bein nere amari, eta bear diot nik egin gaur berari ”. (Ipuiak edo kontutxoak, Artola, R.)

ezen

Ezen –edo ezi(k)– iparraldeko euskalkietan erabiltzen da kausazko lokailu gisa:

zeren, zergatik (eze)

Zeren eta zergatik (eze) formak -n edo bait- menderagailuekin erabiltzen dira gehienetan, baina haiek gabe ere bai batzuetan, lokailu gisa, aurrerago ikusiko den moduan.

  • Presta zaitezte ondo partidarako, zeren nork irabazten du ondo prestatu gabe?
  • Inazio: Bai, bai: aguro plater pare bat, zergatik gosiekin ez degu ikusten. (Gabon, au ostatuba!, Soroa, M)
1 Lokailu hauei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikus EGLU III, 177-195
2 Gaztelaniaren pues-en parekoa da erabilera hau. Azcuek (1923-1925, sec.725, 491) eta Altubek (1929, 10) okertzat eman zuten.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausazko lokailuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3