Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:0:2

Kausazko postposizioak

Beste postposizioek bezala, kausazkoek ere ohiko postposizio sintagmak eratzen dituzte, izen sintagmarekin doazenean. Kausazko postposizio hauek ikusiko ditugu hemen:

  • -gatik
  • -arren
  • -z
  • -i eskerrak
  • -en erruz
  • dela eta, dela kausa

-gatik

Ikus ditzagun adibideok:

  • Nekeagatik utzi nuen lasterketa.
  • Nigatik egin dute hori.
  • Eskerrik asko opariagatik.

‘Motibatibo’ izena eman zaie horrelako sintagmei: nigatik egin dute esanda, esate baterako, ‘nire kausaz’ egin dutela adierazten baita, eta, hain zuzen ere, kausazko perpausekin juntaturik eman daitezke:

-gatik postposizioa berez genitiboari eransten zaio: Koldorengatik, semearengatik, semeengatik… Baina izenkia mugatzailerik gabea edo mugatu singularra denean genitiboaren atzizkia agerian eman gabe utzi daiteke: Koldogatik, nigatik, semeagatik… 1

Bestalde, hori erakuslearekin osatutako horregatik sintagmak aurretik aipatutako zerbaiti egiten dio erreferentzia, hura perpaus nagusiko gertakariaren kausa edo arrazoi gisa seinalatuz:

  • Ez dut ezer txarrik egin. (Arrazoi) horregatik, ez diet epaileei beldurrik.

-gatik postposizioarekin osatzen da -en amoreagatik esapidea ere, Iparraldekoa batez ere:

Bistan denez, -gatik postposizioa emankorra da euskalki guztietan, izen sintagmak gobernatzen.

-arren

Mendebaldeko -arren postposizioa ez da -gatik bezain emankorra, hau ez baita, aditz izenaz beste, bizpahiru izenekin baizik erabiltzen kausa adieran: beldurrarren, lotsarren, pozarren…

-z

Instrumentalaren -z atzizkiarekin osaturiko postposizio sintagmek ere kausa adieraz dezakete, moduaz gain, gogo edo gorputz egoerarekin zerikusia duten izenekin batik bat:

Esapide intentsiboa eratzen da izen bereko genitiboa aurretik duela:

Adiera hori bera du -en kausaz esapideak ere, testu zaharretan ageri denak:

Jokaera bertsua dute -en indarrez esapideak eta goi mailako -en kariaz esapideak ere:

  • Gero Jenobeba sartu zan bere gelan, antxe soseguz negar egiteko, eta penaren indarrez egun guzi artan mokadurik irentsi etzuen. (Santa Genobebaren bizitza, Arrue, G.)
  • Lagunen kariaz egin du hori.
  • Lurrak, ama on harek, bere dohainak nasaitzen ditu, lanaren kariaz, fruituak merezitzen duten bere haurren multzuaren arabera. (Telemake, Duvoisin)

-i eskerrak

Kausa adierazten duen postposizio gisa joka dezake -i eskerrak egiturak ere:

-en erruz

-en erruz esapideak, berriz, iradokizun negatiboa du:

  • Lagunaren erruz galdu zuen diru guztia.
  • Ay, alperrikakua izango dala pekatari zorigaiztokuarentzat nire seme guztiz maitiaren odola! Bigarrena: ikustia ez bakarrik isuri ta botaten zala odol au alperrik kristiñau askorentzat, baita bere berau, euren erruz, izango zala bigarren infernua. (Marijaren illa, Uriarte)
  • Mendiak - adiskide otxana baita ori beti - aspaldian neronen erruz elkar-ikusi-gabeak giñan-arren, berebiziko begitarte ona egin zidan. (Itz-lauz, Lizardi)

dela eta, dela kausa

Orobat aipa daitezke hemen, kausa adiera hartzen dutenez, geroago azalduko diren dela-eta eta dela kausa esapide eginak:

  • Hurrengo partida dela eta, aztoratuta dabiltza zaleak.
  • Bozak direla kausa, sutan jarria da herria.
  • Azken lau urteotan, lana dela-eta, leku batetik bestera ibili naiz, ijito baten antzera, beraz horretarako aukerarik ez… (Ragga-ragga dator gaua, Paddy Rekalde)
  • Ia hiru hilabetez luzatu den epaiketak sortutako nekea dela eta, auzipetuek zein haien senideek gogoz itxaroten zituzten epaimahaiburuaren azken hitzak: «Epaiaren zain». (“'Haika-Segi auzia' dela-eta preso zeudenak askatuta amaitu da epaiketa”, Berria)
1 Informazio gehiago eskuratzeko ikus EGLU-I, 433-437

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausazko postposizioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3