Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:0:3

Kausazko menderagailuak

Bestelakoak dira, azkenik, kausazko perpausak eratzen dituzten formak. Adizki jokatuarekin osatutakoek menderagailua daramate: -elako, bait-, -ez gero

  • Berandu {etorri delako ~ etorri baita ~ etorri denez gero})
  • Zelestina ezta geyo teatrora juango, orduko funtziyua franko dubelako, fulano batek farra egin dubelako, andre gajua oso lotsaturik dago. (Ustez laguna detan, Artola, P.)
  • Jente larregi etorri baita urira, orain ezin guztiak bizi daitekez txaidean. (Azalpenak, "Lauaxeta")
  • Mendirik-mendi ibiltzeko jaunzdura berarizkoa urdina denez gero, jauntzi zurail urdinean eman zen. (Lekukotasuna, "Larreko")

Jokatugabeak, berriz, esan bezala, aditz izenari postposizioa erantsita eratzen dira: -tzeagatik, -tzearren

  • Berandu {etortzeagatik ~ etortzearren}).
  • Goiz etortzeagatik ez al didazu erritarik egingo nik uste. (Kalifornia ku-ku, Labaien, A. M.)
  • Eta ondoren Ramsay andrea amorrazi egin ohi zen norbait berandu etortzeagatik, gurina freskoa ez egoteagatik, edo te-ontzia koskatua zegoelako. (Farorantz, Virginia Woolf / Anton Garikano)
  • Forondako aireportura etortzearren Ryanairri dirua ematea ez dela «zilegi» eta «oreka apurtuko» duela salatu du Loiuk. (Kostu txikian lehia handia, Iban Ocio, Berria)

Perpaus horiek dira, jokatuak zein jokatugabeak, ondoko ataletan aztertuko direnak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausazko menderagailuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3