Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:1

Kausa perpaus motak

Bi irizpide nagusirekin jokatu beharra dago kausa-perpausak sailkatzeko orduan: forma eta edukia. Formaren arabera kausa-perpaus jokatuak eta jokatugabeak bereiziko ditugu, eta horietako bakoitzaren barnean, hainbat menderagailu ikusiko ditugu. Edukiaren arabera, berriz, kausal beteak eta azalpen kausak. Era berean, azalpenak bi eratakoak izan daitezke: kausa azalpenak eta inferentziazkoak. Ikus ditzagun horiek guztiak.

KAUSA PERPAUSAK
Forma Edukia
Jokatuak Jokatugabeak Kausal beteak Azalpenak
Kausa azalpenak Inferentziak

Kausa perpausak, forma kontuan hartuz

ZAPLASTEKOA EMATENFormari begira, perpaus jokatuak eta perpaus jokatugabeak bereiziko ditugu:

  • [Bere onetik atera zuelako] eman omen zion zaplada. → kausa-perpaus jokatua
  • [Euria ari zuenez gero], guardasola hartzeko esan nion. → kausa-perpaus jokatua
  • [Aste osoan lanera ez etortzeagatik] zigortu zuten atezaina. → kausa-perpaus jokatugabea

Kausa perpausak, edukia kontuan hartuz

Edukiari begira, berriz, hiztunak bi modu ditu kausa perpausak osatzerakoan gertakariak aurkezteko: kausal bete gisa edo azalpen gisa.

  • Kausal bete gisa. Hauetan, eragile dena (kausa fisikoa, arrazoia, motiboa edo nahi dena), perpaus barrenean txertaturiko sintagma gisa ematen da. Gehienetan, (arrazoi) horregatik bezalako sintagma batek beteko lukeen lekua betetzen dute.
    • [Saria irabazi duelako] dago gizona hain pozik.
    • [Mila milioi bakarrik osteagatik] sartu omen dute kartzelan.
  • Kausal bete hauetan, hiztunak gauzak nola gertatu diren esaten du. Gertakizunek agintzen dute: A-k B eragin du eta horrenbestez, A da B-ren kausa: saria irabaztea da gizona pozik egotea eragin duena, edo diru kopuru xume bat ostea da lapurra kartzelako bidean jartzeko arrazoia. Kausal beteetan, kausa-ondorio erlazio hau hiztunak bere horretan aurkezten du, gauzak gertatu bide diren bezala.SARIA IRABAZI DUTE
  • Azalpen gisa. Hauetan aurretik egindako baieztapen bat justifikatzen da, azalpenen bat emanez:
    • Hago isilik, [ez diat ezer ulertzen eta].
    • [Entzuteko zailtasunak zeudenez gero], elkarrizketa eten egin behar izan genuen.
    • Gizona oso pozik dago, [saria irabazi baitu].
  • Azalpenetan, hiztunak, gertaera bati buruzko adierazpen bat egin ondoren, edo agindu bat eman edo galdera bat egin ondoren, horretarako zer arrazoi duen esaten digu, aurreko esaldiaren azalpen bat ematen du.
  • Gizona oso pozik dago, saria irabazi baitu adibidean, esaterako, benetako gertaera Saria irabazi duelako dago gizona hain pozik adibideko berbera dugu: saria irabazteak gizona pozik egotea eragin du. Baina oraingoan, hiztunak gauzak beste modu batera aurkeztea erabaki du: lehenbizi baieztapen bat egin du ('gizona oso pozik dago') eta ondoren, baieztapen hori egiteko zer arrazoi duen azaltzen digu ('saria irabazi baitu'). Nolabait esateko, lehenbizikoan gauzak nola gertatu diren esaten zaigu, bigarrenean, aldiz, hiztunak bere aldetik zerbait gehiago jartzen du, azalpen bat eskaintzen du, hiztunak bere gain hartzen duena, bere kontura doana.

Eragilearen eta ondorioaren arteko erlazioa nola eman

POZIK DAGOELA DIRUDIKausa eragilearen eta ondorioaren arteko erlazioa alderantziz ere eman daiteke, benetan kausa litzatekeena perpaus nagusi gisa emanaz eta ondorioa, aldiz, kausal gisa. Holakoetan ikusten da argien azalpena zer den. (Saria irabazi duelako dago gizona hain pozik) adibideko perpausa atzekoz aurrera eman dezakegu. Adibidez:

  • Gizon horrek saria irabazi du, oso pozik baitago (=oso pozik dago eta).

Hemen [oso pozik baitago] perpausa azalpen perpaus bat dugu. Hala ere, gauzak nola gertatzen diren kontuan hartzen badugu, argi dago saria irabaztea dela kausa eta pozik egotea ondorioa. Baina mundu errealean gauzak nola diren alde batera utzirik, (azalpen gisa atalean jasotako hiru adibideak) bezalako perpausek erakusten dutena da egin daitezkeela adierazpenak eta adierazpen horiek egiteko arrazoiak eman daitezkeela, azalpen gisa eman ere. Hiztunak gizona oso pozik ikusi du eta hortik “atera” duen ondorioa da gizon horrek saria irabazi duela. Hortaz, kasu honetan ere, berez mundu errealean ondorio dena, hiztunaren gogoan kausa bihurtu da, gizonak saria irabazi duelako ondoriora eraman duena. Baina mundu errealetik hiztunaren gogora, adimendura, salto egin dugu eta hemen egiazki kausa litzatekeena konklusio gisa aurkezten dugu eta, alderantziz, mundu errealean ondorioa zena, premisatzat edo hartu dugu. Premisa hau da azalpen gisa ematen duguna.

Bi azalpen mota

Horrenbestez, esan dezakegu, azalpenak berak ere bi motatakoak izan daitezkeela: kausa-azalpenak eta inferentzia baten azalpenak.

  • kausa-azalpenak edo dei genitzakeenak:
    • Lotara noa, bihar goiz jaiki behar dut eta.
  • Adibide horretan, bihar goiz jaiki beharra da hiztuna lotara joango delako baieztapena eragin duena. Horrenbestez, kasu honetan, azalpena perpaus nagusian adierazten denaren egiazko eragilea da. Holako azalpenak azalpen hutsak direla esan daiteke (ik. EGLU-VI).
  • Inferentzia baten azalpenak. Hauetan, hiztuna errealitateko datuetatik konklusio batera iristen da, zerbait inferitzen du:
    • Bihar goiz jaiki behar du (nonbait), lotara doa eta.
  • Norbait lotara joateak eramaten du hiztuna zerbaiti buruzko inferentzia egitera: ikusi du lo egitera joan dela norbait, eta horregatik pentsatu du bihar goiz jaikiko dela. Adierazpen hori hiztunak bere gain hartzen du eta, konklusio horretara zerk eraman duen esaten digu azalpenezko perpaus batez baliatuz.

Kausazko perpausen eskema nagusia

KAUSA PERPAUSAK
kausa perpaus beteak azalpenak
azalpen hutsak alegiazko azalpenak
Estimatzen zaituelako etorri da. Etorri egin da, estimatzen baitzaitu. Estimatzen zaitu, etorri egin baita.
Lapurreta egiteagatik dago gartzelan. Lapurreta egin duenez gero, ordaindu dezala. Lapurreta handiren bat egin du, kartzelara bidali baitute.
  • *Eros ezak auto berria, [honekin ez haizelako urruti iritsiko].
  • Eros ezak auto berria, [honekin ez haiz urruti iritsiko eta].

*Eros ezak auto berria, honekin ez haizelako urruti iritsiko perpausa okerra da, azalpena emateko perpaus kausal bete bat erabili dugulako. Edo, berdin dena, -(e)lako atzizkiaz baliatu gara eta hori ez da erabiltzen azalpenetan. Azalpenetarako menderagailu jakin batzuk erabil daitezke, ez edozein. Horrenbestez, garrantzia du bereizketa honek, ezin baita edozertarako edozein forma erabili.

Mundu errealeko kausa, bi modutara

Mundu errealean kausatzat hartu ohi dena eman daiteke kausal bete gisa nahiz azalpen gisa. Hori hiztunaren hautua da. Honako perpaus pare honetan, adibidez, gertaera beraren aurrean egon arren, batean hiztunak bide bat hartu du eta bestean beste bat:

  • [Entzulerik agertu ez zelako] utzi behar izan zuten bertan behera kontzertua.
  • Kontzertua bertan behera utzi behar izan zuten, [entzulerik ez baitzen agertu].

Aldiz, inferentzia baten oinarrian dagoena azalpen gisa eman beharko da beti:

  • Etxean daude oraindik, [tximinia kea dariola dago eta].
  • *[Tximinia kea dariola dagoelako] daude oraindik etxean.

Ondoko eskeman biltzen dira kausa perpausetan eta azalpenezkoetan ohikoenak diren baliabide gramatikalak:

KAUSA PERPAUS JOKATUAK
Ondorioaren eragilea kausal bete gisa aurkeztua -(e)lako Gogoak eman zidalako egin nuen.
zeren… bait-/-(e)n Eskerrak eman nizkion zeren berehala erantzun (bait)zidan
bait- Haserretu egin nintzen, inor ez baitzen mugitzen.
Ondorioaren eragilea azalpen gisa aurkeztua bait- Berandu iritsi nintzen, trena galdu bainuen.
…eta Etxeak berehala su hartu zuen, zurezko egitura zuen eta.
zeren… ({bait-/-(e)n}) Uholdeak izango dira, zeren euri asko ari (bait)da botatzen.
Hiztunaren inferentzia baten oinarria biltzen duen azalpena zeren… ({bait-/-(e)n}) Erruduna da, zeren ez baitu bere burua defenditzeko ezer egin.
bait- Mikel gaztea da, oraindik ez baititu ikasketak amaitu.
…eta Trena galduko zuen, oinez dator eta.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausa perpaus motak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3