Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:1:1

Kausa perpausak: motak eta formak

Orain arte ikusi dugunez, Kausa Perpaus esaten diegu kausa adierazten duten formekin eratzen diren perpaus mendekoei. Perpaus horiek ezberdinak dira jokabide sintaktikoari eta balio semantikoari dagokienez.

  • Perpaus nagusiaren barneko modifikatzaileak dira batzuk, predikatuaren barneko osagaiak, eta perpaus kausal beteak eratzen dituzte;
  • Beste batzuek, berriz, kanpotik modifikatzen dute predikatu nagusia, eta azalpenezko perpausak eratzen dituzte.

Kausa perpausak, predikatuaren barneko osagai

Hasteko, esan bezala, predikatuaren barneko osagai diren kausa perpausak bereiz daitezke. Perpausaren barneko modifikatzaile dira hauek eta predikatuan aipatzen den gertakariaren kausa adieraztea dute xede. Kausa hori hainbat eratakoa izan daiteke:

  • objektiboa:Tolosako babarrunak
    • Su biziegia zutelako erre dira babarrunak.
  • oinarri logikoa duena:
    • Euskalduna naizelako mintzo naiz euskaraz.
  • arrazoi nahiz motibo subjektiboa adierazten duena:
    • Adiskidea zaitudalako egin dizut galdera hori.

Kausa mota desberdinak dira horiek, nozio desberdinetan oinarritzen direnak, baina euskarak ez ditu formalki bereizten; forma berak erabiliz ematen dira denak, adibideotan, esaterako, -lako atzizkiaren bidez. Predikatuak aipatzen duen gertakariaren eragilea seinalatzen dute denek. Hortaz, semantikari dagokionez, kausal beteak direla esan daiteke (labur: ‘KAUSALAK’).

Ezaugarriak

Predikatuaren barneko osagai diren kausa perpaus hauek ezaugarri jakin batzuk dituzte, predikatuaren kanpoko osagai direnetatik bereizten dituztenak:

  • Zergatik? galderari (zertako, zerendako, ekialdean) zuzenean erantzun diezaiokete:
    • Zergatik agertu dira itoginak? –Euri asko egin duelako.
    • Zergatik huts egin duzu autobusa? –Berandu jaikitzeagatik.
  • Esaldiko galdegaia izan daitezke:
    • Euri asko egin duelako agertu dira itoginak.
  • Ezezkoaren barnean ukatzen den gaia eta hari kontrajarritako galdegaia izan daitezke, ez-bai kontrasteko egituran:
    • Ez dizut galdera hori jakintsua zarelako egin, adiskide zaitudalako baizik.
    • Adiskide zaitudalako egin dizut galdera hori, ez jakintsua zarelako.
  • Perpausa hanpatzen duten baina, ere, bakarrik eta antzeko partikulak onartzen dituzte:
    • Gainditu duzu azterketa, baina ariketa guztiak egin dituzulako –horrela ez balitz, ez zenuen gaindituko, alegia–.
    • Espezializazioaren bidea hartu dute, gaur egun ildo horrek funtzionatzen duelako. Eta baita Bilbon bertan “beharra” zegoelako ere. ( Berria)
    • Ez baita bidezko irakurleari euskarazko idazlanak, euskaraz daudelako bakarrik, irakurtzeko eskatzea. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K., Liburuez 1, 50)
  • Mota honetako perpaus bat baino gehiago elkar daiteke:
    • Adiskidea zaitudalako eta asko dakizulako egin dizut galdera hori.

Postposizio sintagmak

Bestalde, perpausak bezala, postposizio sintagmak ere izan daitezke kausa adierazten duten predikatuaren barneko osagaiak:

  • Zergatik joan da ihesi? –Beldurragatik.
  • Lagunei eskerrak lortu du lanpostua.
  • Dudan tituluagatik lortu dut lanpostua, ez euskaragatik.
  • Diruagatik bakarrik ezkondu da harekin.
  • Saiatu naizelako eta euskarari esker lortu dut lanpostua.

Kausa perpausak, predikatuaren kanpoko osagai

Predikatuaren kanpoko osagai diren kausa perpausak, berriz, perpausaren modifikatzaile dira, eta perpausean esaten denaren azalpena edo justifikazioa ematen dute aditzera:

  • Amaitu egin beharko dugu biltzarra, berandu baita.

Adierazpen bat egiten da perpaus nagusian, edo galdera nahiz agindu bat, eta haren justifikazio edo azalpena eransten da mendekoan –‘biltzarra amaitzeko’ proposamenaren azalpen edo justifikazio gisa aipatzen du hiztunak ‘berandu izana’–.

Ematen den azalpenak hainbat kausa mota izan ditzake oinarrian:

  • Kausa objektiboa:
    • Erre egin dira babarrunak, su biziegia zuten eta.
  • Oinarri logikoa duena:
    • Euskaraz mintzo naiz, euskalduna bainaiz.
  • Arrazoi nahiz motibo subjektiboa adierazten duena:
    • Adiskidea zaitudanez gero, zuri egin dizut galdera.

Horietan guztietan, arrazoi edo kausa hori adierazpen nagusiari ‘erantsi’ zaion azalpen gisa ematen da. Semantikari dagokionez, horrelakoak azalpenezko perpausak direla esaten da. EGLU-n ‘kausazko perpaus’ edo ‘kausal’ izen generikoa ematen zaie mota bietako perpausei, ‘kausal bete’ predikatuaren barnekoei eta ‘azalpenezko’ predikatuaren kanpokoei. Hemen, ‘kausazko perpaus’ izen orokorra erabili dugu, baina ‘kausal’ ditugu predikatuaren barnekoak ( EGLU-ko ‘kausal beteak’, alegia) eta ‘azalpenezko’ kanpokoak.

Ezaugarriak

Predikatuaren kanpoko kausa perpaus hauek predikatuaren barnekoek ez bezalako ezaugarriak dituzte:

  • Ez dira egokiak zergatik? galderari erantzun zuzena emateko. Ikus adibideok:
    • Errurik ez duenez gero, lasai dago. → egitura hori zilegi da
    • Zergatik dago lasai? *Errurik ez duenez gero. → galdera horrentzat ez da erantzun egokia
  • Predikatuaren kanpokoak izanik, ezin dira galdegai izan:
    • *Errurik ez duenez gero dago lasai.
    • *Lasai, errurik ez duenez dago.
  • Ez dute ukagai-galdegai kontrastatea eratzen:
    • *Ez dago lasai errurik ez duenez gero, epaileak adiskide baititu baizik.
  • Ez da ohikoa honelako perpausak elkartzea:
    • ?Errurik ez duenez gero eta epaileak adiskide dituenez gero, lasai dago.
    • *Merkea baitzen eta polita zenez gero, erosi egin nuen);
  • Ez dituzte baina, ere, bakarrik eta antzeko partikulak onartzen:
    • *Etxera noa, baina berandu da eta.
    • *Merkea zenez gero ere, erosi egin nuen.
    • *Ondo egin duzunez bakarrik, gainditu duzu azterketa.
  • Perpaus hauek izan ere lokailuaz parafrasea daitezke:
    • Lasai dago; izan ere, ez du errurik.
    • Erosi egin zuen; izan ere, merkea zen.

Horrelako perpausa duten esaldiak urrats bitan ematen dira, esan bezala, perpaus nagusiari dagokiona bat eta kausazkoari dagokiona bestea; eten batek bereizten ditu biak –idatzian eskuarki komaz seinalatua–, eta intonazioak ere bitasuna adierazten du:

  • Merkea zenez gero # erosi egin zuen.

Esaldi berean kausala eta azalpenezkoa ematen direnean, argi ageri da kausala predikatuaren barnekoa dela eta azalpenezkoa predikatuaren kanpokoa, etenaren ondoan kokatua:

  • [Aspertuta nengoelako]kausala atera naiz kalera, haizea hartzea [ona izaten da eta]azalpenezkoa.

Adibide horretan bi asertzio daude:

  • perpaus kausala barnean duena bat → ‘asperdurak eraman nau kalera’
  • kanpoko azalpenean adierazten dena bestea → ‘haizea hartzea ona da’

Dedukzioa oinarri dutenak

Predikatuaren kanpoko osagai diren perpaus hauetan, hau da, azalpena adierazten dutenetan, dedukzioa oinarri dutenak bereiz daitezke:

  • Partida galdu dute, burumakur baitatoz denak.
  • Euria egin du, kaleak bustiak daude-eta.

Perpaus horietan kausa-ondorio erlazioari buelta eman zaio, eta gertakari baten ustezko ondoriotik deduzitzen du hiztunak haren kausa: ‘jokalariak burumakur etortzetik’ ondorioztatu du hiztunak partida galdu dutela eta ‘kaleak bustiak egotetik’ euria egin duela. Horrenbestez, gertakarietan ondorio dena dedukzioaren kausa edo oinarri bilakatu du. Horregatik, dedukziozko azalpen esaten diegu perpaus hauei, hiztunak egin duen dedukzio baten adierazpena baitira1.

Zenbaitetan perpaus nagusian segurki, antza eta antzeko aditzondoak jasotzen dira, dedukzioaren izaera adierazteko:

  • Galdu dute, antza, burumakur baitatoz.

Beste batzuetan adizki nagusiak betetzen du egiteko hori, probabilitate modalitatea hartuta:

  • Galdu egingo zuten, burumakur baitatoz.
  • Euria egingo zuen, kaleak bustiak daude-eta.

Gerta daiteke, halaber, hiztunaren dedukzioa okerra izatea (jokalariak ‘burumakur etortzea’ beste arrazoi bategatik izatea, eta berdin ‘kaleak bustiak egotea’), baina horrek ez du aldatzen azalpenaren izaera, hori dedukzio batean oinarritzen baita, kasu honetan okerra dena. Esaldi hauetan mendeko perpausa nagusiaren eskuinean ematen da beti, adibideetan ikusten den bezala, eta ezin dira aurreratu:

  • *Burumakur baitatoz denak, partida galdu dute.
  • *Kaleak bustiak daude-eta, euria egin du.

Enuntziatua eta enuntziazioa

Azalpenezko perpaus askok enuntziatua arrazoitzen dute, eta beste batzuek, berriz, –dedukziozkoek, esate baterako– enuntziazioa.

  • Azalpenezko perpausak: adierazpen nagusian esaten denaren azalpena ematen du mendekoak, haren edukia –hartan aipatutako gertakaria– justifikatzeko. Burumakur datoz denak, partida galdu baitute esaldian, adibidez, jokalariak burumakur etortzea da adierazpen nagusiaren edukia, eta horren arrazoia azaltzen du mendekoak.
  • Dedukziozko perpausak: esaten dena ez, esatea bera arrazoitzen da, zergatik esaten den, alegia. Partida galdu dute, burumakur baitatoz esaldiko adierazpen nagusia ‘partida galdu izana’ da, eta ‘burumakur etortzea’ ez da galdu izanaren kausa edo arrazoia; ‘burumakur etortzeak’ azaltzen du zergatik esan duen hiztunak ‘partida galdu dutela’. ‘Esan’ gisako inplizitu bat dago perpaus horretan: ‘partida galdu dutela diot, burumakur baitatoz’.

Bestalde, agindua ematea ere azaldu dezake azalpenezko perpausak:

  • Ireki leihoa, otoi, bero dago eta.

‘Bero egoteak’ azaltzen du zergatik eskatu duen hiztunak leihoa irekitzeko, aginduan ere ‘esan’ inplizitu bat baitago: ‘leihoa irekitzeko esaten dizut, bero baitago’. Hitz batean laburbiltzeko, bada, ‘esaten dena’ arrazoitzen dute batzuek, eta ‘esatea’ bera, berriz, beste batzuek.

Informazio ezaguna eta informazio berria

Perpaus hauetan ematen den azalpenak hiztunak solaskidearekin partekatzen duen informazioa biltzen du batzuetan –ezaguntzat eta partekatutzat aurkezten dena–; ­-enez gero eta nola… -n formen bidez adierazten dira horrelakoak:

  • Hemen zaudenez gero, lanean hasiko gara.Lezio berri bat ostrukari buruz

Azalpenak informazio berria ematen duenean, berriz –edo, bederen, hiztunak ezagun eta partekatu gisa aurkezten ez duen informazioa eskaintzen duenean–, bait- edo -eta enklitikoa erabiltzen dira:

  • Zaudete pixka batean, lagunduko dizuet eta. (Lezio berri bat, ostrukari buruz, Atxaga)

Horrenbestez, bi esaldi hauek uste ezberdina salatzen dute:

  • Kirolzalea denez gero, kiroldegiko bazkide egin da Lupe.
  • Kiroldegiko bazkide egin da Lupe, kirolzalea baita.

Lehenengo adibidean ezaguntzat ematen da Luperen kirolzaletasuna; bigarrenean, berriz, ezaguna izan edo ez, ez da horrela aurkezten. Ohiko ordena ere ezberdina dute esaldi biek: informazio ezaguna ematen duten perpausak nagusiaren aurrean joan ohi dira; informazio 'berria' dakartenak, berriz, perpaus nagusiaren ondoan joaten dira.

Dedukziozko perpausak azalpenezkoak dira

Dedukziozko perpausak eta nagusia aginterazkoa dutenak azalpenezkoak dira berez, eta ezin dira kausalak izan:

  • Euria egin du, kaleak bustita baitaude.
  • *Euria egin du, kaleak bustita daudelako.
  • Egon isilik, ezer ez dakizu eta.
  • *Egon isilik, ezer ez dakizulako.

Bestelakoetan, ordea, adierazitako kausa predikatuaren barneko ‘kausal’ gisa edo kanpoko ‘azalpenezko’ gisa aurkeztea hiztunak erabakitzen du, zer jarrera hartzen duen; euria egin-kaleak busti erlazioko kausa, esate baterako, adierazpen nagusian txertatuta nahiz hari erantsita eman daiteke.

Ikus bi adibideok:

  • Euria egin duelako daude kaleak bustiak.
  • Kaleak bustita daude, euria egin du eta.

Lehenengo esaldian euria egin izana ‘kausal’ gisa aurkezten du hiztunak, adierazpen nagusiaren barnean txertatuta; ‘euria egin izana’ ‘kaleak bustita egotearen’ eragile gisa aurkezten da, besterik gabe. Bigarren adibidean, berriz, ‘azalpena’ ematen ari da hiztuna, asertzio bati beste bat erantsiz; ‘kaleak bustita egotearen’ zergatikoaz berak ematen duen azalpena da ‘euria egin izana’. Esanahia bertsua bada ere, aukera bakoitzak bere ezaugarriak ditu, sintaktikoak eta semantikoak, gorago ikusi den moduan. Alde bera ikusten da, beste adibide hauetan ere:

  • Ihesi joan dira beldur zirelako.
  • Ihesi joan dira, beldur baitziren.

Lehenengo perpausak kausa adierazten du zuzenean eta bigarrenak azalpena ematen du.

Kausazko perpausen formak

Kausazko perpausen formak ez dira denak esandako mota bietan (kausalak eta azalpenezkoak) erabiltzen; aitzitik, mota bakoitzak bere formak ditu, zenbaitetan forma batek bietarako balio badu ere.

Perpaus kausalak

Perpaus kausaletan forma hauek aurkituko ditugu:

Perpaus kausalen forma nagusia -lako(tz) da egun, aditza jokatua dutenetan:

  • Autoa hondatu zaielako iritsi dira berandu.

Jokatugabeko aditza dutenetan, berriz, aditz izenaren gainean eraikitako -tzeagatik forma erabiltzen da:

  • Gaizki aparkatzeagatik zigortu naute.

Gehienetan helburuzkoa den -tzearren formak ere kausa adieraz dezake zenbaitetan:

  • Erdaraz egitearren markesak zirela uste zuten.

Bait- menderagailuak mota bietako perpausak era ditzake, ekialdeko euskalkietan;

  • kausalak eratzen ditu zenbait egituratan:
    • Ez omen baita ere denborarik galtzeko, horra zertako ethorri naizen. (Piarres Adame, Elissamburu, J. B.)
    • Bada, erran zuen hori, ez beharrez khexu zelakoz, bainan zeren ohoina baitzen, eta nola harek baitzuen moltsa, berak baitzerabilzkan hartan ezartzen zirenak. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • azalpenezkoak ere eratzen ditu ekialdeko euskalkietan, eta gaur egun baita mendebaldekoetan ere:
    • Banoa, berandu baita.
    • Jan ezazue gogoz, zuek ez baituzue errurik. (Hil ala bizi, Amuriza, X.)

Zeren galdetzailearekin eraturiko formek ere mota bietako perpausak eratzen dituzte. Zeren… -n menderagailuak kausalak eratzen ditu, ekialdeko euskalkietan:

  • Ezin egon zen bihurtu gabe berriz ere hobirat: aurkhitu zituen bi aingeruak erran ziotenak: emaztekia, zergatik egiten duzu nigar? Magdalenak ihardetsi zuen: nigar egiten dut zeren eraman duten ene Jainkoa, eta zeren ez dakidan non ezarri duten. (Testamen çaharreco eta berrico historioa,Larreguy)

Gauza bera zeren bait- formak ere:

  • Aingeruek erraten diote: Emaztekia, zergatik egiten duzu nigar? Ihardesten du: Zeren eraman baitute ene Jauna, eta ez dakit non ezarri duten. (Biblia Saindua III, Duvoisin)

Baina azalpenezkoak ere eratzen dira zeren bait- formarekin:

  • Nik erran dut: Jauna, urrikal zakizkit; senda zazu ene arima, zeren bekhatu egin baitut zure alderat. (Biblia Saindua II, Duvoisin)

Mendebaldean ere erabiltzen da gaur egun forma hori, azalpenezko perpausak eratzeko.

Azalpenezko perpausak

Azalpenezkoak eratzen ditu, bestalde, mendebaldeko euskalkietan, -eta enklitikoarekin eraturiko formak:

Bestalde, informazio ezaguna bideratzen duen -nez gero forma, berriz, bere aldaerekin, euskalki guztietakoa da:

  • Aberatsa denez gero, hari eskatuko diogu diru pixka bat.

Mendebaldean -nez soilak eta -n legez formak ere izan dezakete adiera hori:

  • Ezer gertatu ez zenez, bertan utzi zuten. (Lezio berri bat ostrukari buruz, Atxaga)

Iparraldean -naz gainean forma ere erabiltzen da:

  • Hirira bazoazenaz gainean, nahi duzu eraman ene xamarra? (Diccionario Retana de Autoridades de la Lengua Vasca)

«{nola ~ zelan}… -n» forma ere erabiltzen da balio horrekin:

  • Nola eztizalea naizen txit, ez nintzen argizariaz oroitzen. (Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa, Iturriaga, A. P.)

Laburbilduz, hauxe da kausazko formen erabileraren koadroa, aldaerak alde batera utzita:

(+ = orokorra, e = ekialdeko euskalkietakoa; m = mendebaldekoa).

1 EGLU VI-n alegiazko azalpen esaten zaie 163. orrialdean

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausa perpausak: motak eta formak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3