Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:1

-(e)lako(tz)

EZKONBERRIEK KALEAN EGITEN DUTENA-(e)lako (-elakotz) menderagailuaren bidez osatzen dira, nagusiki, kausazko perpausak euskaraz. Hauxe da, mendebaldeko euskalkietan kausa perpaus jokatuak osatzeko forma nagusia.

  • Lehenbizikoan asmatu ez duelako kanporatu dute.

–(e)lako, izenlagun eta kausazko

-(e)lako menderagailu beraz baliatuz sortzen diren sintagmak izenlagun ere izan daitezke, izen jakin batzuen osagarri nahiz erlatibo subjektibo gisa:

  • Alargun batekin ezkonduko zelako zurrumurrua zabaldu zen.
  • Hilik atzeman zutelako gizona. (Lafitte 1944: 402)

Horrez gain, adizlagun edo adjunktu gisa ikusiko dugu perpaus hau, kausa perpaus gisa, hain zuzen:

  • Ama haserre zebilen alabak bera baino hogei urte zaharrago zen alargun batekin ezkondu nahi zuelako.

Perpaus bakoitzak duen kokaguneak eta funtzioak erakutsiko digu -(e)lako perpausa osagarria den, erlatiboa den ala kausazko adizlaguna. ZAHAR BATEKIN EZKONDU ZELAKO ZURRUMURRUA HEDATU ZEN -la menderagailuari -ko adnominala erantsiz eratzen da forma hau, izenaren perpaus osagarrietan agertzen dena. Horregatik ditu forma honek bi erabilera mendebaldean:

  • izenlaguna: Gezurra esan diotelako kontu horrekin kezkatuta dago Miren.
  • aditzaren modifikatzailea, kausazkoa: Gezurra esan diotelako haserretu da Miren.1

Menderagailuaren forma hedatuena –(e)lako da baina, euskalkien arabera, -(e)lakotz eta –(e)lakoz aldaerak ere badira.

  • Nahi dutelako egin dute hori.
  • Ez dutelako ezkonberriek etxe barruan egiten kalean egingo ez luketena, edo aparkaleku batean egingo ez luketena. (Van't Hoffen ilea, U. Elorriaga)
  • Aipatzen balin baditut bi horiek da, bakarrik, iraun dutelakotz. (“Telebixta leihotik”, Herria)
  • Errespetarazi, lan postu bat galdatzean, emaztea ez dela bazterrerat utzia emaztea delakoz. (“Jainkoa, bizia, jendea”, Herria, Maite Irazoqui)

Hain zuzen ere, ekialdean erabilera biekin bereizten dira funtzioak: izenaren osagarria denean -lako forma erabiltzen da, eta aditzaren modifikatzailea denean, berriz, -lakotz:

  • Gezurra esan diotelako kontu horrekin kezkatuta dago Miren.
  • Gezurra esan diotelakotz haserretu da Miren2.

-(e)lako, -(e)lakoan

-(e)lako-ren parean -(e)lakoan forma ere bada, inesiboko -n atzizkia erantsita osatzen dena. Har ditzagun kontuan honako perpaus hauek:

  • Igandea zelako joan zen elizara.
  • Igandea zelakoan joan zen elizara.

Formari erreparatzen badiogu, -(e)lakoan esapidea honela atalka daiteke:

  • -(e)lakoan < [–(e)la + ko + a + -n]

eta, honek azpian beste zerbait izango luke:

  • “–(e)lako ustean”

EZ DIRA ELIZARA JOAN, BAINA BAI MEZARA Horiek horrela, –(e)lako hori, uste izenaren osagarria izango litzateke.

  • [ [ [… -(e)lako uste ]IS -a]DS [-n]Po ]PoS

Esaterako, etorri delakoan perpausaren azpian, etorri delako [uste]an perpausa izango genuke. Eta ikusten denez, [uste]an da sintagma horren burua eta horrek erabakitzen du sintagmaren esanahia eta balioa.

-elako eta -elakoan bi esamoldeek gehienetan adiera desberdina dute: -(e)lakoan, subjektibotasunez jantzia dago (Villasante 1986, 242). Hain zuzen, ezkutuan den “uste” horretatik etor lekioke esamoldeari egozten zaion “subjektibotasun” hori:

Esanahiari dagokionez, perpaus honen azpian “alferrik delako ustean” edo “ezin daitekeelako ustean” dagoela onartuz, uste batez ari garenez, eta usteak zerbaiten eragile izan daitezkeenez, kausaltzat har daitezke, kausal subjektibotzat.

Egiturari dagokionez, postposizio sintagma bat daukagu:

  • [ [ [ [alferrik dela]-ko] + [uste ]IS -a]DS [-n]Po ]PoS

Esamolde hau egon aditzarekin batera erabiltzen dugu maiz, aditz horren osagarria da -lakoan. Aditz hori zilegi da inesiboarekin (non, zertan…) agertzea. Baina esamolde hauek (-lakoan egon) ezin dira kausaltzat hartu:

  • Ekaitza botako duelakoan nago.
  • Adiskide zintudalakoan nengoen.

Hor argi dago bestelako esanahi bat duela -lakoan menderagailuak, ez kausazkoa: 'ekaitza botako duela uste dut' soilik esango bagenu bezala.

Baina beste batzuetan kausa gisako lotura ematen du aditzera:

  • Lapurra zelakoan atxilotu zuten.
  • Neskari ez omen zioten ezer aipatu eta barbero batengana eraman omen zuten, hark sendatuko zuelakoan. (Bi anai, Atxaga)

Aldea badago -lako eta -lakoan perpausen artean:

  • -lako perpausa, kausal betea da:
    • Igandea zelako geratu zen ohean.
  • -lakoan perpausa, berriz, ustezko kausal modura irakurtzen den perpausa da, esan bezala:
    • Igandea zelakoan geratu zen ohean.
  • Ustea, iritzia edo aitzakia adierazten du -lakoan perpausak, uste hori perpaus nagusiko gertakariaren zergatiko gisa ulertuz; hortik, adieraren ‘subjektibotasuna’3.

Bestalde, inoiz -lako soila erabiltzen da -lakoan formaren lekuan, forma biek duten erlazioa agerian utziz:

  • Peril handia da nihork bata har dezan bertzea delako (…), zeren bata on izanagatik, bertzeak kalte egin lezake. (Philotea, Pouvreau, S.)

-(e)lako, galdegai

Predikatuaren barneko osagaia izanik, gorago aipatu diren ezaugarriak ditu -lako perpausak. Eta horiek horrela, zergatik? galderari erantzun diezaioke:

  • Zergatik errespetatzen duzue?
  • –Zaharra delako.

Galdegaia ere izan daiteke -(e)lako, jakina, aditzaren aurre-aurrean kokatuta. Izan ere, arruntean galdegai izan ohi da (Altube, S 1929: 208-209):

  • Zaharra delako errespetatzen dugu.
  • Trena galdu duelako dator taxian.

TRENA HARTU DU, TAXIA GALDU DUELAKO

Hala ere, maizago ageri da aditzaren eskuinera atzeratua, batez ere perpausa kargatu samarra denean. Horrelakoetan ohikoak diren eten-intonazioak egin behar izaten dira:

  • Errespetatzen dugu↑ urteek pertsona beneragarria egin dutelako.

Ezezko perpausetan ere, zergatik osagaia izan daiteke esaldiko galdegaia, ezeztapenak perpaus osoa besarkatzen duenean, eta -lako perpausak bete dezake orduan funtzio hori, baiezkoetan bezala:

  • Zergatik ez da etorri?
  • –Gaixorik delako ez da etorri4.

Beste batzuetan, ordea, kausazko perpausa da ezeztapenak besarkatzen duen ukagai edo ‘sasigaldegaia’, eta orduan ohiko lekuan kokatzen da hau: adizkiaren ondoan, trinkoetan, eta adizki bien artean, perifrastikoetan:

  • Ez dugu zaharra delako errespetatzen. → “errespetatzen dugu, baina ez horregatik”5

Horrelako perpausei kontrasteko galdegai baieztatua gehitzen zaie maiz, ukatzen den zergatikoari baiezko bat kontrajarriz, ez A, B baizik egituran. Aurkaritzako juntadura egitura bat osatzen da horrela:

  • Ez dugu zaharra delako errespetatzen, jakintsua delako baizik.

Ezezko mota honetan ere atzeratu egiten da maiz -(e)lako perpausa, baina aditzaren ondoko eten-intonazio bereziak egin gabe:

  • Ez dugu errespetatzen urteek pertsona beneragarria egin dutelako, jakintsua delako baizik.

Ez-baiko kontraste hori alderantziz ere egin daiteke:

  • Jakintsua delako errespetatzen dugu, ez zaharra delako.

Kontrastean emandako osagai biak -lako forma dutenak izan daitezke, goiko adibideetan ikusten den bezala, baina beste kausazko nahiz helburuzko forma batzuekin konbinatuta ere eman daiteke -lako perpausa:

  • Tarragoneko giristinoek bazakiten arras ongi martir sainduak zeruan zirela, eta hargatik trixte ziren; ez baitezpada galdu zituztelakotz, bainan zeren etzitzaioten emana hekiei ere Jesus Jaunarentzat beren odolaren ixurtzea. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
  • Gutik lan gaitzagorik dute besarkatu, ez gaitz delakotz hainbat kanten ematea, baina minbera baita egia maitea. (Eskaldunac, Hiribarren, J.M.)
  • Ez diote nota txarra eman azterketa gaizki egin duelako, lagunari kopiatzegatik baizik.
  • Ez du lasterketa utzi nekatua zelako, lagunari laguntzeagatik baizik.6

Bestalde, galdegaitasun hau mendeko perpaus baten barnean ere gerta daiteke:

  • Esan zigun [[trena galdu zuelako] iritsi zela] berandu lanera.

Berdin dio perpaus hori oso sakonean txertatua egotea:

  • Trena galdu zuelako esan zigun iritsi zela berandu lanera.

Badirudi ez dela beti galdegai izaten, baina, kausala galdegai izatea behar badugu, -(e)lako forma da horretarako aproposa.

-(e)lako kausalak, galdegai izanik, normala da galdegaigunean agertzea, baina gune honetatik kanpo ere aurki ditzakegu. Adibidez, perpaus hauetan perpaus kausala galdegaigunean ageri da eta galdegai da:

  • Gizaki garelako gara libre eta legez berdinak. (Egunkaria)
  • Galesak, (…) erlijio-bizitzan eta Biblian erabili zelako lortu zuen indarberritzea. (Euskara Batua Saio-artikuluak, Zutabe)

Beste hauetan, berriz, galdegaigunetik kanpo dago kausa perpausa, baina eskuineratutako galdegaitzat har liteke:

  • Domenikorekin bi anaiek batera eztabaidatzea pentsatu zuten, gizon gogorra zelako. (Euskara Batua Haur-/gazte-literatura, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Atezain bat zegoen eta ez zigun utzi pasatzen txikiak ginelako. (Euskara Batua Haur-/gazte-literatura, Mendiguren Elizegi, X.)

Elementu kataforikoekin iragarrita

Sarritan -(e)lako perpausaren aurretik hargatik, horregatik edo horrelako elementu kataforiko bat jartzen da, kausa perpausa iragartzen duena:

  • Hargatik maite ditut gaurko gazte asko: tentaldiaren ihesi ez dabiltzalako. (Mitxelenaren Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Horregatik saldu zidan bada etxe hau, bera Dublinera zihoalako. (Obabakoak, Atxaga)
  • Horrexegatik beragatik agian, horren argia delako alegia, nabarmenegi gertatzen zaizkit (…) gogoetak. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)

Erakuslearen edukia biltzen duen aposizioa da -lako perpausa, horrelakoetan, eta galdegaitzat har daiteke, hura galdegai denean (‘tentaldiaren ihesi ez dabiltzalako [maite ditut]’, alegia).

Hiru kausa mota

Gorago aipatu dugunez, hiru kausa mota adieraz ditzake -lako perpausak: objektiboa, oinarri logikoa duena edo motibo subjektiboa seinalatzen duena. Harritu, damutu, izutu, lotsatu, poztu, loriatu, ikaratu, miretsi, deitoratu eta gisa horretako aditzek adierazten dituzten giza jarrera edo emozioen kausa edo eragilea ere adieraz dezake:

  • Aberastuta natorrelako harritu al zarete?
  • Miresten dituzte langile trebeak direlako.

-(e)lako, mintzagai

Mintzagaia ere izan daiteke -lako perpausa, perpaus nagusiaren eskuin aldean kokatua inoiz:

Ezker aldean ere ageri da beste zenbaitetan, galdegai-aditzen aurrean, nolabaiteko hanpadura markatzen:

  • Gezurra esan duzulako, lagun guztiak haserretu zaizkizu.
  • Hiru urte lehenago lapur bat aurkitzen lagundu ziolako, oso adiskide zuen. (Esku leuna, Garate, G.)

Beste mintzagai baten ondoan ere joan daiteke, haren eta galdegaiaren artean tartekatuta:

  • Euskal letretan, apal izanagatik edota apala delako, aski nabarmendu da bere boza azkenaldi honetan. ( Atalak, Mitxelena, K.)

Perpaus nagusian tartekatuta ageri da holakoetan kausa perpausa:

  • Miren, izutia zelako edo, ez zen ausartu ezer esatera.
  • Kirolariak izateko, emakumeok fisikoki garen bezalakoak garelako, ginonezkoak baino arazo gehiago ditugu. (Sailkatu gabeak, Aldizkariak, A. Iribar)

-(e)lako eta pareko azalpenezkoak

Mintzagai diren -lako perpaus kausal hauen ‘pareko’ dira, itxuraz, azalpenezko formekin eratzen diren perpaus batzuk:

  • Auto berria erosi du zaharra ondo ez zebilelako.
  • Auto berria erosi du, zaharra ez zebilen-eta ondo.

Itxura gorabehera, ordea, eta esanahia bertsua izanik ere, desberdinak dira perpaus mota bi horiek, gorago esan den bezala:

  • -lako perpausak, predikatuaren barnekoa izanik, honek aipatzen duen gertakariaren kausa edo eragilea ematen du aditzera zuzenean;
  • azalpen perpausak, berriz, perpaus nagusiaren kanpoko modifikatzaileak dira eta hartan esandakoaz hiztunak eransten duen azalpena ematen dute aditzera.

Eta, jakina, bakoitzak bere ezaugarriak ditu, arestian aipaturikoez gain;

  • goragoko perpaus baten mendekoaren mendeko izateari dagokiona:
    • Auto berria erosi badu zaharra ondo ez zebilelako, ederki egin du.
    • *Auto berria erosi badu zaharra ondo ez zebilen-eta, ederki egin du.
  • edo galderaren barneko osagai izateari dagokiona:
    • Partida galdu behar al dugu gaur ere sasoian ez zaudetelako?
    • *Partida galdu behar al dugu gaur ere, sasoian ez baitzaudete?7

Hala ere, azalpenezko perpaus guztiek ez dute parean -lako perpaus kausalik, dedukziozkoek, esaterako:

  • Etxean daude, leihoak irekiak baitaude. - *Etxean daude leihoak irekita daudelako.

Aginte perpausek ere berezkoa dute azalpenezko perpausa hartzea, agindua ematearen justifikazioa eskaintzen baitu mendekoak. Eta, hortaz, ez dute erraz onartzen -lako perpausa:

  • Joan zaitez ohera, {berandu baita ~ berandu da eta}
  • ?Joan zaitez ohera berandu delako

Onartzen dute, ordea, mendeko perpausa aginduaren esparruan sartzen bada:

  • Joan zaitez ohera berandu delako, ez nik esan dizudalako. → agindua ez da ‘ohera joatea’, ‘horregatik joatea’ baizik.

Dena dela, egun zenbait hiztunek zabaldu egiten dute -lako perpausaren erabilera, eta azalpenezkoez bereizi gabe erabiltzen dute:

  • Etxera joan da, berandu baitzen.
  • Etxera joan da, berandu zelako.

Ez da egokia, ordea, -lako formaz baliatzea predikatuaz kanpoko azalpen perpausak eratzeko. Halakoetan, aurrerago ikusiko den moduan, bait- edo -eta enklitikoa dira forma egokiak:

  • Ez duzu gaindituko azterketa, gutxi landu duzu-eta gaia.
  • ?Ez duzu gaindituko azterketa, gutxi landu duzulako gaia8.

Eta, zer esanik ez, dedukziozkoetan eta agintezkoetan:

  • *Galdu dute, burumakur datozelako.
  • *Isil zaitez, ezer ez dakizulako.

-(e)lako perpausa, perpaus nagusiari gehituta

Batzuetan bi perpausetan banatuta ematen da esaldia, eta aurrenekoan esandakoari argibideak eransten dizkio bigarrenak, -lako perpausak:

  • Lasterketak interes berezia izango du, bertan izango direlako munduko txirrindularirik handienak. ( Euskadi Irratia)

Perpaus nagusiko osagaitzat –haren mintzagaitzat– har daiteke hor, beharbada, mendeko perpausa; baina pentsa daiteke, halaber, alboratutako bi perpaus ditugula, hau da, lehenengoa esan ondoren bestea eranstea bururatu zaiola hiztunari, hartan esandakoa nolabait argitzeko-edo. Lehena erabat osatua da, galdegaia ere badu (‘interes berezia’), eta bigarrenak beste galdegai bat ematen du, -lako perpausa hain zuzen ere, bigarren perpausari dagokiona; galdegaia baizik ez du ematen bigarren horrek, perpausaren gainerakoa aurrekotik berreskuratzen baita. Horrenbestez, hauxe izango litzateke esaldi horren irakurketa: 'Lasterketak interes berezia izango du. Bertan munduko txirrindularirik handienak izango direlako [izango du interes berezia]'. Alboratutako bi perpaus direnez, tartean etena egiten da; idatzian koma, puntu eta koma nahiz puntua eman daitezke9. Dena dela, zalantzakoa izan daiteke batzuetan, idatzian batez ere, ­-lako perpausa nagusiaren osagaia –haren mintzagaia– ala gehikuntzaz alboraturiko perpausa den.

-(e)lako perpausen barneko ordena

Mendeko beste perpaus askotan bezala, -lako perpausetan ere perpausaren azken buruan ematen da menderagailua bere aditzarekin. Horrela da beti, hain zuzen ere, galdegai izanik aditz nagusiaren aurrean denean:

  • [Gezurra esan duzulako] nago haserre.
  • *[Esan duzulako gezurra] nago haserre.

Aditz nagusiaren eskuinean denean ere azkenean doa inoiz:

  • Ez dizut ezer eskatuko, behar dudan guztia badudalako.

Baina hasieran eta tartean ere eman daiteke, menderagailua aditz nagusira hurbilduta:

  • Ez dizut ezer eskatuko, badudalako behar dudan guztia.
  • Ez diot ezer aipatu, berak badakielako gorabehera guztia. (Arejita 1985, 190)

Ezezkoetan, ordea, azken buruan joan ohi den adizki jokatua aurrera ekar daiteke:

  • [Agurrik egin ez dizutelako] al zaude haserre?
  • [Ez dizutelako agurrik egin] al zaude haserre?

-(e)lako perpausaren osagai bati galdera

Hiztun guztiek onartzen ez badituzte ere, batzuentzat onargarriak dira ­-lako perpausaren barruko osagai bati buruzko galderak, eta ez bakarrik oihartzun-galdera gisa:

  • Nor etorri delako zaudete pozik?
  • Zer ikusi dutelako hasi dira korrika?
  • Zeinen aurka jokatu behar dutelako daude hain urduri Aviron taldekoak?

-(e)lako perpausaren balio kontzesiboa

Sintagma motibatiboek balio kontzesiboa izaten dute inoiz. Balio hori izan dezake -elako perpausak ere, perpaus nagusia ezezkoa denean:

  • Hitz berri gehiegi dituelako ez diogu ukatu behar ondo merezi duen txaloa. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Aurkaritza adierazten dute horrelako perpausek: ‘hitz berri gehiegi izateak’ txaloa ukatzea ekarriko lukeela pentsa daiteke hor, baina kasu honetan ez da hala gertatzen, ‘Hitz berri gehiegi baditu ere, ez diogu txaloa ukatu behar’.

-(e)lako perpausen beste erabilera batzuk

ere-ren ezkerretara ere eman daiteke -(e)lako perpausa. Holakoak ez dira galdegai izaten, ordea:

  • Baltasar magoa, Austerlitz epotxa eta zirkuko gainerako kideak kezkatuta zeuden: Baltasar, zirkua kangururik gabe geratu zelako, baita Zotzengan loratutako bere amets hark mutilarekin nola edo hala lotzen zuela uste zuelako ere. (Euskara Batua Haur-/gazte-literatura, Irigoien, J. M.)
  • Beranduegi etortzen naizelako ere, haserre omen dago Sara.

FRESKO-FRESKO EDATEKO ASMOA DUTEIldo honetatik azal daiteke -(e)lako kausalek erakusten duten beste ezaugarri bat. Holako kausalak nekez aurkituko ditugu aginduzko perpausetan. Hain zuzen, horregatik moduko postposizio sintagma bat aurkitzea nekeza den bezala. Holakoak gorago aipatu ditugun [ez A-gatik B-gatik baizik] modukoetan bakarrik arkituko ditugu:

  • Edan ezazu horregatik /
  • (Edan ezazu egarria duzulako)

Hauek, aipatutako [ez A, B baizik] itzuliaren parte gisa interpretatzen ez badira, bitxi gertatzen dira:

  • Edan ezazu horregatik, ez beste ezerengatik.
  • Edan ezazu egarria duzulako, ez penak alkoholetan ito nahi dituzulako.

Agindu baten ostean azalpenak ematea oso arrunta da:

  • Edan ezazu, fresko-fresko dago eta.
  • Fresko-fresko dagoenez gero, edan dezagun.

Baina holakoetan –(e)lako perpausa egokia ez bada, seinale ez duela azalpenak emateko balio.

Agindu perpausetan ez ezik, bestelako perpaus batzuetan ere erabiltzen ditugu azalpenak. Esate baterako, galde perpaus baten ostean azalpena etor daiteke, baina –(e)lako perpausaz baliatzen bagara, orduan erabat desberdina gertatzen da esanahia. Ikus ondoko perpaus pare honetan:

  • Herrietako jaietan nork edaten du edaria garestia delako? Inork ez.
  • Herrietako jaietan nork edaten du?, edaria garestia baita.

Izan ere, Herrietako jaietan nork edaten du edaria garestia delako? Inork ez perpausean [edaria garestia delako] perpausa galde perpausaren barneko osagaia da. Aldiz, Herrietako jaietan nork edaten du?, edaria garestia baita perpausean, [edaria garestia baita] azalpen bat da eta ez dago galderaren barruan. Azalpen hau galdera egin osteko azalpen bat da. Hortaz, galdera bat eta adierazpen bat ditugu bata bestearen ondoan.

1 Kausazko -lako formaren jatorria izenlaguna dela iradokitzen du de Rijkek: “As to origin, causal -lako can be identified with the suffix used to link sentential complements to nouns, provided one allows a non-overt instrumental noun to account for the meaning ‘cause or reason’” (2008, 600).
2 Villasantek dio aski berria dela -lako(tz) forma hau, kausazko adieran: “Sorprende en gran manera el constatar que este sufijo, tan usado hoy para expresar la causalidad, no aparezca hasta bastante tarde en los textos” (1986, 241). Mitxelenak, hala ere, gogoratzen du ex silentio froga herrena dela beti, eta Leiçarragaren testu hau aipatzen du: Ez dizuet izkiriatu ukan, egia ezagutzen ez duzuelakotz; aitzitik zeren hura ezagutzen duzuen, eta gezurrik batere ez baita egiatik (1 Jo 2,21) (Villasante 1976, 150 oh.).
3 Villasante mintzo da ‘subjektibotasun’ honetaz, "Txillardegi" aipatuz (Villasante 1986, 242).
4 Bestelakoa da, noski, Gaixorik delako, ez da etorri esaldia, zeinetan galdegaia ez adberbioa baita eta perpaus kausala, berriz, mintzagaia den.
5 Ezeztapen mota honetaz, ik. § …; ikus, halaber, De Rijk 1998, Ortiz de Urbina 2003 eta Garzia 2014.
6 Hori bera erakusten du aurreko oharrean aipatutako Leizarragaren testuak: Ez dizuet izkiriatu ukan, egia ezagutzen ez duzuelakotz; aitzitik zeren hura ezagutzen duzuen, eta gezurrik batere ez baita egiatik. Hiru forma hauek ageri dira esaldi horretan: -lakotz, zeren… -n eta bait-
7 Galderatik kanpo eman daiteke azalpenezko perpausa: Partida galdu behar al dugu gaur ere? Ez baitzaudete sasoian, baina, ikusten denez, esanahia desberdina da, egindako galderaren arrazoia azaltzen baitu azken honek.
8 Gartziarena da azken adibide hau eta dagokion azalpena ( Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak, 2014, 161
9 Gartziak gehikuntza esaten dio horrela antolatzen den funtzio informatiboari ( Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak, 2014, 51, 70). “Funtzio berezi bat baino areago, egia esan, galdegai-funtzioaren agerraldi berezi bat da” (ibid. 71 oh.).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-(e)lako(tz)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3