Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:2

bait-

bait- menderagailua aurrizkia da. Adizki jokatuari (hots: laguntzaileari edo adizki trinkoari) ezkerraldetik itsasten zaio:

  • Etorri baita < etorri bait- da.
  • Baitator < bait- dator.

Erabilera zabala du bait- formak menderakuntzan. Era askotako perpausak eratzen ditu; erlatiboak, osagarriak eta ondoriozkoak, besteak beste, baina baita kausazkoak ere:

  • Banoa, ordua baita1.

Bestalde, menderagailua izanik, bait- ez da adizki alokutiboekin bateragarria:

  • Hik ere etxera joan beharko huke, berandu {baita ~ *baituk ~ *baitun).

Bestalde, menderagailuekin ohi denez, ez du perpausean beste menderagailurik onartzen:

  • *etorri baitelako

Izan ere lokailuarekin, berriz, erabiltzen da inoiz, ohikoa ez den arren:

Eta aditzak ez/bai, omen/ei edo bide partikulak daramatzanean, horiek bait-en aurrean joaten dira:

Menderagailu hau ekialdeko euskalkietakoa da berez, eta beit- aldaera dauka zubereran. Bestelako adieretan ez ezik, kausazko balioarekin ere maiz erabiltzen da euskalki horietan, eta, hain zuzen ere, perpaus kausalak eta azalpenezkoak eratzen ditu.

  • Gizon bezala, zeen ez beita kausitzen Kristoen baithan presuna humanoik, eta Jinko bezala gauza guziak dauzkalakoz gogoan; Aita at Jinko bezala, zeina beita Aita eternala, eta Ama at gizon bezala, hura baita Andre dena Maria, ez dilakotz aitaik gizon bezala, eta amaik Jinko bezala. (Beste zenbait itzulpen, Duvoisin)
  • Gaganeko Aita, Egiazko Jinkua, zuinek igorri beituzu ardi herratiaren unduan, zure seme ezinago maitia; bekhatu egin ukhen dit, Zeliaren kontre; hutsetan erori izan nuzu, zure tronuaren aitzinian: har nezazu seme prodigua bezala, eta bekhatiak bilaizi naian, hatsarreko arropa xuriaz besti nezazula. (Azti-begia eta beste izkribu zenbait, Xaho)

Mendebaldeko euskalkien tradizioan, berriz, ezezaguna izan da ez hain aspaldi arte, baist formak bizkaierazko testu zaharretan dituen agerpen batzuk gorabehera:

Azken aldian, hala ere, eta ekialdeko euskalkien eraginez beharbada, mendebaldeko euskalkietan ere sartu da, gipuzkeran XIX. mendetik aurrera eta bizkaieran XX.etik aurrera batez ere2. Euskalki horietan, ordea, ekialdekoetan ez bezala, kausazko adiera baizik ez du, eta, hain zuzen ere, azalpenezko perpausak eratzen ditu. Hori dela eta, bereiz aztertuko dira ondoko paragrafoetan bait- kausalak eta bait- azalpenezkoak, ekialdekoak haiek eta euskalki guztietakoak hauek. Hurrengo atalean ikusiko dira, berriz, menderagailu honek aurretik zeren partikula hartuta eratzen dituen perpausak.

bait-, kausala

Gehienetan azalpenezko perpausetan erabiltzen da bait- menderagailua, baina testuinguru jakin batzuetan kausal gisa interpreta daitezkeen perpausak ere eratzen ditu, esan bezala, ekialdeko euskalkietan. Esate baterako, perpausak zertako? galderari erantzuten dionean:

Edo hura anaforiko duenean:

  • […]ez omen baita ere denborarik galtzeko, horra zertako ethorri naizen, jauna, zuri erratera badela, Buen-Retiron berean miriku bat hainitz abila;[…] (Piarres Adame, Elissamburu, J. B.)

Halaber, -lako perpausarekin juntaturik doanean:

  • Bainan ephela baitzare, eta etzarelakoz ez hotza, ez beroa, hasiko natzaitzu ene ahotik arthikitzen. (Biblia Saindua III, Duvoisin)

Edo -lako nahiz -lakoan perpausarekin, kontrastean denean:

Halaber, giza jarrera edo emozioak adieratzen dituzten atsegin izan, damu izan, urriki izan eta horrelako aditzekin ere erabiltzen da bait- perpausa:

Horrelakoak, kausal gisa eta, batzuetan osagarri gisa ere uler daitezke; bait- menderagailua, hain zuzen ere, adierazpen perpausen osagarrien menderagailua izan daiteke. ( EGLU V, 79-83)

Nolanahi ere, bait- perpausa ez da guztiz -lako perpausaren parekoa, ez baitirudi aditzaren aurre-aurrean kokatzeko aukera duenik galdegai gisa, baiezko perpausetan:

  • *Berandu baita joan dira.

Eta ezta adizkien artean ukagai gisa, ezezkoetan:

  • *Ez da haserre baita joan.

bait-, azalpenezkoa

Menderagailu hau -(e)n menderagailua bezala, ezaguna dugu kausa perpausetatik kanpo ere. Perpaus erlatiboetan, ondoriozkoetan (EGLU-V, 457-458) nahiz osagarrietan (EGLU-V, 79) erruz erabiltzen da, batez ere Ekialdeko euskalkietan. Aipatutako kasu horietan izan ezik, azalpenezkoak dira bait-ekin eratutako perpausak. Euskara Batuan ere erabilera ugaria du, bereziki, azalpen perpausetan. Ekialdean eta mendebaldean erabiltzen dira egun eta perpausaren kanpoko modifikatzaile dira horrelakoetan. Argi ikusten da hori aginduetan:

  • Jauna, zuk otoi zerbait zerutik egizu, gure behar orduen berri baitakizu. (Odolaren mintzoa, Xalbador)
  • Jan ezazue gogoz, zuek ez baituzue errurik. (Hil ala bizi, Amuriza, X.)

Galderetan ere bai:

  • Zer gertatu zaio zure lagunari?, kolore txarra baitu.

Baita adierazpenetan ere:

Adierazpenezkoak, hala ere, anbiguoak izan daitezke, zalantza zor baitaiteke zenbaitetan bait- perpausa predikatuaren barnekoa den eta, hortaz, kausala, ala kanpokoa den eta azalpenezkoa:

  • Etxean etzen jateko eskasik, baitzen ausarki ogi, esne, arno, atzar eta bildots. (San Frantses Jatsukoa, Narbaitz, P.)

Esaldi horretan, adibidez, ‘ogia ausarki izatea’ etxean ‘jatekorik eskas ez izatearen’ arrazoi edo kausa gisa uler daiteke (“ogia ausarki zelako”), baina baita idazleak ematen duen azalpen gisa ere (“ogia ausarki zen eta”). Arrazoi bera aurkezteko modu bi dira, gorago esan den bezala.

Dedukziozko perpausetan, bai, agerikoa da azalpen balioa:

  • Zerbait gertatu zaio lagunari, kolore txarra baitu.
  • Ez daude etxean, ez baitute telefonoa hartzen.

Bestalde, segurki, antza eta antzeko aditzondoek edo aditzaren modalitateak indartu egiten dute perpausak duen dedukzio balioa:

  • Iduripen bat izan duzu segurki, esan zion Xalbatek, nik ezpaitut ezer entzun. (Joanak joan, Etxaide, J.)
  • Ahaztu egingo zitzaion gutuna bidaltzea, beti izan baita pertsona serioa.

Azalpenezko bait- perpausa, bestalde, -eta enklitikoaz edo izan ere lokailua duenaz –edo are juntadura soilaz– ordezka daiteke:

  • Zerbait gertatu zaio, kolore txarra du eta.
  • Zerbait gertatu zaio; izan ere, kolore txarra du.
  • Zerbait gertatu zaio, kolore txarra du.

Ohikoa ez den arren, azalpenezko bait- perpausa mendeko baten mendeko izan liteke, adibide honetan bezala:

  • Eta berak aitortu behar zuen egun batez nehon ez zela izango urosago, nehon ez baitzen izan hor bezala orotaz gabetua. (Laphitz 1867, 59)

Ez dago, ordea, hor inolako kontraesanik, bait- perpausa ez baita perpaus osagarriaren mendeko, aurreko esaldi osoarena baizik: [Eta berak aitortu behar zuen egun batez nehon ez zela izango urosago], nehon ez baitzen izan hor bezala orotaz gabetua).

Adiera

  • Dei iezaiozu telefonoz, gaur urteak betetzen baititu.
  • Medikuarengana noa, buruko minez bainabil.
  • Bainatzera joan ginen, bero izugarria egiten baitzuen.
  • Non ezkutatu zarete? Zuen bila ibili bainaiz goiz osoan.

Adibide horiei erreparatuz gero, erraz da ohartzea bait- aurrizkiak azalpen perpausetan ematen duen jokoaz. bait-en bidezko azalpen horietan zerbaiten arrazoia ematen dugu:

  • Dei iezaiozu telefonoz, gaur urteak betetzen baititu → agindu baten azalpena ematen dugu
  • Medikuarengana noa, buruko minez bainabil → adierazpen soil baten azalpena
  • Bainatzera joan ginen, bero izugarria egiten baitzuen → gertaera baten, bainatzera joan izanaren arrazoia
  • Non ezkutatu zarete? Zuen bila ibili bainaiz goiz osoan → galdera bat egitearen arrazoia.

Azalpenak perpaus nagusitik bereiz ematen dira, askotan eten nabarmen baten ondoren. Non ezkutatu zarete? Zuen bila ibili bainaiz goiz osoan adibidean, esaterako, galdera baten ondoren eten handia dago, eta eten horren ostean ematen du hiztunak azalpena. Batzuetan, gorago esan dugun bezala, egin den edo egiten den baieztapen baten arrazoia emateko erabiltzen dugu azalpena: agindu bat edo galdera bat egitearen arrazoia.

Bestalde, inferentzia baten oinarria bil dezake azalpenak:

  • Ekaitza izango da, barometroa nabarmen jaisten ari baita.

Perpaus horretan, esaterako, hiztunak badaki presioa jaisten denean ekaitzak sortzen direla. Eta jaitsiera hori gertatu denez, hiztuna ondorio honetara iristen da: ‘ekaitza izango da’. Eta [barometroa jaisten ari baita] perpausa eskaintzen zaigu iragarpen horren azalpen gisa. Barometroa jaistea ez da ekaitza sortzearen kausa, bistan denez, ondorioa baizik. Munduan barometroak izan baino lehen ere ekaitzak izango ziren, segurutik.

Askotan usteak adierazten ditugu eta adierazpen horien azalpenak eskaintzen. Uste hori hiztunak modu esplizituan adieraz dezake edo isilean utzi:

  • Ezbeharren bat izango zuen, (zeren) beti puntu-puntuan iristen den horietakoa baita Mikel.

Adibide horretan solaskideek eragiketa asko egin behar izan dituzte: Mikelek ordua ongi zaindu ohi du. Hala ere, gaur ez da orduan agertu. Hori da solaskideek dakitena. Eta horretan oinarriturik, hiztunak ondorioztatzen du Mikelek ezbeharren bat izan duela. Ondorio horretara iristeko abiapuntua da, hain zuzen, azalpen gisa ematen dena.

Hitz egiten dugunean, batzuetan etorkizuna iragartzen dugu (geroaldia erabiliz, adibidez), aginduak ere eman ditzakegu, eskari-erreguak egin, galderak ere maiz egin behar izaten ditugu… Horiei azalpen bat gehitzen diegu maiz, egin dugun iragarpena, galdera edo eman dugun agindua justifikatzeko:

  • Trena galduko du, oraindik ez baita etxetik atera.
  • Eros ezazu ardo on bat, gaur gonbidatuak baititugu.
  • Nolatan idatzi duzu artikulu hori? Momentuko burutazioek ez baitute argitaratzeko balio.

Hortaz, bait- menderagailuaren bidezko azalpenak (-eta enklitikoaren bidezkoak bezala), aproposak ez ezik, ezinbesteko ere gertatzen dira zenbait esaldiren ondoren.

bait- azalpenezkoaren kokagunea

bait- bidezko azalpenak, normalean, perpaus nagusiaren ondoren ematen dira, eskuinean:

  • Emakume ezkondurik nekez agertuko da dantza eta gehiegikeriak diren tokietan, haren duintasuna orbandurik geratuko bailitzateke. (Euskara Batua Saio-artikuluak, L. Baraiazarra)
  • Randy Jok esan zuen ideia ona litzatekeela gerra sortzea, langabeziarekin bukatzeko, denak hilko baikintuzkete edo denak armadan sartu beharko baikenuke. (Euskara Batua Literatur prosa, I. Ugarteburu)

Azalpenezko bait- formaren ohiko lekua perpaus nagusiaren eskuinean da beraz, goiko adibideetan ikusten den bezala, adierazpenaren, aginduaren edo galderaren ondoan, haien arrazoia ematen duela. Dedukziozkoetan berezkoa dute leku hori eta ezin dira nagusiaren aurrera pasatu:

  • ??Burumakur baitatoz, partida galdu dute.

Gainerakoetan, ordea, ezker muturrean ere joan liteke:

Perpaus nagusian tartekatuta ere joan liteke, parentesi antzera:

  • Aurten, ura oso hotza baitago, ez naiz oraindik itsasoan sartu.
  • Bospasei egunez, negua baitzen, elurrean bide egin zuten. (Laphitz 1867)
  • Ez nuke honekin, lekua ez baita batere egokia, aurrera jo nahi. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)

Adibideetan ikusten denez, bestalde, mendeko aditza perpausaren azkenean ematen da maiz:

  • bikotea urrun samar baitzegoen.

Baina baita ondoan beste osagairen bat duela ere:

  • hotza baitzen gaua.

Baina ohiko jokabidea azalpenak azkenerako uztea izan ohi da.

bait-, -elako

Azalpenak emateko –elako baino egokiago gertatzen dira bait- perpausa edo –eta enklitikoa. Azalpenak perpausean 'kanpoko' zerbait dira. -(e)lako kausalak, aldiz, perpausaren muinean, barnean, daude. Altube (1923: 213) aspaldi ohartu zen horretaz. Har dezagun gogoan haren adibide sorta luzetik, honako pare hau:

  • *Asko irabazi dau antza, arpegi argi ta barrekirria dakarrelako.
  • Asko irabazi dau antza arpegi argi ta barrekirria dakar-eta.

Adibideotan, hiztunak uste baten berri ematen du, hala adierazten du antza hitzak. Eta uste baten adierazpenari dagokiona azalpena da, ez benetako zergatia.

Honako perpaus parea ere argigarri izan liteke:

  • Abokatuek habeas corpus-a eskatu dute, atxilotuak osasun makala duelako.
  • Abokatuek habeas corpus-a eskatu dute, atxilotuak osasun makala baitu.

Bi perpausok zuzenak dira, baina ez dute gauza bera esan nahi. Lehenengoan abokatuek zer eskatu duten adierazten du hiztunak, eta baieztapenean sartzen du baieztapen horretarako abokatuek berek eman duten arrazoia. Gertaera bera (abokatuek habeas corpus-a eskatzea) eta eskaera hori eragin duen arrazoia (atxilotuak osasun makala izatea), biak batera ematen ditu hiztunak. Bigarren perpausean, aldiz, hiztunak bi baieztapen egiten ditu: batetik, lehen bezala, abokatuek zer eskatu duten adierazten du. Eta abokatuek horretarako izan duten arrazoia, atxilotuaren osasun txarra alegia, hiztunak berak, bere kontura, aipatzen du. Lehen perpausean benetako kausala zena, bigarrenean azalpen gisa ematen da. Hiztunak bere gain hartzen ditu azalpenak, hiztunak bere egiten dituen arrazoiak dira.

Aginduei, galderei eta holakoei buruz gorago esan duguna ere ildo honetatik doa: hiztunak zerbait agintzen du, adibidez, eta agindu hori emateko duen arrazoia ere adierazten du, azalpen gisa.

Baina bada beste kasu nabarmen bat, non azalpenak onartzen diren eta benetako kausalek lekurik ez duten. Hori da, hain zuzen, benetako munduan kausa eragilea izango litzatekeena ondorio gisa ematen dugunean gertatzen dena:

  • Ez diote baimenik eman, haserre baitator. (=haserre dator eta)
  • *Ez diote baimenik eman, haserre datorrelako.

Bigarren adibideari izartxoa ezarri diogu okerra delako lehenengo adibidearen adiera eman nahi bazaio. Jakina, zuzena izango litzateke baldin eta haserre etortzeak baimena lortzeko bidea itxi badio, alegia, haserre egotea balitz baimenik ez ematearen arrazoia. Baina lehenengo adibidean haserre etortzea ez da baimenik ez izatearen arrazoia. Alderantziz, baizik: haserre datorrela ikusteak eraman du hiztuna ondorio batera, baimenik eman ez diotelako ondoriora. Ondorio logikoa: haserre dator eta hortik ateratzen du, inferitzen du hiztunak ondorioa: 'ez diote baimenik eman'. Era honetako azalpenei alegiazko azalpen esaten zaie EGLU-VI-n. Nolanahi ere, holako azalpenetan argi baino argiago dago (e)lako perpausak ez daukala lekurik.

bait- perpausa, galde-erantzunetan

-(e)lako perpausak galdegai izan daitezkeela esan dugu. Bakanka bada ere, bait-en bidez eman daitezke galdegai diren perpausak. Adibidez, galdera bati erantzuteko erabiltzen ahal da bait- perpausa:

  • Nola eznaizen beldur? Ezpaitut deusetan ere faltarik. Konzientzia baitut ona eta garbia. (Guero, "Axular")

Galdera bati horrela erantzuteko, perpaus nagusia aditzera eman gabe, balio lezake bait-ek, baina perpaus konplexuaren barrenean, galdegaigunean, agertzeko zailtasunak izan daitezke. Hala ere, [ez A, B baizik] moduko esapideetan aurki daiteke zenbaitetan. Ikus adibide bat:

  • Badira konprenitzen ez dutenak Frantsesen katixima edo predikuetan ifernua zertako aipu zuen hain ardura. Ez bakarrik zerua onartzekotz behar baita ere onartu zerurat joan ez ditazkenen toki beltza, bainan ere aintzinean zituen jende bortitz edo salbaiek ez baitzuten guk egun dugun bihotz minbera holako egia bortitzen iresteko. (San Frantses Jatsukoa, Narbaitz, P.) (= Badira konprenitzen ez dutenak (…) infernua zergatik aipatzen zuen hain ardura. Ez bakarrik zerua onartzeko zerura joan ez daitezkeenen toki beltza ere onartu behar delako, baizik aitzinean zituen jende bortitz edo salbaiek ez zutelako guk egun dugun bihotz minbera holako egia bortitzen irensteko).

Euskaltzaindiak honetaz

1 Ikus Euskaltzaindiaren 2. araua baitu, baikara, bainaiz. Arau horretan azaltzen dira menderagailua aditzari lotzen zaionean gertatzen diren aldaketa fonetikoak eta horien idazkera.
2 Ikus, honi buruz, OEH s.v. bait

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "bait-", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3