Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:3

-eta

Beste atal batean ikusi dugu eta hitza juntagailua izan daitekeela. Hemen, baina, 'beste' eta bat aztertuko dugu, -eta enklitikoa, beste osagai bati atxikita ematen dena, hain zuzen ere. Osagai honekin eratzen diren egiturak ere aztertuko dira, hala nola, -la + -eta eta dela eta, dela kausa, dela bide, dela medio postposizio esapideak.

Zer da -eta enklitikoa?

Kapitulu honen sarreran esan dugu juntadura soilak iradoki dezakeela kausa-ondorio erlazioa (perpausen esanahia halakoa delako):

  • Gau iluna da eta ez da ezer ikusten.

Nolanahi ere, kausa-ondorio erlazio hori argiagoa da, mendebaldeko euskalkietan eta juntagailua aurreko perpausari enklitikoki atxikita ematen denean. Halakoetan -eta enklitikoa dela esaten dugu:

  • Gau iluna da-eta, ez da ezer ikusten.

Ahozkoan -eta enklitiko hori -ta ahoskatzen da maiz bokalen ondoan (iluna da-ta) eta -da, berriz, n edo l kontsonanteen ondoan:

  • iluna da eta > iluna da-ta
  • hala zen eta > hala zen-da
  • Auxe diño ta auxe egingo dau, bizkaitarra da ta. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • Baña zerua baizen zabala Neure belarria da-ta, aizerik meenak orri sortu-barriari zelako itza esaten dautsoen, be, entzun dagiket. (Poema solteak, "Lauaxeta")

Idatzian, idazle batzuek marratxoa edo koma ipini izan dute enklitikotasuna seinalatzeko, hori gabe zalantzakoa izan baitaiteke juntadura arrunta ala enklitikoa den:

  • iluna da-ta
  • iluna da ta, goazen
Euskaltzaindiaren 27. arauaren arabera, euskara idatzian eta osorik ematea da egokiena. Eta marra edo koma ipintzea ere egoki da, adiera anbiguoa denean.

Kontua are argiagoa da, gainera, -eta enklitikoa daraman perpausa bestearen eskuinean ematen denean:

  • Ez da ezer ikusten, gau iluna da eta.

Perpausen arteko kausa-ondorio erlazioak bideratzen du, hain zuzen ere, eta enklitiko bilakatzea eta perpausen ordena trukatzea.

Kategoria

Kategoriari dagokionez, -eta enklitikoa ez da menderagailua, ez baititu menderagailuek dituzten ezaugarriak. Ikus ditzagun bien arteko ezberdintasunak:

  • menderagailuak adizki jokatuari itsatsita joaten dira beti: ba-, bait-, -n¸ -la…
  • -eta enklitikoa, aldiz, aditzari itsatsita joan daiteke baina perpausaren beste osagairen baten enklitiko ere izan daiteke:
    • Jaramonik ez dit egingo-eta, bihotza erdibituko zait. (Altuna 1927, 32)
    • Nundik galbiltzaz lagun maitteak? Zelan joan atx atara? Zulatu jaku txalupea-ta, Laster ondatuko gara. (Josetxo, Etxeita, J. M.)
  • menderagailuak, bestalde, ez dira bateragarriak adizki alokutiboekin: *etorri baduk, *eseri dunala…
  • -eta enklitikoa, aldiz, ager liteke halako adizkiekin: etorri duk-eta, eseri dun-eta…

Baina -eta enklitikoak baditu juntagailuek ez dauzkaten ezaugarri batzuk:

  • juntagailua [+azentuduna] da eta juntaturiko perpaus bien artean ematen da, ezker-eskuin etenak dituela.
  • -eta enklitikoa, berriz, [-azentuduna] da eta aurrekoari itsatsita doa, eta etena ondoan egin daiteke: Berandu da-eta, goazen etxera.
  • Bestalde, juntaturiko perpausak ezin dira nolanahi trukatu:
    • Etxera deitu nion eta tabernan elkartzekotan geratu ginen.
    • Tabernan elkartzekotan geratu ginen eta etxera deitu nion.
    • Bi perpaus horiek ez dira berdinak. Are gutxiago juntagailua bera ere atzeratuz gero:
    • *Tabernan elkartzekotan geratu ginen, etxera deitu nion eta.
    • Eta horixe da, hain zuzen ere, -eta enklitikoarekin egiten dena, atzeratu, azalpen zentzua emateko:
    • Goazen etxera, berandu da eta.

Horrenbestez, esan daiteke, -eta enklitikoa ez dela juntagailu soila, eta, bestalde, menderagailua ez bada ere, halakoa izateko bidean dela. Eta, orobat, harekin eginiko perpausak mendeko perpaus ez badira ere, halakoak izateko bidean direla1.

Balioa

Balioari dagokionez, -eta enklitikozko perpausak azalpenezkoak dira, perpaus nagusiaren kanpoko modifikatzaileak direlako. Bait- erabiltzen ez zuten mendebaldeko euskalkietan sortu zen, hain zuzen ere, ez hain aspaldi2, azalpenezko perpausak eratzeko beste forma hau.

Juntagailutik sortua izanik, mota guztietako perpausekin erabil daiteke:

  • agindu gisako perpausen ondoan, izan agintera, adizki hortatibo nahiz iusibo, haiei dagokien azalpena emateko:
    • Utzi nazazu, egunsentia da eta.
    • Gauden erne, etsaia hurbil da eta.
    • Dihoala urrutira, ez dugu horren beharrik eta.
  • adierazpenen ondoan ere erabiltzen da:
    • Ez naiz luzatuko, berandu da eta.
    • -Neuk jarraituko dut, aspaldi ez dut hitzegin eta - esan zuen A-k. (Groenlandiako lezioa, Atxaga)
  • dedukziozko azalpenak ere eratzen ditu:
    • Partida galdu dute, burumakur datoz eta.
    • Horrelakoetan, ohi bezala, esaten dena ez, esatea azaltzen du ­-eta perpausak: Partida galdu dute[la diot], burumakur datoz eta.

Kokagunea

Adibideetan ikusten denez, -eta perpausa perpaus nagusiaren ondoan joan ohi da. Baina, hala ere, perpaus nagusiaren aurretik ere ematen da batzuetan:

  • Berandu da-eta, goazen etxera.

Nagusiaren barnean tartekatuta ere bai:

  • Bere lagunak, agura zan da, eukan lepoa makurra, zorizkoa zan ondo ikusteko, zapaldu baino len, lurra. (Parnasorako bidea, Azcue, E.)

Azkenean ere sarri ematen da, adizki jokatuaren ondoren:

Beste osagai baten ondoan:

Eta barnean ere bai:

  • Ez ihes egin […]; zaldun bat bakarra da-eta ekiten dizuena. (Don Kijote mantxa'ko, Berrondo, P.)

-eta vs bait-

Mendebaldeko euskaraz batez ere, bait-en bidez eman daitezkeen azalpenak eta enklitikoaren bidez ordezka daitezke:

  1. Goazen guztiok dantzara, azkeneko eguna da eta. (= azkeneko eguna baita)
  2. Lana eman diote, poz-pozik atera da eta. (= poz-pozik atera baita)

Hortaz, bait-i buruz esandako guztiak balio du eta enklitikoarentzat ere: azalpenak emateko baliatzen dugu, perpausaren eskuin muturrean agertzen da normalean, eta abar.

Baina, bait-en eta eta enklitikoaren artean, antzekotasunak ez ezik, diferentziak ere badira:

A) Bait- aditz-aurrizkia da. Horrenbestez, aditz jokatuari itsatsia agertzen da beti. Eta, aldiz, enklitikoa dela esaten badugu ere, ez doa, nahitaez, adizki jokatuari atxekia, gehienetan hala doan arren. Adibidez, perpausa ezezka emana denean, adizki nagusiari itsatsia joango da:

  • Hasi egingo gara, beste inor ez da etorriko eta.
  • cf. Hasi egingo gara, beste inor ez baita etorriko.

TRISTE DAGO, SENARGAIA AUSTRALIARA JOAN ZAIOBestela ere, aditzetik urrun samar aurki dezakegu, ahozko jardunean bereziki:

  • Triste dago Xabier, andregaia joan egin zaio Australiara eta.
  • (= Triste dago, andregaia joan egin zaio eta Australiara.)

B) Bait-, -(e)n bezala, benetako menderagailua da. Horrenbestez, nola, zeren, ezen eta antzeko lokailuekin batera agertuko zaigu, aditzari itsatsirik. Lan hau ezin du eta-k egin. Izan ere, eta ez da menderagailu “peto-petoa” (ik. Rotaetxe 2007). C) Bestalde, bada eta-ren eta bait-en arteko beste desberdintasun bat, aurrekoarekin erabat loturik datorrena: bait- menderagailu denez, adizkia ezin daiteke alokutiboa izan. Eta-rekin, berriz, horretarako oztoporik ez da:

  • Ager hadi lehenbailehen, hire beharra baitugu (*baitiagu).
  • Ager hadi lehenbailehen, hire beharra diagu eta.

Eta enklitiko hau menderagailu peto-petoa ez dela esan dugu. Bestalde, bistan da emendiozko juntagailuarekin zerikusia baduela. Hori argi ikusten da goiko perpausen modukoak beste baten mende txertatu nahi ditugunean, osagarri gisa, adibidez:

  • Berehala agertzeko esan zioten, haren beharra baitzuten.
  • Berehala agertzeko esan zioten, haren beharra zutela eta.

Perpaus hauek zerbait erakusten digute. Batetik, goikoak adiera berekoak badira ere, oraingo (1) eta (2) ez dira: (1)ean hiztunak bi baieztapen egiten ditu, batetik dio norbaiti zerbait esan ziotela eta bestetik, haren beharra zutela adierazten du. Bi adierazpenak hiztunak bere kasa egiten ditu, bere ardurapekoak dira, nolabait. (2)-an, aldiz, hiztunak baieztapen bakarra egiten du: norbaitzuek norbaiti berehala etortzeko esan ziotela, haren beharra zutela argudiatuz. Haren beharra zutelako kontu hori ez du jadanik hiztunak bere gain hartzen. Azalpen hau ez dago hiztunaren ahoan jarria, berehala agertzeko esan zutenen ahoan baizik. Goiko perpausak beste hurrenkera batean ere eman litezke:

  • a. Haren beharra baitzuten, [ [berehala etortzeko] esan zioten].
  • b. [Haren beharra zutela eta berehala etortzeko] esan zioten.

Hemen oraindik argiago gelditzen da bi perpausen arteko aldea, bai egiturari dagokionez, bai esanahiari dagokionez. Garbi dago (b)-n juntadura dugula. Beraz, eta juntagailua dela. Alegia, eta enklitikoaren bidez osatutako azalpena mendeko perpaus baten barnean eman daiteke, baina hori gauzatzeko bide bakarra juntaduraz baliatzea da. Alegia, juntadura bera mendeko gisa emanaz.

GOAZEN IKASTOLARAGoazen orain, atzera, perpaus lokabeetara:

  1. Ikastolara noa, bilera bat dut eta.

Hau ere beste hurrenkera batez baliatuz eman daiteke:

  • (1') Bilera bat dut eta ikastolara noa.

Perpaus hauen artean, esanahiari dagokionez, ez dago alde handirik. Egiturari dagokionez, aldiz, garbi dago (1’)-k juntadura arruntaren itxura duela. (1)-ean, berriz, juntadurako lehen perpausa, juntagailu eta guzti, eskuinaldean ezarri dugu. Hemen garbi dago azalpena dugula. Eta esanahiaren aldetik (1) eta (1’) berdinak badira, bietan daukagu azalpen bera: [bilera bat dut eta]. Azalpena izatea, hortaz, ez zaio zor perpausen hurrenkerari. Hurrenkera aldaketa hori zilegi izateko, aldez aurretik beharrezko da bi perpausen artean erlazio semantiko jakin bat izatea, kausa-ondorio erlazioa alegia. Behin erlazio hori izanez gero, bidezko gertatzen da hitz ordena aldatzea. Ondoko adibide pare honetaz baliatuz argiro ikusiko dugu:

  1. Nekaturik nengoen eta oherako bidea hartu nuen.
  2. Mikel nekaturik zegoen eta nik juergarako gogo izugarria nuen.
  3. Mikelek kontzertu bat eman zuen eta jende mordo bat izan zuen entzule.

Hiru perpaus hauek kontuan hartuta, erraz ikusten da (1)-ean, nekaturik egotea eta oherako bidea hartzearen arteko erlazioa kausa-ondorio, edo, nahiago bada, eragile-ondorio erlazio bat badela. (2)-an ez dago holakorik. Hemen nolabaiteko kontrakotasuna edo nabari daiteke. Horregatik, perpaus hori aurkaritzako juntaduraren bidez ere eman zitekeen:

  • (2b') Mikel nekaturik zegoen baina nik juergarako gogo izugarria nuen.

(3)-ko juntadura, berriz, gehitze hutsezkoa dela esan daiteke. Bi juntagaien artean ez dago bestelako erlazio berezirik, ez aurkaritzarik, ez baieztapen-azalpen erlaziorik. Gehitze hutsa. Kontua da (1)eko eta (2)ko adibideetan lehen juntagaia bigarrenaren ostean ezar daitekeela, juntagailua berekin daramala, eta esanahia ez dela horratik asko aldatzen:

  • (1') Oherako bidea hartu nuen, nekaturik nengoen eta.
  • (2') Nik juergarako gogo izugarria nuen, Mikel nekaturik zegoen baina.

Aitzitik, ezin dugu hori egin (3)-rekin:

  • (3') *Nik juergarako gogo izugarria nuen, Mikel nekaturik zegoen eta.

Honek guztiak erakusten digu, bi juntagaien arteko erlazioa kausa-ondoriotzat interpreta badaiteke, orduan eta enklitiko gisa eman daitekeela. Hori gorabehera, perpausean inolako ordena aldaketarik ez egitea erabaki dezakegu (cf. 1). Orduan, lehen juntagaiak azalpen izaten segitzen du, baina perpausean bertan ez zaio gehiegi antzematen, intonazioan ez bada. Izan ere, enklitiko izateak esan nahi du nolabait juntagailuak berez duen azentua galdu eta ezkerreko elementuaren babesa eta arrimua bilatzen duela. Hori gertatzen denean, gainera, prozesua aurrerago eraman daiteke, perpausa, juntagailu enklitiko eta guzti, eskuinera eramanaz (cf. 1'). BAINA juntagailu aurkaritzakoarekin ere beste horrenbeste gertatzen da (cf. 2'). Orduan, baina enklitikoa daraman perpausa kontzesibo gisa interpretatzen da. Hortaz, bi juntagaien artean gertatzen den erlazioak baldintzatua dagoela dirudi juntagailua enklitiko bihurtzea eta honen ondorioz, juntagaien ordena atzekoz aurrera ematea. Nolanahi ere, eta juntagailu hori erdibidean bezala dago: ia atzizki bilakatua da baina menderagailu izatera iritsi gabe oraindik. Horregatik, ez du galerazten forma alokutiboen erabilera (hau eman ohi da perpaus baten mendekotasunaren frogatzat), eta, bestalde, gorago esan dugun bezala, eta ia atzizki bihurtua bada ere, ez da oraindik bilakaera hori gauzatu eta, horrela, ez zaio nahi eta ez aditz jokatuari itsasten.

Eta enklitikoaren bidez osatzen diren azalpen hauen ohiko lekua eskuinaldea da. bait-ekin ere ohikoa da hori. Hala ere, bai bait-dun perpausa bai eta enklitikoa duena, ezkerraldean ere eman daitezke. Tartekaturik ere bai. Baina, jakina, eta enklitikodun perpausa ezkerrean ageri bada, nekez jakingo dugu juntadura arrunta dugun ala menderakuntzara hurbiltzen den zerbaiten aurrean gauden:

  • Azkeneko eguna da eta goazen guztiok dantzara.
1 EGLU VI-ren arabera (VI, 201), ­-eta enklitikoko perpausak juntaturiko perpausak trukatzetik sortzen dira: Argia da eta berehala ikasiko du → Berehala ikasiko du, argia da eta. de Rijk-ek, berriz, iradokitzen du -eta enklitikoa eta horregatik esaldiaren lekuan dagoela (2008, 606).
2 Gregorio Arruek 1885. urtean idatzi zuen lanean aurkitu zuen kausazko -eta enklitikoaren lehen agerpena Villasantek (1986, 169).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-eta", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3