Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:3:2

Postposizio esapideak

[Izan + -la] forman oinarrituta, postposizio esapideak eratzen dira, izen sintagmari eransten zaizkionak:

  • ([IS] + {dela eta ~ dela kausa ~ dela bide ~ dela medio)

Horrelakoen oinarrian perpausa badago ere (IS + da), forma horietan postposizio gisa lexikalizatu direla esan daiteke –kapitulu honen hasieran aipatu direnen pareko postposizioak–, eta, hortaz, ez ditugu perpaustzat hartuko.

dela eta

[IS + dela-eta] gisako esapideetan, dela-eta formak aurrean daukan ISda aditzaren subjektua– seinalatzen du perpausean esaten denaren kausa moduan:

  • Dirua dela-eta, haserre handiak sortu dira.

Esan bezala, dela-eta berez, perpaus bat da, dela aditza lekuko. Baina postposizio gisa, forma ihartua izango litzateke, lexikalizatua:

  • Beste hitzkuntzei, komeni zaien neurrian, hitz berriak sortzeko eskubidea ez diegu ukatzen; zer dela eta ukatu behar diogu eskubide hori gure euskarari? (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • Gizon batek beste bat hil du labankadaz, trafiko eztabaida bat dela eta.
  • Ni, ordea, gizakume bat baizik ez naiz: herriminez bizi nintzen hemendik urrun, eta ikusi herri hau dela ta dut orain min. (Narrazioak, Mirande)
Esapide horiek ihartuta daudela esan dugu. Gehien erabiltzen diren itzuliak, hain zuzen, 'zer dela eta' eta 'hau/hori dela eta' dira:
- Lehenbizikoak nolabait kausaz edo arrazoiaz galdetzeko balio du, zergatik? galdetzen dugunean bezala, baina adiera desberdinean.
- 'Hau/hori dela eta' bezalakoak, berriz, aurreko esaldiari egiten dio erreferentzia. Alegia, bi perpausen arteko lotura ezartzen du. Hortaz, lokailua dela esan genezake.

Ildo horretan, zer dela-eta? eta zergatik? galderak, esate baterako, baliokideak dira, eta orobat hori dela eta eta horregatik esaldiak:

  • {Dirua dela-eta ~ diruagatik}, haserre handiak sortu dira.
  • Kirten baten billa ari gera, (…) gure bizitza andik sendo lotzeko (…). Au dela-ta, Jainko ezezaguna-rentzat erruz jaso izan dira beti aldareak munduan.(Kristau fedearen sustraiak. I. Jainkoa., Villasante)

Hori kontuan hartuta, bereizi egin behar dira aurreko atalean ikusi ditugun -la + -eta egiturak, ‘esan’ edo ‘pentsatu’ inplizitu bat dutenak eta atal honetan ikusi ditugunak, azalpenaren oinarri izen bat dutenak:

  • Gaur jai dela-eta, pozik dira ikasleak = ‘jai denez’
  • Gaurko jaia dela-eta, pozik dira ikasleak = ‘gaurko jaiagatik’

Horien parean, bestelako itzuliak ere badira:

  • Esan zuen [nahiko lan bazuela eta ez zuela agindu berririk hartuko].

Adibide horretan, mendeko perpausa juntatua da; eta juntagailuak –(e)la-dun bi perpaus juntatzen ditu. Arazo larririk ez, hortaz:

  • Esan zuen [nahiko lan bazuela] eta [ez zuela agindu berririk hartuko].

Goiko adibideetan ere juntagailua hor dago, baina ez dakigu ziur zein diren juntagailu horrek juntatzen dituen juntagaiak. Bata –(e)la-dun perpausa da, baina perpaus nagusia desberdina denez, ezin bien arteko juntadurarik izan. Pentsa liteke, agian, –(e)la hori isilean edo dagoen aditz baten osagarri dela. Horrela ere, ordea, arazoa ez dugu konpontzen. Perpaus honetan, esaterako, zail da ustezko predikatu hori zein den jakitea:

  • [Trafiko eztabaida bat dela [?] ] eta [gizon batek beste bat hil du labankadaz].

Beste batzuetan, aldiz, errazago gerta liteke zerbait ezabatua dagoela onartzea:

  • Nahiko lan egina zela eta ez zen gehiago agertu lantegian.

Adibide horretan pentsa liteke holako zerbait badela:

  • [Nahiko lan egina zela [uste izan zuen] ]eta [ez zen gehiago lantegian agertu].

Esapide hauek, egitura gorabehera, gorago aipatu ditugun –(e)lakoan-en aski pareko direla ematen du.

Komunztadura

Oinarrian aditza duela, honelako esapideek numero komunztadura betetzen dute:

  • Dirua dela-eta, kezkatua dabil jendea.
  • Kirolak direla-eta, eztabaida beroak sortzen dira.

Aldiari dagokionez, berriz, jokabidea askeagoa da:

  • esapidea iraganean ematen bada, nagusiak ere iraganean behar du:
    • Dirua zela-eta, kezkatua {zebilen ~ *dabil} jendea.
  • orainaldiko forma lexikalizatuagoa dago eta aldi guztietako nagusiak onartzen ditu:
    • Dirua dela-eta, kezkatua {zebilen ~ dabil ~ ibiliko da} jendea.

Beste pertsonekin erabiltzea ere zilegi da:

  • Orain zein zindo negar egiten duen, ni naizela-ta! ( Platon'eneko atarian, Zaitegi, J.)

Balioa

Esan dugu halakoek kausa balioa dutela baina kontuan izan ez dela beti hala. Gorago eman diren adibideek kausa balioa dute:

  • Ordua dela-eta, ohera joan dira etxekoak.
  • Eskolako lanak direla-eta, ez du lagunetara joateko modurik izan.
  • Buruko mina zeukala eta erretiratu egin zen berehala.

Horietan zergatik? galderari erantzuten dio postopsizioak, zerbait zer dela eta gertatu den azaltzen du:

  • Ordua dela eta → orduarengatik, ordua dela ta
  • Eskolako lanak direla eta → eskolako lanengatik, eskolako lanak direla eta
  • Buruko mina zeukala eta → buruko mina zeukalako, buruko mina zeukala eta

Beste zenbaitetan, ordea, gaia-edo ematen du aditzera, -i buruz postposizioaren edo zertaz sintagmaren pareko direla dirudi:

  • Plajioa dela-eta, ideiak oso garbi dauzkate. (Groenlandiako lezioa, Atxaga)
  • Politika dela-eta, ez dut ezer esango.

Honelako esapideak idatzien izenburu gisa ematen direnean ere kausa ez, -i buruz adiera dute:

dela kausa~bide~medio

Kausarekin zerikusia duten beste esapide batzuk ikusiko ditugu segidan. -eta enklitikoarekin ez ezik, kausa, bide eta medio izenekin ere eratzen dira esapide eginak. Egitura hauek izan aditza daramate, eta izen bat seinalatzen dute azalpenaren oinarri:

  • Ez dauka, haatik, inork italianoa hobetzat bereizkuntza hori dela kausa. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Nik, eta bestek (…) hiztegia zela bide jakin genuen Euskaltzaindia bazela. ( Hizkuntzalaritzaz II, Mitxelena, K.)
  • Terreno batzuek zirala medio zuten auzi ori, eta Aizarna'ko basarritarrak gelditu ziran beren terreno oiekin, eta ala esan omen zuan Zestua'ko bañu-etxeko jerenteak, Don Pakok, Martiñengatik: -¡Ese casero ilustrado nos ha hundido! (Sasoia joan da gero, "Uztapide")

‘bereizkuntza hori’, ‘herri hau’, ‘hiztegia’ eta ‘terreno batzuk’ dira, adibideetan, kausa edo eragile modura seinalatutako izen sintagmak.

Egitura hauek kausazko perpausen artean daude sailkatuta EGLU VI-n. Hala ere, itzuli hauek duten egiturari erreparatuta, -(e)la-dun perpaus adberbialen artean ere azter litezke. Aski ihartutako moldeak dira, nolanahi ere:

  • Abstentzioa dela medio, bi alderdiek boto galera handia izan dute.
  • Bake hura dela kausa, Alemaniaren parte on bat galdu da eta, Frantziaren beste parte handi bat ahultzen ari da. (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)
  • Nire eskutik hartu behar dituzu zazpi arkume hauek. Ezaugarri hau dela bide, denek jakingo dute ur-putzu hau nik zulatu dudala. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)

Postposizio bilakaturiko esapideak dira horiek ere, esan bezala, -gatik postposizioaren parekoak:

  • Dirua {dela kausa ~ dela bide ~ dela eta} haserretu ziren = Diruagatik haserretu ziren

Kausa adierazten dutenez, galdegaien ez-bai kontrastean erabil daitezke:

  • Baiñan baldin zure bihotza khexatua sentitzen baduzu, ez zenbait objet agradarrientzat duzun amodioa dela kausa, baiñan zeren duzun eziñbertzezko higuintza bat presuna batentzat, zeiñaren baitan ez baituzu deus onik, ez ungirik aurkhitzen. (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)

Esapidearen aditza orainaldian ematea da ohikoena, baina iraganean ere eman daiteke, goiko adibideetako hiztegia zela bide eta terreno batzuk zirela medio perpausek erakusten duten moduan; baina hala denean, perpaus nagusiko aditza ere iraganean ematen da, adibideetako jakin genuen eta zuten bezala. Esapidearen aditza orainaldian dagoenean, berriz, nagusia aldi guztietakoa izan daiteke:

  • Dirua dela kausa, haserre {zeuden ~ daude ~ egongo dira}.

Maiztasun handikoak ez badira ere, bestelako pertsonekin eginiko formak ere era daitezke:

Zenbait adibidetan ikusi denez, sarritan erakusle bat tartean dela erabiltzen dira holakoak:

  • Plaka bat ezarria izan da bere etxe tokian, hori dela medio bere etxe ondoko karrika horrek Xanpunen izena hartu du. (Herria, 2003-02-27, 4. orr.)
  • Inoiz, (…) ezin izan diote atzeman eromen zantzu argi eta garbirik; hori dela kausa, bere ziegan segitzen du. (Eguzkipekoak, Sastre, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Postposizio esapideak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3