Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:4

-enez gero

Gero aditzondoarekin osatzen da -enez gero egitura. Denbora perpausetan erakusten denez, egitura horrek jatorriz denbora adierazten du. Eta jatorria ez ezik, erabilera ere horrelakoa du zenbaitetan, gertakariaren noizdanikoa ematen baitu aditzera.

Adiera horrez gain, ordea, perpaus nagusian aipatzen denaren azalpena adierazteko ere erabiltzen da -enez gero:

  • MIREN: Jateko bearra bazenuen, Aba! XABIER: Bai, lotsagarria denez gero, aitortu dezadan guzion aurrean: gose naiz. (Ezkondu ezin ziteken mutilla, Lizardi)
  • Baiki, euskarari buruz, oro ikasle garenez gero, barkatu, irakurle maite emen erratera noan errazoinez. (Lekukotasuna, "Larreko")
  • Nere iritzia ontzat eman dezuten ezkero batzordea izendatuko degu. (Euskal eguna, Labaien, A. M.)
  • Euskarak azal nabar hori kaltegarri duenez gero, nahiago dugu euskara bizia euskararen edozein axaleko edertasun baino. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
Forma hauen ahoskerari eta idazkerari buruz, ikus Euskaltzaindiaren 26. araua, -z gero.

Adieraren inguruko zenbait azalpen

Azken adibide horietan denetan, azalpenak jasotzen dira. Baina, oro har, azalpenok oraingoan ezkerraldean ematen dira, batez ere. Horrenbestez, galde daiteke ea baden alderik eskuinaldean ematen diren azalpenen eta ezkerraldean ematen diren hauen artean. Eta galdera horri baietz erantzun behar genioke. Ez dago alde handirik, baina ñabarduraren bat bada tartean. EGLU-VI-n esaten da –(e)nez gero moduko perpausak azalpenak direla, baina bait-dunetan ez bezala, solaskideek partekatzen duten ezagutza bat jasotzen dela azalpenean. Alegia, nolabait solaskideek “adostutako” azalpen bat izango litzateke. Eta gauzak hala direla ematen du. Adibide batekin berehala ikusiko dugu kontua.

  • Euskalduna zara, euskaraz egiten duzu eta.

Perpaus hori esaten duenak bere gain hartzen du azalpena, eta bere egiten du azalpen horren egiatasuna. Bere iritzia ematen du hiztunak. Eman dezagun orain eztabaida bat dugula, nor den euskaldun eta nor ez, zer behar den euskaldun izateko, eta abar. Testuinguru horretan, batek esan dezake “nik euskaraz egiten dut”. Eta solaskidearen esaldi horretan oinarri harturik, hiztunak honako hau esan dezake:

  • Euskaraz badakizunez gero, euskalduna zara.

Zenbait baldintzazkotan gertatzen den gauza bera dugu:

  • Euskaraz baldin badakizu, euskalduna zara.

Hots, hiztunak solaskidearen baieztapena hartzen du eta horren gainean eraikitzen du azalpena, bi solaskideek adostutako azalpena, hain zuzen. Baliteke ezaugarri hau –(e)nez gero taxuko azalpenen kontua baino gehiago, ezkerretara emanak diren azalpenen ezaugarria izatea: adostua den zerbait mintzagaitzat hartzen da eta hau azalpen gisa ematen da ondoren datorren adierazpenari buruz, euskarri gisa. Ostera, eskuinaldean ematen direnak bestelakoak izango lirateke: hiztunak ez du, nahi eta ez, solaskidearen iritzia jasotzen. Aski du bere azalpena ematearekin. Adibide honek erakusten du hori:

Adibide horretan, “guztiok dakigun” egia batetik abiatzen da hiztuna. Guztiok baldin badakigu, solaskideek ere bai, noski. Hortik abiatuta, eta beraz bat tartean dela, gainera, hiztunak azalpena mintzagai gisa ematen du. Eta frogatu nahi dugunari buruz interesa duen kontua: bitxi samar gertatuko litzateke perpaus hori, bait-dun azalpen baten bidez emango bagenu, eskuinaldean:

  • ? Guztiok dakigu hizkuntzek ez dutela gorputzik; beraz, neurririk ere ez, gorputzik ez baitute.

Azken perpaus horretan alferrikako errepikatze bat bezala somatzen da. Dena dela, esamolde jakin baten ezaugarria baino areago, azalpenaren kokaguneari dagokion zerbait dela ematen du. Beste honetan, adibidez, -(e)nez gero forma dugu, baina eskuinaldean emana. Eta ez da bestelako eskuinaldeko azalpenekiko inolako alde berezirik nabaritzen.

Denborazkoak vs azalpenezkoak

Atal honen hasieran ere esan dugu -(e)nez gero morfema segidak denborazkoetan duela jatorria. Gero aditzondoak ondo asko salatzen du hori. Izan ere, normalean, kausa gertatzen da lehenbizi, eta ondorioa gero. Kontua da -(e)nez gero morfema-multzo bera zenbaitetan denborazkoa dela:

  • Maitasunak (…) dakarzkien neke eta atseginak, amets eta etsipenak, maiz agertu izan dira irakurgaietan, gizona horrelakorik egiten hasi zenez gero. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Bi balio hauen artean hautua egitea gehienetan ez da zaila izaten. Aski dugu horretarako testuingurua kontuan hartzea. Hala eta guztiz ere, batzuetan anbiguotasuna gertatzen da, eta zail da jakitea mota bateko ala besteko perpausaren aurrean gauden. Adibidez, perpaus honetan denbora edo zergatia/azalpena izan daiteke, nola ulertzen den:

  • Gizon madarikatu hura ezagutu zuenez gero, ez zuen bakerik izan.

Gehienetan, perpaus nagusiko aditza eta mendeko perpausekoa nolakoak diren kontuan hartzea aski da mota bateko ala besteko perpausaren aurrean gauden erabakitzeko. Dena dela, zenbait euskaratan anbiguotasunari ateak ixteko formula egokia bada: denborazkoetan, -(e)nez geroztik formaz baliatzen dira, eta azalpenetan, -(e)nez gero soila erabiltzen dute. Arazoa da beste euskaldun batzuentzat, Iparraldekoentzat bereziki, -(e)nez geroztik hau berau ere azalpen izan daitekeela:

Azken bi horiek denbora adierazten dute, baina ondoko beste hauek denbora kutsu handirik ez dute:

  • Eta zertako ibili behar zara seiñalatzeketan, eta bertzeri kargu emanketan? Paga ezazu zerorrek, zeurk zor duzunaz geroztik. (Guero, "Axular")
  • Halere, hasi naizenaz geroztik behar dut segitu ahal dutan hobekiena. (Piarres Adame, Elissamburu, J. B.)

Denborazko perpausak aztertzen diren kapituluan azaltzen den bezala, badira ezaugarri batzuk adiera biak bereizten dituztenak. Esaterako, azalpenezko perpausa ezin denez galdegai izan, -enez gero galdegaia denean denborazkoa izango da perpausa:

  • Eguna argitu duenez gero ari da lanean. → ‘noiztik’

Perpausaren esanahiak ere erakutsi dezake batzuetan zein den adiera:

  • Ameriketara joan zenez gero, ez da itzuli. → ‘noiztik’

Esaldi horretako -enez gero perpausa, esate baterako, ez da kausazkoa, norabait joatea ez baita, arrunki behintzat, ez itzultzeko arrazoia, denborazkoa dela esango genuke. Beste batzuetan, ordea, kausazko adiera nagusitzen da. Hala, egoera iraunkorra adierazten duten perpausak azalpenezkoak dira, ezin baitira denborazkoak izan:

  • Europarra denez gero, pasaporterik gabe ibil daiteke Europa guztian.

Gauza bera gertatzen da unean uneko irakurketa nekez duen egoera adierazten dutenekin edo ezezko perpausekin. Halakoak ere azalpenezkoak dira:

  • Jakintsua denez gero, harengana jotzen dugu aholku eske.
  • Entzulerik etorri ez denez gero, bertan behera utzi dugu hitzaldia.

Orobat, perpaus nagusia iraupenekoa ez denean edo geroari dagokionean, halakoetan perpausa azalpenezkoa izan ohi da:

  • Eguna argitu duenez gero, lanera joan da.
  • Eskatu didazunez gero, emango dizut aholkua.
  • Londresa joan zarenez gero, balia ezazu aukera ingelesa ondo ikasteko.

Bestalde, badira anbiguoak gertatzen diren perpausak, batez ere aditzaldia iraganekoa denean, horiek denborazkoak izateko joera izan ohi duten arren:

  • Ikasturtea amaitu zenez gero, oporretan dabil. → ‘amaitu zenetik’ nahiz ‘amaitu zenez’

Ildo horretan, kontuan hartzekoa da azalpenezkoak diren perpausetan -nez soilaz ordezka daitekeela -nez gero forma, mendebaldean bederen:

  • Ikasturtea amaitu zenez, oporretan dabil.

Denborazkoa denean, berriz, -tuz gero perpaus jokatugabeaz ordezka daiteke:

  • Ikasturtea amaituz gero, oporretan dabil.

Aldaketa horiek argituko lukete, hain zuzen ere, adibideko anbiguotasuna.

Bestalde, denborazkoetan aditza laguntzailerik gabe utz daiteke, [partizipioa + -z gero((z)tik)] esamoldea osatuz:

  • Parisera alde eginez geroztik ez dut ikusi Mikel.

Horren ondoan, [partizipioa + -z gero] soila ere badugu:

  • Alde eginez gero, ez dizute lanpostua gordeko.

Azken aurrekoa denborazko garbia da baina, azkena, aldiz, zerbait izatekotan, baldintzazkoa izango da. Nolanahi ere, hemen axola diguna da partizipio soilezko esamolde hauek ez direla sekula kausazko izango.

Balioa

Balioari dagokionez, agerikoa da forma hau azalpenezkoa dela, ez kausal betea, perpausaren kanpoko modifikatzailea baita. Hortaz, ez dio zergatik? galderari erantzuten:

  • Zergatik baztertu dute? -*Atzerritarra denez gero.

Eta horrenbestez, ezin da galdegai izan:

  • *Atzerritarra denez gero baztertu dute.

Hiztunak solaskidearekin partekatzen duen informazioa ematen du -nez gero perpausak azalpen gisa –edo, bederen, partekatu gisa aurkezten dena–:

  • Hemen zaudenez gero, lanean hasiko gara.

Horrek bereizten du -eta perpausak bideratzen duen azalpenetik, hau informazio berri bezala aurkezten baita, edo, bederen, ezaguna eta partekatua ez den informazio bezala:

Perpaus nagusian esaten denaren azalpena eskaintzen du zenbaitetan -nez gero perpausak:

  • Ni apaiza naizenez gero aholkularitzat hartu nau, bion artean arazo honi irtenbiderik hoberena bila diezaiogun. (Esku leuna, Garate, G.)
  • Gerezi sasoian gaudenez gero, ona litzateke gereziren bat ikustea, gerezi gozoak, edo gerezi garratzak sikiera. (Groenlandiako lezioa, Atxaga)

Aholkulari hartu izanaren zergatikoa azaltzen du mendekoak lehen adibidean, eta gereziren bat ikustea ona izatearena bigarrenean. Baina esatearen beraren azalpena ere eman dezake aditzera -z gero perpausak:

  • Baserri hau, galde egin duzunez gero, joan den mendekoa da.

Galdera egin izana ez da baserria zaharra izatearen zergatikoa, hori esatearena baizik: Baserri hau, galde egin duzunaz gero, joan den mendekoa de[la esaten dizut].

Bestalde, perpaus nagusia adierazpena izan daiteke, baina baita agintea edo galdera ere:

  • Ateri denez gero, [paseatzera joan dira]. → adierazpena
  • Ateri denez gero, [zoazte paseatzera]. → agintera
  • Ateri denez gero, [zergatik ez joan paseatzera?] → galdera

Kokagunea

Mintzagai gisa espezializaturiko esapidea eratzen du -nez gero perpausak, eta, hortaz, perpaus nagusiaren aurrean joan ohi da, goiko adibideetan ikusten den bezala. Ager daiteke, hala ere, tartean, haren mintzagai hanpatuaren ondoren:

Guztiz eskuinean ere ager liteke:

  • Paga ezazu zerorrek, zeuk zor duzunaz geroztik. (Guero, "Axular")

Aldaerak

  • Ekialdeko euskalkietan -naz {gero ~ geroz ~ geroztik} aldaerak ditu forma honek; azken biak dira erabilienak, eta, denbora ere seinala dezaketen arren, azalpena adierazten dute gehienetan.
    • Bada iduri dagot, ene irakurle maiea, Ipizpiku naizenaz gero, iainkoak nahi duela gizonen bihotzen gainean peinta detzadan ez xoilki ohiko bertuteak, bainan oraino haren debozione guziz maitea eta guziz oneritsia; (Philotea, Pouvreau, S.)
    • Hire ogia denaz gero, Egik hire janharia; Emanen dik hire ariman Bizitze miragarria. (Egia katholikak, Gaztelu)
    • ROXALI: Bon, hoin hertsia denaz geroz Eliza katolikoa, ni protestant egiten naiz. (Roxali, Larzabal, P.)
  • Hegoaldean, berriz, -nez {gero ~ geroz ~ geroztik} dira aldaerak; lehenbiziko biak dira erabilienak, eta horiek dira, hain zuzen ere, maizenik azalpena adierazten dutenak1:
    • Unen egile gipuzkoarra denez geroz, Gipuzkoan as baledi, bide berri ortan barna ibiltzen, orduan, beste guziak ari jarraikitzen garela, euskara garbia, nagusi ginuke. (Nafarroatik, "Larreko")
    • Maite diat Kondle Gorria! Dei egin dioat, Poz zelairat jin dadila, han baitago Boadag erregea betiereko jaun; nausi denez geroztik, haren herriak ez dik ez auhenik ez lorrik ezagutzen. (Artikuluak, Mirande) → denborazkoa
    • PANTXO Hik, orain, baduk gauza, eta, gauza denez gero, duenak ez duenari emanaz. (Bost urtian, Altzaga, T.)
1 Forma hauen ahoskerari eta idazkerari buruz, ikus Euskaltzaindiaren 26. araua, -z gero.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-enez gero", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3