Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:4:1

-naz gainean, -nez, -(e)n legez, -netik

-nez gero egituraren parean erabiltzen diren beste lau molde ikusiko ditugu hemen:

  • -naz gainean
  • -nez
  • -(e)n legez
  • -netik

-naz gainean

Iparraldeko euskalkietan –naz gainean forma ere erabiltzen dute batzuetan, -nez gero formaren balio berarekin; perpaus nagusiaren ezkerrean zein eskuinean joan daiteke hau ere:

  • Hirira bazoazenaz gainean, nahi duzu eraman ene xamarra? (Diccionario Retana de Autoridades)
  • Bai, bai, erosiko diat saldu nahi duianez gainean. ( Cerquand 1985, 49)

-nez

-(e)nez soilaz baliatuz, moduzko perpausak osatzen direla esan ohi da, moduzkotasun hori zer datekeen oso garbi ez badago ere. (Villasante, La oración causal en vasco, 244 orr.).

  • Esaten dutenez, nekazaritzatik baño geiago irabazten du jokotik. (Garoa, Aguirre, D.)

Holakoak oso arruntak dira esan, ohitura izan, uste izan, adierazi, kontatu eta holako aditzekin, betiere beste norbaiten iritzia geure alde edo ekarriz. Holakoetan, -(e)n bezala gisako itzulia ere erabiltzen da sarritan. Hortik datorkio, seguru asko, aipatu dugun “moduzko” izaera hori:

  • Esaten duten bezala, nekazaritzatik baino gehiago irabazten du jokotik.

Hala ere, Mendebaldeko euskalkietan -nez soilak azalpenezko perpausak era ditzake, forma horren berezko esanahia moduzkoa bada ere. Literaturan ez da gehiegi ageri, azken urteotan ez bada. Gorago esan den moduan, aditzaldia iraganekoa denean anbiguoa gerta daiteke -nez gero perpausa, denborazko zein azalpenezko irakurketa izan baitezake; anbiguotasun hori argitzeko-edo, azalpenezkoetan -nez soila erabiltzera jotzen dute gaur egun mendebaldeko euskaldun batzuek. Forma honetako perpausak ere mintzagai gisa espezializaturik daude; nagusiaren ezkerrean eman ohi dira maiz:

Baina eskuinean ere eman daitezke:

Hurrengo atalean aurkeztuko ditugun nola… –(e)n/bait nahiz zelan … –(e)n esapideen guztiz baliokide direla ematen du.

-(e)n legez

Dagokion lekuan azaldu den moduan, -n legez formarekin konparaziozko eta moduzko perpausak eratzen dira, baina, ohiko erabilera horrez gain, azalpenezko perpausak egiteko ere erabil daiteke:

  • […]baña eurak ez zaitubeen legez zeu ikusten, ez dira billdurtuten. (Baseerritaar nequezaleentzaco escolia, Moguel, J. J.)
  • Guztiz ezti zalia nazan legez, ez nintzan gomutetan argizaijagaz (Iturriagaren Berbaldijak, Uriarte)
  • Onetan ziarduela, urten eban aixe andi batek, esetsi eutsan euri zaparrada guztiz ugari bati, ta beriala azi zan ibaija: eurak ez egijen legez zuzenduten batela, ezin jarki jakozan ur korrontiari, ez urten liorrera. (Marijaren illa, Uriarte)
  • Mari Jesus neskatilla ona dok Martin, baña etxaguntzako alabea dan legez, etxoat uste igaz ezkontzeko asmorik erabilgo dabenik. (Josetxo, Etxeita, J. M.)

Aldaera, ohikoa, -n lez da:

Bestalde, nola-ren bidez eratutakoak, horregatik, hala edo halatan bezalako anaforekin korrelazioan ematen diren bezala, legez-dun perpausaren kausal balioa azpimarratzeko, perpaus nagusian anaforak sartzen ahal dira: haugatik edo hargatik esaterako:

  • Atzetik dauzkan legez oin bi luzeago, hargatik nahi duenean egiten du salto. (Durangoko Plateroak, Juan Cruz de la Fuente)
  • Beti dabillan legez guztijen onian, argaitik paratzen da pulpitu ganian. (Durangoko Plateroak, Juan Cruz de la Fuente)

Kokaguneari dagokionez, forma honetako perpausek perpaus nagusiaren ezkerrean dute ohiko lekua, mintzagaigunean, goiko adibideetan ikusten den bezala. Perpausaren beraren barneko hurrenkeran, berriz, {adizkia + -n legez} osagaia perpausaren azkenean ez ezik, haren barnean ere joan daiteke:

Mendeko perpausaren barneko hurrenkerari dagokionez, joera nagusia legez mendeko perpausaren azken muturrean ezartzea da. Hala ere, zenbaitetan perpauseko osagai batzuk muga honetatik kanpo kokatuta egon daitezke, betiere legez postposizioa adizki jokatuaren eskuinean doala. Gorago honako perpaus hau daukagu:

  • Onetan ziarduela, urten eban aixe andi batek, esetsi eutsan euri zaparrada guztiz ugari bati, ta beriala azi zan ibaija: eurak ez egijen legez zuzenduten batela, ezin jarki jakozan ur korrontiari, ez urten liorrera. (Marijaren illa, Uriarte)

Perpaus lokabeetan gertatzen den hitz hurrenkera berbera aurkituko dugu legez-en bidez osatutako perpausetan.

Bizkaieraz, zelan… –(e)n-en ordez, ohikoagoa da –(e)n legez moldea,[{nola/zelan}… –en] itzuliaren baliokide litzateke beraz -en legez.

-netik

Azkenik, ablatiboaren marka -tik gehituta, berez denborazkoa den -netik forma sortzen da. Egitura hau kausa edo azalpena adierazteko ere erabiltzen da bizkaieraz:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-naz gainean, -nez, -(e)n legez, -netik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3