Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:5

zeren...-n / zeren...bait-

Kausazko adiera duten formetan, zeren galdetzailea ere erabiltzen da. -n edo bait- menderagailuekin agertzen da gehienetan. Horixe ikusiko dugu ondoko lerroetan. zeren, zergatik, ezen formak soil-soilik nola erabiltzen diren ere ikusiko dugu.

Forma

Horrelakoetan aditzak –(e)n menderagailua hartzen du Mendebaldeko euskalkietan, edo bait- Ekialdean, edo batere ez.

  • zeren joan den[…]
  • zeren joan baita[…]
  • zeren joan da[…]

Menderagailurik ez badago, perpaus bat mendekoa eta bestea nagusia izan beharrean alborakuntza edo juntadura izango da. Nolanahi ere, perpaus horiek azalpenezkoak dira gehienetan. Hortaz, bait- soila dutenen guztiz pareko dira praktikan.

  • Buru gaixtoa duenak adiskide on guti izanen du, zeren halakoekin ihardukiz makhur-biderik baizen ez baita. (Laborantzako liburua, Duvoisin)

Azalpen garbia dugu hor.

Baina perpaus hauetan kausal beteak direla esango genuke. –(e)lako-ren bidez ere erraz eman daitezke:

ESKERRAK EMATEN[ez A, B baizik] gisako esamoldean ere aurki ditzakegu zeren… –(e)n/bait- taxukoak:

Galderazko perpaus baten barruan kokaturik ere ager daiteke, oraingoan ere –(e)lako-ren bidez ordezka daitekeela:

Zenbait euskaralariren iritzia gorabehera (Morfologia vasca, Azkue, R. M.), zeren-dun perpaus hau tradizio handikoa da.

Erabilera

Zeren hori zer galdetzailearen genitiboa da, zenbait testuingurutan zergatik galde hitzaren parekoa:

Baina azenturik gabe, kausa adierazteko erabiltzen da forma horietan. Erabilera hori ez da, ordea, berdina izan ez denbora guztian ez euskalki guztietan.

Ekialdean zeren… -n eta zeren… bait- formak erabili izan dira, biak, mendekoak eratzeko, baina XX. mendearen hasieratik haien aurkako joera garbitzailea sortu zen gramatikari eta idazleen artean, erdararen kalko direlakoan, eta, hala, mende horretan alde batera uzten hasi ziren batzuek idatzian, ahozkoaren erabilera gorabehera.

Mendebaldean, berriz, zeren… -n forma bakarra erabiltzen zen aurreko mendeetan –ezezaguna baitzuten bait- menderagailua–, baina euskalki horietan ere nagusitu zen joera garbitzailea, XX. mendearen hasieran, eta handik aurrera ia erabat baztertu dute forma hori idazleek1. Gaur egun, hala ere, batasunaren ondoko urteetan batez ere, zeren bait- forma erabiltzen hasi dira mendebaldeko idazle batzuk, bait- soila bezala, ekialdeko euskalkien bideari jarraiki.

Kokagunea

Azalpenak aldez aurretik emandako zerbaiti buruzkoak izaten dira. Horrela, azalpenen lekua, arrunki, eskuinaldea izan ohi da. Holako adibide ugari eman ditugu.

Baina perpaus nagusiaren ezker aldean ere koka daitezke zeren-dun perpaus hauek, idazle klasikoetan bereziki:

  • Zeren zure semea bera hiltzera zinaraman niri obeditzeagatik, nere benedizioneak jautsiko dire zure gainerat. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
  • Zeren hain maite gaituen: zeren bekhatu egin eta berehala ezkaituen gaztigatzen, zeren igurikitzen derakun; eta finean, zeren hanbat ongi eta ontasun egiten derakun, hargatik beragatik ere, hartarik okhasino harturik, behar genduke, (…) haren borondatearen egitera enseiatu. (Guero, Axular)

Oraingoan kausa-perpausak ezkerraldean eman dira, mintzagai gisa edo. Horiek, erraz eman litezke beste modu batera ere: Nola + {bait-/-en} gisa, edo –(e)nez gero-ren bidez nahiz bait- soilaz baliatuz; baita -elako-ren bidez ere. Bestalde, ohartzekoa da holakoetan perpaus nagusiaren erakusle bat agertuko dela buruan, anaforiko gisa, aurreko kausa perpausa nolabait “jasotzen” duena.

Balioa

Orain arte esandako guztia kontuan hartuta, zeren duten forma hauen balioa ez da beti bat eta zehatza izan, ez eta berdina ere, esan bezala, euskalki guztietan. Hala, ekialdeko zeren… -n forma kausalak eratzeko erabili izan da batez ere, eta zeren… bait- formak, aldiz, kausalak nahiz azalpenezkoak eratzen ditu. Mendebaldean, berriz, gaur egun bazter utzia den zeren… -n forma bakarrarekin mota bietako perpausak eratzen ziren aurreko mendeetan; azken aldian Iparraldeko euskalkietatik hartu den zeren… bait- formak, berriz, azalpenezko perpausak eratzen ditu.

Beste partikula zenbaitek bezala, bestalde –nahiz eta, baldin eta, edota–, zeren-ek ere eta espletiboa har dezake ondotik: zeren eta joan den, zeren eta joan baita…

  • Eta Isaakek sesatu gabe othoiztu zuen Eternala bere emazteaz, zeren eta agorra baitzen: eta Eternala ukitua izatu zen haren othoitzez: hargatik Rebeka haren Emazteak kontzebitu izan zuen. (Ethorkia eta Ilkhitzea, Urte)
  • Igaiten niz mahaiñ hortara hor arrapausatzera, zeren eta hau beita ene jauregi ederra. (Kaniko eta Belxitina, Oihenarte, J.)
  • Aphezez mintzatu naiz eta aphez-gaiez, zeren eta heiek baitukete aizinarik edo astirik gehiena, bai eta ere idekidurarik gehiena, gure herri gehienetan, Eskuararen buruz eta errotik ikhasterat eta behar-orduan bertzeri irakasterat artzeko. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J. P.)

zeren...-n kausala ekialdean

Erabilera gehienetan -lako formaren parekoa da ekialdeko zeren… -n forma, perpaus barneko modifikatzaile. Horrek bereizten du, hain zuzen ere, kausazko mota bietako perpausak eratzen dituen zeren… bait- formatik.

Lehenik eta behin, esan dezagun, zertako edo nolaz galderaren erantzuna izan daitekeela zeren…-n:

Bestalde, baiezko perpausetan gehienetan aditzaren aurrean ematen ez den arren –perpaus aski luzeak eratzen baititu–, zenbaitetan galdegaitzat har daiteke:

zeren…-n kausala -lako nahiz bait- perpausekin edo dela kausa formako sintagmarekin junta daiteke:

Adiera

Ez-bai kontrastea adierazteko ere erabiltzen da zeren…-n:

  • Ene bila zabiltzate, ez zeren mirakuluak ikusi dituzuen, baina zeren jan baituzue ogietarik, eta resasiatu izan baitzarete. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Eta haur erraiten du hunela, ez zeren dantzatzea bera hain gauza gaixtoa den, baina zeren dantzatik anitz okasino behar ez denik sortzen den. (Guero, "Axular")
  • Baiñan baldin zure bihotza khexatua sentitzen baduzu, ez zenbait objet agradarrientzat duzun amodioa dela kausa, baiñan zeren duzun eziñbertzezko higuintza bat presuna batentzat[…]. (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)
  • Lotsatua beraz eta trixtatua, ez mundutik joaiteaz, bainan zeren agertu behar zuen Jainkoaren aintzinean Biatiko Saindua gabe, zion bere baithan. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy) 2.

Bestalde, goragoko perpaus baten mendekoaren mendeko ere izan daiteke zeren… -n perpausa:

Giza jarrera adierazten duten aditzekin

Perpaus kausalak eratzen dituzten beste formak bezala, zeren…-n ere sarru erabiltzen da giza jarrera adierazten duten aditzekin: eskerrak eman, kexu izan, ahalketu, urrikaldu, damutu… Halako zenbait perpausetan kausal eta osagarri gisa uler daiteke:

Mintzagai gisa ere erabiltzen da zenbaitetan zeren… -n perpausa, perpaus nagusiaren ezkerrean, eskuinean edo tartean emanda:

Dena den, bait- formakoak bezala, horiek ere kausal nahiz azalpenezko gisa uler daitezke; hala ere, dedukziozkoetan nekez erabil daitezke:

  • ??Partida galdu dute, zeren burumakur datozen.
  • ??Etxean dira, zeren leihoak irekiak diren.

Horregatik, egokiago dirudi perpausaren barneko modifikatzailetzat hartzea, eta horrenbestez, kausaltzat.

Arrazoi subjektiboa

Ekialdeko euskalkietan, zeren… -n formak soilik arrazoi subjektiboa adierazten duela esan izan da3; eta egia da askotan balio hori daukala –orain arteko adibideak lekuko–, baina oinarri logikoa duten perpausetan ere erabiltzen da:

  • Zein ederki derabilkazuen eskuara hoi, zeren den zuen mintzaira, sortzetik zuen odolean duzuen hura! (Supazter xokoan, Barbier)
  • Bizio hau gure naturalezaren phozoaduratik heldu den efetu bat da: ordean, zeren den naturala, hargatik da ezagutzeko gaitzagoa. (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)

Lehenengo adibidean, mintzaira ‘berea’ izatea ez da hura ederki erabiltzera bultzatzen duen motibo subjekiboa, hala erabil ahal izatea bideratzen duen arrazoi objektiboa edo oinarri logikoa duena baizik; bigarren adibidean, bestalde, bizioa ‘naturala’ izatea ere ez da hura ez ezagutzeko motibo subjektiboa.

Barneko ordena

Perpausaren barneko ordenari dagokionez, emandako adibideetan ikusten denez, zeren osagaia aurrean joan ohi da; horrela, hasieratik seinalatzen da perpausa kausazkoa dela, eta hori lagungarri izaten da batez ere perpausa luzea denean. Dena dela, zeren-ek har dezake aurretik osagai bat:

Bestalde, -n menderagailua daraman aditza askotan perpausaren amaieran badoa ere:

  • Zenbat gehiago eztire bihotzez estekatuak, josiak beren tokiko mintzaiari, zeren erlisionea kasik orok haurdanik mintzai hartaz ikhasia duten, guk hemen eskuaraz bezala? (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)

Sarritan beste osagairen bat ondotik duela ageri da, adizki jokatua –zenbaitetan adizki trinkoa– zeren-en ondo-ondoan emanda:

Azkenik, ezezkoetan, laguntzailea aurreratu egin liteke, perpaus lokabeetan bezala:

  • Beltzuri bat baino gehiago ukanik gaude segurki, eta gure adixkide ustez hoberenetarik zenbeitekilan makurturik; edo guti edo aski hoztasunetan jarririk zeren ez ditugun igorri zauzkutenak oro hemen ezarri beti. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)

zeren...bait- kausala eta azalpenezkoa ekialdean

Sarreran esan dugunez, ekialdeko euskalkietan ohikoagoa da zeren…bait- forma zeren…-n forma baino. Izan ere, perpaus kausalak eta azalpenezkoak eratzen ditu forma honek, bait- soilekoak bezala. Perpausak bi balioak har ditzake batzuetan, baina besteetan testuinguruak argitzen du kausazkoa edo azalpenezkoa den.

Kausazkoa

Zeren…bait- forma kausazkoa da zeren… -n forma bezala, testuinguru hauetan:

  • Zertako? galderari erantzuten dionean:
  • Ez-bai kontrastean ageri denean:
  • Goragoko baten mendekoaren mendeko denean:
  • Jarrera edo emozio aditzekin ere erabiltzen da:
    • Oroz gainetik eskerrak diozkate egun herritarrek zeren kobla batean aiphatu baititu, beren izenez deithuz, Baigorriko mendi maite Oillandoi eta Jara. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • […]zeren damustatu baitzaituzte eta zure ganic urrundu bainaute. ( Andre-dena Mariaren ilhabethea)

Azalpenezkoa

Esan bezala, predikatuaren kanpoko osagai gisa, zeren…bait- formak azalpenezko perpausak sortzen ditu. Besteak beste, egitura hauetan aurkituko dugu adiera horrekin:

  • Aginduetan:
    • Mintza zaite, zeren zure Seme maiteac entzuten baitzaitu, eta zeren segurki ardietsico baituzu guretzat galdeginen duzun guzia. ( Andre-dena Mariaren ilhabethea)
    • Nola, lana zuk egin ondoan, hautatzerat emanen baitauzkitzute bi eltze, bat axalean urhearekin, bertzea axalean hautsarekin, hautaazu hautsarekilakoa, zeren urhea harek bakarrik izanen baitu barnean. (Ixtorio-mixterio, Barbier)
  • Dedukziozko perpausetan:
    • Nora joan da jendea?, zeren hemen ez baita inor.
  • Adierazpenekoek ere askotan balio hori dutela pentsa daiteke:
    • Eta ez natzaiote mintzatuko, zeren eta Jainkoak ezpaitu nahi horiei erakuts diozodaten zeruko bidea. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)
    • Izatu zituen hirur hogoi eta hamar seme, oro bere belhaunetikakoak, zeren baitzituen asko emazte. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
  • Hala ere azken horiek anbiguoak izan daitezke zenbaitetan, bait- soila dutenak bezala, kausal nahiz azalpenezko gisa uler baitaitezke:
    • Adibide horiek bi modura uler daitezke, arrazoia bi modutan azalduta:
    • zerua goibel zegoela lainoek ekia ‘kukutzen zutelako’ nahiz ‘kukutzen zuten-eta’
    • hirira ekarri zutela balentriak ‘han eginak zituelako’ nahiz ‘han eginak zituen-eta’
    • gehiago kostatuko dela ur garbia ‘behar duelako’ nahiz ‘behar du-eta’

Adibide horietan ikusten denez, perpaus nagusiaren eskuinean joan ohi da zeren… bait- perpausa, eta perpaus nagusian egindako adierazpenaren, aginduaren edo galderaren arrazoia ematen du, esaten denaren arrazoia edo esatearena:

  • Triste daude, zeren eta partida galdu baitute.
  • Egon lasai, zeren ez baita ezer gertatuko.

Gerta liteke, hala ere, perpaus nagusiaren ezkerrean ere ematea:

Kontuan izan nolanahi ere, dedukziozkoetan ez dela halakorik posible:

  • *Zeren leihoak irekiak diren, etxean dira.
  • *Zeren hemen ez baita inor, nora joan da jendea?

Testu klasikoetan beste forma berezi batzuk ere ageri dira zenbaitetan:

  • zergatik… bait-:
  • zeren ezen… bait-:
    • Zer ere erremedio eman baitut sabeltasunarentzat baliatuko, zarete uxadarentzat, zeren ezen biak bat bezala egiten baitire. (Laborarien abisua, Dasanza, M.)

zeren...-n / zeren...bait- azalpenezkoa, mendebaldean

Mendebaldean bi formak zeren…-n eta zeren…bait- erabili dira. Tradiziozko testuetan zeren…-n forma eta egun, ekialdeko euskalkien eraginez edo, zeren…bait-.

zeren...-n

Mendebaldeko idazleek XIX. mendera arte erabili zuten zeren… -n forma, zenbaitetan baita inoiz zerren… -n forma ere. Bi adieretarako erabiltzen zen:

XIX. mendetik aurrera, ordea, horrelako formak ez dira erabiltzen mendebaldeko idatzietan. Honela jaso zuen de Rijkek (2008, 616):

  • “Many literati in Guipuzcoa and Biscay have been holding to the opinion that clause-initial causal conjunctions are superfluous and inconsistente with Basque idiom. None are found in the works of Txomin and Toma Agirre, A. Labayen, S. Mitxelena, N. Etxaniz, G. Garate, and many others. As for K. Mitxelena (…) only one instance of zeren can be found in his extensive writings”.

zergatik...-n

Bestalde, zeren-en ordez, herri hizkeran zergatik erabili izan da gipuzkeran –ze bizkaieran– (zergatik… -n):

ezen lokailuarekin ere erabili da forma hau, ahozkoan batez ere, zergatik {ezen ~ eze ~ ze}… -n aldaeretan:

  • Guk apustuba irabazita alare geunden serio, zergatik eze panparreriak iñun eztuben balio, galtzalliaren pamili orrek setari segitu dio, gero baikuntza egin digue lan ori dala medio. (Jarritako bertsoak, Errota, P.)

zeren...bait-

Bestalde, egun, ekialdeko usadioari jarraiki, zeren… bait- forma erabiltzen dute idazle batzuek azalpenezko perpausak osatzeko:

  • Ez daude inon, zeren ihes egin baitute. (Behi euskaldun baten memoriak, Atxaga)

Azalpenezko perpausa konplexua denean jotzen da honelako perpausetara:

  • Hau hizkuntza idatzian egiazta daiteke batik bat, zeren eta, gauza nabaria denez, egungo egunean izkribuen bidez, eta ez bestela igerriko baitiogu, hor nonbait, nolakoa zen orduko hizkuntza mintzatua. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)4
1 Villasanteren iritziz, Hiriart-Urruty, J. idazlea eta Lafitte, P. gramatikaria izan ziren joera berriaren arduradun nagusiak ekialdean; mendebaldean, berriz, Azkue, R. M., Orkaiztegi eta Altube, S (Villasante, 1986, 17-18).
2 Villasantek dio horrelako kontrasteetan ezezko perpausa zeren… -n formakoa dela, subjuntibo balioa duela, eta baiezkoa, berriz, zeren… bait- formakoa (1986, 243-244). Egia da askotan horrela ageri direla forma bi horiek kontraste egitura honetan, baina, adibideek erakusten dutenez, bestela ere erabil daitezke bai forma horiek bai beste batzuk.
3 Ikus Villasante 1986, 253.
4 Galdetzaileekin eginiko forma hauek prosarako egokiak ez ezik beharrezkoak ere izan daitezkeela defendatu zuen Villasantek, batez ere testu diskurtsiboetarako (ik. Villasante 1986, 258). Harena da testu hau:
Ez dago eskandalurako biderik, zeren-eta bai oinazea eta bai gure arteko borroka hori ere beste zerbaiti buruz jarriak dauden. (Villasante 1962, 121).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "zeren...-n / zeren...bait-", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3