Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:5:1

zeren, zergatik, ezen

zeren eta zergatik galdetzaileak azalpenezko lokailu gisa erabiltzen dira sarri. Baita ezen hitza ere. Ikus ditzagun banaka, erabilera horretan.

zeren

zeren galdetzailea menderagailuarekin erabiltzen da gehienetan, forma hori da aurreko ataletan aztertu duguna. Nolanahi ere, menderagailurik gabe ere erabiltzen da, hau da, lokailu gisa, azalpena adierazteko ( EGLU III, 177). Perpausak menderagailua hartuko duen aditzik ez duenean, ezinbestean da lokailua;

  • aipamena denean:
    • Hori horrela da, zeren, aitak dioen bezala, “Nik dut beti arrazoia”
    • Hori ez da harritzekoa, zeren Quid prodest homini?
  • galdera denean:
    • Presta zaitezte ondo partidarako, zeren nork irabazten du ondo prestatu gabe?

Baina horiek gabe ere erabiltzen da lokailu gisa, alboraturiko perpausen arteko lotura eginaz:

zergatik

Zeren-en ordezkotzat har genezake zergatik esamolde hauetan. Azken batean, zer galde hitzaren gainean eraikitako lokailuak dira bata zein bestea. Herri hizkeran erabiltzen da, Hegoaldean bereziki. Hau ere eskuinaldean kokatzen da eta normalean azalpena adierazteko baliatzen dugu.

Erabilera

Zergatik galdetzailea ere erabiltzen da beraz, azalpenezko lokailu gisa, mendebaldean batez ere:

  • ezinbestean batzuetan:
    • Aprobetxatu orain, dirua duzula, zergatik “Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon”
  • eta besterik gabe, beste batzuetan:
    • - Ezin jakin leitteke nor dan lexiba ori? - Ez, ori eztozu zetan jakin: arek egia esan dau, zegaittik, oraintxe-be ikusten nago, zelan gauza guztietan nagosi izan gurozun, da ori ezin izan leitteke. (Josetxo, Etxeita, J. M.)

Horrelakoetan soil-soil, aditza biluzik dela erabiltzen da. Orduan, alborakuntzaz hitz egitea dagokigu:

  • Lege ori baserritarrak erentzako jarrita zeukaten seme-alabak fuertiak etorri ditezen, zegaitik seme-alaba makalak badatoz, lanerako eztira gauza. (Aitonaren uzta, Anduaga, G.)
  • Juan zan bada Santua kristauetara, eta esan zien etzitezela gudan sartu, zergatik bazekiala ondo galduko zuela, eta gaizki irtengo zirala. (Asis-co loria, Beovide)
  • Azitako're ill bera, bañan ill berrian erein leike ostiraletan, zergatik ill berako ostiralak ill berri dira, eta ill berriko ostiralak ill berak. (Baratzan, Soroa, M)

Bestalde, aditzak menderagailua badarama (bait- Iparraldean bereziki, eta –(e)n Hegoaldean), mendeko perpaus bat izango dugu:

  • Zorionekoak espirituz pobre direanak, zegaitik eurena dan zeruetako erreinua. (Busturiko Katexima)
  • Berinkatuak izan ditezela bein eta milla bider, (…) ixuri ditutan malkuak, zergatik guztiyak merezi dituzun. (Bertsoak, "Bilintx")
  • Parroko jaunak etzekien zer egin, zergatik gauza aundiak baitziran (…) gauza aiek. (Ama Birjiñaren agertziak, Goñi, F.)

Esan bezala, azalpenetan erabiltzen da, batez ere, esamolde hau, baina kausazko “beteetan” ere ikus daiteke, zergatik? galderari zuzenean erantzuteko, adibidez:

Galderazko perpaus baten barruan ere ager daiteke:

Adibide hauetan guztietan aditzak menderagailuz hornitua behar du eta, jakina, -(e)lako-ren bidez ordezka daitezke.

zergatik eze(n)

ezen lokailua hartuta, zergatik ezen forma ere erabiltzen da. Ahozkoan oso ohikoa da lokailu bikoitz hau:

  • Eta kontuz bizi, zergaitik ze, esetsiko deuskue tentaziño andiak, ta deabrua beti ibilliko da zur. (Lora sorta espirituala, Añibarro)
  • Egia da, gure emakume batzuek aztoratu edo airean ipiñi gaituzte, zergatik ezen, gaur goizean eguna baño lenago obira joan dira, eta gorputz-illa arkitu ez dutenean, etorri zazkigu esanaz ikusi dituztela Aingeruak, zeñak esan diete bizi dala, eta gureetatik batzuek obira joan ziran, eta guzia arkitu zuten emakumeak esan bezala; baña Jauna etzuten topatu. (Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, Lardizabal)

Zenbaitetan zergatik (e)ze aldaera ageri da:

  • Eriotzea ezkero ezin egin nei, zegaitik eze ya yoan yatan ori egiteko aldia. (Escu-liburua, Añibarro)
  • Arimako arerijuak pekaturako zirijatuten zaituzanian, mun eikijozu errosarijuaren garauai (…), zergatik eze, ez da erraz pekatuan jaustia, Marijaren irudi edo errosarijo Santuari gogotik mun egiten jakon une atan beratan. (Marijaren illa, Uriarte)
  • Baiño etzuen iduki izan beiñere Tunbalerok diputau izateko asmorik; zergatik eze diputau izateko diru asko atera bearko zukean, eta, egia esateko, bere buruaren urrengo geien maite zuena, dirua zan. (Iru ziri, Urruzuno)

Horiek denak azalpen arruntak dira.

ezen

Ezen lokailua hasieran dutela ere osa daitezke kausa perpausak. Horrenbestez, zeren-en nahiz zergatik-en pareko da ezen. Gehienetan lokailua da, eta askoz ere gutxiagotan menderagailua.

Emankorra da lokailu hau, mota askotako perpausak osatzeko baliagarri baita: osagarriak, ondoriozkoak, konparaziozkoak eta, hemen ikusiko dugun bezala, kausa perpausetan ere azalduko zaigu, era honetako perpausetan hain erabilia ez bada ere. Zeren eta zergatik bezala, ezen ere lokailu soil gisa erabil daiteke, aditza biluzik duela, baina baita aditzak dagokion menderagailua duela ere.

Horrenbestez, ezen soila ere, edo ezi(k) aldaera, maiz erabiltzen dira, azalpenezko lokailu gisa:

  • Segur naiz plazer eginen diotala, ezen bera ere kantari pollita da; anaia guziak bezala, pilota eta kantua maite ditu. (Odolaren mintzoa, Xalbador)
  • Libro girea graziari ihardesteko edo ez ihardesteko? Bai, ezik berzela ez gindüke mereximendürik batere. (Catichima […] Charles Auguste Le Quien de Laneufville, Aquiceco Jaun Apezpicu ossoqui Illustre eta Ohoregarriaren manuz araimprimatia)

Kokagunea

Azalpenetan ohikoa den bezala, perpausaren hasieran joan ohi da ezen. Ikus adibide hauek, aditza menderagailurik gabe dutenak. Hau da formularik erabiliena (hauetan lokailua da):

  • Eldu zaiteze biotz zuzen garbiaz, eze, ganekoa berak emongo deutsue. (Lora sorta espirituala, Añibarro)
  • Denek beharria atxiki ginakon mintzazale berriari, behatzera ez ginitzaizkolarik ausartatzen, ezen bethi danik apur bat azpitik ginauzkan. (Buruchkak, J. Etchepare)
  • Zorionekoak justiziaren gose ta egarri diranak, ezen aseak izango dira. Zorionekoak urrikaritsuak, zeren urrikarituak izango diran. (Euskal testuak, Larramendi, M.)

Azken adibidean bi kausa perpaus daude: batean lokailu soilarekin; bestean, aditzak menderagailua (-(e)n) daramala.

Perpaus barnean, tartekatuta, ere ager liteke, ordea:

  • Hala ere, azken alderat -ezen aspaldi zendua da- egin zauzkigun bisita batzu; ez baitzituen behin ere ahantzi herria eta herritarrak. (Odolaren mintzoa, Xalbador)

bait- menderagailuarekin

Ez da ohikoa baina inoiz bait- menderagailuarekin erabiltzen da ezen:

  • Zer elhe tetele zuriak atheratzen othe ditu orduan urinak? Zer perekak egiten? Izigarria izan behar da, hasteko, haren maltzurkeria; ezen, zenbeit orduren buruko, ez baitzeie lili maiteer galtzekorik gelditzen deus. (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • Honako hauetan ere, adizkiak menderagailua erakusten du. Hortaz, mendeko perpausak direla onartuko dugu:
  • Alaxen da, ezen, esaten duanez, azken onak bide guziak justifikatzen bait ditu. (Su-emailleak, Labaien, A. M.)
  • Erran nahi du, adimendu eder baten izateko, eztela halakorik, nota gorphutz tenperatura, edo trenpu onetakoa, ezen hotza baldin garai bada, adimendua pisu, dorphe, eta gogor izanen baita. (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))
  • Eztakit non dugun adimendua, eta ez zertan pensatzen dugun; ezen munduan ditugun bertze gauza guztiak nahi dugularik diren onak; gure bizitzea bera, gure konzientzia, gure arima nahi baitugu den gaixto. (Guero, "Axular")
  • Bi hilabeteren buruan bazen alegrantzia Urtebian eta Harrixurian, ezen buruilaren hogoi-ta-bian Beñat eta Maite ezkondu baitziren. (Mendekoste gereziak, J. B. Etchepare)

Adibide horietan ere adizkiak bait- menderagailua erakusten du. Hortaz, mendeko perpausak direla onartuko dugu.

Balioa

Balioari dagokionez, azalpena adierazten dute lokailuok, esan den bezala, eta izan ere lokailuaz ordezka daitezke:

  • Segur naiz plazer eginen diodala; izan ere, bera ere kantari pollita da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "zeren, zergatik, ezen", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3