Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:3:6

nola/zelan... {–en/bait-}

Modu eta kausa adieren arteko hurbiltasunak eraginda, nola/zelan edo nolatan/zelatan galdetzaileak moduaz galdetzeko ez ezik, kausaz galde egiteko ere erabiltzen dira:

  • Nola utzi duzu aukera hori galtzen?
  • Nolatan ez didazu lehenago esan?

Pentsa galderak egiterakoan ere zer gertatzen den: nolatan?, nola?, zergatik? zer dela eta? galde hitzak, maiz, elkarren ordain izan daitezke, formaz desberdinak izan arren. Horrenbestez, ez da harritzekoa nola lokailu gisa ere erabiltzea azalpenetan.

Dena dela, kontuan izan behar da, nola/zelan honek aditzari menderagailua itsastea eskatzen duela, ezinbestean: -(e)n Mendebaldeko euskaraz, bait- Ekialdeko euskaraz. Gainera, perpaus nagusian anaforiko bat (hargatik, halatan…) ezar daiteke, perpausak nolabaiteko korrelazioan edo jarriz:

Nola berak ezer ez dakien, ez ditue bidaltzen eskolara, eta dioe: orrelako gabe igaro degu guk gure denbora (J. B. Aguirre, Eracusaldiac I, 489)

  • Nola kopia falta denean orijinala bilhatzen ohi baita (…) hargatik bada nik ere nahi dut bilhatu egiteko huni dagokan egiazko orijinala. (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa))
  • Ez zenduban pekatu txikarrik bere egin; ez zeunkan zer konfesau bere; baña zelan urte guzti orreetan egon zarian lotsaz konfesau baga (…) egin dituzu pekatu txito asko.(Confesio ona, J. A. Moguel)

Era berean, nola aditzondoarekin eginiko nola… {bait-; -n} formak modu-konparazioko perpausak eratzeko ez ezik, azalpena adierazten duten perpausak eratzeko ere erabiltzen dira zenbaitetan, -enez gero perpausen parekoak:

  • {Nola zuhurra den ~ Zuhurra denez gero}, aholku egokiak emango dizkigu.

Euskalkietako banaketa

Agustin Paskual IturriagaZeren galdetzailearekin eginiko formetan gertatzen den banaketaren antzekoa gertatzen da nola-rekin egindakoetan ere: -n menderagailua mendebaldeko euskalkietakoa da batez ere:

  • …berdin litzateke zaldi esan beharrean asto esango bagenu. Baina nola ez dugun elkar hartuko asto esatean, ezin genezake nahi dugun bezala hizkera alda. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • nola nere larrua
  • dan aski andia,
  • nerekin egin nai du
  • segurki zagia. (Ipuinak, Iturriaga, A. P.)

bait- menderagailua, berriz, ekialdekoa da batik bat, baina mendebaldeko idazleek ere erabiltzen dute:

  • Baiña nola baitzen kaskoz ariñxkoa Mundua ikhsteko hartzen du gogoa, Eta kurri-kurri gatekoa Ilki deneko xilotik Lur-muillo baten gainetik, Bi pattak gurutzaturik; Hauxe da, dio, mundua Ederra eta hedatua! Huna Larhun, hara Haia, Sator-lan hasi guzia Badiduritzo mendia. (Fableak edo alegiak, Goietxe, L.)
  • Etxetik kanpo zait iduritzen Nonbeit naizela galdua, Nola han bainaiz sorthua, Han utziko dut mundua, Galtzen ez badut zentzua. (Koplak, Elissamburu, J. B.)
  • Gu bizi ginen etxea nola baitzegoen Lezoko partean, aita, ama eta osaba Antonio zena Lezoko kanposantuan lur hartuak dira. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)

Felipe Arrese Beitia Bizkaieran, bestalde, zelan… -n forma erabiltzen da:

  • Atx asko dira bertan sustraia daukienak, baña geiago goitik bera jausirikoak, eta zelan iñok eztituan alkarren gañean tolostu, itxasoaren barezko egunetan, zulo, tarte, utsune ta inguruetatik sartzen jakoe ura polito, ta oni bai ta orri ez, alderdi batetik bai ta bestetik ez, azpiak eta alboak miazkau naian edo betiko igortzi bigunaren indarrez ondartu ta ezerezera erakarri bailirean ibilten jakoe, ziliboka ta bairatsu; baña itxasoaren aserre orduetan, urazpian ezkutaurik edo alderdi guztietatik bitsa darioela egoten dira arkaitz danak, esnetan egosten […] (Kresala, Aguirre, D.)
  • Jakin begie bere ezpata Gaur bada biar eztala, Jakin begie sekula baña Ez dala illgo Euskara; Arbola zarra ill bazan bere Seme bat emen badala, Eta zelan dan berau orritsu Eta besangaz zabala, Bere azpian zarren Batzarrak Oraindik eingo dirala. (Ama euskeriaren liburu kantaria, Arrese Beitia)

Lehenago aipatu dugunez, Bizkaieraz, zelan… –(e)n-en ordez, ohikoagoa da –(e)n legez moldea.

Balioa

Gorago esan den bezala, forma honekin eginiko perpausek azalpenezko balioa dute; perpaus nagusian esaten denaren justifikazioa ematen dute:

  • Bretaniako eskualdetan gaindi ibilia naiz denboran, eta nola Bretaniak mintzaia bat baitu gurea bezala zaharra eta alde guziz ederra, mintzai hortako gizon jakintsunenak ikhusi nahi izan ditut. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J. P.) : Bainan nola huts-egilea judua baitzen, eta bertzea, ez, xoilki giristinoa, nahiz ez hanbateko giristinoa, gerla zozo hortan ari zenaz geroz! (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)

Ez dirudi, ordea, dedukziozko azalpenetan erabiltzen denik:

  • ? Nola burumakur baitatoz, partida galdu dute

Are gutxiago, dedukziozkoa nagusiaren ondoan dela:

  • *Partida galdu dute, nola burumakur baitatoz.

Nola… halatan korrelazioak konparazioa bideratzen du askotan, baina azalpena ere eman dezake aditzera zenbaitetan:

  • Eta nola bi gauza egiten baititu, halatan ditu merezi ere bi pena eta gaztigu. (Guero, "Axular")

Kokapena

Kontuan izan behar da, halaber, nola oraingoan ez dela galde hitza, lokailua baizik. Horregatik, ez dugu aurkituko, nahi eta ez, aditzaren aurre-aurrean, perpausaren ezkerreko muturrean baizik.

Kausa adierazten duenean {nola; zelan}… -n perpausa, gehienetan, perpaus nagusiaren ezkerretara kokatzen da:

  • Nola izango duen urdaia lodiya, artuko det onekin nik diru aundiya, eta erosiko det txaltxo bat urrisa, umeak egin ditzan etxekoen gisa. (Ipuinak, Iturriaga, A. P.)

Mendeko perpausaren barnean, berriz, nola / zelan hitzak, galdetzaile izateari utzi dionez, ez du aditzaren aurre-aurrean joan beharrik; perpausaren hasieran eman daiteke:

  • Gizon hoien irriak sankristauaren ixtorioari! Eta nola Murtuts-en berririk ez baitzuten, galdegin zioten bertze apez-kondaira ttipi bat. (Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)

Baina baita barnean ere:

Eta aditzaren aurre-aurrean:

Eskuinean ere koka daiteke, hala ere. Baina hori gertatzen denean, perpausa “zintzilik” bezala gelditzen da:

  • Berandu iritsi arren, sartzen utzi zioten, nola itzal handiko pertsona den

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "nola/zelan... {–en/bait-}", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3