Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:4:1

-tzeagatik

Perpaus jokatugabeetan, -tzeagatik postposizioa da perpaus kausal beteak eratzen dituen forma nagusia. Forma honen ezaugarriez ariko gara artikulu honetan.

Honako adibide hauek erakusten dutenez, -t(z)eagatik perpausa, batez ere kausazkoa da:

  • Atea ondo ez ixteagatik sartu zaizkie lapurrak.
  • Tabernaria eta bezero bat hiltzeagatik zigortu zuten James Flamer senataria.
  • Berehala ordaintzeagatik, %15eko deskontua egin digu dendariak.

Kausazko izanik, zergatik? edo zer dela eta? galderaren erantzun izan daitezke -tzeagatik daramaten perpausak:

  • Zergatik sartu zaizkie lapurrak?
  • Zergatik zigortu zuten James Flamer?
  • Zer dela eta egin digu deskontua dendariak?

Hala ere, -tzeagatik forma helburuzko perpausak sortzeko ere erabiltzen da:

  • [Zu pozik edukitzeagatik], edozer emango nuke.
  • Gizon batek afari arin bat ekarri zuen, eta mutil gazteak eseri egin ziren formak errespetatzeagatik. (Dublindarrak, James Joyce / I. Aldasoro)
  • Midas Erregeak omen zituan belarritzar batzuek, astoarenak zirudienak, eta iñork ez ekusteagatik estaltzen omen zituan kontuz illlearekin. (Jaungoikoaren legeko amar aginteen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)

Perpaus hauek zergatik? galderaren erantzun izan daitezke:

  • -Zergatik estaltzen zituen belarriak?
  • Inork ez ikusteagatik.
  • -Zergatik eseri ziren mutil gazteak?
  • -Formak errespetatzeagatik.

Galdera bera bai, baina adiera desberdina dutela ohartzen gara. Hain zuzen, hauetan zergatik? ez ezik, zer helbururekin? ere galde daiteke:

  • Zer helbururekin estaltzen zituen Midas erregeak bere belarritzarrak?
  • -Inork ez ikusteagatik.

Izan ere, kausa eta helburua oso hurbileko nozioak dira. Gauzak arretaz aztertuz gero, ohartzen gara azken batean, biak izan daitezkeela gertaera baten eragile. Asmo bat, gogoan dugun helburu bat, izan daiteke zerbait egitearen arrazoia. Nire helburua izan daiteke, adibidez, etxea albait arinen ordaintzea. Eta helburu horrek bultza nazake aparteko orduak lan egitera:

  • [Etxea arinago ordaintzeagatik] hasi zen ordu estrak sartzen.

Perpaus honetan etxea arinago ordaintzeko helburua izan da ordu estrak sartzen hasteko arrazoia: helburua izan da eragile, hortaz.

Goiko perpaus hori, bestalde, erraz ordezka daiteke, -t(z)eko perpaus helburuzko garbi batez. Adibidez:

  • [Etxea arinago ordaintzeko] hasi zen ordu estrak sartzen.

Ezaugarri nagusiak

Aditz izenari -gatik postposizio motibatiboa erantsiz sortzen da -tzeagatik. Horrenbestez, postposizio horrekin eraturiko sintagmak postposizio sintagmak dira, eta kasu honetan, postposizioak gobernatzen du perpaus jokatugabea.

Adierari dagokionez, perpaus nagusiaren zergatikoa ematen dute aditzera perpaus hauek:

Predikatuaren barneko osagaia izanik, galdegai izan daiteke -tzeagatik formako perpausa ere, -(e)lako formakoa bezala:

  • Zergatik zigortu dute lekukoa? –Gezurra esateagatik; Gezurra esateagatik zigortu dute lekukoa.

-(e)lako perpausarekin juntaturik ere eman daiteke:

  • Liberalak behin baino gehiagotan salatuak izan ziren antiklerikalak izateagatik eta erlijioaren aurka zihoazelako. ( Karlistadak Oñatin, Ramirez de Okariz)

Galdegai kontrastatiboa eratzeko ere erabil daiteke -tzeagatik:

  • Ez diote nota txarra eman azterketa gaizki egiteagatik, lagunari kopiatu diolako baizik.

Mintzagai ere izan daiteke, baina predikatuaren barneko osagaia izanik, kausala da horrelakotan ere, ez azalpenezkoa:

  • Gezurra esateagatik, jende asko zigortu dute; Jende asko zigortu dute gezurra esateagatik.

Galdegai izan nahiz mintzagai izan, bere hartan uzten da, haren perpaus nagusia goragoko beste perpaus batean txertatzen denean:

  • Gezurra esateagatik zigortu bazaituzte, ondo egin dute; Ez dakizu gezurra esateagatik jende asko zigortu dutela?

Azalpenezko perpausak egiteko, ordea, ez du balio -tzeagatik formak, dedukziozkoetan eta aginduetan ikusten den moduan:

  • *Partida galdu dute, burumakur etortzeagatik.
  • Partida galdu dute, burumakur baitatoz.
  • *Isil zaitez, gauza gutxi jakiteagatik.
  • Isil zaitez, gauza gutxi dakizu eta.

-tzeagatik vs -(e)lako

–t(z)eagatik eta -(e)lako maiz bata bestearen ordain izan daitezke. Biak dira, horrenbestez, kausal ‘beteak’, ez azalpenezkoak. Azalpenak emateko ez dira baliagarri ez bata ez bestea. Horrenbestez, azalpenezkotzat ematen ditugun –(e)nez gero, bait-, -eta enklitikoa eta holakoen ordain ezin da izan –t(z)eagatik. Hori erakusten dute adibide hauek:

  • Berandu {deitzeagatik/deitu duelako/*deitu duenez gero} utzi dute zerrendatik kanpo.
  • Entzun dezagun apur bat, oso polita {da eta/baita/*izateagatik/*delako}.

Hortaz, –t(z)eagatik eta -(e)lako perpausak, galdegai izaten dira gehienetan. Azalpenezkoak ezin dira galdegai izan. Hori ikusten da goiko adibide horietan: lehenbizikoan kausa perpausa galdegaia da, baina bigarrenean ez.

–t(z)eagatik formadun perpausaren balioa kausazkoa izaten da gehienetan, eta halakoetan -(e)lako perpausaren baliokidea da. Ikus dezagun, hala ere, baliokidetasun hori zenbaterainokoa den.

Adibide hauetan, esaterako, erabatekoa da kidetasuna:

  • [{Ø /zuzendariak} aginduak behar bezala ez emateagatik] gertatu da istripua.
  • [{Ø /Zuek} beranduegi etortzeagatik] utzi da bertan behera bilera.
  • [{Ø /Zuzendariak} aginduak behar bezala eman ez zituelako] gertatu da istripua.
  • [{Ø / Zuek} beranduegi etorri zaretelako] utzi da bertan behera bilera.

Ez dirudi zalantzan jar daitekeenik perpaus horiek guztiak zuzenak direla. Beharbada, perpaus jokatuak ohikoagoak dira, baina besterik ez. Hala ere, baliokidetasun hori ez da beti gertatzen. Batzuetan, perpaus jokatua zilegi da baina ez honi legokiokeen perpaus jokatugabea. Beste batzuetan, berriz, alderantziz. Hala ere, -tzeagatik ez da beti -(e)lakoren ordain. Ikus ditzagun zenbait adibide.

Mendeko perpausaren subjektua isilean dagoenean errazago dirudi -t(z)eagatik perpaus jokatugabea erabiltzea subjektua agerian dagoenean baino. Subjektua agerian dagoenean, –(e)lako perpaus jokatua erabiltzea ohikoagoa da.

Kasu batzuetan, ordea, ez da hori gertatzen. Ikus ditzagun adibide hauek:

  • [Beranduegi iristeagatik] ez ziguten utzi kontzertura sartzen.
  • *[Beranduegi izateagatik] ez ziguten kontzertura sartzen utzi.
  • [Beranduegi zelako]ez ziguten utzi kontzertura sartzen.
  • Gizon horri, [gizenegia izateagatik] ez zioten utzi aulkian esertzen.
  • *[Gozoegiak izateagatik] ez ditut bananak atsegin.
  • [Gozoegiak direlako] ez ditut atsegin bananak.

Perpaus horietan ez dago arazorik -(e)lako erabiltzeko. Perpaus jokatugabeak ditu arazoak, nonbait. Pentsa liteke perpaus jokatugabea ezinezkoa dela perpaus hori kopulatiboa delako, baina hor dugu Gizon horri gizenegia izateagatik ez zioten utzi aulkian esertzen adibidea. Zer alde dago, hortaz, bi hauen artean?

  • Gizon horri, gizenegia izateagatik ez zioten utzi aulkian esertzen.
  • Gozoegiak izateagatik ez ditut bananak atsegin.

Galdera horri erantzuteko, funtsezkoa da kausa-perpausen eta helburu-perpausen arteko diferentzia bat kontuan hartzea. Gogora dezagun -t(z)eagatik formako kausa perpausetan, perpaus nagusiko argumentuen artetik ‘jasaile’ gisa interpretatzen duguna bereizten dugula, eta honetan jartzen dugula ‘fokoa’ eta ez ‘egile’ rola betetzen duenean. […]gizenegia izateagatik[…] adibidean bada ‘jasaile’ argumentu bat: gizona. Hor jartzen ditugu begiak eta hori da -t(z)eagatik perpausaren subjektuaren aurrekaria ere:

  • i gizenegia izateagatik] ez zioten aulkian esertzen utzi gizonarii.

Gizon horri, [gizenegia izateagatik] ez zioten utzi aulkian esertzen. adibidean aulkian esertzen utzi ez ziotena zerbaiten jasailea da. Eta jasaile hori da perpaus txertatuko subjektuaren aurrekaria. Horregatik da zuzena perpausa. *[Gozoegiak izateagatik] ez ditut bananak atsegin. adibidean, berriz, batetik subjektu isila bananak litzateke eta horrek ez du zerikusirik perpaus nagusiko subjektuaren erreferentziarekin, ni-rekin alegia. Gainera, subjektu hori ez da jasaile. Hor egon liteke bila gabiltzan zergatia.

Gauza bertsua gertatzen da adibide hauetan:

  • Kontabilitate lege berriko aldaketak handiak {direlako/*izateagatik} egin nahi dut ikastaro hau.

Perpaus nagusiaren eta mendekoaren artean ez dago erlaziorik: 'kontabilitate lege berriko aldaketak' bide batetik doaz eta 'ni' eta 'neure ikastaroa' bestetik. Beste adibide honetan, aldiz, bi perpausen arteko erlazioa garbia da:

  • Senarraz {fidatzeagatik/fidatu delako} galdu ditu ondasun guztiak.

Bi adibide horien arteko aldea argi dago: lehenengoan bi subjektuak ('aldaketak', 'ni') agerian daude eta ez dago arazorik perpaus jokatua erabiltzeko. Perpaus jokatugabea erabiltzeko, berriz, bai. Aldiz, bigarren adibidean, mendeko perpausean ez dago subjektu agerikorik eta bi perpausak, jokatua eta jokatugabea, dira zilegi.

Laburbilduz, -t(z)eagatik zilegi denean, -(e)lako ere zilegi dela dirudi. Batez ere, mendeko perpauseko subjektua agerikoa denean. Baina alderantziz, ez. Alegia, -(e)lako agertu ahal izateak ez dakar, nahitaez, -t(z)eagatik erabili ahal izatea.

Aurrekoaren alderantzizko kasu bat behintzat badago, zeinetan –t(z)eagatik zilegi izan baitaiteke baina, alderantziz, –(e)lako formako ordaina ez. Mendeko perpausaren subjektu isila zehaztugabe gisa, arbitrario gisa, interpretatzen denean gertatzen da hori. Errepara diezaiegun ondoko adibideei:Lance Armstrongek 7 Tour irabazi ditu

  • i okerreko {kalean sartzeagatik / sartu delako}] isuna jarri diote txirrindulariarii.
  • arb okerreko {kalean sartzeagatik / *kalean sartzen delako}] isuna jartzen dute.

Lehenengo adibidean mendeko perpauseko subjektu isila ez da zehaztugabea, ‘txirrindularia’ ulertzen baitugu hor, perpaus nagusiko aurrekariaren arabera. Aldiz, bigarren adibidean subjektu isil hori zehaztugabea, arbitrarioa, da, edozein izan daiteke, ez du aurrekaririk. Kasu honetan sartzen delako ezin erabil daiteke, nahiz eta sartzen da inpertsonal gisa interpreta daitekeen beste testuinguru batzuetan (cf. nondik sartzen da etxe honetara? (inpertsonala) vs. nondik sartzen da Miren etxe honetara?). Subjektua inpertsonala denean, dirudienez, ezin da perpaus jokatua erabili.

Laburtuz

Jokatugabea izanik, ­-tzeagatik perpausen aditzak ez ditu subjektu-objektuak markatzen; horixe dute alde nagusia -lako perpausekin. Semaforoa gorrian pasatzeagatik jarri diote isuna Koldori esaldian, esate baterako, ez da subjekturik aipatzen mendekoan, baina perpaus nagusiari esker berreskuratzen da: ‘Koldo’ da semaforoa gorrian pasatu duena. Subjektua ez dago aditzean markatuta, eta ondo egokitzen da forma hau zentzu orokorra duten perpausekin, hau da, subjektu zehaztugabea dutenekin, eta, hortaz, hura hobesten da horrelakoetan, zehaztasun gehiago ematen duen -lako forma jokatuaren aldean:

  • EGA titulua izateagatik, bi puntu ematen dira.
  • *EGA titulua izaten delako, bi puntu ematen dira.

Forma honetako perpausak, bestalde, perpaus nagusiko jasaile bati begira egon ohi dira. Askotan ezageriko osagai bat izaten dute, subjektua edo besteren bat, perpaus nagusian ‘jasaile’ gisa agertzen den osagai batekin erreferentekide dena. Gezurra esateagatik zigortu dute lekukoa esaldiaren mendekoan, esate baterako, ‘lekukoa’ da ezageriko subjektua, hau da, ‘gezurra esan duena’, eta horixe bera ageri da perpaus nagusian, jasaile gisa. Ez da ezinbestekoa, ordea, osagai erreferentekideak izatea:

Nolanahi ere, perpaus nagusian jasailerik ez agertzeak eragozten du mendekoan -tzeagatik forma erabiltzea. Hori horrela, adibide hau zalantzazkoa da, mapak nekez izango direlako jasaile:

  • ?Mapa horiek ondo gordeak daude, militarrenak izateagatik.

-tzeagatik, kausazkoak eta helburuzkoak

Kapitulu honen sarreran esan den bezala, -tzeagatik formarekin kausazko perpausak eta helburuzkoak era daitezke. Baina nola bereizten dira biak? Testuinguruak laguntzen du horretan. Helburu perpausetan, perpaus nagusian helburua lortzeko borondatea duen ‘egile’ bat behar da; hori ez denean, kausazkoa da perpausa, batez ere perpaus nagusian ‘jasaile’ bat baldin badago. Adibide honetan argi ikusten da hori:

  • Gehiegi estutzeagatik apurtu zaio Mikeli gerrikoa.
  • Lapurreta egiteagatik apurtu du Mikelek kristala.

Lehenbizikoan gerrikoa apurtzearen jasailea da Mikel, eta hortaz, kausazkoa da perpausa; bigarrenean, berriz, kristala nahita apurtu duen egilea da Mikel, eta, beraz, helburuzkoa da perpausa. Lehenbizikoa -lako perpausaz ordezka daiteke (‘gehiegi estutu duelako’), eta -tzeko perpausaz bigarrena (‘lapurreta egiteko’).

Zenbaitetan, itxura bestelakoa izan arren, ‘jasailea’ duena da perpaus nagusia, eta, hortaz, kausazkoa da mendekoa.

  • Barkamena eskatzen dizut zure egunean ez deitzeagatik perpausean.

Perpaus horretan, badirudi ‘barkamena eskatzea’ egile bati dagokiola, eta, hortaz, perpausak helburuzkoen taxua duela; baina, ondo begiratuta ohartzen gara barkamena eskatzen duena ‘barkatua izatea’ eskatzen ari dela, barkamenaren hartzaile izatea, alegia, jasaile izatea, kausazko perpausei dagokien bezala.

Demagun udaltzainek gizon bat atxilotu dutela, eta atxilotzearen arrazoia (kausa), mozkortuta gidatzea izan dela. Horrela, ondoko perpaus honek interpretazio argia izango luke, anbiguotasunik batere gabea:

  • Gizon bat atxilotu dute [mozkortuta gidatzeagatik].

Perpaus horretan kausaz ari gara. Atxiloketaren jasailea behar ez bezala gidatzen zihoana zen eta horregatik, hain zuzen, atxilotu dute.

Baina eman dezagun halaber, udaltzainak kanpaina batean murgilduta daudela, beren eraginkortasuna zenbaterainokoa den erakustea helburu duen kanpaina bat. Hori horrela izanik, gizona atxilotzeko arrazoia udaltzainen asmoa (helburua) izango da: beren burua zuritzea, poliziaren efikazia agerian jarriko duen zerbait eginez. Testuinguru honetan goiko perpausaren taxu bereko honek beste interpretazio bat edukiko luke:

  • Udaltzainek gizon bat atxilotu dute [beren eraginkortasuna erakusteagatik].

Perpaus horretan, jasailearen ordez, egile bati (udaltzainei) begira jarri gara. Oraingoan, ez gaude atxilotu duten gidariari begira, udaltzainei baizik. Gure ‘fokoa’ kasu batean eta bestean leku desberdinean dago.

Perpaus anbiguoak

Badira, hala ere, perpaus anbiguoak ere, batera zein bestera uler daitezkeenak, testuinguru komunikatibotik edo egoera pragmatikotik kanpo entzuten badira.

  • Auzokoak izutzeagatik zigortu zuten epaileek gizona.

Esaldi horren perpaus nagusian ‘jasaile’ bat (gizona) eta ‘egile’ batzuk (epaileak) ditugu; hortaz, bietara uler daiteke esaldia. Jasaileari erreparatuta, kausazkoa izan daiteke mendeko perpausa eta ‘gizona’ haren subjektua (‘Gizona’ zigortu zuten, ‘gizonak’ auzokoak izutu zituelako); egileari erreparatzen badiogu, berriz, helburuzkoa izan daiteke perpausa eta ‘epaileek’ haren subjektua (‘Epaileek’ zigortu zuten gizona, ‘epaileek’ auzokoak izutzea nahi zutelako).

Perpausa anbiguoa izan daiteke, halaber, jasaile-egile erlazioa argi ez dagoenean:

  • Zer sari dago, lan hori egiteagatik?

Hau da, ‘lan hori egin delako’ nahiz ‘lan hori egiteko’ uler daiteke hor. Horrelako kasuetan izan ezik, ordea, ez da zalantzarako biderik izaten perpausotan.

Ezaugarri horiez gain, bestalde, kontuan izan behar da perpaus nagusiaren aurretik gertatu den zerbait edo irauten duen egoera bat aipatzen duela kausazkoak:

  • Gaizki aparkatzeagatik zigortu dute.
  • Gizena izateagatik ukatu diote sarrera.

Eta prospektiboa dela, aldiz, helburuzkoa, hau da, perpaus nagusiko gertakaritik aurrera, etorkizunera, begiratzen duena:

  • Ikasturtea gainditzeagatik saiatu da gaiak ondo ikasten. (aurrena saiatu, gero kurtsoa gainditu, alegia)

Horrenbestez, perpaus nagusian jasaile bat izaten da mendekoa kausazkoa denean, eta mendeko perpausean adierazitako gertakariaren aurreko edo aldibereko zerbait aipatzen du:

  • Bizkaiko Aldundiak 49 saltoki zigortu ditu, erosketa tiketak gaizki egiteagatik. ( Berria)

Tiketak gaizki egin dutenak dira zigorraren jasaileak, eta zigorraren aurrekoa da tiketak gaizki egitea.

Eman dezagun perpaus hau:

  • Saria emango digute [lana astebetean amaitzeagatik]

Perpaus hori bi modutara uler daiteke:

  • Saria emango digute [lana astebetean amaitzen badugu]. → [helburua]
  • Saria emango digute [lana astebetean amaitu dugulako]. → [kausa]

Testuinguru gramatikalak ez digu asko laguntzen zehaztasun hori argitzen, eta egoerak lagundu beharko digu horretan. Nolanahi ere, helburuzko interpretazioan (amaitzen badugu), geroan jartzen ditugu begiak. Kausazkoan, (amaitu dugulako), berriz, jada gertatutakoaz mintzo gara. Hortaz, denboraren ikuspegitik, helburuek gerora begiratzen dute, kausek iraganera.

Denboraren ikuspegitik, helburuzko perpausek etorkizunera begiratzen dute; kausazkoek, aldiz, iraganera.

Baina bada beste diferentzia bat ere: helburua asmo bati lotuta egon ohi da, eta asmoa, borondatea duen egile bati lotuta. Saria agintzen duenak asmo bat izan dezake gogoan. lana astebetean amaitzen badugu adibidearen interpretazioan asmo hori agerian jartzen da eta perpaus nagusiko subjektua begiz jotzen dugu, egilea, alegia. Aldiz, lana astebetean amaitu dugulako adibidean ez dugu jadanik saria agintzen duena begiz jotzen, promesa hori jasotzen duena baizik, gu, alegia, lana amaitu behar dugun langileak. Langile horiek ez dira, perpaus nagusian, egile, ‘jasaile’ baizik, promesaren hartzaileak. Helburuzko perpausetan ‘asmodun’ egile batengan jartzen ditugu begiak. Kausa perpausetan, aldiz, gure fokoa jasaile batengan ezartzen dugu.

Helburu perpausetan egilea da fokoa; kausazkoetan, aldiz, jasailea.

Horregatik, mendeko perpauseko subjektu isilak ezinbestean aurrekari bat izango du perpaus nagusian, alegia biak erreferentziakide gisa interpretatuko ditugu. Horregatik, helburuzko perpausetan 'kontrol erlazioa' dela esan ohi da. Horregatik, lehengo perpaus berean jarriz gero geure begiak, erreferentziakidetasun hori nahitaezkoa gertatzen da helburuzko interpretazioan. Aldiz, erreferentziakidetasun hori gerta daiteke, baina ez dauka zertan gertatu. Horregatik, bigarren kasu honetan ezarri ditugun azpiindizeak 'i' nahiz 'j' izan daitezke:

  • Saria emango digute [lana astebetean amaitzeagatik]
  • a. Saria emango digute guriii lana astebetean amaitzeagatik]
  • b. Saria emango digute guriii/j lana astebetean amaitzeagatik]

Horra, -t(z)eagatik perpausaren interpretazio desberdinen funtsa.

Kausazko -tzeagatik, kontzesiozko -tuagatik

Kausazko -tzeagatik eta kontzesiozko -tuagatik formen oinarrian dauden adizkiak aspektuak bereizten ditu: etortze aditz izena, esate baterako, [-burutua] da, eta etorri partizipioa, berriz [+burutua]; -gatik atzizkia hartzen dutenean, ordea, neutralizatu egiten da bereizketa hori. Adiera semantiko baterako espezializatu da horietako bakoitza: burutugabeko -tzeagatik formak kausa –edo helburua– adierazten du bai gertakaria burutugabea denean, baina baita gertakaria burutua denean ere:

  • Eskerrik asko lanean segitzeagatik.
  • Eskerrik asko etortzeagatik. (‘etorri zarelako’)

-tuagatik forma burutua, berriz, kontzesiboak eratzeko espezializatu da:

  • Ahalegin franko eginagatik, {ez zuen lortu ~ ez du lortzen ~ ez du lortuko} lanpostua.

Gaur egun entzuten dira inoiz partizipiodunak kausal moduan, batez ere izan partizipioaren laguntzarekin1.

  • ? Eskerrik asko etorri izanagatik.
  • ? Zoriondu dute, azterketa ondo egin izanagatik.

Hala ere, ez dirudi erabilera gomendagarria denik hori; ‘etortzeagatik’ eta ‘egiteagatik’ dira hor forma egokiak. Alderantzizkoa ere ez da gomendatzekoa, jakina:

  • Ta izugarri izateagatik, ez al zitekean biotz-bera izan, edo-ta, ez al lirake zenbait gauza biotz aren beragarri? (Poli, Anabitarte)

Perpaus kontzesiboa denez, izugarri {izanagatik ~ izan arren} izango litzateke hor forma egokia.

1 Gaztelaniazko 'por haber hecho' gisakoen pare

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzeagatik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3