Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:4:2

-tzearren

-tzearren forma ere aurkituko dugu kausazko perpaus jokatugabeak osatzeko. Mendebaldeko forma da nagusiki.

Oraingoan ere, formalki, Postposizio Sintagma baten aurrean gaude:

  • [ [… -t(z)e]Perpausa –arren]PoS

Funtzioari dagokionez, perpaus mota hau beti adjunktu izan ohi da. Ez dago, hortaz, osagarritzat era honetako perpausik eskatzen duen predikaturik.

Esamolde honek batez ere helburuzko adiera du, baina kausazko ere izan daiteke euskaldun askorentzat.

-tzearren, helburuzko

-t(z)earren formaren adiera nagusia helburuzkoa da:

  • Zu agurtzearren sartu naiz dendan.

Zerta(ra)ko? galderari erantzun diezaioke eta horregatik, –t(z)eko-ren parekotzat hartu izan da. Eta egia da -t(z)earren formako helburu perpaus guztiak ordezka daitezkeela –t(z)eko-ren bidez zein subjunktiboaren bidez, horretarako baldintzak betetzen badira:

kakotxa
kakotxa
Gezurra esan nuen Getarian, ni baino lehenago zen atarian. (Esaera zaharra)
  • Itsasoa ikustearren hurbildu naiz Getariara.
  • Itsasoa ikusteko hurbildu naiz Getariara.
  • Jendeari adarra jotzearren, edozer asmatuko luke horrek.
  • Jendeari adarra jotzeko, edozer asmatuko luke horrek.
  • Zuek karrera bat egitearren, gurasoek gogotik lan egin behar izan dute.
  • Zuek karrera bat egin dezazuen, gurasoek gogotik lan egin behar izan dute.
  • Zuek karrera bat egiteko, gurasoek gogotik lan egin behar izan dute.

Baina alderantzizkoa ez da gertatzen. Alegia, -t(z)eko erabil daitekeen testuinguru guztietan ez da erabilgarri –t(z)earren. Honek –t(z)eko perpausak ez dituen debekuak ditu. Egiletasun kontua argi dagoen testuinguruetan, alegia perpaus nagusian borondatedun egile bat daukagunean, zilegi da –t(z)earren nahiz -t(z)eko erabiltzea:

  • [Literatura zaletasuna zabaltzearren/zabaltzeko] sortu dugu sail berri hau.
  • Ez diot hau guztiau [norberaren bada-ezpadako humiltasuna ager-nahian edo esan ohi dena esatearren], baizik eta [irakurleari, (…) azaltzearren behartua natorrela…] (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Liburu batzuk erostearren/erosteko sartu naiz dendan.

Perpaus nagusian holako egilerik ez dagoenean, ordea, -t(z)eko erabil daiteke, baina ez -t(z)earren, dirudienez:

  • Ez dut astirik zure txorakeriak {entzuteko/*entzutearren}.
  • Euskaraz ez omen da jakin behar irakasle {izateko/*izatearren}.
  • Kristalezko ontzi berezi hau euliak {harrapatzeko/*harrapatzearren} da.

Izen baten osagarri (-t(z)eko {helburua/gogoa/nahia…} edo zenbatzaileen osagarri (-t(z)eko {lain/beste/nahikoa/x-egi…} ez digu –t(z)earren-ek balio:

  • Gauzak hobeto {*ulertzearren/ulertzeko] ahalegina handia izan da.
  • Liburu batzuk {*erostearren / erosteko } gogoa azaldu nion Mikeli.
  • Etxea {*ordaintzearren / ordaintzeko} lain irabazi behar dugu.
  • Horrelakoetan, nahikoa dira bi tanta zaporea {emateko/*ematearren].

Horrenbestez, -t(z)earren helburuzkoa da baina ez da -t(z)eko soilaren ordain peto-petoa. -t(z)eko perpausa osagarri nahiz adjunktu izan daiteke, baina -t(z)earren inola ere ez.

-tzearren, kausazko

-t(z)earren-en adiera nagusia helburuzkoa den arren, kausazkoa ere izan daiteke, euskalkiaren arabera.

  • Neska areik erderaz egitearren markesak zirala uste eben. (1969-1990 sailkatu gabeak astekari eta hamaboskariak, K. Gallastegi)
  • Zein sari dago hori egitearren? -galdetu zuen Enekok-. (Enekoren soineko arrosa, Anne Fine / A. Ortiz de Landaluce)
  • Eskerrik asko, deitzearren.

Erabilera hau mugatu samarra da, hala ere. Mendebaldeko zenbait euskaratan gertatzen da. Hortaz, -t(z)earren eta -t(z)eagatik elkarren ordain dira, baina kausa adierazteko orduan -t(z)eagatik da forma nagusia. -t(z)earren-en balio nagusia, aldiz, helburuzkoa da.

Hortaz, kausazkoez ari garela, -t(z)eagatik eta -(e)lako-ren arteko erlazioaz lehenago esan denak berdin-berdin balio du -t(z)earren-entzat, hau kausazkoa den heinean.

Kausa-helburua eta kontzesioa

Perpaus anbiguoak ere badaude -tzearren formarekin, kausaren eta helburuaren mugan daudenak:

  • Zer sari daukagu hori egitearren? Bestalde, postposizio honekin ere gertatzen da -tzearren kausa-helburuzkoaren eta -tu arren kontzesiboaren arteko aldea: : Mila esker etortzearren. → kausa-helburuzkoa : Garaiz etorri arren ez du lekurik aurkitu aretoan. → kontzesiboa

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzearren", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3