Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:11:4:3

Jokatugabeko beste forma batzuk

Ekialdeko euskalkietan -turik forma erabiltzen da inoiz giza jarrera adierazten duten aditzekin: eskerrak (eman), atsegin izan, urriki izan, ahalge izan…:

  • Bat bertzearen besoetarat erortzen dire bi Heskualdunak, biak bozkariozko nigarretan, Jainkoari eskerrak bihurtzen dituztela, batek irabazi handi bat eginik, bertzeak bere burua irabazterat utzirik. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)
  • Hartan bazen eta ez bazen, on zeno nahi zituela bere urratsak egin, apeza etxerat deitu baino nahiagoz, bera joan zen karrosan erretoraenera eta hanxe kofesaturik, etxerat itzuli, ziolarik, atsegin zuela, Jainkoaren aitzinean agertzeko behar zuena eginik. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Urriki dugu Iruñan ez gelditurik, ostatu on batean. (Beribilez, Etchepare, J.)
  • Aita ahalge zen semeak ohointza hori eginik. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)

Bestalde, perpaus jokatugabeez ari garela, gogoratu -turik, -tuta, -tutakoan eta -tzean formekin eraturiko perpausek modua eta denbora adierazteaz gain, azalpena ere iradoki dezaketela zenbaitetan:

  • Polizia {ikusirik ~ ikusita ~ ikusitakoan ~ ikustean}, korrika hasi ziren manifestariak.

Formari dagokionez perpaus horiek kausazkoak ez diren arren, adiera hori ere iradokitzen dute, kausazko irakurketa erantsiz inferentziaz perpausaren esanahiari.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Jokatugabeko beste forma batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3