Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:12:0

Ondorio perpausen egitekoa

Ondorio perpausen egitekoa zein den argitzen saiatuko gara atal honetan, konparaziozko eta kausazko perpausekin alderatuta.

Konparazio perpausak

hain, hainbeste edo hala bezalako morfemak dituzten perpausek konparazio perpausa ez ezik, ondoriozkoa ere izan dezakete mendean:Konparazioetan, bi osagai, gertaera edo errealitate erkatzen dira

  • Hain ondo mintzatu da ikaslea nola irakaslea.

Esaldi horretan, ‘nola (mintzatu den) irakaslea’ perpausa konparaziozkoa da, eta esaldian ikaslearen eta irakaslearen ‘ondo mintzatzearen’ maila alderatzen da.

  • Hain ondo mintzatu da ikaslea, non txundituta geratu baita klaustro osoa.

Esaldi horretako ‘non txundituta geratu baita klaustro osoa’ perpausa, berriz, ondoriozkoa da, eta ‘ikaslea hain ondo mintzatzeak’ nolako ondorioa izan duen ematen du aditzera. Horixe du, hain zuzen ere, ondorio perpausak egitekoa: perpaus nagusian aipatzen den intentsitate handiko gertakariak eragin duen ondorioa aditzera ematea.

ondorio perpausaren egitekoa: perpaus nagusian aipatzen den gertakariak eragin duen ondorioa aditzera ematea.

Diferentzia semantiko horretaz gain, bada konparazio perpausen eta ondoriozkoen artean bestelako alderik. Konparaziozko esaldietan bi perpaus paralelo elkartzen direnez, mendeko perpausean ez dira ageri osagai komunak –osagai bat behintzat badute komuna– eta, hartara, perpaus murritza da hura –nola irakaslea, adibidean– (ikus Konparazio perpausak); ondoriozkoetan perpaus biak desberdinak direnez, ez da horrelako murrizketarik egiten eta mendeko perpausak ez du isilpeko osagairik izaten (non txundituta geratu baita klaustro osoa).

Ondoriozkoek, bestalde, kausa-ondorio erlazioan oinarritzen direnez, ezin dute perpaus nagusian aipatzen den gertakaria baino lehenagokorik aipatu, ondorioa kausaren aurretik jartzea bailitzateke hori:

  • *Hain ondo mintzatu da gaur ikaslea non txundituta geratu baitzen atzo klaustro osoa.

Konparaziozkoek ez dute debeku hori:

  • Hain ondo mintzatu da gaur ikaslea nola mintzatu ziren atzo irakasleak.

Kausazko perpausak

Kausazko perpausak ere gertakarien arteko kausa-ondorio erlazioan onarritzen dira, ondoriozkoak bezala, baina alderantzizko ikuspegia islatzen dute. Kausazko perpausetan mendekoak aipatzen du kausa eta nagusiak ondorioa:

  • Hain ondo mintzatu denez, txundituta utzi ditu denak.

Ondoriozko perpausetan alderantziz da, mendekoak aipatzen baitu ondorioa:

  • Hain ondo mintzatu da, non txundituta utzi baititu denak.

Adibide horiek erakusten dutenez, trukagarriak gerta daitezke zenbaitetan kausazko eta ondoriozko perpausak. Bestelako alderik ere bada, ordea, bi perpaus mota hauen artean. Ondoriozkoek, esan bezala, intentsitateko ezaugarri bat behar dute perpaus nagusian, ondorioa ekarri duena; intentsitate hori seinalatzen duen morfema gabe ez dago ondoriozko egiturarik:

  • *Ondo mintzatu da, non txundituta utzi baititu denak.

Kausazkoetan ez da beharrezkoa intentsitatearen aipamen hori:

  • Ondo mintzatu denez, txundituta utzi ditu denak.

bada, beraz eta hortaz ondorio lokailuekin eginiko perpausetatik ere intentsitatearen adierazpenak bereizten ditu ondorio perpausak. Hiztunak ateratzen duen ondorio logikoa aurkezten dute haiek, ez intentsitateko aurrekari batek eragindako gertakaria.

  • Ordu biak dira; beraz, goazen bazkaltzera.

Esaldi horretan ‘ordu biak dira’ ez da intentsitate adierazpena, eta ondorioa hiztunaren logikari dagokio. Ondorio perpausak, bestalde, mendekoak nahiz alboratuak izan daitezke; lokailuek, berriz, ez dute mendeko perpausik eratzen.

Elkarri eragiten dioten bi gertakari aipatzen dira ondoriozko egitura honetan: intentsitateko gertakariak ondorioa eragiten du, batetik, baina, bestetik, ondorioak ematen dio aurrekariaren intentsitateari dagokion neurria. Hain ondo mintzatzeak ekarri du entzuleak txunditzea, adibidean, baina txundidura horrek ematen dio ondo mintzatu izanari dagokion intentsitatearen neurria. Entzule denak txundituta uztea gauza handia da, esaldiak iradokitzen duenez, eta horrek ematen dio neurria mintzatzearen mailari, balio superlatiboa duen neurria, hain zuzen ere, hain ondo mintzatu da, non… esaldiak ‘oso ondo mintzatu dela’ esan nahi baitu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ondorio perpausen egitekoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3