Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:12:1

Taxu orokorra

Ondorio perpaus batekin eraturiko esaldietan bi osagai egoten dira:

  • intentsitatea markatzen duen morfema daramana bat,Najat El Hachmi
  • eta haren ondorioa adierazten duena bestea
    • [ikaslea hain ondo mintzatzea] – [entzuleen txundidura]

Baina ikusiko dugunez, osagai horiekin eginiko perpausak menderakuntzaz nahiz alboratuta lotu daitezke.

  • Hain da handia ezen frogatu duenak baizen ezin iakin baitezake nolakoa den. (Guero, "Axular")
  • Hainbeste lan egiten zuen, biaoa egin beharra baitzeukan bazkalostean, nik gehien gorrotatzen dudan unean, dena isil-isilik. (Azken patriarka, Najat El Hachmi / Jexuxmari Zalakain)
  • Emakume beltz batek kantatzean hain da handia nire zoriona: zer ez nuke nik erdietsiko neure bizitza bera melodiaren gaia balitz. (Goragalea, Jean Paul Sartre / Monika Etxebarria)

Ikus dezagun osagai bakoitza zertan datzan, eta menderakuntzaz edo alboratuta nola lotzen diren.

Lehen osagaia

Lehen osagaiak morfema kuantifikatzailea edo kualifikatzailea darama:

  • hain maila hitza dugu batetik, adjektibo-adberbioen maila seinalatzen duena: hain ona, hain ondo
  • eta hainbat edo hainbeste zenbatzaileak, bestetik, izenari edo aditzari dagokien zenbatekoa seinalatzen dutenak: hainbeste lagun, hainbeste gustatu;
  • postposizioarekin doazenean, aditzarekin doaz morfema hauek: hainbesteraino gustatu, hainbestetan egin…
  • hala kualifikatzailea ere aditzarekin doa beti, halako moduan edo halako moldez gisakoak bezala: hala ibili; halako moduan egin…
  • Lehenek multzo kuantitatiboa eratzen dute: hain ona, hainbeste lagun, hainbeste, eta bigarrenek multzo kualifikatiboa: hala, halako moduz

Ikus adibide batzuk:

  • Hain ondo moldatzen ginen, egunak elkarrekin pasatzeko proiektua egin genuen. (Kant eta modernitatearen iraultza, Askoren artean)
  • Zera garatzen duzu, sen moduko bat, baina hainbestetan egin duzu kale, ez zara zutaz fio, eta guztiz kontrakoa egiten duzu, eta berriro kale egiten duzu. (Ez zen diruagatik, Ana Jaka)
  • Zentzu teknikoan, ordea, bi osagaiek oso estu loturik egon behar dute konposatu bat izateko; halako moduz, non elkarketa ezin baita antzeman begi hutsez edo proba sinple baten bidez. (Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro)

Bigarren osagaia

Bigarren osagaia daraman perpausa da ondoriozkoa, eta, esan bezala, menderakuntzaz nahiz alborakuntzaz lotu daiteke lehen osagaia daraman perpausarekin.

  • Mendekoa denean, bait- edo -n menderagailuaz gain, ondorio-lokailua darama aurrean ondoriozko perpausak.
    • non (eta) da lokailuotan ohikoena 1
    • Lagun horien ixtorioa luzea da, bainan hain da interesanta nun behar baitut dena ongi kondatu. (Erramun harginaren oroitzapenak, Etchebarne)
    • Baina 'ondare bilduma' hori hain da zabala non eskatzen duen kontserbazio hautuak egitea. ( Berria)
    • ezen lokailua ere asko erabiltzen da: eze, ze, ezi, ezik… aldaerak:
    • Belauneko zauria hain txikia zen, ezen medikuek uste baitzuten ezinezkoa zela GIBaz kutsatzea. ( Egunkaria)
    • Hainbeste aldatu du ezen orain apenas dudan niretzako astirik ( Berria)
    • bizkaieraz zein eta lokailua ere erabiltzen da:
    • Pagau deuste bisitako errial zidarra; baña ain dollorrak izan dira, zein da ez deusten atera trago bat: alan sartu nas emen kuartillu bat atera, eta zerbait jaatera, bada urrin egiten jat neure etxia barurik biurtuteko. (Peru Abarca, Moguel, J. A.)
  • Perpaus nagusiaren eskuinean ematen da beti ondoriozko mendekoa:
    • Hain gezurtia da, non ez baitio inork sinesten.
    • *Non ez baitio inork sinesten, hain gezurtia da.
  • Hori da ondoriozko mendeko perpausen ohiko egitura. Hala ere, testuetan badira bait- menderagailu soilaz eraturiko adibideak ere, aurrean ondorio-lokailurik ez dutenak, gutxi dira, ordea:
    • Giza-semeak, ordea, ain eder ziran, aiengana Maitagarriak maiteberotu baitziren; eta giza ilkorrak zerura yaso bearrean, gure griña eroak yarrai zituten, eta naiago izan zuten gure illunbetan bizi, txori lilluratuak bezala beren goiko bizitokietatik erorki. (Mireio, "Orixe")
    • Zeren hain da itsusia plagio hitza, bota orduko dena kutsatzen baitu. ( Berria)
  • Alboratuta ematen denean ere, lehen osagaia daraman perpausaren eskuinean eman daiteke ondorio perpausa:
    • Hainbeste konpromiso ditu, ez daki non agertu behar duen ere. ( Berria)
  • Askotan, ordea, aurrean ematen da ondorio perpausa, ahozkoan, esaterako, intonazio berezia lagun duela:
    • Ezin du oporrik egin, hain dabil lanpetua.
    • Honen akatsak aipatu beharrik ez dago: hain daude axalean. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Ezin izan zuten zerrenda bukatu; hain da luzea. ( Berria)
  • Hori da ondoriozko perpaus alboratuen ohiko egitura. Tradizioan aurkitzen dira, hala ere, aurrean ondorio-lokailua daramaten ondoriozko alboratuak:
    • Batek iñor aborrezitzen duenean, ari bizia kenduaz, kontentatzen da, baña zu ainbesteraño aborrezitu zera, non orrezaz kontentatu etzera, ta gañera eriotza animakoa, ta betiko tormentuak ematen diozkatzu. (Aita S. Ignacioren egercicioac-II, Cardaberaz)
    • Etorri zan Misio bat erri artara, joan zan konfesatzera Misionista bategana ta esan zion, Ai nere Aita ona! Galdua naiz; daukat bekatu bat ain itsusi ta lotsagarria, ezen ez det konfesatu urte osoetan, ta orain ere arkitzen naiz berorri ere esateko, biotz gabe. (Confesio gañean eracasteac, Moguel, J. A.)
  • Horrelakoak dira maiz ezen lokailuaren ze2, eze, ezi aldaerekin osaturiko perpausak:
  • Gaur egun ohikoak ez badira ere, aurkitzen dira testuetan horrelako perpausak:
    • Bizitzaren historia hain da konplexua ezen ezinezkoa da xehetasun guztiak iragartzea. ( Egunkaria)
    • Hain ahul eze sarritan galdu egiten dira. (Euskalkiak, euskararen dialektoak, Zuazo, K.)
    • Hainbesteraino sinesten du, eze ispilu aurrean jarri eta han geratzen da kieto. (Kuskue tanden, Iñaki Iñurrieta)

-la menderagailua

Ahozko hizkeran, Hegoaldean batez ere, -la menderagailua ezartzen zaio askotan ondorio perpausari:

  • Hain ondo mintzatu da, txundituta utzi dituela denak.

Erabilera horrek, ordea, ez du tradiziorik, eta testu zaharretan ez da ageri kasu bakan batzuetan izan ezik:

Egungo testuetan maizago ageri da:

  • Hain dago ziur, nire fedea ere kolokan jartzea lortzen duela. ( Berria)
  • Hain ziren narratsak, ez zirela sinesgarriak. ( Berria)
  • Orain, berriz, hainbeste arindu da, haizeak eramaten duela. ( Argia)
  • Hainbeste handitu da eze, jendartea bi multzotan banatuta irudikatzen dela. ( Berria)

Euskara jasoan, hala ere, aurreko paragrafoetan aipatutako moldeak erabiltzen dira batez ere, hau da, perpausaren aurrean ondorio lokailua daraman menderakuntza edota alborakuntza3:

Ondorio perpausa subjuntiboan

Kuantifikatzailea edo kualifikatzailea daraman osagaia baieztatuz ez, baina ezezka, galdezka, agindu moduan edo nahi-behar gisako modalitatean ematen denean, ondorio perpausa subjuntiboan eman izan dute lehengo autoreek:

  • Ezta Iainkoa halako moldez miserikordios, non iustiziari bide gaberik egin diazon. (Guero, "Axular")
  • Signo bisible batek hanbat bothere ahal duke, non salbamenduko gauzan gure konszientiak zertifika eta segura ahal ditzan? (Katexismea, Leiçarraga)
  • Egizu hanbat zeure othoitz onez eta arartekotasunaz, non hekin batean ardiets dezadan orai Iainkoaren garazia, eta gero mundu hunetako aldia dagidanean, haren Parabisuko loria. (Doctrina Christiana, Materre, E.)
  • […] behar genduke, are bertzela eginen genduen baiño hobekiago, haren borondatearen egitera enseiatu; eta zerere bekhatu, eta gaixtakeria oraiñokoan erabili baitugu, hek guztiak utzirik, prestutasun batean iartzera deliberatu: eta halako moldez, thailluz, eta suertez aitzinerat gobernatu, non azken finean, Iainkoaren miserikordiarekin batean erdiets dezagun guretzat ordenaturik eta prestaturik dagoen bozkarioa, zein baita zeruko loria. (Guero, "Axular")

Esaldi horietan ukatzen, galdetzen edo agindu nahiz modalitatearen mende jartzen dena ez da aurrekariaren eta ondorioaren arteko erlazioa. Erlazio hori ez da zalantzan jartzen. Baieztatzen ez dena da aurrekariaren gauzatzea, eta horrek eragiten du ondorioa subjuntiboan ematea.

1 OEH s. v. non: “De uso gral. al Norte; entre los guipuzcoanos es usual hasta principios del s. XX, fecha a partir de la cual se hace muy escaso. En la tradición vizcaína sólo se documenta en Añibarro”.
2 OEH s. v. ze: «Conjunción de valor consecutivo; con hain, hain modutan, halako moduan, hainbeste… y similares. La oración subordinada no lleva normalmente ninguna marca de subordinación del tipo bait, -(e)n o -(e)la”.
3 Garate, G.k okertzat jotzen du erabilera hau. Hain ona zen, denek maite zutela esaldiaren lekuan Denek maite zuten; hain zen ona gisakoak erabiltzea proposatzen du (207).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Taxu orokorra", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3