Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:12:2

Alborakuntza

Menderagailurik gabe ere osa daitezke ondorio perpausak, egiturako perpaus biak alboratuta. Horiek emango ditugu atal honetan.

Lokailurik gabe

Gehienetan ondorio-lokailurik gabe ematen dira horrelako alboratzeak, ahozkoan batez ere, eta halakoetan intonazioak markatzen du ondorio erlazioa. Ohiko ordenan eman daitezke perpausak, kuantifikatzaile edo kualifikatzaile sintagma daramana aurrean dela:

  • -Baita liburu horren egilea ere - apaizak - nire lagun handia da, eta haren ahotik bertso horiek entzuten dituenari miragarriak zaizkio, eta hain da gozoa haiek kantatzekoan duen ahotsa, txoraturik uzten du; luze samarra bai unai-olerkietan baina onetik ez da behin ere asko izan ohi; jaso bedi berezitakoekin batera. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes/ Ezkiaga, P.)
  • Hain da txikia, aukera asko daude biktima baten amak erailearenarekin topo egiteko. (Martutene, Saizarbitoria, R.)

Hala ere, gehienetan alderantzizkoa izaten da ordena, hau da, kuantifikatzailea daraman perpausa enfatizatu egiten da, eskuinean emanda. hain morfema dutenak:

  • Erritar danak gura eutsien: ain zan bera zintzoa, apala, baketsua ta mendu onekoa. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Entzun al dezu inoiz, aizpa, San Mister, San Leon ta San Adrian bezela? Nere buruaren jabe enaizela uste det, ain dadukat zorabiatua. (Ardi galdua, Azkue, R. M.)
  • Izarrak dirurite, aiñ ditu argiyak, aingerubak zerutik jetxita jarriyak, gloriyan egintako ispillu garbiyak, Jaungoikua badala gogoragarriyak. (Bertsoak, "Bilintx")

Intonazio berezia ematen zaie horrelako esaldiei, eta, ikusten denez, hain morfemak bere ondora ekartzen du sarritan aditza: hain zen zintzoa. Bestelako morfemekin ere egiten da horrelako alboratzea:

  • Baiña ez zuan bere nagusiagandik pauso-muttur bat ere alde-egiteko ausardirik; ainbesteko beldurra zeukan biotzean sartua. (Don Kijote Mantxako, Berrondo, P.)
  • […] ez ziñdutalako, ura bildurra nekan miñ zenubelako! 3 Nere biyotzak o zer poza duben artu! Onen golpiak eziñ ditut aguantatu; bere lekutik dabill nayian faltatu, kanpora irten ez dediñ biar det kalkatu, gaxuak zuregana, nai luke saltatu! 4 Au nere zoramena zutzat gustatuta, bildur naiz gera nadiñ burutik galduta; ainbesteraño nago enamoratuta, nai badezu, oñetan belaunikatuta, adoratuko zaitut, agindu zazu-ta. (Bertso guztiak, "Bilintx")
  • Bere biziarengatik iñork ez zuan txanpon bat emango. Hainbesteraino ahuldu zen. (Bizia garratza da, Irazusta, J. A.)

Kuantifikatzailea perpausaren hasieran ematea da ohikoena horrelako esaldietan; perpausaren barnean ematea salbuespena baizik ez da:

  • Kamisola jauntzi eta, iduri zuen Migelek esposeko athorra soinean zuela; xerraño hek hain ziren ongi emanak! Jendearen hobeki enganatzeko, gero, Manuela ihizi harek, azken xerra bat, handiena eta pollitena, gerruntzetik poxi bat ageri, erdi dilindan bezala eman zuen. (Supazter xokoan, Barbier)

Alboratze hauek, jakina, ez dira emendiozkoak, eta, hortaz, ez dute emendiozko juntadurarik onartzen:

  • *Herritar denek gura zioten eta hain zen bera zintzoa.

Lokailuarekin

Hala ere, ondorioa adierazten duen perpausak ondorio-lokailua izan dezake, ezen morfema gehienetan, eta orduan esaldia ohiko ordenan ematen da:

  • Hain ardo ona diagok eze, pena ematen zidak saltzea. (San Martin)
  • Hainbeste lan daukate, ezen enkargu gehiago hartu ezinik dabiltza Japoniako eta Koreako ontziolak. ( Berria)
  • Hainbat gauzatan sartuta nabil eze azkenean denak gaizki egiten ditut. (Elexpuru, J. M.)
  • […] bat pensa ezazu onezkero fiaze zatez ez artu fantasiarik ezkon bazatez eongo zara ardia legez mansorik Beste bategaz ezkondu arren uste badozu oba dala errazoaz desakezue la bella mal maridada orduan akordaduko zara oi nola esan nizun nik ezkon bazatez eongo zara ardia legez mansorik Ala zara mudaduko ze ez zau inork ezautuko bizi beste bat artuko dozu kondizioak ken zaiteko. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • eta alan eztabeela bijotzetik urteten, eta orregaitik intenzinoe baga diriala; baña sarri, eta sarri alako bizitasunagaz, alako arrabijagaz esan oi ditubez, ze edonok sinistu leike bijotz bijotzetik diriala; eta dudatzaka sarri, eta sarri intenzinoiagaz izango dira; ezin uste leiteke gizon, edo emakume batek benetan nai leuzkijola bere burubari onelako zori galdurik; baña dakusu asko, eta asko ibaira bota diriala, kutxilo bategaz il diriala, urkatu diriala. (Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Astarloa, P.)
  • Eta zer aurreratuten dabe oneek euren birao guztijakaz? Ezerbrez: bada ain moduatan dago zabaldurik birauak ezartia, ze egiten dabenian, zein da eztabenian; eta esan oi dabe; Ez jaramon orri, bada guztiz da biraokarija, biraorik andijena botaten dabenian ordunbantxe dino guzurrik andijena. (Urteco domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, Astarloa, P.)

non

non ere erabil daiteke horrelako esaldietan:

  • BASILIO: Ain da garestia non erregeak eta beste gaiñ gañeko personak bakarrik izan dezateke. (Euskal dialogoak, Iturriaga, A. P.)
  • Ain da abilla arotz, zurgin edo artista au, non behin ikustearekin beste gabe ikasi du ezkilak egiten. (Gabon gau bat eta beste ipui asko, Zabala, A. M.)
  • Ordu biko bidea igaroteko dozunean, ta ordu atatik bata alperkerian, jan-edanean ta arloterian igaro dozunean, ze bitarteko zeure bidea denporaz, ilundu, berandutu ta gaubetu baga azkenduteko? Jazo jatzun utsa bete ta estalduteko? Zer? Gelditzen jatzun ordu atan ain zinez, gogoz, egiaz ta bizkor lastertu ta abiatuten zara non, ordu biko bidea, baten egiten dozu; ta onela bete ta estalduten dozu lengo utsegitea ta alperkeria. (Gueroco Güero, Añibarro)
  • Baina zuk nire zoriona nahi duzu, eta une honetan nire zoriona hain da handia non doi-doia naizen sentitzeko ere gauza. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Muñoz, J.)Oxigenoa euskarari proiektuak Nepaleraino eraman du euskara

Aditza orainaldikoa dute adibide horietako perpausek, eta agerikoa da menderagailurik ez dutela. Zalantzazkoak gertatzen dira, ordea, ohi bezala, aditza iraganean dutenak, bietara uler baitaiteke haien amaierako -n morfema, menderagailu gisa nahiz iraganaldiko morfema soil gisa. Hala, Hain nekatuta zegoen, ezen afaldu gabe oheratu zen esaldia honako esaldi bi hauen iraganeko bertsioa izan daiteke:

  • Hain nekatuta dago, ezen afaldu gabe oheratu da / den.

Egitura berezia da ze morfema aurreko perpausari itsatsia duena. Esaldia etenda uzten du, ondoko ondorio perpausa isildu eta, testuinguruari esker, ulertutzat ematen da:

  • Ohera noa, hain nekatuta nago ze…!
  • Ez al naz ni mesede onen duin? Neuk bere beti maite izan dot Marija: bera barriz ain da Ama ona ze. (Marijaren illa, Uriarte)
  • Baña ain da ona ze. (Marijaren illa, Uriarte)

ere

ere adberbioak indartu egiten du intentsitatearen adierazpena, aposizioan emandako kuantifikatzaile sintagmaren ondoan jarrita:

  • Eskerrak bere buruaren jabe zela. Ain jabe ere, nai zuan aldera jotzen zuan. (Poli, Anabitarte)

Eta, orobat, kuantifikatzailea daraman perpausa eskuinean dela, aposizioan emandako partizipioaren ondoan:

  • Eskolara joan gabe gelditu nintzen, hain goxo nengoen ohean, egon ere.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Alborakuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3