Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:12:3

Menderakuntza

Hortaz, ondorio perpausak menderatu gisa ematea erabakitzen badugu, lehenbizi zenbatasuna edo maila jasotzen duen perpausa emango da eta, ondoren, ondorioa bera. Ondorio honen buruan, lokailu bat izango dugu (non, ezen) edo ezer ez (Ø), eta aditzak, ohiko legez, bait- aurrizkia edo –(e)n atzizkia izango du:

  • Begira, izan ote dezun itz loi desonestoak aditzen egoteko oitura, zeregan poztutzen, eta goixatzen zerala, edo beintzat artarako perill andian? Badira zenbait zar gai onetan eskolamaisu andiak, Demonioak bere ordeko lurrean ipiñiak: oek gazteen aurrean kontatzen ditue ipui itsusiak, alako gatz, eta piperrarekin, non gazteak egon oi diran aua zabaldurik zar madarikatuaren erakutsaldiak entzuten. (Jaungoikoaren legeko amar aginteen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • Gobernamenduak ezagutu du hain on handia dakarkeela drainatzapenak, non lege berri bat eman baitu haren fagoretan. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Ordea gero handik denbora gutiren barrenean, hain soldadutu zen eta harmetan usatu, trebatu, eta anzatsutu, ezen egun batez harmarik gabe, Saulen ihesi zihoala, hartu baitzuen Goliat handi haren ezpata, erraioten zuela, ezen etzela munduan harentzat halakorik eta ez hark nahiago zuenik. (Guero, "Axular")
  • Poz handia antzematen zitzaien euskaldunei, hain handia non beren ohiko zuhurtzia ere ahaztu samarra baitzuten. (Eguzki beltzaren sekretua, Ladron Arana, A.)

Ondoko adibide hauek erakusten digute zergatik erabiltzen den holakoetan non lokailua, berez galde hitza dena. Hain zuzen, perpaus nagusian hartaraino postposizio sintagma agertzeko dugun arrazoi bera dago non agertzeko ondorio perpausean. Korrelazio hau (hartaraino/hainbatetarainonon) perpaus erlatiboetan ikusi dugun berbera da. Eta, egia esan behar bada, erlatibotzat ere har liteke perpaus hau. Dena dela, Ondorio perpausak atalean ikusi dugunez, erlatiboek, konparatiboek eta ondoriozkoek badute elkarren artean kidetasunik:

  • Fiñean segurantza oso batekiñ errozu: Erakhuts zazu, o Ene Jaiñkoa, nor eta zer zaren: ager zazu, ni bekhatore gaxoaren eta humiliatuaren gaiñean, zure Miserikordia dibinoa: barkha dietzadatzu ene hoben guziak: ez dezazula permeti zu ganik, den gutiena ere, aparta eta separa nadiñ: zure Graziaz borthitz nazazu hartaraiño, non ez baitzaitut gehiago behiñere ofensatuko. (Gudu izpirituala, Haraneder, J.)
  • […]bada ainbesteraño itxutu ziran, eta ainbesteraño gogortu ziran, nun Jesu-Kristo Pilatosek berak inozentetzat deklaratu bazuen ere, gurutze batean illik ikusi artean aspertu etziran. (Cristau Doctriña guztiaren esplicacioaren sayaquera, Gerriko, J. I.)
  • Nafarroan hartaraino estutu zen kontua, non Alejandro IV. aita santuak eman zion agindua Teobaldo II. erregeri 1256an juduek usura bidez berenganatutako ondasun guziez jabetzeko. (Trapuan pupua, Perurena, P.)

Lokailurik gabe ere eman daitezke holakoak, nahiz eta ez den ohikoa:

  • Giza-semeak, ordea, ain eder ziran, aiengana Maitagarriak maiteberotu baitziren; eta giza ilkorrak zerura yaso bearrean, gure griña eroak yarrai zituten, eta naiago izan zuten gure illunbetan bizi, txori lilluratuak bezala beren goiko bizitokietatik erorki. (Mireio, "Orixe")

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Menderakuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3