Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:12:3:1

Maila hitz eta kuantifikatzaileak

Ondorio perpaus menderatuak nola eraikitzen eta erabiltzen diren ikusiko dugu atal honetan. Maila hitz eta kualifikatzaile hauek bereiziko ditugu:

  • hain
  • hainbat, hainbeste, hainbesteraino
  • hala
  • halako eran

hain

hain maila hitza adjektibo edo adberbioekin erabiltzen da, esan den bezala, haiei dagokien intentsitatea adierazteko1:

  • Urte gutxitan aberastu da, eta hain aberats egon behar du non dena uzteko asmoa hartu duen. (Goi argi, Barriola)
  • Itz oen gañ ain gozo ta egoki itz egin zien eze, guziak arritu ziran, eta askoren biotzak penitenziara mugitu. (Asis-co loria, Beovide)
  • Pagau deuste bisitako errial zidarra; baña ain dollorrak izan dira, zein da ez deusten atera trago bat: alan sartu nas emen kuartillu bat atera, eta zerbait jaatera, bada urrin egiten jat neure etxia barurik biurtuteko. (Peru Abarca, Moguel, J. A.)
  • Nik izan nuen hain bihotz krudela, ezetz erran bainion, ezetz berehala (Luzaideko Kantiak) –azkena ondorio-lokailurik gabe–)

Sintagma kuantitatiboaren ohiko ordena [hain + adjektiboa / adberbioa] bada ere, ondorio perpausetan bere ondora dakar maila hitzak aditza sarri askotan, egitura markatua eratuz, batez ere adizkia trinkoa denean:

  • Indiano bat eremaiten nuen bizkarrean! hain zen pizua, nun burua baitzautan apalarazten, eta nihundike ez nuen altxatzen ahal! Ardoy (San Frantses Jatsukoa, Narbaitz, P.)
  • zan eder, eta galaia, non ura ekusteagatik, leio, eta balkoietara irteten ziran damak. (Jaungoikoaren legeko amar aginteen gañean erakusaldiak, Aguirre, J. B.)
  • Hain da garrantzitsua ezen lehen ministroak berehala agertu behar izan baitu bere egitasmoa publikoki ( Argia)

Ikus, hala ere:

Bestalde, hain maila hitzaren lekuan horren eta honen erabiltzen da, nahiz gutxitan izan.2:

hainbat, hainbeste, hainbesteraino

hainbat eta hainbeste kuantifikatzaileek zenbatekoaren intentsitatea adierazten dute, izenari edo aditzari dagokiena:

  • Hainbat atsegin izan nuen ikustez, non uste bainuen behin ere ez nintzala geldituko haren eskua trinkatzetik. (Narrazioak, Mirande)
  • Hainbeste lan egiten zuen, non beldur izaten bainintzen maiz, bera ere gaixotuko ez ote zen. (Ipuin batean bezala, Irigoien, J. M.)
  • Baña ainbeste mindu ziran, non esan zion batek besteari[…] (Ur-zale baten ipuiak, Urruzuno)

Sintagmak postposizio atzizkia duela ere erabiltzen da:

  • Hainbeste denboraz espero izan du arrakasta, non orain ezin baitio uko egin, eta nire beldurrei, berriz, barre egiten die. (Ezezaguna helbide honetan, Kressman Taylor / Ramon Etxezarreta)
  • Hainbestetan irakurri zuen Pedrok gutuna, non, azkenean, buruz ikasi baitzuen. (Arma, tiro, bammm!, Irigoien, J. M.)

hainbeste(ta)raino morfema aditzaren zenbatekoari dagokio beti:

  • Onetan Esquilio bere onera etorri, eta bere gaitzetik oso sendatu, eta San Bernardoren erlijioan sartu eta batez ere Mariaren serbitzura eman zan; eta gero ainbesteraño birtutean aurreratu zan, nun santu izateraño igo zan, eta orañ Ama amoriotsu onen gloriak kantatzen zeruan dago. (Maietzeko illa, Arrue, G.)
  • Emendatu zuen hainbertzetaraino batasun hura […], non ez baitzuten bihotz bat eta arima bat baizen. (Meditazioneac urtheco Ebanjelioen gainean, Jauretche)
  • Aiek alabañan, suta-gar egiñik, batez-ere Erribera zeritzan beretako nausiena, mairutzat indartsu bati ondo pagatu zioten, zeñek Ignaziori alde artatik pasa zediñ itxodon zion, eta makillaekin aiñ gogor ta ainbesteraño elbarritu zuen eze, illa zalakoan, bere odolez lurra putzu egiñik, utzi zuen. (San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua, Arana, J. I.)

Forma horiek izenlagun edo adjektibo bilakatzen dira -ko atzizkia hartuta:

  • Baina hutsegin hori zela zio, hainbateko etsiak hartu zituen guziak, non ez baitzuten gehiago ihoren hiltzeko gogorik, ez ahalik. (Narrazioak, Mirande)
  • Agertu eban onerazpena, ainbestekoa izan zan eze, guztiak geratu ziran mirariturik. (Iturzaeta, A.)

Postposizio atzizkia ere har dezakete:

  • Farisauek eta Iskribatzailek ederki aditu zuten Salbatzaile Dibinoaren solhas horiek zer erran nahi zuten, eta hekien errabia hainbertzetarainokoan handitu zen, non, haren ondotik baitzabiltzan haren preso altxatzeko eta hilarazteko. (Sainduen Bizitzea, Joannateguy)

hala

hala kualifikatzailea ere aditzarekin erabiltzen da, aditzaren esanahiari dagokion intentsitatea edo nolakotasun aipagarria seinalatzeko:

  • Gaur zu ikusteak pozten nau hala, non iruditzen zaidan jai handi bat dela. ("Bilintx")
  • Eta, ondoan, hala maitatu zuen Maria Balentina, non bere semearekin ezkontarazi baitzuen, eta eztei ederrenak egin ziren hamar egun osoz. (Ixtorio-mixterio, Barbier)

Izenarekin doan halako morfemak zehazten erraza ez den ezaugarri baten intentsitatea adierazten du:

  • Halako berriak zabaldu ziren, non biziki kezkaturik geratu ziren denak.

Esaldi horretan, ‘halako berriak’ sintagmak adierazten du albisteen intentsitatea handia dela, nolakotasuna zehaztu gabe; ‘hain berri txarrak / latzak / hitsak / kezkagarriak…’ adierak iradoki ditzake sintagmak. Bestelako adierak ere iradoki ditzake:

halako eran

halako eran / moduan / gisan / maneraz / moldez / suertez esapideek moduzko aurrekaria ezartzen diote ondoriozko perpausari. Aurreneko biak batez ere Hegoaldean erabiltzen dira:

  • Emakume oietara osotoro jarrita, alako eran itsutu zan, non, ainbeste jakinduri eta ondasun eman ziozkan Jainkoari utzita, emakume aien gezurrezkoak eta idoloak, aiei atsegin emateagatik, adoratu zituen; eta mundua arritzeko adiñako lanak arteraño egin izan zituen Salomon andia, jarri zan abereturik, eta lokazti likits bat egiñik. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • Alako moduan arkitzen da nekatua ezik ez dezake aldean pauso bat eman, bada bere aztalak koloka dauzkaki. (Otaegi, K.)
  • Jaunak bedeinkatu zuen, eta alako moduan aberastu zan, non, auzoak aren ona ezin eramanaz, asi ziran esetsi edo persegitzen. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • Haga-gainak oihalekin eta denarekin joan ziren behera, karrakaren gain-bizkarrera, halako moduan non eman baitzezakeen ontzia hotz zela eta soinean hala moduzko trapu batzuk jantzi zizkiotela. (Sukar ustelaren urtea, Jimenez, E.)
  • Aitzitik, inpronunziablea bere baitan da ahoskatu ezina, zeren “guk ahoskatu ezina” besterik gabe bihurtu baita “ahoskatu ezina”, halako moduan non munduan diren hiztun guztien artean gu bakar bat baita aintzakotzat hartua. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Segurola, I.)

Besteak batez ere Iparraldekoak dira:

  • Nihork ez zezan ezagut, eskale errumesenaren itxura hartu zuen, halako gisan non guziek trufan baitzabilaten. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)
  • Alexandre handiak egunbatez manatu zian Appelles pintazale famatu hura, konpazpe ederra, eta bere gortian zian maitena figura lizazon, eta pinta bere eskuz ahalik hobekiena, eta ederkiena, zer egindu Appelles pintazaliak, andere eder haren moldiaren egiten zela bere lumaz, haren edermenek halako gizaz haren bihotza xarmatu zuten, non bertan harzatz amuroz gertaturik, amorioak itsutu baitzian, haren luma eskuan ikharatu, eta haren huna burian nahasi, eta kordokatu: Alexandre Prinze jenerosak, ikhusirik gizon haren phena, eta amorio handia, pietate harzatz harturik, eman zaukon andere eder hura emazte, eta pribatu bere buria, mundian […] (Onsa hilceco bidia, Tartas)
  • Zaren beraz bethi prest, eta bizi zaite halako maneraz non herioak ez baitzaitu sekulan ustegaberik atzemanen. (Jesu-Kristoren imitazionea, Xurio, M.)
  • […] finean, zeren hanbat ongi eta ontasun egiten derakun, hargatik beragatik ere, hartarik okhasino harturik, behar genduke, are bertzela eginen genduen baiño hobekiago, haren borondatearen egitera enseiatu; eta zerere bekhatu, eta gaixtakeria oraiñokoan erabili baitugu, hek guztiak utzirik, prestutasun batean iartzera deliberatu: eta halako moldez, thailluz, eta suertez aitzinerat gobernatu, non azken finean, Iainkoaren miserikordiarekin batean erdiets dezagun guretzat ordenaturik eta prestaturik dagoen bozkarioa, zein baita zeruko loria. (Guero, "Axular")
  • Felipe II.-en zerbitzarien artean biziki hedatua zen ustea, Azpilkueta bihotzez frantsesa zela; hala nola, Granvela kardinaleak erraten zion Felipe II.ari: “Gizon hori Parisen jaioa balitz bezain frantsesa da, eta nola zahartua baita ateratzen zaizkio gauza batzuek erakusten dutenak haren lehia halako gisan non ahalketzen baitzara haren entzutean edo, horretaz penarik ez hartzeko, bere adin handiak zentzua galarazi diola asmatzen duzun”. (Enkiridion, Azpilkueta, M./ Xarriton, P.)
  • Bigarrenak nahi du eraspena kendu, baina nahi du kendu beretu duen gauzarekin geldituz, halako maneraz non Jainkoa etor dakion berak nahi duen tokira, eta ez du erabakitzen Jainkoagana joateko uztea, nahiz eta beretzat bizibiderik hoberena izango litzatekeen. (Gogojardunak, Inazio Loiolakoa/ Altuna, P.)
  • Hirugarrengoz, jainkozko eskubidearen aurka ere ez doala, Jainkoak bataioko itunaren bitartez baitu kristauen gaineko boterea, halako moldez non gobernari gorenen eskubidea edo Estatuko eskubidea ez zaion inola ere erlijioari aurrez aurre jartzen. (Herritarra, Thomas Hobbes / Esteban Antxustegi)
1 Ohikoaz kanpokoa da perpausa nola morfemaz bideratzea: Uste al duzu Bizkaian hain jende biguna dela nola zeuen alardeen beldurrak daudela? (Bertso bizkaitarrak
2 hain kuantifikatzailearekin eginiko ondorio perpausen lekuan, erlatiboarekin eginiko itzuli bat erabiltzen da inoiz hizkera arruntean: hain garestia da etxea, ezen ezingo baitut erosi gisakoen lekuan, den garestiarekin, ezin izango dut etxea erosi gisakoak, alegia

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Maila hitz eta kuantifikatzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3