Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:12:3:2

Ezeztapena

Perpaus nagusia ezezka ematen denean, eta ez da hau ohikoa, perpaus menderatuaren aditzak izan behar duen formak buruhausteren bat sor dezake. Zer gertatzen da taxu honetako perpaus bat osorik ezeztapenaren mende jartzen badugu? Alegia, beheko adibideko lehen adierazpena esan beharrean, adierazpen hori ezeztatu nahi bada, zein da jokabidea?

  • Liburu hau hain da aspergarria, non eskuetatik erortzen zaizun.
  • ??Liburu hau ez da hain aspergarria, non eskuetatik erortzen zaizun.

Idazle zaharrek holakoetan subjuntibora jotzen zuten:

  • Ezta Iainkoa halako moldez miserikordios, non iustiziari bide gaberik egin diazon. (Guero, "Axular")

Honako honetan ere behar ez den subjkuntibotzat har genezake, -(e)n atzizkiari esker:

  • Nehor ez ain saindurik non barkhamendu behar ezten. (Othoitza Ecclesiasticoen forma, Leiçarraga)
  • Xuberoan errepikatzen dute oraino Aita Odilon xaharraren erran hau: “Ezta herri hain aingerurik nun ezten han debrurik, ez-eta herri hain debrurik nun ezten han aingerurik”. (Lapurtera-Nafarrera Saio-artikuluak, Iratz)

Gaztelaniaz ere, esaterako, holakoak subjuntiboan ematen dira.

Kontua da gaurko euskaraz holakoekin zer egin behar den jakitea. Batetik, badirudi aposiziora jotzeko aukera badela esaldia ‘ez da inor hain…’ modukoa denean, perpaus existentziala denean, alegia:

  • Inor ez da hain santurik, barkamen behar ez duenik.

Goiko (Xuberoan errepikatzen dute oraino Aita Odilon xaharraren erran hau: “Ezta herri hain aingerurik nun ezten han debrurik, ez-eta herri hain debrurik nun ezten han aingerurik”.) modukoek ere erlatibozko itzuli bera onar lezakete, baina arazoa da sintagma erlatibatua inesiboa litzatekeela eta, horrela, zail gertatzen da erlatibatzea.

Gaur ez dirudi subjuntibora jotzea ohikoa denik. Bestelako esapideetara jotzen da. Adibidez, honako perpaus hau baiezka emateko arazorik ez da:

  • Gizon hura hain zen ergela, non harri kozkorrak perlatzat hartzen zituen.

Ezezka eman nahi dugunean sor daitezke arazoak:

  • *Gizon hura ez zen hain ergela, non harri kozkorrak perlatzat hartzen zituen.

Honen ordez, alborakuntzaz baliatuz, honako hau eman dezakegu:

  • Gizon hark ez zituen harri kozkorrak perlatzat hartzen. Ez zen hain ergela.

Bi perpausak lokabeak dira eta ezezka eman ditugu. Izan ere, horixe da ezezkako perpaus hauek interpretatzeko modua. Jakina, bestelako itzuliak ere eskura ditugu, helburuzko perpaus bat erabiliz:

  • Gizon hura ez zen harri kozkorrak perlatzat hartzeraino ergela.
  • Gizon haren ergelkeria ez zen iristen harri kozkorrak perlatzat hartzeraino.

Arazo bera aurkezten digute perpaus nagusia galderazkoa denean edo agindu perpausa denean ere. Holakoak ez dira eguneroko hizkeran erabiltzen baina EGLU V-ek jasotzen du adibide pare bat:

Honen ordain gisa ematen da aipatu gramatikan honako hau:

  • Salbamenduko gazuan gure konzientziak zertifikatu eta seguratu ahal izateko {adinako/hainbesterainoko, beste, lain} botere ahal duke signo bisible batek. ( EGLU V)

Eta aginterazkoa:

  • Egizu hanbat zeure othoitz onez eta arartekotasunaz, non hekin batean ardiets dezadan orai Iainkoaren garazia, eta gero mundu hunetako aldia dagidanean, haren Parabisuko loria. (Doctrina Christiana, Materre, E.)

Bitxi samarrak gertatzen dira horrelakoak. Arazoa da holakoak esateko, ordezko biderik aurkitzea ez dela erraz. Adibidez, honako hau, neuk asmatua, nola esango litzateke euskara arruntean?:

  • Ez ezazu hitz egin halako moldez non jendeak susmo txarra har dezan.

Holakoak erdaraz aski arruntak direla esango nuke. Euskaraz ez hainbeste. Seguru asko, jendeak beste itzulinguru bat erabiliko luke horretarako, kausaletara joaz, esaterako:

  • Ez dezazula horrela hitz egin, jendeak susmo txarra hartuko du eta.
  • Ez duzu horrela hitz egin behar, jendeak susmo txarra hartuko du eta.

Ezezkakoekin ere arazoak izan daitezke. Duvoisinek, berriz, othe jarri zuen ahalen lekuan, ez -a atzizkia edo hutsa:

  • Eta batek, Kleophas deitzen zenak, ihardetsiz erran zioen: Bakharra othe zare Jerusalemen hunenbat arrotz, non ez baititzu jakin ere hor egun haukietan iragan direnak? (Biblia Saindua III, Duvoisin)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ezeztapena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3