Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:13:2:1

-ela/-elarik atzizkidunak

Euskaraz garai eta euskalki guztietan erabili izan dira -ela/-elarik atzizkidun perpausak. Aditzari erantsita, era askotako perpausetan ageri dira morfema hauek:

  • Denborazkoetan:
    • Txikia nintzela ikasi nuen bizikletan ibiltzen.
  • Moduzkoetan:Rajoy ahoa zabalik adi-adi
    • Ahoa zabalik zuela adi-adi begira zegoen.
  • Kausazkoetan:
    • Hain dantzari ona delarik, nola ez dugu taldean onartuko?
  • Kontzesiozkoetan:
    • Lotsatia delarik ere, jendaurrean hitz egiten ikasi behar du.

Bi morfemak balio berdintsuaz erabiltzen dira: -ela, esaterako, moduzko eta denborazko perpausetan erabiltzen da batez ere. -ik, atzizkia erantsita -elarik sortuta, adiera antzekoa dutela diote gramatikari gehienek. Hala ere, -ela adizki trinkoekin erabiltzen dela diote batzuek, -elarik, ostera, adizki trinko eta laguntzaileekin.

Ikus adibideok:

  • Klasikoak:
    • Laster agertu ziren biak, bizkarrean poltsa bana zekartela.
    • Baña mutil gazte batek, bere aragiak maindire bakar batekin estaliak zeuzkala, jarraitzen zion, eta eldu zioten. (Itun zaharra, Uriarte)
    • Egi, Leaburuko elizapeko ttonttor, buru-biribil, ikusgarri ta ikusgu eder ori! Ire bizkarretik Ernio ta Aralar ta Aizkorri mendi eskergak begi betean ikusita gero, Oria-bazterreko uri lantsu Toloxa, emakumetxo zurbil bat bailitzan gutxituz, emetuz izendatzen duten Tolosa yaiua, begiak zabal-zabal nituela, ikustorduan, gogoak etzidan bururatzen egungo uri ketsu, erdaltsu, dirutsu ori, ez; orren ordez, gizaldi zarretan Gipuzkoak burutzat zeukan uri alai, goita beterriko beredin basauritxoren inude, bertsolari buru-zorrotz, ur-etsai, ezpain-biguñ geienen bilune zan, Tolosa irudi izan zitzaidan. (Ardi Galdua, Azkue, R. M.)
    • Gurutzetu zituan besuak San Franziskok, eta, bere eskuia anai Bemardoren buru gañian zuelarik, bedeinkatu zuan onela: “ Jesukristo gure Jaunaren Aita Betikuak bedeinka zaitzala, espirituko bendizio zeruak orañ arte gure gañ ixuri izan dituan guztiyakin. (Asis-co Loria, Beovide)
  • Gaurkoak:
    • Andresek begiak malkotan zituela begiratzen zion. (Jakintzaren Arbola, Zabaleta J./Baroja, P.)
    • Oroituko ez dot ba! -esan zuen Lauaxetak, irriz, berak aspaldi idatzitako ipuina ezagutzen nuelako sentitzen zuen poza agerian zuela-. (Agur, Euzkadi, Zabala, J. L.)

Ez da erraza moduzko perpausetan bi molde horien arteko alderen bat atzematea. Garai eta euskalki guztietan erabili da -ela atzizkia denborazko eta moduzko perpausetan. -elarik, ostera, ez da bizkaierazko testu zaharretan ia ageri, oraintsu sartu baita molde hori. Gipuzkerazko testuetan sarriago ageri da. Hala ere, Iparraldean erabiltzen da batez ere, baina moduzkoetan baino gehiago, denborazko, kontzesiozko eta kausazko perpausetan. Aipagarria da halaber, adibide askotan diñoala sintagma ageri dela.

Ikus adibideok:

  • Klasikoak:
    • Juanek beronen testigantza emoten dau, ta dedar egiten dau, diñoala: Au berau da nik esan neutsuena; nire atzean etorriko dana, ni baño lenago izan da: zerren ni baño aurrengo zan. (Añibarro, Jesu Kristoren lau ebanjelioak batera alkarturik)
    • Josetxo asi zan urte-bietako gertaerak esaten; Montebideon zer ikusi eban, zelako elizak, etxeak eta kaleak dagozan; itxasoetan zer igaro jaken, da itxas lapurren auziak ageritten egoala, agertu zan atso bat Eladiri deiez, ziñoala: - Eladi, amak diño etxera joan zaittezala. (Josecho, Echeita)
  • Gaurkoak:
    • Selifanek ez zion ezer erantzun galdera horri, baina, burumakur, bazirudien honela zioela bere artean: “Zail da ulertzen, bai?: banekien eta ez dizut ezer esan!”. (Arima hilak, Gogol N. / Morales J.)

Moduzko zenbait perpausatan, -ela eta -elarik atzizkiak trukagarriak dira. Hala ere, bizkaierazko hiztunentzat -elarik arrotza da, bizkaieraren tradiziozko testuetan ez delako halako molderik ageri.

  • Irribarrea aurpegian zuela agertu zen bat-batean. IRRIBARREA BAINO GEHIAGO DU AURPEGIAN
  • Irribarrea aurpegian zuelarik agertu zen bat-batean.

Beste perpaus hauek, ordea, ez dute -elarik onartzen, kontzesiozko perpausak direlako, ez moduzkoak:

  • Irakasleak esandakoetan egiarik badelarik, engainatu gaituen susmoa dut.

Horrenbestez, -ela/-elarik morfemak balio bertsuko perpausetan ageri dira, euskalkien ohiturak gorabehera. Hala ere, -elarik perpaus mota askotara zabaldu da eta horregatik askotan ezin dugu horren ordez -ela soila erabili.

Moduzko perpausek perpaus nagusiak adierazitako ekintza nola gauzatzen den adierazten dutela esan da arestian. Baina -ela/-elarik morfemadun perpaus hauetan ez da beti hori betetzen, mendeko perpausak perpaus nagusiaren moduzko ñabarduraren bat adieraz baitezake. Gehienetan moduzko adberbioek perpaus bakunetan duten funtzio bera dute baina bigarren mailako predikazio gisa, perpaus nagusiko osagai baten predikazio gisa. Horregatik, -ela/-elarik atzizkidun perpausetan aditzaren aspektua burutugabea da, egoera edo jarduera zehazten duelako. Perpaus nagusiko osagai bat deskribatzen dute.

  • Begiak malkotan dituela ikusi dut Miren.HAU, OSTERA, NEGARREZ ARI
  • Irakaslea gelan sartzen zela, ikasle guztiak isildu egiten ziren.

Lehen perpausean, Begiak malkotan dituela mendeko perpausak Miren nola zegoen adierazten du, sintagma horri dagokio, ez perpaus osoari. Bigarren perpausean, berriz, -ela morfemadun perpausa denborazkoa da, eta perpaus osoari eragiten dio.

Bestalde, bezala, legez, moduan/modura, antzean/antzera… daramaten perpausetan konparazio bat jasotzen da, ez, ordea, -ela/-elarik atzizkidunetan. Perpaus nagusiko osagai bat deskribatzen dutenez, mendeko perpausean modua onar dezakeen edozein aditz izan dezake perpaus nagusiak. egon, esaterako, sarri erabiltzen da. Modua adierazten duten -ela/-elarik atzizkiak adizki trinkoekin nahiz laguntzaileekin ager daitezke baina oso ohikoa da adizki trinkoak erabiltzea, aditzaren aspektugabea izaten delako halako perpausetan.

Ildo horretan, formaz antzekoak diren perpaus askotan, testuinguruak erabakitzen du moduzko perpausak diren ala ez.

  • Hain ona delarik, nola ez lagundu?
  • Hain ona bada, nola ez lagundu?
  • Hain ona izanik, nola ez lagundu?

Lehen moldea kausazkotzat hartu da, baina baldintzaz ere eman daiteke, bigarren eta hirugarren moldeek erakusten dutenez.

Kokapenari dagokionez, -ela/-elarik atzizkidun perpausak perpaus nagusiaren eskuinaldean agertzen dira gehienetan, osagairen baten moduzko ezaugarriren bat gehituz. Hala ere, osagarri zirkunstantzialen funtzioa dutenez, horien leku berean agertu ohi dira. Perpaus nagusiaren galdegai denean, ostera, aditz nagusiaren ezkerraldean agertzen da.

  • Oinak arrastaka zituela atera zuten tabernatik.

Eskuinaldean agertzea da ohikoena, eta galdegai izan gabe ezkerraldean agertzen denean, moduzkoak barik, denborazkoak, kausazkoak edo bestelakoak izaten dira. Ezezko moldeetan eta aditzaren galdegai bada, ezezko morfema eta aditz laguntzailea ez dira perpaus osagarrietan bezala aurreratzen:

  • Ezer entzuten ez duela dago.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ela/-elarik atzizkidunak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3