Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:13:2:2

Izena ardatz dutenak

Moduari erreferentzia egiten dion izen bat ardatz duten perpaus erlatiboak erabiliz ere sor daitezke moduzko perpausak. Perpaus hauek postposiziodun izen sintagma bat (antz, arau, gisa, era, modu, molde) dute ardatz. Hala ere, beti ez dago argi perpaus hauek beste perpaus baten mendekoak diren edo ardatz den izenaren mendekoak diren. Postposiziodun izen horiek izen hutsak direla hartuz gero, [modu+postposizioa], [molde+postposizioa], etab. haien ezkerrean dauden perpausak erlatibo arruntak izango lirateke. Aldiz, ardatz diren izen postposiziodunak forma fosildutzat hartuz gero, modua adierazten duten mendeko perpausak dira.

Izena ardatz duten modu perpausen osaera

Molde honetako modu perpausetan, izenak deklinabide marka batekin agertzen dira beti, adlatiboa gehienetan [-(e)ra], baina baita inesiboa ere [-(e)n]. Ildo horretan, arau eta gisa izenak baino ezin dira deklinabide markarik gabe erabili.

  • Erabaki dugun moduan egingo dugu lana.
  • Irakasleak esan digun erara egin dugu antzerkia.

Nolanahi ere, ez da komeni nahastea moduzko perpausak egiteko molde hau eta izenok genitibo-markarekin perpaus erlatiboetan duten erabilera.

  • Esan zigunaren arabera egin dugu bidea. (perpaus erlatibo arrunta)
  • Esan zigun arabera egin dugu bidea. (moduzko perpausa)

Bigarren adibidean ere perpaus erlatiboa dago, 'arabera' ardatzarekin zuzenean lotua. Batzuetan izena izaten da ardatza, dagokion kasuan emana (arau > arabera, modu > moduan, etab.), baina beste batzuetan adizlaguna bera izaten da ardatza (bezala, legez). Izan ere, 'legez' ardatzarekin gainerako izenekin sortzen ditugun perpaus erlatibo arruntak sortu (*esan duzunaren legez). Horregatik jaso dira 'legez' eta 'bezala' aditzondoetan.

  • Adostu dugun bezala egin dugu lana. (aditzondoa ardatz)
  • Adostu dugun moduaren arabera egin dugu lana. (izena ardatz)

Perpausok adjunktu edo osagarri zirkunstantzialen funtzioa dute, eta beraz, nahiko kokapen askea dute perpausean. Hala ere, adibideetan ikusten denez, mendeko perpausok perpaus nagusiaren eskuinaldean agertzen dira. c

Izena ardatz duten modu perpaus motak

antz > antzera

  • Julenek ipuina irakurri zion semeari, antzina aitak berari egin ohi zion antzera.
  • Ikastolan euskara ikasi genuen, gurasoek egin zuten antzera.
  • Adibide klasikoak:
    • Eskaleak ba datoz pestan usaiera beleak sarraskira doazen antzera. ("Euskaldunak", "Orixe")
    • […] atertu, baina zorioneko malkoak isurtzen zituen orain, bihotz beteegia laxatzen zutenak, eta gizonak besoetan hartu zuenean etsera eramateko, burua tinkatu zuen harenaren kontra eta azkenekotz, gau ilunean agiri den artizarra, irribarren bat egin zion bere negarren artetik, eta eskua iragan zion laztanduz biloetan, aita besoeteakoak berari egin ohi zion antzera. (Haur besoetakoa, Mirande)
  • Gaurko adibideak:
    • Aizu, aizu, eta zer moduz Oihana? - Eta airea urratu zuen eskuaz, haran eta baso birjinetara arto-hostoz egindako kapelak botatzerakoan egin ohi zuen antzera. (Azkenaz beste, Lertxundi, A.)
    • Azken asteetako zera guztia nerabilen gogoan, eta argitu ordez gero eta nahasiago nengoen, gero eta ageriago nahigabe eta arrangurak, urratu arte bere zaurian hazka dabilenaren antzera. (16 ipuin amodiozko, Mendiguren Elizegi, X.)

arau > arau, arabera, araberan

  • Dantzariek egiten duten araberan dantzatu nahi nuke.IÑAUTEAK ARIZKUNEN
  • Mikel aulkian eserita dago, orain dela ordubete zegoen arau.
  • Adibide klasikoak:
    • Ez bide dute poesi ugaririk - ezpaitzaizkit eskuetara -, ta zenbaitek diotenaren araura, ez ditut kanore aundirik emainen. (Euskal literaturaren atze edo edesti laburra, Orixe)
    • Bethikotz sortzen du ttunttunak uhin Iragaitza hunek bethikotz dirau; Halatan hor-izan den oro, behin Hor date berriro, lehen zen arau. (Poemak, Mirande)
    • Aitzinetik erran dutan araberan nekez ikhusten da eskualdun harro hautarik Ameriketatik aberats okhituak itzultzen direnean. (Artikulu bilduma, "Manezaundi")
  • Gaurko adibideak:
    • Biana beraz orain, “mendixka batean hiri bat”, Künig von Vach hamabosgarren mendeko rhenaniar zaldunak erraiten duen arabera. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
    • Bere garaikideen antzera, nazioaren oinarria kulturan ezarri zuen, eta orduan ulertzen zen arabera, arrazan edo genealogian. (Filosofiako gida, Askoren artean)

era > eran, erara

  • Zuk nahi duzun eran egingo dugu lana.
  • Ainarak atzo esan zuen erara aritu dira ikasle guztiak.
  • Adibide klasikoak:
    • Mundua polita zela-eta, munduzaletu zen, eta egunetik egunera harrotzen eta harrotzen zihoan; aberatsa zen berriz, eta nahi zuen erara, modara, nabarmentxo jantzi eta lurreko atseginetara makurtu zen. (Lore Bat Loitan, Amundarain, A.)
    • Esan gabe dihoa ez zituela eskolako programak kontuan artzen berak nai zuena baizik ez baitzion erakutsiko, eta nai zuen erara, hala non Theresaren adimenak ere haren gandik baizik ez zezan ezaguerarik ukan, haren ganako baizik ez zedin moldaturik izan. (Haur besoetakoa, Mirande)
    • Leizearen atakan negarrez jarrita, jostorratzat arantzak, eta aritzat zurmintz, eta aien izpiak artuaz, arropa-zati aiek al zuen eran alkarri algañtzera saiatzen zan; baña alaere, alkarri eutsi ezin zioten. (Santa Genobebaren bizitza, Arrue, G.)
  • Gaurko adibideak:
    • Halako batean, garai hartan ardura gertatzen zen eran, Poliziak Andde arrastatu zuen Iparretarrak mugimendu armatuarekiko zeuzkan balizko harremanak susmatuz. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
    • Ordutik ona, or dabill Portun su eta garrak arturik, euskaldun altsu guztiai deiezka, Aitz-barrenen iazo zana berak nai daben eran guzurrakaz apaintzen, eta alde guztietan deadarka, ez dagola lur onetan gauza onik prankotar guztiak inguruetatik bein betiko kendu baga. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
    • Ohikoan kaian gelditzen bazen da Rua eroa, musika isilduz, halako batean, kairaino iritsita, jotzen segitu zuen, doinu bera behin eta berriro, Dowlanden Pavan Lachrimae, Damián itsuak jotzen zuen erara, hasi eta buka, hasi eta buka, azkenik doinu ez hasi eta ez buka, bide biribila egiten baitzuen, mundua biribila baita, musika biribila baita. (Airezko emakumeak, Juaristi, F.)

gisa > gisan, gisara

  • Legeak dioen gisan egin behar dira kaleko lanak.
  • Eguraldi ona denean etortzen diren gisara etorri ziren atzo haurrak, poz-pozik.
  • Adibide klasikoak:
    • Bizitu ze ogei ta amirur urtes, portatu ze Jangoiko ta gizon zen gisara Palestinako alde gaietan; eta gañarakoek? Aitu, bai, beraren doktrina, baña ez ikusi majestadea. (Sermoiak, Lizarraga)
    • Orra zer den, Jangoiko urrikalt-maitagarriari eskatzen zaion gauza erdisteko, itsu onek egin zuen gisan bein ta berriz ta berriz ta erdits arte guzian, erdits-uste osoarekin Jangoikoari edo Jangoikoaren Santuei eskatzea. (Jabier'ko bederatziurrena, Mendiburu, S.)
  • Gaurko adibideak:
    • Garrantzizko kontuak esateko behar izaten zuen gisan itsasoari beha jarrita, Tomek beste bizitza bat zeukala erakutsi zuen berriro zazpi mila barril fuel eta suntsiezineko hiru mila bakteria mota desberdin atxikitzen zituzten harkaitzetan. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)
    • Arestian esan dudan gisara, lanak zituen albistegiekin eguneroko orduak betetzen. (Zeruan zer berri, Zabala, P.)

modu > moduan, modura

  • Dakidan moduan egingo ditut oharrak, ez bestela.
  • Taldeak nahi dugun modura egiteko esan zigun maisuak.
  • Adibide klasikoak:
    • Baña orain Jaungoikoak gorputzean asko bizikai ipiñi ditu, eta beratan jarri ditu, berak nai izan zuen moduan. (Itun zaharra, Uriarte)
    • Ta ni, non sartu nintzan ez nekiala, aurreraka atera nintzan, nere bizi guztian ibilli naizen modura. (Poli, Anabitarte)
  • Gaurko adibideak:
    • Nire izena zerbaiten giltza balitz moduan esan zuen, ahopeka. (Sukar ustelaren urtea, Jimenez, E.)
    • Eta ahopeka kantatu du, inudeen modura, indiarra dirudien sehaska-kanta bat. (Axenario, Renard, J. / Otegi I.)

molde > moldean, moldera

  • Ostoak zuhaitzetik erortzen diren moldera erortzen zaio ilea amari.
  • Nahi duen moldean egingo omen du antzerkia.
  • Adibide klasikoak:
    • Egia handia zion, bainan ez berak uste zuen moldean. (Credo, Lapeyre, Étienne)
    • Eta hunetakotzat eztugu moien hoberik ez moldezkoagorik eriden, Iesus Kristek berak ordenatu zuen moldera itzultzea baino, zeini fidelki eta leialki, ageri den bezala iarreikiten baikaizkio. (Othoitza Ecclesiasticoen forma, Leiçarraga)
  • Gaurko adibideak:
    • Bezperan, Loretxurekilako solasak ez arras bururaturik berak nahiko zuen moldean. (Bihotzeko mina, Dirassar)
    • Geure antzirudira egina baino gehiago, izan nahi genukeenaren moldera eratua. (Glosolaliak, Linazasoro)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izena ardatz dutenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3