Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:13:2:3

Aditzondoa ardatz dutenak

Halako perpausek ez dute ardatzik, baina aditzondo bat dute (bezala, legez). Aditzondoaren alboan ageri den perpaus erlatiboa ardatzik eta determinatzailerik gabe agertzen da. Molde honetakoak konparazio perpausak dira, berdintasuna adierazten dutenak, hain zuzen ere. Desberdintasuna adierazteko, berriz, “ez bezala” erabiltzen da.

Bezala

  • Amak agindu zion bezala egin zituen etxeko lanak Anerrek.
  • Jaioberriak negarrez hasten diren bezala intzirika hasi zen gure katu txikia.
  • Adibide klasikoak:
    • Geroztik galdegin izan diot nere buruari nola othe zakien Piarresek gure bi ahaideak sasi haren gibelean kausitzen zirela; dudarik gabe, berak erraten zuen bezala, sudur handiko gizona zelakotz? (Piarres Adame, Elissamburu, J. B.)
    • Gizon eginik lurrean bizitzen ni asi ezkerozko denboran, egin dut nik, zuk zerorrek dakizun bezala, aldian aldikoa; ta egin dut nik au guzia, zuk nai zenuenean ta zuk zerorrek nai zenuen bezala; ta ez da egin bage gelditzen misterio, edo gauz andi edo txikirik batere. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Gaurko adibideak:
    • Hurrengo goizean, esnatu eta ohea kaka itxurako zerbait horixkarekin zikinduta ikusi zuenean, morroiak, zeharo ikaratuta, leihotik salto egin eta ihesari eman zion, atzean zaldia utzita, noski, Mattinek nahi zuen bezala. (Elezaharren bidetik, Anso M.)
    • Klitorisarena usadio basati onar ezina da, bai, baina buruzapiarena guztiz bestelako kontua da, eta neskatoari aitortu egin behar zaio eskolara berak nahi duen bezala jantzita joatea. (Itsasoan euri, Garzia, Joxerra)

Legez

  • Euskaldunek ohi duten legez, Martinek bertsotan egin zuen afalostean.EUSKALDUNAK BERTSOTAN
  • Mikel eta Ane beti daude elkarri mokoka, zakurra eta katua elkarri segika ibiltzen diren legez.
  • Adibide klasikoak:
    • Espiritu Santubak emoten deutsa, ta emongo deutsa fede, ta doktriñako gauzeetan jakiturijako argitasuna gorputz oni, emon eutsan legez Apostolubeenai. (Baseerritaar nequezaleentzaco escolia, Moguel, J. J.)
    • Oñazez eta miñez, al ixan eban lez eldu zan atzera katamixarren landara, ta jazoriko ta ikusiriko guztija edestu eutsenian, iskilluak ixill-ixillik artzeko aginddu eutsen gudarijai buruzagijak; ta arerijuen landara juanik, eraso-aldi irrime bategaz otoz-otuan ogigaztae-nagosijaren txabolea artu ta barruban egozan guztijak il egin zittubezen. (Bertolda'ren maltzurkeri zurrak, "Otxolua")
  • Gaurko adibideak:
    • Haren delitua? Steerrek idatzi zuen legez, semeetako bat Agirreren gobernuko enplegatua izana zela. (Kilkerren hotsak, Jimenez, E.)
    • Bayakixat, bestalde, Argos gizarajo hark Odiseo zarpail kiratsen atzean ezagutu eban lez, heuk be ni, edozein jazkeratan mozorrotuta agertu arren, berehala ezagutuko ninduala… Eztok? (Labartzari agur, "Txillardegi")

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditzondoa ardatz dutenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3