Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:13:2:4

Galdetzailea dutenak

Aditz nagusirik gabeko zehar-galdera zatizkoak dira hauek, gauzak zeren arabera diren edo zein modutan egin diren esaten digute. Hegoaldeko zenbait hizkeratan 'segun' eta 'depende' aurrean jarrita erabiltzen dira, baina euskara zaindu eta egokian zehar-galderen bidez adierazten dira eta -en atzizkia behar izaten dute.

  • Giroa zein den, hondartzara edo mendira joango gara.
  • Eta eguna luzeago edo laburrago, nola dan, iru ordutara aida litekeela [erlojua]. (Gure mendi ta oianak, Munita, I.)
  • Nondik zoazen zu, kontrako bidetik joanen naiz ni.
  • Modeloa zein den, modu batera edo bestera kontrolatzen da. (Sexua noiznahi, Luis Elberdin)
  • Argazki-irudiaren edo irudi bideografikoaren kasua nahasia da, eta, helburua zein den, oso modu desberdinetan tratatu izan da. (Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta)
  • Ez dira ahotsak bezain entzungarri, baina soinuak dira, jaiotzetik heriotzarainoko bidean gorputzak behin eta berriro egingo dituenak, urtetik urtera finagoak edo zakarragoak, gorputzaren egoera eta berezkotasuna nolakoa den arabera. (Airezko emakumeak, Felipe Juaristi)
  • Nola ulertzen den arabera, astakeria handitxoa izan liteke tesi honek adierazten duena (eta kristautasunarekin arras konponezina erro-errotik, itxuraz hain zuzen kristautasunetik formulatua izan nahi duen arren). (Euskal Herria krisian, Azurmendi, J.)

Galdetzailea duten modu perpaus hauek bait- aurrizkidun konparazio-perpausen eta 'nola/zelan' galdetzaileekin -en atzizkia daramatenen antz handia dute formaz.

  • Euskara gehiago zaindu izan balitz, nola egin baita katalanarekin, hobeto geundeke une honetan.
  • Adibide klasikoak:
    • Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzeses, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berèk dute falta eta ez euskarak. (Guero, "Axular")
    • Marruma egizue haren kontra: alde orotara hedatzen ditu eskuak; haren asentuak lurrera dihoazi, urratuak dire haren harrasiak, ezen Jaunaren asperkundea dabila; asperkunde har zazue Babilonaz; nola egin baitu berak, hala egiozue. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
    • Hortarik da errana Jaunaren gerletako liburuan: Nola egin baitu itsaso Gorrian, hala eginen du Arnongo erreketan. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
    • Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzeses, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berèk dute falta eta ez euskarak. (Guero, Axular)
    • Bokazionea ezagutuz geroztik, ez da deusen ere beldur izan behar. Behar zaio zinez jarraiki, hala nola egin baitzuen santa Aldegondak. (Bokazionea, Arbelbide, J.P.)
  • Gaurko adibideak:
    • Berori desterrurat doa… eta ni ere berorrekin joanen naiz, eta alegeraki eta uroski joanen naiz gainerat, zeren berorrentzat desterrua den hori ez baita enetzat desterru izanen, nola izan baita berorrenganik urrun egoitea azken urteotan. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Galdetzailea dutenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3