Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:13:3:1

Aditz-partizipioa oinarri dutenak

-TURIK/TUTA eta -TUZ dira moduzko perpausak osatzeko atzizki nagusiak. -TU partizipioaren formari postposizio bat gehituz ere sor daitezke honelako perpausak: -TU AHALA, -TU GABE, -TU BARIK, -TU BEHARREAN…

Hauek ikusiko ditugu atal honetan:

-turik/-tuta

-tuz atzizkiarekin batera, hauek dira moduzko gertaera burutuak adierazteko forma ohikoenak. -turik eta -tuta atzizkien arteko alde bakarra dialektala da: egun -turik ekialdean erabiltzen da gehiago; -tuta, berriz, mendebaldean. Hala ere, -turik atzizkia hegoaldekoa ere bada.

Baigorriko plaza -tu aditz-partizipioari -rik atzizkia gehituz sortzen da -turik moldea. Modu perpaus garbiak eta moduzkotasunetik pixka bat aldentzen direnak biak sor daitezke atzizki honekin. Zuzenean edo zeharka nola? galderari erantzuten diote egitura hauek beraz. -rik atzizkiak moduzko nolakotasunezko adberbioak ere sortzen ditu, izen edo izenondo bati gehituta: isilik, gaixorik, pozik…. Adberbio hauek eta moduzko perpaus mendekoek (-turik atzizkia daramatenek) funtzio sintaktibo bera dute.

  • Plaza jendez beterik zegoen larunbatean. (adberbioa)
  • Zure ahizpa asperturik ikusi nuen bazkarian. (-turik)

Aditz modalei ere txertatzen zaie -turik:

  • Lapurra atean zebilen, etxean sartu nahirik.
  • Igerian ongi entrenatu ezinik dabil azkenaldian Xeber.

-turik atzizkiaren bidez eratzen diren perpausak ezezka ematean, ez da ohikoa ez…-turik egitura sortzea:

  • Zeukan min guztia lagunei azaldurik lasaiago geratu zen Araitz.
  • ? Zeukan min guztia lagunei ez azaldurik, urduri zegoen Araitz.

-tu ezik modu adieran erabiltzea ere ez da zuzena:

  • # Zeukan min guztia lagunei azaldu ezik, urduri zegoen Araitz.

Egitura horrek baldintza balioa du (zeukan min guztia lagunei azaldu , eta beraz, ezin dugu erabili moduzko perpaus bat ezezka emateko. Ezintasuna adierazteko beste molde batzuk ditugu: -tu ezinik, ezin…-turik. Baina ezeztapen arrunta egin nahi badugu, gabe edo barik postposizioak erabiltzea da zuzenena: -tu gabe, -tu barik.

-turik ere moldeak kontzesio balioa du, hau da, nahiz eta, arren eta antzekoen adiera du:

  • Garestiak izanik ere, merezi du liburu horiek erostea.

Bestalde, -tuta atzizkia moduzko gertaera burutuak adierazteko erabiltzen dugu eta -turik atzizkiaren baliokidea da. Banaketa dialektalak bereizten ditu soilik. Tradizioaren arabera, -tuta hegoaldekoa da, eta ez da ageri Iparraldeko testuetan. -turik, berriz, bietan erabili izan da, nahiz eta hegoaldean -tuta izan nagusi.

  • Asko ikasita gainditu du azterketa.
  • Leher eginda daude triatloia amaitu ostean.
  • Zure jarrerarekin etsita gaude.

Hiru Haundiak mendi-lasterketa

-tuta moldea duten perpausak ezezka emateko, -tu gabe erabiltzen da, eta bizkaieraz -tu barik (-tu + postposizio atalean aztertuko dugu hau sakonago). ez partikula ere txerta daiteke bi parteen tartean: -tu + ez + -ta-tu ezta.

  • Esnerik edan gabe ere ondo elika gaitezke.
  • Umea uretatik atera ezta zegoen hondartzan.

-tuta ere egiturak moduzko egituren oinarri bera izan arren, kontzesio balioa du:

  • Adi egonda ere, zenbaitetan eskolan azalpenen batek ihes egiten digu.

-tuta oinarri duten zenbait moldek -ko atzizkia ere hartzen dute: -tutako eran, -tutako moduan, -tutako legez… modu adiera dute horiek guztiek (Aditz laguntzailea isilean dago baina funtsean perpaus jokatuak dira eta beraz, jokatuen atalean aztertuko ditugu zabalago):

  • Esandako eran egiten baduzu lana, ondo aterako zaizu.
  • Entrenatzaileak esandako moduan entrenatu arren, Hiru Handiak oso proba gogorra izan da Etorrentzat.

nahi izan aditzaren gainean, nahita forma lexikalizatua osatzen da:

  • Abesten ari zela, doinua nahita jaso zuela aitortu zigun Maitek.

Lexikalizatutako adberbio horretan ezin dugu aurretik beste aditz bat sartu:

  • * Lasterketa azkar bukatu nahita ibili zinen, eta horregatik egin zitzaizun gero horren luze.
  • * Aldamenekoaren etxean sartu nahita ibili ziren lapurrak astearte gauean.

Halakoetan nahirik edo nahian erabiltzen da:

  • Lasterketa azkar bukatu nahirik ibili zinen, eta horregatik egin zitzaizun gero horren luze.
  • Aldamenekoaren etxean sartu nahirik ibili ziren lapurrak astearte gauean.

-tua(k)

Aditzondoak ez bezala, partizipioak ezin dira atzizkirik (-ta/-rik) edo artikulurik (-a(k)) gabe erabili adjektibo funtzioan:

  • Triste(rik) zaude, partida galdu duzulako.
  • Zapuztu(ta/rik) zaude, partida galdu duzulako.
  • *Zapuztu zaude, partida galdu duzulako.

Triste egon Artikuluak ez du determinatzaile esanahirik, adjektiboa markatzen du, singular/plular komunztadurarekin:

  • Zatarra da/zatarrak dira.
  • Zatartua da/zatartuak dira.

Halakoetan ezin liteke partizipioa kendu:

  • Zatartu da/dira.
  • *Zatartu da/dira.

Izan/ukan aditzak baldin badatoz segidan, aditz perifrastikotzat hartzen da: [partizipioa + aditz laguntzailea (izan/ukan]:

  • #Pobre dira/dituzte.

Interpretazio hori hausteko txertatzen da artikulua:

  • Pobretuak dira/dituzte.

Horregatik, artikuluaren erabilera hori eta -tuta/-turik atzizkiena antzekoak dira. Atzizki horiek ez dira bateragarriak (zubereraz eta beste hizkeraren batean izan ezik) izan/ukan aditzekin:

  • *Apurturik/apurtuta da/dugu hozkailua.
  • Apurturik dago/daukagu hozkailua.
  • Apurtua da/dugu.

Mendebaldean sarri erabiltzen da egun, Ekialdeko azken joskera hori [partizipioa + –a(k) + izan/ukan], eta egon/eduki aditzetara jotzen da. Aditz horiekin, eta predikazio atributiboa onartzen duten beste aditzekin (ibili, iruditu, aurkitu, ikusi…), hauek dira Ekialde/Mendebalde aukerak:

  • Nekatuak/nekaturik zeuden/zebiltzan.
  • Nekatuta/nekaturik zeuden/zebiltzan.

Beraz, [partizipioa + -rik] da molde orokorra, baina Mendebaldean [partizipioa + -ta] da nagusi. -ta atzizkia ez da oso ohikoa Ekialdean, eta gauza bera gertatzen da Mendebaldean [partizipioa + -a(k) + egon/ibili…] moldearekin. Artikulua hartzen duten joskerak Ekialdekoak dira, baina zenbait erabileratan zaila da horiek ordezkatzea, -turik moldetik hurbil.

  • Neskatila negarrez joan zen udaltzainengana, txakurtxoa galdurik.

Adibide horretan, galdurik arazorik gabe ordezka daiteke beste bi moldeekin: galduta, galdua.

  • Oporretan bainuetxe horretara joaten direnak, sendatuak itzultzen dira.

Baita adibide horretan ere: sendatuta, sendaturik.

  • Amak ukendua jarri dio belaunean mutikoari, eta horra zauria sendatua. Sendabelarrak

Hirugarren adibide horretan ere ongi sartzen dira sendatuta, sendaturik. Baina zentzua aldatu egiten da, perpausa beste era honetan segmentatzen badugu:

  • Amak ukendua jarri dio belaunean mutikoari, eta horra zauria [sendatua/sendaturik/sendatuta].
  • Amak ukendua jarri dio belaunean mutikoari, eta horra [zauria sendatua/*sendaturik/*sendatuta].

Azken adibide hori parafrasi honetatik hurbil dago:

  • Amak ukendua jarri dio belaunean mutikoari, eta horra (nola) zauria sendatua (den).

Segmentazio eta adiera horretan, alderantzizko hurrenkera ere eman daiteke:

  • horra [sendatua zauria].
  • horra [sendatuta/sendaturik] zauria.

Demagun beste adibide hau:

  • Askotan lasaitzea aski da, gaitz askotatik sendatua izateko.

Adibide hori zentzu pasiboan interpretatzen da, eta halakoetan artikuludun forma baino ez da posible:

  • Askotan lasaitzea aski da, gaitz askotatik *sendatuta/sendaturik izateko.

Beste esaldi honetan, bi moldeak zuzen eta egokiak dira, baina artikuludunaren zentzua ez da berbera. -tuta/-turik moldeek denbora-ondoriotasunezko zentzua izan dezakete:

  • Umeen negarrek hunkitua, irakaslea bera ere triste jarri zen.
  • Umeen negarrek hunkituta/hunkiturik, irakaslea bera ere triste jarri zen.

Bi item izan ditzakegu esanahiaren aldetik, aditza isilduta edo eta enklitikoarekin:

  • Aulkira igo, eta irratia piztu zuen Aranek.
  • Aulkira igo eta, irratia piztu zuen Aranek.
  • Aulkira igota/igorik, irratia piztuen zuen Aranek.

Hala ere, moduzko interpretazioa ere egin liteke: nola piztu zuen irratia? aulkira igorik zegoela. Halako perpausekin guztiz ohikoa da zentzu narratiboa erabiltzea. Aldiz, artikuludun perpausak ezin du hartu zentzu narratiboa, deskriptiboa ulertzen da beti. Eta beraz, bi hauek ez dira sinonimo:

  • Aranek, aulkira igoa (zegoelarik/baitzegoen), irratia piztu zuen.
  • Aranek, aulkira igo (zen), eta irratia piztu zuen.

Lehenengo adibidean gertakari bakarra dago, moduzkoak osatua, zentzu deskriptiboa da; bigarrengoan, berriz, bi gertakari daude, zentzu narratiboa hartzen da. Artikuludun esaldia eta beste moduzkoa ez dira beraz sinonimoak, eta narratiboki interpreta ezin diren testuinguruetan artikuluduna da aukera bakarra.

  • Mutikoak, Euskal Herrian sortua, euskara txikitatik ikasi zuen. Euskaraz bizi
  • *Mutikoak, Euskal Herrian sortuta/sorturik, euskara txikitatik ikasi zuen.

Halakoetan badirudi izan/egon aditzak isildu direla:

  • Mutikoak, Euskal Herrian sortua (zelarik/baitzen/zen eta), euskara txikitatik ikasi zuen.
    • Mutikoak, Euskal Herrian sortua zen eta, euskara txikitatik ikasi zuen.
    • Mutikoak, Euskal Herrian sortua zenez, euskara txikitatik ikasi zuen.

Halakoetan, kontuan izan behar da zer sintagmarekin dagoen erreferentziakidetasuna, hau da, zer kasutan egon daitekeen aurrekaria. Aditza isiltzen denean, subjektua bakarrik izan daiteke sintagma hori- -tua(k) moldekoek ere joera bera dute:

  • Mutikoa(k)/*mutikoarentzat/*mutikoarekin, Euskal Herrian sortua/sorturik/sortuta…

Objektuak ere ezin ditu halakoak hartu, ergatibozko subjektuak hartzen du erreferentziakidetasuna.

  • #Aran, arbolara igoa/igorik/igota, gertutik zaintzen zuen aitak.

Dena den, zenbait datibo subjektuetara asimilatzen dira:

  • Arani, mendian ibiltzera ohituta, ez zitzaion bururatu ere egin hondartzara joatea.

Horrenbestez, ez dirudi muga formalik dagoenik, baina bai subjektuak direla aurrekari kanonikoak. Alegia, subjektuen rol semantikoa betetzen duten osagaiak dira aurrekariak, morfosintaxiari dagokionez subjektu izan ez arren.

Bestalde, hiru joskera desberdin daude (mendeko perpaus jokatugabeen sail banatakoak), zein bere adierarekin eta hirurak partizipioan oinarrituak:

  • Erlatibozkoa: joko guztia du, singular/plurala eta edozein kasu-marka.
    • (betiko gogoan geratzen da) txikitan etxean horrela ikasia [ikasitakoa, ikasi d(u)ena]
  • Osagarria: ez du onartzen pluralik, baina bai kasu-marka gehienak.
    • (damutu zaio) txikitan etxean horrela ikasia [ikasi izana]
  • Moduzko tartekia: ez du onartzen kasu-markarik, baina bai singular/plural jokoa, aurrekariaren arabera.
    • (haurrak), txikitan etxean horrela ikasia, [ikasia izaki/baita/delarik] (ezin zuen beste era batera egin lan).

Erlatibozkoak joko osoa du: singular/plurala eta edozein kasu-marka. Osagarriak ez du onartzen pluralik, baina bai kasu-marka gehienak. Azkenik, moduzkoak ez du onartzen kasu-markarik, baina bai singular/plural jokoa (aurrekariaren arabera). Moduzkoa hurbilago dago joskeraz -tuta/-turik formetatik, formaz (absolutiboan) berdinak diren beste horietatik baino; forma finkoa du eta kasuz jokaezina da (numeroa gorabehera). Hauxe da bi moldeen arteko alde formala:

  • Ikusia da(go) / Ikusiak dira/daude
  • Ikusirik dago/daude
  • Ikasita dago/daude

Esanahiari dagokionez, atribuzioarekin lotura handiagoa du -tua(k) formak, -turik/-tuta moldeeek baino. Horrenbestez moduarekin zerikusi handiagoa du (aurrekariaren nolakotasun bat predikatzen du). Zentzu narratiboa nagusitzen denean galdu egiten da ia erabat ideia hori eta aurrekariren batekiko lotura ere ez da nahitaezkoa halakoetan.

  • Elurrak azpiratuak/azpiraturik (hala zeuden mendizaleak), mendizaleek une larriak bizi izan zituzten Mont Blancen. Mont Blanc
  • Elurrak azpiraturik (azpiratu eta), mendizaleek une larriak bizi izan zituzten.
  • *Elurrak azpiratuak, mendizaleek une larriak bizi izan zituzten. (aurrekaria (elurrak) ez da egokia -tua(k) perpausean).

-turik/-tuta moldeak askatasun sintaktikoa du, hau da, ez du aurrekariarekin loturarik. -tua, berriz, beti doa aurrekari bati lotuta, eta numero-komunztadura du harekin. Esanahiz ere, -turik/-tuta moldeak denbora-ondoretasuna adierazten du, eta perpausak lotura handirik ez duenez, erraz bereizten dira perpaus nagusiko gertakaria eta mendekoarena.

-tuz (-tuaz)

Partizipioari instrumentalaren -z marka gehituz lortzen da forma hau. Moduzko perpaus jokatugabeak osatzeko erabiltzen da eta nola? galderari erantzuten dio.

  • Entrenatuz lortzen dira marka onak kirolean.

Instrumental marka duten moduzko zenbait adberbiorekin ere gauza bera gertatzen da: oinez, indarrez, barrez… instrumentalaren -z marka izenki bati erantsiz eratzen dira eta -z marka horri esker lortzen dute modu adiera.

-tuz eta -tuaz, bi aldaerak, forma mugatuan eta mugagabean erabiltzen dira. Iparraldean ez da -tuaz erabiltzen; hegoaldean, berriz, bi aldaerak erabiltzen dira.

  • Eskolan ikasitakoa baliatuz, lanean ongi moldatzen dira egungo gazteak.
  • Biek batera bertso bat kantatuaz hasi zuten aurkezpen-ekitaldia.
  • Orduan, sudur luze eta aurpegi zorrotzeko gizona, besteak baino txikixeagoa dena, makurtu mutikoaren parean geratu arte, bere eskuak haurraren sorbaldetan jarri, eta, tinko begiratuaz, halaxe esan dio: (Arbelaren gainean, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Gurasoek ez ziguten esaten zertan zetzan Nor-Nori–Nork aditza, eta zertan Nor-Nork, baina horrela, adibideen bitartez, joan ginen apurka-apurka hizkuntza ikasiaz (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)
  • Zenbat gau igaro ote ditugu elkarrekin, loak garaitu arte solasean, Sevillako hotel dekadente batean elkar maitatzen, zure lagunentzako afari ahaztezin bat prestatzen saiatuz, Lorarekin batera kometak hegaldatzen Hondarribiko hondartzan. (Eta handik gutxira gaur, Rodriguez, E.)

-tuz moldeaz ari garela, ezin ahaztu beste hainbat forma bezala, hau ere sarri erabiltzen dela oker. Juntaduraren bidez eman beharrean, bi proposizioak forma menderatuan ematen dira zenbaitetan:

  • ? Bozgorailua hartu zuen, ozen oihu eginez.
  • ? Amurizaren bertso bat kantatu zuen, inguruan zituenak hunkituz. Amuriza

Perpaus menderatu horiek ez dute tradiziorik euskaraz, eta egokiago da halakoak juntaduraz ematea:

  • Bozgorailua hartu zuen, eta ozen oihu egin.
  • Amurizaren bertso bat kantatu, eta inguruan zituenak hunkitu zituen.

Bestalde, -tuz formaren bidez hainbat esapide eta molde osatu dira:

  • Esanaren esanaz, ikasiaren ikasiaz: nolakotasunaz gain, gertaera behin eta berriz errepikatzen dela adierazten dute.
    • Ikasiaren ikasiaz, azkenean amaitu ditu ikasketak nire nebak.
    • Esanaren esanaz, alabak esana betetzea lortu zuen amak.
    • Irakurriaren irakurriaz, Maitek buruz ikasi zuen atsotiz hura.
  • -tuaz batera: -tuaz moldea oinarri izan arren, egitura hau denborazkoa da moduzkoa baino gehiago, eta horregatik aztertu dugu denbora perpausetan, Denbora perpaus motak atalean.
    • Irakasleak hitz bat esateaz batera, isildu ziren ikasle guztiak.
  • -tuz gero: molde honek ere denbora edo baldintza balioa du gehiago, moduzkoa baino. Ikus informazio gehiago denbora perpausetan, Denbora-perpausen egitura atalean.
    • Etxera erosi zuen ezkero, pozarren bizi da Maddi bakar-bakarrik.
  • -tuz joan/-tzen joan: partizipioko aditzak adierazten duen ekintza modu jarraituan gauzatzen dela adierazten dute egitura hauek. Hegoaldean ohikoagoa da -tzen joan moldea.
    • Denborarekin ardoa onduz joan da.Ardoa
    • Lagunen aholkuei esker, pixkanaka ikasten joan gara.
  • Errepikak: -tuz… -tuz: ekintza bat behin eta berriz errepikatzen dela adierazten du egitura honek. Ez dute perpaus elementurik hartzen eta bi zatiek marka bera hartzen dute.
    • Landuz-landuz lortzen dira helburuak.

-tuz eta -tzen formak askotan ez dira behar bezala bereizten, eta -tzen forma -tuz formaren eremuan erabiltzen da. Aditz nagusiaren azpian dagoen galderaren erantzunak bereizten ditu bi moldeak: nola galdetzailea erabiliz gero, -tuz formadunak izango genituzke; zertan galdetzailea erabiliz gero, berriz, -tzen formadunak.

  • Idatziz ikasi dute umeek euskal alfabetoa. (nola?)
  • Idazten ikasi dute umeek. (zertan?)
  • * Idazten ikasi dute umeek euskal alfabetoa.
  • Entrenatuz hobetu du jokoa tenislariak. (nola?)
  • Entrenatzen hobetu du tenislariak. (zertan?)
  • * Entrenatzen hobetu du jokoa tenislariak.

-tzez

-tzez aldaera ez burutua da. -tuz/-tuaz moldeen parekoa izan daiteke eta besteak beste, modu adiera har lezake. Zubererako testu klasikoetan ageri da batez ere.

-tu + postposizioa

Aditz-partizipioari (-tu) postposizioak gehituz osatzen diren moldeak aztertuko ditugu atal honetan. [aditza + postposizio] egitura duten perpaus jokatuek modua adierazteko balio dute konparazioaren barruan. Baina horiek aditz jokatua dute eta -en menderagailua daramate; hemen aztergai ditugunek, ordea, aditz-partizipioa dute oinarri. arau eta bezala postposizioak aditz jokatu nahiz jokatugabeekin joan daitezke baina gainerakoek ez dute balio biekin erabiltzeko.

-tu ahala/-tu arau

-tu ahala/-tu arau moldeek luzatzen eta errepikatzen diren egoerak adierazten dituzte. -tu ahala/ahalean moldeak modua adierazten du, -en neurrian moldeak bezala. Baina -tu ahalak beste balio bat ere badu: batetik, gertaera bat garatuz doan neurrian, beste bat garatzen ari dela adierazten du; bestetik, kantitatea, ezin gehiagoko neurria adierazten du, eta honelakoak galdegai izan ohi dira:

  • Errepikatzen den egoera:
    • Erosi ahala irakurtzen zituen liburuak Martinek.
    • Amak garbitu ahala, alabak mahaira eramaten zituen edalontziak.
    • Kezka bat, buruan jirabiraka ibili ahalean, gero eta handiago bihurtzen da.
  • Kantitatea:
    • Penak ito nahian, edan ahala ari zen tabernan Felipe.
    • Bota ahalean ari du euria.
  • *Erosi ahala, irakurri zuen liburua Martinek.

Azken erabilera hori ez da zuzena errepikatzen den gertakari bat behar delako egitura hau erabiltzeko. Semantikoki pluraleko osagaia eskatzen du.

-tu arau moldea -tu ahala formaren baliokidea da, adiera batean. Mendeko aditzak adierazten duen gertaera garatuz doan neurrian aditz nagusiak adierazten duena ere garatzen da. -tu ahala hegoaldean erabiltzen da batez ere; -tu arau, berriz, iparraldean.

  • Erosi arau jaten zituen pipitak.

Aditz-partizipioa + postposizio modalak

Aditz-partizipioari postposizio modalak erantsiz sortzen diren beste egitura hauek ikusiko ditugu segidan.

-tu beharrean, -tu nahirik/gurarik, -tu ezinda/ezinean/ezinik

-tu beharrean moldeak hiru erabilera ditu: aditzak dioena gertatzeko zorian dagoela, beharrezkotasuna eta kontrakotasuna adierazteko.

  • Zerbait ia gertatu dela adierazteko:
    • Kilometroen jaiaren bezperetan, erotu beharrean ibili ziren irakasleak lanean. Kilometroak
  • -ia + -tuan ere erabiltzen da leku batzuetan:
    • Jon Ander ia hilian egon zen erietxean.
  • Beharrezkotasuna adierazteko: gehienetan egon aditzarekin erabiltzen da baina izan eta gertaturekin ere agertzen da.
    • Orain gutxi konpondu genituen baina berriz ere leihoak aldatu beharrean gaude.
  • Kontrakotasuna adierazteko: -tu ordez moldearen baliokidea da eta perpauseko subjektuak kontrako zerbait egiten duela adierazten du.
    • Arrazoirik ez zuela jakinik ere, isildu beharrean, hizketan jarraitu zuen politikariak.
    • Euskara ikasi beharrean, Euskal Herrian bizi diren askok ingelesa ikasten dute.

"Axular" eta Duvoisinek -tu behar bidean egitura erabili zuten adiera bererako:

  • Ethortzen zaitzu gogora behar ezten emaztea, eta harekiko plazera, eta zuk gogoeta ura zeureganik, berehala egotzi behar bidean, nola egotziko duzun ezen hartan zaphoratzen zara, gozatzen zara, eta are obran baitzina bezala anhitzetan ere, zeure gogoan atsegin hartzen egoiten zara, eta hala egonez bekhatu mortal handitan erortzen zara. (Guero, "Axular")

Beharrean postposizioak -tu partizipioa behar du aurretik, baina ordezek partizipioa nahiz genitiboa, biak onartzen ditu. Bizkaian, bestalde, barik postposizioa ere erabiltzen da testuinguru honetan.

  • Nahi zuenaren ordez, amak agindutakoa egin zuen Sarak.
  • Nahi zuena egin ordez, amak agindutakoa egin zuen Sarak.
  • Egindako hutsa onartu barik, berean tematuta, egindako adierazpenari eutsi zion Martak.

-tu nahi moldeak zerbait egiteko nahia adierazten du eta bi eratan deklinatuta erabiltzen da: partitiboan nahiz inesiboan. Hainbat aldaera ditu forma honek: -tu nahizik (ez da oso ohikoa), bizkaieraz, berriz, -tu gurarik, -tu guran eta -tu gurian aurkituko ditugu. Molde horiek ezin dira -tu nahita-rekin ordezkatu, nahita-k, adberbioa izanik, ez duelako onartzen ez argumenturik, ez partizipiorik.

  • Jatekoa saldu nahirik/nahian etorri zitzaizkigun lehengoan kalean haur batzuk.
  • Kaiolatik ihes egin nahirik zebilen txoritxoa.
  • Lagun haren izena gogoratu guran ibili naiz aspaldian, baina ez dut lortu.

-tu nahizik moldearen adibide gutxi daude:

  • Barre egin nahizik, hunkituta, negar egin du azkenean filma ikustean.
  • Alabak egindako ahalegina nahizik goratu, denek ikusteko lekuan jarri du marrazkia amak.
  • Manamenduan, Paskualek adarretik zituela, bi behiak laparra bezala lotu ziren patarrari gora, zango burdinak sutan, xinkako batez bururaino heldu nahizik. (Ipuin eta ixtorio, Larzabal, P.)
  • Gero, bere lanerat itzultzen da xixtuetan, bazkaria tenoreko nahizik moldatu. (Ixtorio-mixterio, Barbier)

Azkenik, formaz ezberdina izan arren, esanahiarengatik, -tu beharrez moldea ere hemen aipatuko dugu.

  • Lanak garaiz amaitu beharrez, ordu txikitan ere lanean aritu naiz azken egunetan.
  • Taldeko bi aurreko kurtsoa suspenditu eta hirugarrena berriz egin beharrez geratu zirela eta beren izenabizenak ez zituela aipatuko. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)

-tu ezinda/ezinean/ezinik moldeek zerbait egiteko ezintasuna adierazten dute.

  • Ez daukagu helburu makala. Urteak daramatzagu politika indarkeriarik gabe egin ezinda.
  • Eguraldiak okerrera egin zuen, eta han egon ziren mendizaleak, hormatik zintzilik, aurrera egin ezinda.
  • Orduak daramatzagu liburu artean, lana nola amaitu asmatu ezinik.
  • Batetik bestera zebilen kazetaria erredakzioan, behar zuen albistea ezin amaiturik.

Iparraldean ezin…-tuz moldea ere erabiltzen da, hau da, instrumental markaduna:

  • Mendira ezin joanez egon da nire neba, hanka hautsi zuelako.
  • Etxeko teilatua konpontzeko lanak amaitu ezinik dabiltza langileak.

-tu gabe/barik/ezta

Mendeko aditzaren ezezko forma markatzeko erabiltzen da molde hau (baita -tu ezta, -tzeke ere). -turik eta -tuta moldeen ezezko formak dira:

-turik + ez: -tu gabe, -tu barik Lokarturik + ez: lokartu gabe, lokartu barik
-tuta+ ez: -tu gabe, -tu barik Lokartuta + ez: lokartu gabe, lokartu barik

Forma nagusiak -tu gabe eta -tu barik dira, baina aldaera asko daude: -tu baga, -tu ba; -tu bage, -tu be, -tu gaberik, -tu bagerik; -tu bagarik; -tu gabetan, -tu bagetan, -tu bagetanik…

  • -tu gabe: postposizioak ez du atzizkirik hartzen.
    • Osatu gabe utzi zuen lana Maierrek.
  • -tu barik: postposizioak partitiboaren marka hartzen du molde honetan. -tu gabe eta -tu ordez formen baliokidea da.
    • Ezer esan barik egin zuen alde Imanolek. (= -tu gabe)
    • Kontzertura joan barik, zinemara joan ziren lagunak. (= -tu ordez)

-tu gabetan (bagetan, gabetanik, bagetanik, gabean) moldean postposizioak inesiboaren marka hartzen du, eta zenbaitetan baita partitiboarena ere.

  • Goiz eta arratsalde aritzen dira lanean, gelditu gabetanik.
  • Ordubeteren ostean, izerdirik bota gabetan utzi zion korrika egiteari.
  • -tu ezta: molde honekin ere moduzko perpaus jokatugabeak osa litezke. -TUTA moldea ezezko forman emateko -tu gabe erabiltzen da gehien, baina hegoaldeko zenbait lekutan baita -tu ezta ere. gura izan, nahi izan aditz modalekin erabiltzen da gehienetan, baina bestelako aditzekin ere erabil daiteke.
    • Mutil-lagunak utzi zuenetik, kalera irten nahi ezta dago Maddi. (ez du kalera atera nahi)
    • Ordenagailurik eduki ezta ere, pozik bizi gaitezke. (eduki gabe ere)

Oharra: -tuta formaren ezezko moldea -tu ezta da. Alabaina, -turik formaren ezezko moldea ez da -tu ezik. -tu ezik baldintzazko forma da.

  • Sare sozialak lagungarriak dira. Baina ondo neurtu ezik, menpekotasuna ere sor lezakete.

-tu bezala/legez

-en bezala/legez egiturez gain, -tu bezala/legez egiturak ere badira. Funtsean aditz laguntzailearen elipsiaz sortutako perpaus jokatuak dira, ordea. Moduzko egiturak ere badira nolabait, nola? galderari erantzun diezaiokete eta.

  • Amak esan bezala egiten baduzu, ez zaizu damutuko.

-tu aginean/aginik

Mendeko perpausak adierazitakoa gertatzeko unean dagoela adierazten du, eta batez ere, arriskua: hil, ito, jausi, galdu eta antzeko aditzekin erabiltzen baita. Adierari dagokionez, -tzeko zorian eta -tu beharrean moldeen baliokidea da, agin eta zori lexemak baliokideak baitira. Mendebaldean baino ez da erabiltzen.

  • Estu eta larri ibili ginen trena hartzeko, ia galdu aginean.
  • Izena emateko epea amaitu eta ikastarorik gabe gelditu aginean egon zen gure laguna.
  • Aitona erori aginik ikusi zuenean, korrika gerturatu zitzaion Maddalen laguntzera.
  • Galdu aginik zegoen hizkuntza bat zen euskara, egun hiztun askok babesten dutena.
  • Mezea galdu aginean, eta ez enzuteko pellebruan iminten danak, pekatu mortala egiten dau, gero meza enzun arren. (Sermoiak, Zabala, J. M.)
  • Guztiak barren barrez ito-aginik egozala zirudian. (Latsibi, Azkue, R. M.)

-tu orde/ordean/ordez

Gertaera bat egin beharrean beste bat egiten dela adierazten da [-tu orde + atzizkia] moldearen bidez. -tu beharrean formaren hirugarren adieraren eta -tu barik formaren bigarren adieraren parekoa da:

  • Egindako hutsa onartu beharrean, areago nahasi zuen kontua.
  • Egindako hutsa onartu barik, areago nahasi zuen kontua.
  • Egindako hutsa onartu orde/ordean/ordez, areago nahasi zuen kontua.

Iparraldean -tu orde/ordean eta -tzeko orde/ordean moldeak dira erabilienak. Postpozioa ordean forman ere ageri da.

  • Eskolara joan orde, parkera joaten da lagunekin jolastera.
  • Ikasi ordean, telebistari so egoten da Peru.
  • Gozatzeko ordean, maitasuna sufritzeko ere izaten da askotan.
  • Mendian ibiltzeko orde, itsasoan ibiltzen da gehiago gure aitona.
  • Gure artean lagundu ordez, elkarri mokoka ibiltzen gara askotan.
  • Irakurtzen irakasteko ordez, Internet erabiltzen lehenago irakasten zaie egun haurrei.
  • […]halaber Euskalherriko adimen bizkorrak, euskararen eta euskal-kulturaren alde lan egiteko ordez aphezgaitegian sartzen eta proselytismuaren aritzera ioaiten dira lurralde hurrunetarat[…] (Artikuluak, Mirande)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditz-partizipioa oinarri dutenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3