Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:13:3:3

Aditzoina oinarri dutenak

Aditzoina oinarri duten moduzko perpaus jokatugabeak markatua dira, esapide antzekoak eta Ekialdeko euskalkietan erabiltzen dira batez ere. Honela sailkatuko ditugu:

xuti, eror

Aditzoin juntatuak edo enumeraziozkoak jasoko ditugu atal honetan1. Zenbaitetan aditzoina eta partizipioa nahasi egiten dira, baina ez dirudi horrek adierari eragiten dionik. Bestalde, eta/edo juntagailua har dezakete aditz juntatuek. Euskalki kontua omen da partizipioa edo aditzoina erabiltzea.

  • Chuti eta eror bagabiltza, nous allons tombant et nous levant. (Grammaire basque, Lafitte, P.)
  • Hasi eta buka irakurri nuen eleberri hori.
  • Hasi eta bukatu irakurri nuen eleberri hori.
  • Umbertok oparitutako liburua hasi eta buka irakurri, sukaldean aurkitu nituen ogi apur batzuk eta salamia jan, ohean sartu eta loak hartu ninduen.

  • Har eta eman dabiltza lagunak aspaldion.
  • Hartu eta eman dabiltza lagunak aspaldion.
  • Davidek Carolerekin adarrak biltzen zizkiola pentsatu zuen, are gehiago, bikotearekin jartzen zizkiola, Davidek ez baitzuen inolako eskrupulurik amorantea zakur makilatua baino okerrago tratatzeko, ezta sexu kontuetan ar eta eme, har eta eman, jaso edo zabaldu aritzeko. (Bizitza eredugarriak, Olaizola, J. M. "Txiliku")

higi ahala higi

Esapide adberbialak ere erabiltzen dira zenbaitetan: [aditzoina + ahala + aditzoin bera]

  • Abestu ahala abestu aritu ziren abesbatzakoak urteberri egunean.
  • Korrikalariak kosta ahala kosta amaitu nahi zuen lasterketa, eta lortu zuen helburua.
  • BIOLETA: Ez ote nuke hobe nere aitamekin bizitzea, zu gerlatik itzuli artio! TEODOSIO: Holakorik ez, Bioleta! Kosta ahala kosta, behar duzu gure jauregian egon. (Pastorala antzeko antzerkiak, Larzabal, P.)
  • Higi ahala higi ihes abiatzen dire, eta armada guzia heien ondotik. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)

gaizki esaka

Gerundioaren antzeko perpausak egiteko erabiltzen da -ka atzizkia izen bati edo aditz bati lotuta. Errepikatzen diren gertaerak adierazten ditu egitura honek.

  • Lagunen inguruan gaizki esaka aritzen da beti Joxepi.
  • Miriam eta Aaron gaizki esaka aritu ziren Moisesen aurka, emazte hartua zuen emakume kuxita zela eta. (Agindutako lurraren bila I, Mujika, J. A.)
  • Egun batean Paulo txit aserre, ta agitz gaizki esaka zegokiola, zeruko resoluzio batekin Estanislaok esan zion: “ Nik eztakit anaia bat orrela tratatzeko, zer motibo dezun. (Justuen ispillu argia, Cardaberaz)

jakinki

Ekialdeko egitura da hau. Aditz trinko puntukari baten lekuan, -ki atzizkia hartzen du adizkiak. Adizki trinko puntukari horren baliokide jokatugabea da. Ezin da edozein aditzekin erabili, hauek dira ohikoenak: izan (izaki), jakin (jakinki), egon (egonki), joan (joaki), ibili (ibilki).

  • dakielarik - jakinki
  • doalarik - joaki
  • delarik - izaki

  • Alfer samarra izaki, ikasleak ez dio ziurtatu irakasleari lana biharko amaituko duen ala ez.
  • Idaztea zaila dela jakinki, amari laguntza eskatu dio Malenek.
  • Beraz, tinki billatzen nuan, eta gezurra ziagotela iakinki, iges nengien gogotik; ikusten bainitun, gaitza nondik zan ikasi-naiez, gaiztoz beterik zeudela; naiago baitzuten Zure zer-izana gaitzbera uste ukan, berena gaizto egin baiño. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
  • Begiz ikus ahala zalhu eta gaindi joaki, gero-ta zurruburru gehiagorekin. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Mutiko edo neskatiko batek txartela etxera ekartzen duenean datu pertsonalekin betetzeko eta irakasleak Izen-abizenak horren ondoan zenbaki-telefonoa jarri badio telefono-zenbakia jarri beharrean, zer egin behar du aita edo ama batek, jakinki pedagogikoki ez dela batere egokia maisuak esandakoa zuzentzen ibiltzea? (Euskararen etxea, Salaburu, P.)
1 «l’infinitif radical en énumération» esaten die honelakoei Lafittek, Grammaire basque, lanean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditzoina oinarri dutenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3