Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:2

Perpaus jokatuak eta jokatugabeak

Mendeko perpausak sailkatzeko orduan bide bat baino gehiago aukera daiteke. Baina erakusten duten formari kasu eginez gero, berehala ohartzen gara bi multzo nagusitan sailka daitezkeela: perpaus batzuek adizki jokatuak erakusten dizkigute, eta beste batzuek ez dute adizki jokaturik:

  • [etorriko dela] esan du
  • [etortzeko] esan du

Menderagailua

Arropa erosten ari daBistan da lehenbizikoak adizki jokatua erakusten duela, menderagailua daramala, eta bestean ez dagoela adizki jokaturik. Adizki jokatu horiek mota askotakoak izan daitezke, eta menderagailuek ere forma bat baino gehiago erakusten dute:

  • [jendeak arropa eros dezan] egiten dituzte merkealdiak
  • [jendeak arropa gutxi erosi duela] diote egunkariek
  • [merkealdiak egiten badituzte] jendeak arropa erosiko du
  • [merkealdiak egiten dituztelako] egiten ditu jendeak erosketak

Mendeko perpaus jokatu guztiek badute ezaugarri komun bat, denek daramate menderagailua. Baina menderagailu hori, forma kontuan hartzen badugu, ez da beti berdina, goiko adibideetan ikusten den gisan. Bestetik, menderagailua agertzeak muga batzuk jartzen dizkio mendeko perpaus horri, berehala ikusiko dugunez.

Menderagailuen forma

  • Ez dakigu Miren etorriko deN
  • Mirenek esan zuen Patxik egingo zeLA
  • Galdetu zuen nor zeN andre hori
  • ez da joan lanera, gaixorik dagoeLAKO
  • berandu etorri deNEZ GERO, ezin izan du agurtu
  • kaletik pasatu deNEAN, udaltzainak gelditzeko esan dio
  • hori esan BAzuen, ez da egia
  • ezin duzu holakorik idatzi, zuk ez BAITakizu hori hala den
  • egunero etortzen deN langileak huts egin du gaur

Adibide horietan ikusten denez, menderagailu horien forma era askotakoa da. Baina esan daiteke bi menderagailu direla nagusiak guztien artean: -N eta -LA. Jakina, batzuetan tartean ageri den e hori (da+la> dEla) lotura letra besterik ez da. Berdin da, horretaz, azalpen honi dagokionez, -ela nahiz -la esatea. Bigarrena erabiliko dugu. Beraz, bada, bi menderagailu horiek dira menderagailu nagusiak euskaraz. Urrunago joan gaitezke: pentsatzekoa da atzizki menderagailu bakarra -N dela. Hori da erlatibozkoetan, iraganean, subjuntiboetan… ere ageri dena (dadiN, dezagunN), eta -N horri eransten zaiola -LA behar denean, eta N+LA horrek LA ematen duela: -n + -la > -la. Hori pentsatzeko badira arrazoiak. Besteak beste, subjuntiboak berak ematen dizkigunak: etor dadin esaten dugu, eta horrekin batera etor dadila. Beraz, atzizkietan menderagailu bakarra genuke (-n), eta horren gainean eraikiak gainerako guztiak: -la, -lako, -lakotz, -larik eta abar. Badira aurrizkiak ere, ordea, menderagailu direnak: ba- eta bait- dira nagusiak:

  • hobe isiltzen bazara, ez baitakizu hori
  • isiltzen bazara ez dugu jakingo zer nahi duzun

Horiek dira menderagailu (aurrizki nahiz atzizki) nagusiak. Batzuetan, hala ere, menderagailu horiek ez datoz bakarrik, eta indartuak bezala ageri dira:

  • baldin ez badigute azaltzen zer egin nahi duten, ezingo diegu lagundu
  • eskerrak eman zizkiguten, zeren han bildu ziren gehienak guregatik etorri baitziren

Hor baldin eta zeren ditugu menderagailuaren indargarriak, eta perpausaren hasieran doaz, datorrena mendeko perpausa delakoaren abisua emanez. Baldin ez doa beti hasieran nahi eta ez:

  • baldin mutiko horiek esaten badigute zer nahi duten…
  • mutiko horiek esaten baldin badigute zer nahi duten…

Zernahi gisaz, ohartu behar dugu zeren ageri den bakoitzean (berdin zergatik, zerengatik, eta abar) ez dela nahitaez perpaus hori mendekoa:

  • eskerrak eman zizkiguten, zeren han bildu ziren gehienak guregatik etorri ziren
  • eskerrak eman zizkiguten, zeren han bildu ziren gehienak guregatik etorri baitziren

Bi perpaus horietan bigarrenean ageri dena bakarrik da mendekoa, ez bestea. Mendekoa izateko, perpaus jokatuak menderagailua behar du, mota batekoa edo bestekoa. Zeren hori kausazko lokailua da, diskurtsoan lotura egiten duena, eta lotura hori batzuetan mendeko perpausarekin egiten du, aldi berean menderagilua indartuz.

Badira, zernahi gisaz, zalantzazko perpausak ere. Adibidez, eta enklitikoa denean:

  • sar gaitezen, berandu da eta

Kasu horretan ez da argi bereiz idatzi dugun eta hori, enklitikoa dena (beraz, ez du azenturik eta nahita eta ez aurreko aditzari lotua ahoskatzen dugu), zinez menderagailua den, edo juntagailua. Badirudi aldatze bidean dagoela, hurbilago menderagailutik, nahiz alokutiboak onartzen dituen, eta hori seinalea den ez dela menderagailua (ikus beherago).

Menderagailuek perpausari jartzen dizkion mugak

Menderagailuari esker badakigu mendeko perpaus batean aurrean gaudela. Baina mendeko perpausek badituzte muga edo debeku batzuk. Lehenbizikoa adizki alokutiboei dagokie, eta bigarrena paprpausaren barneko sintagmen hurrenkerari.

Menderagailuak eta alokutiboa

Jakina denez, euskal aditzak badu erregistro markatu bat, alokutiboa deitzen duguna. Nolabait ere esateko, adizki horiek datibo faltsu bat markatzen dute. Faltsua, zentzu batean, hor ageri den datiboa ez baita aditzaren egiazko argumentua, zentzu horretan da datibo faltsua. Demagun honako perpaus hau:

  • arratsaldean erakutsiko dizut erosi dudan katua

Hiztunak katu bat erosi du, eta norbaiti erakutsiko dio. Zehar objektu hori, datiboaren markarekin ageri dena, erakutsi aditzaren zinezko argumentua da, erakutsi aditzak zerbait norbaiti erakustea esketzen baitu. Bigarren pertsona hori zu izan beharrean hi ere izan daiteke. Hona biak hemen parean:

  • arratsaldean emango dizut erosi dudan katua
  • arratsaldean emango diat erosi dudan katua

Bigarren kasu horretan ere pentsa dezakegu lehen bezala gaudela, eta nori hori lotzen dugula ez zu batekin, baizik hi batekin: nik hiri emango diat (badakigu, gainera, hi hori gizona dela, bestela, andrea izanik, dinat esan beharko baikenuke).

Ikus dezagun orain beste adibide hau:

  • arratsaldean erosiko diat katua

Perpaus hori, beste informaziorik ez badugu, anbiguoa gertatzen da, eta bi esanahi ditu:

  • arratsaldean erosiko dut katua
  • arratsaldean erosiko dut katua, eta hi izango haiz saltzailea (hiri erosiko diat)

Lehenbiziko kasua da neutroena: katua erosiko duela adierazten du hiztunak, ez besterik. Bigarrenean saltzailea sartzen da tartean, hari erosiko baitio (baditu esanahi gehiago, hemen azalduko ez ditugunak, ikusi datiboaren atala). Esan dezagun, bide batez, hori ez dela hi pertsonarekin bakarrik gertatzen. Ekialdeko hizkeretan zu-rekin ere berdin gertatzen da:

  • arratsaldean erosiko dizut katua

Ez du esan nahi horrek nahi eta ez zuri erosiko dizudala katua, besterik gabe, katua erosiko dudala ere esan baitezake. Honi zuka (eta xuka) alokutiboa esaten zaio. Baina ez gara honetaz ariko hemen, baizik hedatuago den hi horretaz, baina hemen esango duguna bi alokutibo motentzat (hi, zu, xu) balio du.

Gure elkarrizketariarekin mintzatzeko hi aukeratzen baldin badugu, aukera horrek adizki guztiak alokutiboan erabiltzera bortxatzen gaitu:

  • *hi haiz alkatea, eta nik ezin dut ezer ere egin
  • hi haiz alkatea, eta nik ezin diat ezer ere egin
  • *zu zara alkatea, eta nik ezin diat ezer ere egin
  • zu zara alkatea, eta nik ezin dut ezer ere egin

Nolabait ere esateko, hi bigarren pertsona hautatzeak, nolabaiteko koherentzia eskatzen du adizkietan, eta hauek alokutiboan aukeratu behar ditugu. Gauzak horrela, gure adiskide batekin, edo hurbileko batekin egoten bagara, holako zerbait esatea litzateke koherenteen eta egokiena, hizkuntzaren erabilera aldetik:

  • entzun diat bihar joango haizela

Hor hi bigarren pertsona aukeratu dugu, eta horrek alokutiboaren erabilera bultzattzen du. Horren parekoa litzateke beste hau:

  • entzun dut bihar joango zarela

Hor ez da eskatzen alokutiboa, erabilera neutroa baita aukeratu duguna. Baina, eta hona hemen menderagailuak ezartzen duen debekua, ez da erabiltzen alokutiboa mendeko perpsausetan. Ikus dezagun perpaus “neutro” hau:

  • entzun dut bihar etorriko dela

Hori alokutiboa erabiltzen ari banaiz hola eman behar dugu:

  • entzun diat bihar etorriko dela

baina ez:

  • *entzun diat bihar etorriko duala

Jakina, hika bigarren pertsonan erabiltzeko ez da debekurik:

  • entzun diat bihar etorriko haizela

Baina kasu horretan ez da alokutiboa, bigarren pertsona baizik. Bigarren pertsonarekin ez da debekurik, noski, bakarrik alokutiboarekin. Hau da, oro har, literaturan erabilitako idazkerak erakusten duena, nahiz hikuntza mintzatuan saltsa handia dagoen kontu honekin, eta jende askok arazorik gabe erabiltzen duen alokutiboa mendeko perpausekin ere.

Menderagailua eta sintagmen hurrenkera

Hemen joera nagusia aipatuko dugu, erabilera arauak estuak eta zorrotzak direla esan beharrean. Perpausa osatzen duten sintagmek nahiko askatasuna dute euskaraz:

  • Peruk mendira joan da gaur
  • Gaur mendira joan da Peru
  • Mendira joan da Peru gaur
  • Joan da mendira Peru gaur
  • eta abar

Horiek guztiak eta gehiago ere arruntak dira euskaraz. Egia da esanahia aldetik badirela hor desberdintasun batzuk, baina gramatika aldetik denak dira zuzenak, egoera nolakoa den batzuk egokiago beste batzuk baino. Mendeko perpausa sartuz gero, sintagmek ez dute galtzen leku batean edo bestean agertzeko askatasuna:

  • Peruk irakasleari esan dio mendira joan dela gaur
  • Peruk esan dio irakasleari mendira joan dela gaur
  • Peruk irakasleari esan dio gaur mendira joan dela
  • Gaur esan dio Peruk irakasleari mendira joan dela
  • eta abar

Perpaus horrek interpretazio bat baino gehiago izan dezake, baina demagun honako hau duela:

  • Peruk irakasleari gaur esan dio: “Mendira joan naiz”

Hori argitzea komeni da, gaur hori zerekin lotzen dugun jakiteko: gaur esan dio edo gaur joan da mendira. Hori argituz gero, perpausa osatzen duten sitagmak hola isla ditzakegu:

  • [Peruk] [irakasleari] [esan dio] [mendira joan dela] [gaur]

Eta horiek guztiek dute askatasuna leku batean edo bestean agertzeko. Joera nagusia da, holakoetan, mendeko perpausa osatzen duten sitagmak beti elkarrekin ibiltzea. Kasu honetan, mendira eta joan dela biak ondoan jartzea: “mugitzen” duguna perpaus osoa da. Bi osagai horiek bereizten baditugu, emaitza askoz ere zalantzazkoagoa geratzen da:

  • ?Peruk mendira irakasleari esan dio joan dela gaur
  • ?Peruk irakasleari mendira esan dio joan dela gaur

Mireni erositako etxea nola gelditu denBaina, betiere, joerak dira horiek, perpaus batzuetan modu estuagoan betetzen direnak beste batzuetan baino. Adibidez, araua estua da menbdeko perpausa erlatibozkoa baldin bada:

  • [atzo goizean Mireni saldu nion etxea] gaur gainetik behera erori da
  • gaur gainetik behera erori da [atzo goizean Mireni saldu nion etxea]
  • gaur [atzo goizean Mireni saldu nion etxea] gainetik behera erori da
  • eta abar

Mendeko perpausaren barnean ere mugitu ditzakegu sintagmak:

  • [atzo goizean Mireni saldu nion etxea] gaur gainetik behera erori da
  • [Mireni atzo goizean saldu nion etxea] gaur gainetik behera erori da

Baina askoz ere nekezago ateratzen ditugu mendeko perpausetik sintagmak:

  • *[atzo goizean saldu nion etxea] gaur Mireni gainetik behera erori da
  • *[Mireni saldu nion etxea] gaur gainetik behera erori da atzo goizean

Hala ere, “atera” nahi dugun sintagma aski hurbil gelditzen bada, zalantzak sor daitezke ez-gramatikaltasunaz:

  • ?[atzo goizean saldu nion etxea] Mireni gaur gainetik behera erori da
  • ?[Mireni saldu nion etxea] atzo goizean gaur gainetik behera erori da

Dena dela, eta esan bezala, hemen joera nagusiez ari gara, zeren hasierako adibide baten interpretazioa ez baita hain erraza:

  • Peruk irakasleari esan dio mendira joan dela gaur

Nori dagokio gaur hori? Gaur joan da mendira, edo gaur esan du Peruk? Bigarrena ere izan daiteke, baina kasu horretan konpletibotik kanpo dago. Zernahi gisaz, badirudi mailak daudela mendeko perpausen artean, eta batzuetatik “kanpora” ateratzeko debeku hori ez dela hain estua.

Laguntzailerik gabeak

Laguntzailerik gabe ere osa daitezke mendeko perpausak. Baina kasu horretan aditzak ez darama menderagailurik. Adizki jokatugabeak partizipioa (-tu), aditzoina () eta aditz izena (-tze) erabiliz osa daitezke mendeko perpausak. Baina kontu handia izan behar da hemen: aditz laguntzailerik agerian ez izateak ez du esan nahi, besterik gabe, mendeko perpaus jokatugabe baten aurrean gaudela, anitzetan elipsi hutsa baizik ez baita. Esan dezagun, bestetik, aditzoina aditz izena eta partizipioa baino gutxiagotan ageri dela perpaus jokatugabe hauetan.

  • [hori jakinez gero] ez ginen hara joango
  • [etxera orduko] ogi zati ederra jana zuen
  • [hori izateagatik] edozein gauza egingo du

Jakina, ondoko perpaus hau ez da jokatugabea, elipsi garbia baitago hor:

  • [etxean sartu] eta baso bat ur edan zuen

Hortaz, hori da, formari begiratuz, lehenbizikorik egin daitekeen sailkapen handiena: perpaus batzuk jokatuak dira, eta beste batzuk jokatugabeak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus jokatuak eta jokatugabeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3