Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:3

Mendeko perpausak sailkatzeko irizpideak

Mendeko perpausak sailkatzeko orduan bi irizpide erabil daitezke: irizpide formala, eta irizpide semantikoa. Hortik sortzen diren sailkapenek badituzte alde onak eta alde txarrak, eta nolanahi ere, zail da irizpide bat bakarra hartzea besteari kasu egin gabe. Horrela, irizpide formala hartzen baldin badugu, sailkapena formen gainean egingo dugu: mendeko perpausaren aditz laguntzaileak, esaterako, -eN hartzen du. Eta orduan marka hori hartzen duten aldaera guztiak azter ditzakegu. Baina nekez azalduko ditugu aldaera horiek azalpen semantikoetara joan gabe. Ikus ditzagun adibide hauek:

  • ez dakit [nor etorri den]
  • galdetu dute [nor etorri den]
  • [etorri den] hori ez dago ongi burutik
  • badut uste [Mikel goizean etorri den]
  • eskerrak [etorri den]
  • [aurten zenbat aldiz etorri den!]

Sailkapen formala

Horiek guztiak eguneroko esaldiak dira, batzuk aski hedatuak, beste batzuk ez hainbeste. Esaterako, “uste dut etorri dela” maizago entzuten da “uste dut etorri den” baino. Gauza bera gertatzen da “eskerrak etorri den” eta “eskerrak etorri dela” bikotean, bigarrena lehenbizikoa baino erabiliagoa baita.

Zehatzago esateko, perpausak azaltzeko forman bakarrik oinarritu nahi badugu, mendeko perpausa gobernatzen duten aditzek nolako marka formala eskatzen duten zehaztu beharko litzateke hasteko. Ez dute aditz guztiek mendeko perpausa gobernatzen:

  • *jan dugu Peru etorri dela
  • entzun dugu Peru etorri dela

Adibide horietan ikus daiteke jan aditzak ez duela mendeko perpausik gobernatzen, baina bai, ordea, entzun aditzak. Horrek ez du esan nahi, hala ere, entzun aditzak beti mendeko perpausa gobernatzen duenik:

  • entzun dugu musika

Beraz, zehaztu behar da lehenik nolako osagarriak hartzen dituzten aditzek. Batzuek perpausak hartzen dituzte ezinbestean (galdetu, erantzun, esan) eta beste batzuek aukeran (entzun). Bereizketa horiek hiztegiak egiten ditu. Sintaxiaren lana da eskaera horiek behar bezala jostea perpausean. Bestetik, aditzek eskatzen dituzten mendeko perpaus horiek ez dira beti berdinak:

  • entzun dugu etorriko dela (*den)
  • badakigu etorriko dela (dena, *den)
  • ez dakigu etorriko den
  • galdetu dute etorri den (*dela)

Hor ikusten da, mendeko perpauseko aditzak hartzen duen menderagailua -(e)n dela batzuetan, eta -(e)la beste batzuetan. Bi motatako menderagailuak, hortaz.

Hala ere, mendekotasunaren adierazle diren menderagailuak ez dira aditzak gobernatzen dituen mendeko perpausetan bakarrik ageri, bai baitira mendeko perpaus gehiago ere:

  • etorriko balitz asko poztuko ginateke
  • ezingo da joan, trenak ihes egin diolako
  • hortik pasatu den gazte hori betitik ezagutzen dugu

Forma kontuan hartuz, hortaz, berehala konturatzen gara perpausen sailkapenak egin daitezkeela: batzuek ba- hartzen dute, beste batzuek -la, -lako, -n, bait-, eta abar. Baina horretan bakarrik oinarrituz zail litzateke euskal perpausen sailkapen egoki eta ulertzeko modukoa egitea. Eta baliagarria izatea gainera. Formaz aparte beste azalpen batzuk ere eman beharko baikenituzke. Ikus ditzagun ondoko bi adibide hauek:

  • Esan du [Mikel etorri dela]
  • galdetu du [Mikel etorri den]

Adibide horiek ongi ulertzeko azalpen semantikoak ere eman beharko genituzke, formaren desberdinatasunak bakarrik ez bailituzke azalduko. Eta, horrela, berahala hasi beharko genuke azalpenak ematen batean adierazpen perpausa dugula, bestean galde perpausa, eta abar. Areago, nonbait esan beharko genuke ondoko bi perpaus hauen artean nolabaiteko erlazioa dagoela:

  • Iruñera joatekotan [hobe gaur joaten bazara]
  • Iruñera joan nahi baduzu [hobe gaur joaten bazara]

Ez da, horregatik, hain erraza esatea sailkapen formal hutsa aski dela perpausen artean bereizketak egiteko, gramatikak formari kasu handia egiten badio ere. Egokiena da, beraz, forma kontuan hartzea, hau da, adieraztea nolako berezitasunak dituen mendekotasuna markatzen duen menderagailuak, baina, horrekin batera, esanahiari buruzko informazio oinarrizkoa ematea ere.

Sailkapen semantikoa

Bigarren irizpidea, gramatika gehienetan erabiltzen dena, irizpide semantikoa da, esanahiari behatzen diogu. Kontuan hartzen orduan zer dagoen esaldi bakoitzaren atzean, eta pentsatzen da: honen atzean denbora dago, bestearen atzean baldintza, beste horrek kausa markatzen du, eta abar.

Baina gauza gutxi daude semantika bezain nahasiak, eta berehala sortzen zaizkigu arazo handiak, perpaus asko sailkatzeko orduan. Adibidez, ondoko hau entzunik berehala konturatuko gara, edo pentsatuko dugu, kausa zarbait badela, nahasian nonbait, egiten dugun baieztapen honetan:

  • kaleak bustiak daude, euria egin baitu

Hala ikusiko genuke hori. Baina horren parean beste hau entzungo bagenu, zer iritziko genioke?:

  • euria egin du, kaleak bustiak baitaude

Hor ere pentsa dezakegu kausa zerbait badela tartean, baina ezinezkoa da bietan kausa beraz, edo dena delako beraz, aritzea, ekitaldi beraren aurrean kausa-ondorioa alderantzizkotua ematen baitzaigu bi perpaus horietan.

Ez hori bakarrik: batzuetan juntadura arrunt batek ere karga semantiko handi samarraren berri ematen digu:

  • euria egin du, eta kaleak bustiak daude

Edo ezer gabe:

  • euria egin du, kaleak bustiak daude

Semantika kontuekin hasten garenean, eta formaren irizpidea bigarren mailara pasatu, zalantza handiak sortzen dira. Eta zalantza horiek areagotu besterik ez dira egiten, perpausa jokatugabea baldin bada. Begira ondoko adibide hau, esaterako:

  • Marisol ikusi dut telefonoa eskuan hartuta

Horren interpretazioaz hasten bagara, pentsa daiteke “nik telefonoa eskuan hartu dudala, eta orduan ikusi dudala Marisol” edo “Marisolek telefonoa eskuan zuzela ikusi dudala”. Bi interpretazio aski diferenteak, ikusten denez. Beste adibide bat hemen:

  • agindutakoa ongi eginik itzuli zen etxera

Zer esan nahi du perpaus horrek? Zer da hori? Moduzkoa (“agindutakoa behar bezala eginik”, nola eginik alegia) edo denborazkoa (agindutakoa egin zuen eta ondoren etorri zen etxera)? Biak izan daiteke. Baina orduan biziki zail gertatzen da perpausak esanahiaren arabera sailkatzea. Aldiz, forman bakarrik ohartuko bagina, besterik gabe esango genuke euskal mendeko perpaus batzuek -ik atzizkia hartzen dutela eta, kasu honetan bederen, ez dutela aditzaren menpekotasun zuzena erakusten (“itzuli” aditzak ez du osagarri hau ezinbestez eskatzen, hori esan nahi dugu).

Gai honi buruz hemen ere aurki daiteke informazioa.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Mendeko perpausak sailkatzeko irizpideak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3