Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4

Perpaus erlatiboak

Perpaus erlatiboak euskal sintaxiaren ardatzetako bat dira. Izan ere, beste hainbat mendeko perpaus (denborazkoak, moduzkoak, etab.) osatzeko, euskarak perpaus erlatiboak baliatzen ditu.

Atal honetan, lehenengo eta behin, perpaus erlatiboak zertan dautzan azalduko dugu, gehiegi sakondu gabe. Jarraian, perpaus erlatibo motak banan-banan aztertuko ditugu:

  • -N atzizki menderagailua aditz erlatiboari atxikirik sorturikoak (Pintto izena duen txakur bat dut).
  • ZEIN izenordainaren edo NON adberbioaren bidez sorturikoak (badut txakur bat, zeinak Pintto izena duen; badut Mundakan etxe bat, zeinean uda guztiak igarotzen ditudan).
  • BAIT- aurrizkia aditz erlatiboari atxikirik sorturikoak (badut txakur bat, Pintto izena baitu)
  • korrelazioz moldatutakoak (non fida, han gal).
  • aurrekaririk gabeko izenordain edo adberbio galde-jatorridunen bidez sorturikoak (ez daukat nora joan(ik)).
  • aditza jokatu gabe osatzen diren erlatiboak (erositako/erosiriko/erosirikako/erosi lanpernak gero janen ditugu). Lanpernak

Perpaus erlatibo mota horien guztien artean, dudarik gabe, -N menderagailuaren bidez osatzen dena da erabiliena, hainbesteraino, non “perpaus erlatibo arrunt” deitu ohi zaion. Mota horren bi ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Lehenengoa: Haren erlatibagarritasun ahalmena, bai ahozko euskaran, bai idatzizkoan, tradizionalki uste izan den eta gaur egun ere uste den baino askozaz handiagoa da. Izan ere, kasu gramatikalak (absolutiboa, ergatiboa eta datiboa, hots, aditzean markatuak direnak) ez dira erlatiba daiezkeen bakarrak. Maizago edo ez, aiseago edo ez, kasu guztiak eta postposizio itsatsi guztiak 1 dira erlatibagarriak. Kasuen eta postposizio itsatsien erlatibagarritasun ahalmena baldintzatzen duten faktoreak sakonki aztertuko ditugu.
  • Bigarrena: normalean, erlatibo mota hau izen ardatzaren ezkerrean ageri da, gure inguruko hizkuntza indoeuroparretan gertatzen ez den bezala, horrek, besteak beste, itzulpengintzan eta, areago, interpretazioan dakartzan ondorio guztiekin.

Perpaus erlatiboen azterketa honetako adibideetarako, askotariko testu motak erabiliko ditugu: idatzizkoak (literaturazkoak, prentsakoak, etab.) zein ahozkoak (irratikoak, telebistakoak, etab.).

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

1 Kasuen eta postposizio itsatsien arteko aldea zertan den ez dakienak jo beza http://www.ehu.es/seg/morf/5/5 estekara.

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "Perpaus erlatiboak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3