Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4:1

Perpaus erlatiboak zer diren

Perpaus erlatiboa mendeko perpaus mota bat da, izenlagun funtzioa duena. Hortaz, esan daiteke perpaus erlatiboaren funtzioa adjektibo batena bezalakoa dela. Esaterako, hurrengo bi adibideak antzekoak dira esanahiari dagokionez:

    1. Bilbon jaio den ikaslea
    2. Ikasle bilbotarra

Bigarren adibidean badira izen sintagma horren izen ardatz bat (ikasle) eta haren osagarri den adjektibo bat (bilbotar), eskuinean ageri zaiona. Lehenengo adibideko izen sintagman, ordea, badira izen ardatz bat (ikasle) eta haren osagarri den perpaus erlatibo bat (Bilbon jaio den), ezkerrean ageri zaiona. (1a) adibideko izen sintagmaren izen ardatza beste perpaus baten partaide-edo bada, perpaus horretan betetzen duen funtzio gramatikalaren arabera hartzen du honako edo horrako kasua edo postposizio itsatsia:

    1. Bilbon jaio den ikaslea berandu etorri da gaur.
    2. Bilbon jaio den ikasleak asko daki.
    3. Bilbon jaio den ikaslearekin haserretu da irakaslea.

Horren harira, esan behar da honako hau dela perpaus erlatiboen ezaugarri nagusia: “barnean badutela izen sintagma bat, erlatiboa osagai gisa hartzen duen izen sintagmaren erreferentzia duena, eta euskaraz komunzki agerian ezin ager daitekeena” (EGLU-V,173). Aurreko hiru adibideetan erlatibotik ezabatu den izen sintagma ikaslea izan da, jaio aditzaren subjektua izateagatik kasu absolutiboaren marka (Ø) duena (Ikaslea Bilbon jaio da). Baina, esan bezala, perpaus hori erlatibo bihurturik, subjektu funtzioa duen kasu sintagma osoa (ikaslea) ezabatu edo isildu da.

Bestalde, adjektibo murrizgarriak eta ez-murrizgarriak dauden bezalaxe, perpaus erlatibo murrizgarriak eta ez-murrizgarriak ditugu. Murrizgarriek, beren izenak dioen bezala, izen ardatzaren erreferentzia murrizten dute. Ez-murrizgarrietan, ordea, izen ardatzak berezko erreferentzia du.

  1. Hain maite eta hain ezagun dudan Ines urruti sentitu dut (Luis Haranburu Altuna, Itsasoak ez du esperantzarik, 1982, 14).

Eta, hitzaurretxo moduko honen bukaera gisa, argibide garrantzitsu bat: perpaus erlatiboei eskainitako atal honetan aipatuko diren adibideak ez dira idatzizko lekukotasunetara mugatzen. Ahozko adibideak ere bilatuko ditugu (irratikoak, telebistakoak, etab.), zeren, azken finean, hizkuntza, hitzak berak dioen bezala, hitz egiteko tresna baita, eta ez hainbeste idaztekoa.

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "Perpaus erlatiboak zer diren", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3