-N menderagailuaren bidez, aditz jokatudun erlatibo arrunta (edo, besterik gabe, erlatibo arrunta) izenez ezagutzen dena osatzen da.
Perpaus erlatiboan (Bilbon jaio den perpausean, alegia), aditza bukaeran agertzen da, -N atzizkia atxikirik.
Jakina denez, -N menderagailuak mendeko hainbat perpaus (hala nola zehar-galderak, denborazkoak, kontzesiboak, moduzkoak, etab.) osatzeko balio du. Mendeko perpaus horietako asko, oinarrian, perpaus erlatiboak dira. Hurrengo bi adibideetako lehenengoan, perpaus erlatiboak moduzko gisa funtzionatzen du (izen ardatzaren esanahiari esker), eta bigarrenean denborazko gisa, eta hala aipatu ohi dira mendeko perpausen sailkapenetan.
Gainerako mendeko perpausetan bezala, -N aditzari lotzen zaio atzizki gisa. Aditza perifrastikoa bada, aditz laguntzaileari.
Jakina denez, euskara batuan, aditzari -N atxikitzen zaionean, honelakoak gerta daitezke:
- lotura horrek aldaketa morfo-fonologikorik ez ekartzea (doa + N = doan; duzu + N = duzun, etab.).
- lotura horrek aldaketa morfo-fonologikoa ekartzea aditz bukaerari, bukaerako kontsonantea T, K, edo N baldin bada (dut + N = dudan; duk + N= duan; dun + N = dunan).
- -N-ren aurrean E bokala jarri behar izatea (nago + N = nagoen; daki + N = dakien; du + N = duen, dakar + N = dakarren, etab.).
- lotura horrek aldaketa morfo-fonologikoa ekartzea aditz bukaerari, izan aditzaren A bokala baldin bada (da + N = den; zara + N = zaren, etab.).
Azkenik, -N iraganaldiko adizki bati atxikiz gero, ez dago forma aldetik aldaketarik (adibidez: etorri zen + N = etorri zen). Horrek esan nahi du etorri zen bezalako perpaus batek bi interpretazio izan ditzakeela: aditz nagusi gisa uler liteke, edo mendeko aditz gisa. Zenbait idazlek anbiguotasun hori gainditu nahi izan dute -N menderagailu erlatibatzailearen aurreko bokalari azentu kamutsa erantsiz. Tildea erabiltzeko baliabide hau baztertu egin dute euskal idazle gehienek, baina erabilgarria gerta liteke perpaus luze samarretan, baldin eta esanahia lauso geratzeko arriskurik badago. Hortaz, ez da harritzekoa baliabide hori J. A. Arrietak (1985, 2) erabili izana M. Yourcenarren Mémoires d'Hadrien euskaratzean.
Arrietak, itzulpen lanetan ez ezik, sorkuntza lanetan ere erabili izan du baliabide hori.
Laburbilduz, aditz erlatiboa orainaldikoa denean, bai intonazioa, bai -N agertzea ditugu erlatibo baten aurrean gaudelako seinale garbiak. Lehenaldikoa denean, ordea, -N agertzea ez dugu nahitaez erlatiboaren marka: bai, ordea, intonazioa eta sintaxi egitura.
Bestalde, jarraian ikusiko dugunez, perpaus erlatibo arrunta izen ardatzaren ezkerrean edo eskuinean ager daiteke, ezkerrean agertzea (gaur egungo euskaraz bederen) ohikoagoa bada ere.
–N euskal erlatiboa, hizkuntza indoeuroparren erlatibakuntzan ez bezala, izen ardatzaren ezkerrean agertu ohi da. Zeintzuk dira egitura hori erabiliz bete beharreko arauak?
Demagun bi perpaus ditugula, erreferentzia bereko izen sintagma bana dutenak:
Lehenengo perpausa perpaus erlatibo bihur dezakegu, eta bigarrena perpaus nagusi, honako arau hauek betez gero:
I. Lehenago esan dugunez, perpaus erlatiboan ez da izen sintagma erreferentziakidea ageri. Isildu, ezabatu egiten da izen sintagma erlatibatua: hortaz, “isil(p)ekoa” deitu ahal diogu edo 'sintagma erlatibatua'. Ondorioz, ezabatutako izen sintagmaren kasu-marka edo postposizio itsatsi-marka ere isildua da, ez da ageri, eta hortik datoz euskal erlatibo honek sortzen dituen buruhauste guztiak, kasu-marka edo postposizio-itsatsi marka ez agertze horrek zaildu (edo oztopatu) egiten baitu honako edo horrako kasua edo postposizio itsatsia erlatibatu ahal izatea, geroago ikusiko dugunez. Perpaus erlatiboaren 'ondoko' den izen sintagma erreferentziakideak, ordea, edozein funtzio sintaktiko bete dezake dagokion perpausean: ez du kasu-markari edo postposizio itsatsi-markari dagokion murriztapenik, zeren marka hori, sintagma erlatibatuko kasua edo postposizio itsatsia ez bezala, agerikoa baita beti: ez da, hortaz, isilpekoa.
II. Mendeko aditzaren eta izen ardatzaren artean ezin da beste izenik tartekatu, non izen ardatzaren izen lagun edo zenbatzaileren bat ez den. Dena den, edo juntagailua tarteka daiteke, perpaus erlatiboaren egiazkotasuna ñabartzeko funtzioarekin:
III. Perpaus erlatiboaren gainerako osagarriak (atzo, telebistan) aditz erlatiboaren ezkerrean ezartzen dira, zeren, bestela, aditz nagusiaren osagarritzat ulertuko bailirateke, horrek lekarzkiekeen ondorio guztiekin. Aipatutako osagarrien hurrenkera libre samarra da (atzo telebistan, telebistan atzo), galdegaiarena beste legerik ez duena.
Zentzu horretan, bada mugarri bat zeinaz harantzago ezin baitaitezke aipatutako osagarriak ager. Zein da mugarri hori, perpaus erlatiboaren aditza ala izen ardatza? Bada arrazoi bat bigarren hipotesiaren alde egiten duena: erlatibo libreetan (hots, izen ardatzik gabekoetan, hala nola atzo telebistan ikusi genuena) baino ezin dira perpaus erlatiboko osagarriak aditz erlatiboaren eskuinean agertu (atzo ikusi genuena telebistan). Erlatibo libreetan ez da izen ardatzik ageri, baina bai determinatzailea eta baita determinatzaile honi dagokion kasu-marka edo postposizio itsatsi-marka ere, biak erlatiboaren aditzari atxikiak. Hortaz, aipatutako mugarria ez da erlatiboaren aditza, izen ardatza baizik.
IV. Erlatiboaren aditzari -N menderagailua atxikitzen zaio. Aditza perifrastikoa denean, aditz laguntzaileari eransten zaio, eta aditz laguntzaile horrek aditz nagusiaren eskuinean agertu behar du.
V. Perpaus nagusiak ez du batere aldaketarik. Perpaus erlatiboaren izen ardatzak aditz nagusiarekiko betetzen duen funtzioaren araberako kasu-marka edo postposizio itsatsi-marka du.
VI. Perpaus erlatiboa ezezkoa baldin bada, ezezko adberbioa aditzaren aurre-aurrean paratzen da (aditza trinkoa izanez gero), edo aditz nagusiaren eta aditz laguntzailearen artean (aditza perifrastikoa izanez gero). Hortaz, bigarren kasu honetan, ohiko aditz egitura ezezkoa (EZ - aditz laguntzailea - aditz nagusia), perpausa mendekoa denez gero, aldatu egiten da, baiezko aditz perifrastikoaren egitura lehenetsiz eta aditz nagusiaren eta aditz laguntzailearen artean ezezko adberbioa tartekatuz.
Aipatutako arauok betez gero, honako emaitza hauek aterako zaizkigu, zein baino zein zuzenagoak:
Arau horietako bat edo beste bete ezean, perpaus okerrak sortuko ditugu edo, bestela, zuzenak izan arren esanahi aldaketa dakarten perpausak:
I. araua bete ezean:
II. araua bete ezean:
III. araua bete ezean:
Azken perpaus hau gramatikala da (sintaxi arauak egoki beterik sorturikoa, alegia), baina esanahi aldaketa dakar. Izan ere, telebistan sintagma perpaus erlatibotik atera eta perpaus nagusian ezarri da, honako esangura zentzugabe hau sortuz, adibidez: “atzo ikusi genuen filmak, zinema-aretoan, musika itsusia zuen, baina telebistan ederra”.
IV. araua bete ezean:
V. araua bete ezean:
VI. araua bete ezean:
Badago zazpigarren arau bat, besteak bezain zorrotz bete beharrekoa: izen ardatza singularreko lehen edo bigarren pertsona izaki, izenordainaren ordez izenordain horri dagokion erakuslea agertuko da. Hortaz, ni izenordaina hau erakusleak ordezkatuko du, eta hi/zu izenordaina hori erakusleak, behar bezala deklinaturik.
Dena den, izenordain hori agertu ager daiteke, baina ez izen ardatzaren kokagunean, aurrekari gisa baizik. Kasu horretan, perpaus erlatiboaren funtzioa aurrekari horren aposizioa izatea da. Izen ardatzaren kokagunean, jakina, izenordain horri dagokion erakuslea agertuko da. Hortaz, erakusleak izenordainaren anafora gisa funtzionatzen du.
Bestalde, A perpaus erlatiboaren osagarri bat B perpaus erlatiboaren izen-ardatza izan daiteke.
Adibide horretan, inguruko ikusleek kasu-sintagma zeramatzaten aditz erlatiboaren osagarria da eta, aldi berean, begiratzen zioten aditz erlatiboaren izen ardatza. Halaber, B perpaus erlatiboaren osagarri bat C perpaus erlatiboaren izen-ardatza izan daiteke, eta hala ad infinitum, hain zuzen ere “gramatikalki ad infinitum”. Baina gramatikala denak ez du zertan onargarria izan, eta perpaus erlatibo batean zenbat eta perpaus erlatibo gehiago txertaturik egon, ulergaitzagoa eta onargaitzagoa izango da emaitza.
Bestalde, badira uste dutenak –N erlatibatzailea perpaus erlatibo murrizgarrietara mugaturik dagoela, baina Euskaltzaindiaren gramatikak (EGLU-V, 200-201) frogatzen duenez, ez da hala, eta erlatibo mota horrek baditu erabilera bat baino gehiago:
- Murrizgarria eta mugagarria.
- Murrizgarria baina ez mugagarria.
- Ez murrizgarria, ez mugagarria.
- Bi interpretazio onartzen dituen erlatiboa: alde batetik, ez murrizgarria, eta bestetik, murrizgarria eta mugagarria.
Badago -N menderagailuaren aldaera bat (-NEKO), denbora eta lekua adieraztera mugaturik dagoena.
Dena den, aldaera horrek, onartua egon arren eta euskal literatura tradizioan ageri bada ere, erredundantea dirudi, zeren -NEKO-ren ondoko izen ardatzaren esanahia lekuzkoa edo denborazkoa baita. Hortaz, iritsi ziren eguna esaten badugu, edozein euskaldunek ulertuko du egun horretan iritsi zirela.
Hasieran genioenez, –N euskal erlatiboa, hizkuntza indoeuroparren erlatibakuntzan ez bezala, izen ardatzaren ezkerrean agertu ohi da. Eta, dirudienez, izen ardatzaren ezkerrean paratutako perpaus erlatibo horretan, zenbat eta osagarri gehiago agertu, hainbat nekezago ulertuko dugu perpaus erlatiboa. Osagarri ugari metatuz gero, hortik aterako den perpausa gramatikala izango da, bai, baina, ulergaitza izanda, ez oso onargarria. Horrek, jakina, arazo ugari sortuko ditu hizkuntza indoeuropar batean idatzitako testu bat hitzez hitz euskaratu nahi dugunetan. Hizkuntza indoeuroparretan, perpaus erlatiboa izen ardatzaren ondokoa (eta ez aurrekoa) denez, aurrena aipagai dugun izaki edo objektua jartzen dugu, eta gero haren ezaugarriak (perpaus erlatiboak adierazitakoa, alegia). Euskaraz, ordea, aurrena norbaiten edo zerbaiten ezaugarri bat adierazten da eta, gero, norbait edo zerbait hori nor edo zer den esaten da. Hori mezua deskodifikatzeko oztopo izan daiteke bere buruan gaztelania edo frantsesa ondo sartuta daukan euskaldunarentzat. Horrexegatik izan ohi dira euskal perpaus erlatiboak labur samarrak, eta horrexegatik sortu zen, alternatiba gisa, hain emankorragoa den perpaus erlatibo aposatua deritzona (Mikelekin kantatzen duen gizon bat ezagutzen dut → Ezagutzen dut gizon bat, Mikelekin kantatzen duena). Ezker adarkatze gisako euskal erlatibo arruntek ulergarritasunaren hobe beharrez labur samarrak izan beharra euskararen gabeziatzat har daiteke ala egoera diglosikoan nagusi den gaztelania edo frantsesarekin bat ez datorren ezaugarri soiltzat? Euskararen egoera soziolinguistikoa eta japonierarena erkatuz froga daitekeenez, bigarren hipotesia da zuzena, Hiromi Yoshida euskalari japoniarrak adierazi digunaren arabera1.
Lehen aipatu dugun bezala, perpaus erlatiboa izen ardatzaren eskuinean ere ager daiteke, beste edozein adjektibo bezalaxe. Egitura horrek literatura tradizio nabarmena du, baina gero eta gutxiago erabiltzen da. Ahozko euskaran, ordea, maiz erabiltzen da. Egitura honetan, izen ardatzak ez du kasu-markarik/postposizio itsatsi-markarik, eta aditz nagusiarekiko betetzen duen funtzioa aditz erlatiboari erantsitako -N menderagailuari atxikiriko kasu-markaren/ postposizio itsatsi-markaren bidez adierazten da.
Lehenengo adibidean, izen ardatza perpaus erlatiboaren ezkerrean jarrita, ez dago interpretazio zalantzarik. Eskuinean jarri balitz, ordea, bai, ez bailegoke jakiterik izen ardatza zein den: perpaus nagusian ageri den izenlaguna ala izenlagun horren burua.
Hemen bi interpretazio dira zilegi: izen ardatza buddistak izatea edo liburuak izatea. Izan ere, biak dira plural, eta bai aditz nagusian, bai aditz erlatiboan ere, hirugarren pertsona pluraleko morfemak ageri zaizkigu (hurrenez hurren, subjektuarena eta objektuarena). Azkuek erabilitako egituran, ordea, interpretazio bakarra dago: liburu(..a)ak baino ez izatea izen ardatza. Baina hitzurren berezi hau ez da soilik anbiguotasun kasuetan erabiltzen: bestela ere erabil daiteke.
Izen ardatz berberari perpaus erlatibo bat baino gehiago lotu nahi zaizkionean, erlatiboak metatzeak baino naturalagoa dirudi bata izen ardatzaren aurrean eta bestea atzean jartzeak.
Sintagma erlatibatua perpaus erlatiboaren barneko beste mendeko perpaus batekoa (perpaus osagarri batekoa, gehienetan) izan daiteke, mendeko aditza jokatua zein jokatugabea izan daitekeelarik.
Lehenengo adibidean, lana izen ardatza eta esan didazun aditza elkarren ondo-ondoan badaude ere, haien artean ez dago lotura sintaktikorik: izan ere, lana perpaus osagarriko egin aditzaren objektua da. Beste horrenbeste gertatzen da bigarren adibidean ere.
Perpaus osagarriko objektua plurala bada, badira idazleak -N atxikitzen zaion aditzari absolutibo-pluralgile “faltsu” bat eransten diotenak, perpaus osagarriko aditz nagusiek halako pluralgilerik onartzen ez badute ere (*Bilbokoa zarela eta Donostian bizi zarela esan dizkidazu).
Euskal literaturan bada horrelako adibiderik.
Aditza NOR-NORK sistemakoa bada eta NOR 3. pertsonakoa ez bada (behartu nauzu aditza, kasu), halako pluraltasun faltsua ezinezkoa da, jakina, nauzkizun edo antzeko “munstro” bat sortu nahi ez badugu, behintzat.
Bestalde, Euskaltzaindiaren esanetan (EGLU-V, 190, 191, 217), sintagma erlatibatua perpaus erlatiboaren barneko beste mendeko perpaus batekoa (perpaus osagarria, gehien bat) denean eta geroxeago azalduko ditugun “perpaus erlatibo aposatuak” (hau da, izen ardatzaren eskuinera hedatzen diren erlatiboak) izeneko perpausetan baino ez da onartzekoa izenordain edo adberbio anaforiko eta kataforikoen erabilera. Hortaz, ondoko adibidea zilegi litzateke, arau horri jarraiki:
Honatx Euskaltzaindiaren irizpidea (EGLU-V,191): “Oro har zenbat eta barnago sartuak baitira erresuntiboak perpaus erlatiboaren osagai batean, hanbat errazkiago onartzen ditugu”. Eta honatx baieztapen horri guk apal-apalik egiten diogun zuzenketatxoa: Euskaltzaindiak aipu horretan erresuntibotzat jotzen dituen horiek ez dira erresuntiboak (hots, anaforikoak, zeren eta gogora bedi ingelesezko resumptive eta espainierazko reasuntivo adjektiboak, hurrenez hurrez, “berriz ere hartu” esanahia duten resume eta reasumir aditzetatik eratorriak direla), kataforikoak baizik.
Dena den, euskal literaturan eta itzulpengintzan horrelako izenordain edo adberbio kataforikoak aurki ditzakegu noizean behin, sintagma erlatibatua perpaus erlatiboaren barneko beste mendeko perpaus batekoa ez denean eta perpaus erlatibo aposatuak ez direlakoetan ere: esaterako, kasu erlatibatua NOREN denean edo postposizio aske batek exijituriko postposizio itsatsia.
Ildo berari jarraiki, badira idazle “ausartak” (hala nola Anjel Lertxundi) postposizio itsatsi ablatiboa kataforiko bidez erlatibatzen “ausartzen” direnak.
Azken adibide horretan, adberbio kataforikorik ezean (Ez dakit nork esan zuen memoria dela bota ezin gaituzten paradisu bakarra), emaitza ulergaitzagoa suertatuko zitzaigukeen.
Perpaus erlatibo arruntetan, kasu erlatibatua/postposizio itsatsi erlatibatua isildua denez, mezuaren hartzaileak kasu hori/postposizio itsatsi hori antzemateko modua duenean baino ez da zilegi erlatibakuntza. Zeintzuk dira hori errazten duten faktore edo zantzuak?
a) aditz morfologia. Aditz morfologia (hots, aditzean dauden pertsona-markak) da, dudarik gabe, zantzu nagusia zein kasu edo postposizio erlatibatu den zehazterakoan, eta horrek honako ondorio hau dakar: kasu absolutibo, ergatibo eta datiboari dagozkien funtzio sintaktikoak (hau da, subjektu, objektu zuzen eta zehar objektuarenak) izatea ahozko eta idatzizko euskaraz gehien erlatibatzen direnak. Eta hiruretarik, dudarik gabe, kasu absolutiboa da maizen erlatibatzen dena.
b) izen sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentua2 izatea. Argumentuaren eta aditzaren lotura estuak kasu/postposizio erlatibatua (eta ezabatua) interpretatzen laguntzen digu. Hona hemen zenbait adibide:
Adibideotan nabarmena da kasu/postposizio erlatibatu (eta, aldi berean, ezabatu)aren eta aditz erlatiboaren arteko lotura aipatua. Hurrenez hurren: ZER-egin, NORA-eroan/eraman, ZERTARA-ohitu, NORAINO-heldu, NORA-joan, NONDIK-deitu, NONDIK-pasatu, NOREN-bila ibili, ZERTAZ-mintzatu, ZERTAZ-esan, ZERTAZ-disfrutatu, ZERTAZ-ziur egon, ZEREZ-egin, NON-bizi izan.
Lehenengo adibidean aditz morfologia ere lagungarri gertatu da. Hortaz, adibide honetan bi faktoreek ahalbidetu dute erlatibakuntza.
Bigarren adibidean, izen sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentua izateaz gain, beste arrazoi batek ahalbidetu du erlatibakuntza: erlatibatutako postposizio itsatsia adlatiboa da eta izen-ardatzarena ablatiboa. NORA-NONDIK edo NONDIK-NORA kontrasteari esker, aisa atzeman daiteke zein postposizio erlatibatu den. Hala ikusten da ondoko adibide honetan ere:
Hor edozein euskaldunek, aipatutako kontrasteari esker, aise ulertuko du, modu konsziente edo inkonszientean ulertu ere, itzuli aditzaren subjetua ez dela gerra bat, seme bat baizik, eta perpaus erlatiboan isildu den gerra izen sintagmak postposizio itsatsi ablatiboa duela.
Bizi naizen herria ez dago hemendik urrun adibideari dagokionez, ezin uka herria izenak lekuzko esangura nabarmena duela. Horren harira, esan dezakegu postposizio itsatsi inesiboa kasu gramatikalak (absolutiboa, ergatiboa, datiboa) bezain erlatibagarria dela, baldin eta izen ardatzak lekuzko edo denborazko esanahi nabarmenik badu.
Kasu genitiboan edo postposizio itsatsi leku-genitiboan dagoen izen sintagma erlatibatzea ere zilegi da, batez ere testuingurua eta semantika lagun baditugu:
Dena den, genitiboa erlatibatzeari muzin egiten dioten idazle eta, oro har, hiztunek, ahal dela, nahiago izaten dute kasu gramatikal bat (datiboa hain zuzen) baliatu genitiboaren ordez.
Har dezagun kontuan estrategia hori begi bistan gelditzen dela perpaus erlatiboa perpaus bakun bihurtzen badugu: izan ere, datiboa ez baita gogoratu aditzaren argumentuetako bat.
De Rijk eta Oyharçabalen ustez, postposizio itsatsi erlatibagaitzenak (edo, besterik gabe, erlatibaezinak) genitibo posesibotik eratorritakoak dira: hurbiltze-adlatiboa (NORANTZ), muga-adlatiboa (NORAINO), soziatiboa (NOREKIN), motibatiboa (NORENGATIK), benefaktiboa (NORENTZAT), eta inesibo animatu guztiak (NORENGANA, NORENGANDIK, etab.). Dena den, sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentu hurbila denean, ez dirudi erlatibatzeko edota erlatiboa interpretatzeko arazo handirik dagoenik. Hurrengo bost adibideetako lehenengo lauretan postposizio soziatiboa erlatibatu da; bosgarrenean, zeina ahozko adibidea baita, postposizio adlatibo (edo muga-adlatibo) biziduna.
Aditz erlatiboaren argumentuak erlatibatzeari dagokionez, badira postposizio itsatsi ugari erlatibatzeko “ausardia” duten idazleak (hala nola Anjel Lertxundi bera), eta badira segurura jotzen dutenak, zeinek kasu absolutiboa eta ergatiboa baino ez baitituzte erlatibatzen. Bi kasu horiek erlatibatzen direnean, bi faktorek errazten dute erlatibakuntza: aditz morfologiak (biak kasu gramatikalak baitira, hots, aditzean marka dutenak) eta subjektua eta osagarri zuzena aditzaren argumentu izateak.
c) izen ardatzaren eta kasu/postposizio itsatsi erlatibatuaren arteko lotura semantikoa.
Izen ardatzak denbora edo lekua adierazten duenean, mezuaren hartzailearentzat, aipaturiko lotura semantikoa dela eta, oso erraza izaten da antzematea erlatibatutako postposizio itsatsia inesiboa izan dela.
Hori dela eta, esan dezakegu inesiboa kasu gramatikalak bezain erlatibagarria dela.
d) kasu-paralelismoa edo postposizio itsatsi-paralelismoa. Sintagma erlatibatuak (zeina isildua baita) eta izen ardatzak kasu- edo postposizio itsatsi-marka bera dutenean, kasu guztiak eta postposizio itsatsi guztiak dira erlatibagarri.
Horren arrazoia aise uler daiteke: kasu erlatibatua edo postposizio itsatsi erlatibatua isilduta badago ere, erraz interpreta daiteke zein izan den, aditz nagusiak izen ardatzari eskatutako bera delako eta kasu- edo postposizio itsatsi-marka hori perpausean ageri delako.
Erlatibatze jakin batean zenbat eta erlatibakuntza ahalbidetzen duten faktore edo zantzu gehiago metatu, orduan eta ohikoagoa da emaitza, eta horrek justifikatzen du subjektuak eta objektuak izatea maizen erlatibatzen diren funtzioak. Izan ere, “Mikelek atzo harrapatu zuen animalia basurdea zen” esaldian, hiru faktore edo zantzu pilatu dira:
- aditz morfologia: kasu absolutiboa erlatibatu da. Kasu gramatikala da, hots, aditzean marka duena, ergatiboa eta datiboa bezalaxe.
- animalia izen sintagma erlatibatua aditz erlatiboaren argumentua da (pazientea deritzona).
- kasu paraelismoa: izen ardatza eta izen sintagma erlatibatu isildua kasu berean daude, absolutiboan, alegia.
e) izenordain eta adberbio kataforikoak 3. Kasu erlatibatua/postposizio itsatsi erlatibatua bere baitan biltzen duen izenordain edo adberbio kataforikorik baldin badago perpaus erlatiboan, edozein kasu edo postposizio itsatsi aise erlatiba daiteke, katafora horretan baitago funtzio erlatibatuaren marka. Hurrengo lau adibideetan, hurrenez hurren, genitiboa, soziatiboa, ablatiboa eta, berriz ere, soziatiboa dira erlatibatutako kasu edo postposizioak, eta haien, harekin, bertatik eta harekin dira izenordain edo adberbio kataforikoak.
Cano, Lertxundi eta Rodriguezen lau adibideok eta aurreko atalean (“Sintagma erlatibatua perpaus erlatiboaren barneko beste mendeko perpaus bati dagokionean” atalean) aipaturiko Juan Garziarena eta Canoren bestea gorabehera, izenordain edo adberbio kataforikoen bidezko estrategia hau nahikoa murritza da, idatzizko euskarari dagokionez behintzat. Geroago ikusiko dugun bezala, perpaus erlatibo arrunta aposatua denean, ordea, izenordain edo adberbio hori ez da kataforikoa, anaforikoa baizik, bestela esanda, erresuntiboa, hainbat hizkuntza indoeuroparren ahozko hizkeran daudenen parekoa. Eta izenordain edo adberbio anaforikoen bidezko erlatibakuntza estrategia hori ez da hain murritza, eta, bestalde, Euskaltzaindiaren oniritzia du.
Izen ardatza aurrena aipatua izan bada edo balio generikorik badu, “isildu” egin daiteke, eta aditz nagusiarekiko betetzen duen funtzioak eskatzen dion kasu- edo postposizio-marka aditz erlatiboari atxikitzen zaio.
Izen ardatzak atzizki txikigarririk izanez gero, izen ardatza isiltzen edo ezabatzen bada, atzizki hori –N menderagailuari atxiki behar zaio.
Izen ardatzik gabeko perpaus erlatibo horietan, izen ardatzaren esanahia zantzu nagusietako bat izaten denez zein kasu/postposizio erlatibatu den antzemateko, kasu/postposizio gutxi-gutxi dira erlatibagarri. Batez ere, gramatikalak (absolutiboa -subjektu zein objektu funtzioduna-, ergatiboa eta datiboa), aditz morfologiari esker, jakina.
Kasu gramatikaletatik haratago, zailagoa dirudi erlatibatzeak. Esaterako, “nengoena” besterik gabe entzun edo irakurtzen badugu, zaila gertatuko zaigu hori ulertzea, hor ez baita erraza zein kasu edo postposizio erlatibatu den antzematea. Baina “nengoena” hori testuinguru jakin batean aurkitzen badugu, aiseago interpreta dezakegu. Ikus bestela honako adibide hau:
Adibide honetan, izen ardatzik gabeko erlatiboa, ordea, juntaduraren lehenengo sintagmari esker (“Belen une hartan zegoen mundua”, zeina antzeko erlatiboaz, izen ardatz beraz eta aditz beraz -nahiz eta pertsona ezberdina izan- osatua baita), ulergarria da: argi dago postposizio inesiboa erlatibatu dela (aurreko erlatiboan bezala). Bigarren erlatiboaren izen ardatza isildua da, baina aise atzeman daiteke, lehenengo erlatiboaren izen ardatz bera baita.
Bestalde, bada beste perpaus erlatibo libre bat, denborazko zentzua duena:
Dena den, azken bi perpaus horiek, izatez erlatiboak badira ere, denborazko perpausen artean sailkatu ohi dira. Hala ere, postposizio inesiboa edo ablatiboa erlatibatzen den guzti-guztietan ez da derrigor denborazkotasunik adierazten. Izen ardatzik gabeko erlatiboa beste izen sintagma batekin (edo batzuekin) batera alborakuntzan edo juntaduran agertzeak edo perpaus erlatibo aposatua izateak konturaraz gaitzake ez gaudela denborazko perpaus baten aurrean.
Beste batzuetan, izen ardatza ez da ageri, baina bai aurrekari bat. Horrelako perpausei erlatibozko perifrasiak edo “cleft”-perpausak deitu ohi zaie, beste hainbat hizkuntzatan ere aurki ditzakegunak. Atributuzkoak dira, eta aurrekaria azpimarratzeko balio dute, galdegaia baita. Hortaz, galdegaia aditzaren aurre-aurrean jartzearen pareko funtzioa du perpaus erlatibo mota honek.
Askotan, ordea, kasu- edo postposizio-marka aditz erlatiboari atxikitzen bazaio, ez da izen ardatza isildu delako edo aurrekari gisa ageri delako, baizik eta izen ardatzik ez dagoelako, perpaus erlatibo generikoa izaki.
Hurrengo atal batean ikusiko dugu euskaraz badagoela beste perpaus erlatibo generiko bat, aurrekaririk gabeko galde-izenordain baten bidez osatzen dena.
Izen ardatza ezabatzen denean eta perpaus erlatiboan ere kasu gramatikalei dagozkien izen sintagmak isildu direnean, testuinguruak soilik desegin dezakeen anbiguotasuna sor daiteke. Esaterako, ekarri dion umea izen sintagmak, testuinguruaren zehaztapenik gabe, hiru interpretazio izan ditzake: umea ekarri aditzaren subjektua izan daiteke, objektu zuzena, edo zehar objektua.
Izen ardatzik gabeko perpaus erlatiboek badute ezaugarri bat izen ardatza duten perpaus erlatiboek ez dutena: aditz erlatiboaren eskuinean ager daite(z)ke perpaus erlatiboaren osagarriren bat edo batzuk (Etorri da iaz ezkondu zena Parisen vs. * Etorri da iaz ezkondu zen lankidea Parisen).
Hortaz, izen ardatzik gabeko perpaus erlatiboek, hitz hurrenkerari dagokionez, malgutasun handiagoa dute izen ardatza duten perpaus erlatiboek baino: izen ardatza ageri denean, perpaus erlatiboaren barruan beste mendeko perpausik badago, mendeko perpaus horrek aditz erlatiboaren ezkerrean agertu behar du, ezker adarkatze (left-branching) gisa. Izen ardatzik gabeko perpaus erlatiboetan, ordea, beren mendeko perpausa(k) aditz erlatiboaren eskuinean ager daite(z)ke, eskuin adarkatze (right-branching) gisa. Ikus ditzagun horrek dakartzan ondorioak.
Ezker adarkatze egitura duten ondoko lau adibideak, gramatikalak izan arren, ulergaitz samarrak gerta daitezke hainbat euskaldunentzat:
Eskuin-adarkatze egitura erabiliko bagenu, ordea, ez litzateke hutsala izango perpaus erlatiboak izen ardatza edukitzea edo ez edukitzea: izen ardatzik badu, emaitza agramatikala da, eta izen ardatzik ez badu, gramatikala ez ezik, aurreko lau aldaerak baino askoz natural eta ulergarriagoa ere.
Bestalde, hil den norbait aipatu nahi dugunean, izen ardatzik gabeko perpaus erlatiboa erabiltzen da euskaraz, izan edo ukan aditzarekin.
Aurrena aipatutako -NEKO aldaera ere maiz erabiltzen da izen ardatzik gabe.
Hor, denborazko esanahia duen izen ardatza ezabatu dugunez, -NEKO agertzeak lagunduko digu esaldia behar bezala interpretatzen eta ezabatutako izen ardatza garaia, denbora edo antzeko zerbait dela ohartzen.
Dena den, maiz kasu- edo postposizio-marka aditz erlatiboari atxikitzen bazaio ere, izen ardatza ager daiteke, biak kasu edo postposizio berean (aditz nagusiak eskatutako kasu/postposizioan, alegia) daudelarik. Perpaus apositibo horiek bi multzotan sailkatu behar dira: alde batetik, “alboko aposizio arrunta” dago, koma artean ageri dena, kanpoko izen ardatzaren ondo-ondoan dagoena, haren eskuinean. Bestetik, “aposizioko perpaus erlatibo gibeleratua” dago, kanpoko ardatzetik banandurik ager daitekeena. Izan ere, aditza kanpoko izen ardatzaren eta perpaus erlatiboaren artean tarteka daiteke, aukeran:
Izen ardatzak bat determinatzailea duenean (eta aditz nagusia egon izanik), naturalagoa (eta erabiliagoa) da perpaus erlatibo aposatu hori izen ardatzaren ezkerrean ageri den perpaus erlatiboa (Nire eskolan jende guztiak Perti deitzen dion irakasle bat dago) baino.
Halaber, aposizioko perpaus erlatiboa maiz erabiltzen da izen ardatza(k):
- zenbatzaile mugagabe bat badu, hala nola asko, zenbait, zenbaki bat, etab.
- generikoa bada (hortaz, absolutibo pluralean zein partitiboan ager daiteke).
Perpaus nagusia ezezkoa bada, aposizioko perpaus erlatiboa usu erabiltzen da.
Izen ardatza ezabatuz gero, perpaus erlatibo generikoa sortzen zaigu.
Zoritxarrez, badago ohiko akats bat, erdal interferentzia garbia dena eta hainbat euskaldunen artean gero eta hedatuagoa dagoena: aposizioko erlatibo hori perpaus osagarritzat hartu eta -NA-ren ordez -LA esan edo idaztea.
Perpaus erlatibo aposatua erabiltzen denean, perpaus nagusia erlatiboa baino lehenago agerturik, perpaus konplexu luzeagoa egin dezakegu ulermenari kalte egin gabe.
Aposizioko perpaus erlatiboak ezkerretik txertatzen diren perpaus erlatibo arruntak adinako erlatibagarritasun gaitasuna du. Izen ardatza aditz erlatibotik urrun samar gera daiteke, baina aditz erlatiboaren -N menderagailuari izen ardatzak duen kasu- edo postposizio-marka bera erantsi zaionez, aise antzematen da lotura.
Lehenengo adibidean absolutiboa da sintagma erlatibatuaren kasua; bigarrenean, inesiboa da postposizio erlatibatua; hirugarrenean, kasu ergatiboa; laugarrenean, postposizio adlatiboa; azkenekoak, kasu genitiboa (“mundu baten parte”).
Bost adibideotan izen ardatza kasu absolutiboan dago, eta halaxe izan ohi da. Ergatiboa, datiboa, inesiboa, etab. askoz gutxiagotan aurkituko ditugu, eta euskal hiztuna aiko-maiko dabil -N menderagailuari kasu absolutiboa jarri (izen ardatzaren kasua/postposizio itsatsia zeinahi izanik ere) edo -N menderagailuari izen ardatzaren kasu/postposizio bera jarri, komunztadurari eutsiz.
Perpaus erlatibo aposatua ezinbestekoa da ardatza izen bat ez denean, esaldi bat baizik. Horrelakoetan, perpaus erlatiboa ezin da ezkerretik txertatu; bai, ordea, eskuinetik, aposizio gisa.
Bestalde, Euskaltzaindiaren gramatikaren arabera (EGLU-V, 217), aposizioko perpaus erlatiboetan zilegi da izenordain edo adberbio erresuntiboak erabiltzea isildutako izen sintagmaren ordezko gisa. Eta Agirre Asteasukoaren honako adibide hau ematen zaigu:
Ondoko adibideak ahozkoak dira. Lehenengoa Getariako alkate ohi Mariano Kamiok 2011ko ekainean ETBri egindako adierazpen batzuetatik ateratakoa da.
Adibide horretan postposizio motibatiboa da erlatibatu dena, eta izenordain erresuntiboa, bistan denez, honengatikan da. Izenordain horren ezean, perpausa interpretagaitz samar gertatuko zatekeen, nahiz eta sintagma motibatiboa ordaindu aditzaren argumentuetako bat izan.
Hona hemen beste adibide bat: Jagoba Zallo sendagileak Euskadi Irratiko Faktoria saioan 2012ko abenduaren 18an esandako esaldi bat.
Adibide horretan postposizio genitibo posesiboa da erlatibatu dena, eta izenordain erresuntiboa bere da.
Hurrengo biak Gorka Otaegi kazetariarenak dira. Lehenengoan horra adberbioa erabili du erreasuntibo gisa, eta bigarrenean horretaz izenordain erakuslea. Haiei esker edonor ohartuko da erlatibatutako funtzioak adlatiboa eta instrumentala direla, hurrenez hurren.
Aurreko bost adibideak perpaus erlatibo aposatuak izaki, izen ardatza perpaus erlatiboa baino lehenago agertzen da, eta horrek erlatibakuntza-estrategia hau errazten du. Izan ere, estrategia hau eraginkorragoa da izenordain edo adberbioak anaforikoak (erresuntiboak) direnean (euskal perpaus erlatibo perpausetan eta hainbat hizkuntza indoeuroparretan gertatzen den legez), izenordain edo adberbio kataforikoak (izen ardatzaren eskuinean ageri diren euskal perpaus erlatiboetan gertatzen den legez) direnean baino.
— Egilea: Karlos Cid Abasolo
lanaren aipamena nola egin...