Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4:3

zein/non erlatiboa

Hona hemen zenbaitek garbizalekeriaren garbizalekeriaz gaitzetsiriko erlatibo mota bat. Alabaina, baliabide txit erabilgarria izan zen euskal prosa sortu zuten idazle klasikoentzat (hala nola Leiçarraga, Axular eta abarrentzat). Izan ere, perpaus luzeetarako askoz egoki eta eraginkorragoa da -N baino, zeren -N erlatiboak, izen ardatzaren ezkerrean txertatzen den aldetik, ez baitu onartzen bere baitan osagarri ugari biltzerik. Ondo baino hobeto dakite hori testuak euskarara beste hizkuntza batzuetatik itzultzen dituztenek.

Ezaugarriak

Erlatibo mota honek ez du izen ardatza mugatzen edo zehazten: haren gaineko argibide gehigarriren bat eman besterik ez du egiten, eta honako ezaugarri hauek ditu:

  • a) izen ardatza aurrekaria da, hots, izenordain edo adberbio erlatiboa baino aurrerago ageri da, eta bien artean hitz bat (hala nola aditz nagusia) edo hitz multzo bat tarteka daiteke. Hortaz, erlatibo hau dagokion izen ardatzaren eskuinean txertatzen da.
  • b) izenordain edo adberbio erlatiboa perpaus erlatiboaren hasiera-hasieran azaltzen da.
  • c) izenordain edo adberbio erlatiboak honako hauek dira:
    • izenordaina: zein, jatorriz galdetzailea dena. Edozein kasu- edo postposizio itsatsi-marka har dezake. Izenordain erlatibo honen zenbaki-paradigma mugatua izan daiteke (zeina, zeinak, zeinari, etab.) nahiz mugagabea (zein, zeinek, zeini…). Bada idazlerik testu berean bi aukerak baliatzen dituenik.
    • Izan da mendebaleko idazlerik paradigma mugatu plurala erabili duenik (zeintzuk, zeintzuei, etab.).
      • Erri-idijen orde sartu daruez mustur balz, begi zetakadun, edo Asturijakuak, zeintzuben okelia dan ispi luzekua ta zaalagua, ezpadira oneetan kortatu, luzaro egon ta gizendutena. (Peru Abarca, Moguel, J. A.)
      • Adibide klasikoak:
      • Gaurko adibideak:
      • Gnôr Grassiadiô eta Gnôr Côlombô bi lagun-etsai ziren, zeinak, ele zaharrek jasotzen dutenez, aurkez aurke bizi izan baitziren inork oroit dezakeen baino aspaldi luzeagotik, Moncalvo-ko hiriko galtzada mehar baten alde banatan (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
      • Eta, ondorioz, Jainkoaren existentziaren ukatzeko arrazoia edo kausa ez denaz geroz Jainkoaren izaeratik landa aurkitzen ahal, egiaz Jainkorik existitzen ez baldin bada, aurkitu beharko da Haren izaeraren beraren baitan, zeinak baitu, orduan, kontraesan hori barne hartu beharko (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)
      • Ez nekien etxearen jabea, zeinarekin zegoen beharbada, gizona ala emakumea zen ere, “lagun batena” soilik aipatu baitzuen (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
      • Haren zain zeudenek, aldiz, guztiek egin zioten so, baita Sarak ere, zeinari medikuaren aurpegia ezaguna egin baitzitzaion (Ipuin batean bezala, Irigoien, J. M.)
      • Umetatik ezagutu dut giza jenero bat, zeinarentzat bere aitaren kotxea zen beti kotxerik azkarrena, bere oporlekua abenturaz beteena, bere anaia bizkorrena edo bere izeba emakumerik ederrena (Errekarteko koadernoa, Mendiguren Elizegi, X.)
      • Gnôr Grassiadiô eta Gnôr Côlombô bi lagun-etsai ziren, zeinak, ele zaharrek jasotzen dutenez, aurkez aurke bizi izan baitziren inork oroit dezakeen baino aspaldi luzeagotik, Moncalvo-ko hiriko galtzada mehar baten alde banatan (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
      • Eta, ondorioz, Jainkoaren existentziaren ukatzeko arrazoia edo kausa ez denaz geroz Jainkoaren izaeratik landa aurkitzen ahal, egiaz Jainkorik existitzen ez baldin bada, aurkitu beharko da Haren izaeraren beraren baitan, zeinak baitu, orduan, kontraesan hori barne hartu beharko (Etika, Spinoza / Xarriton, P.)
      • Ez nekien etxearen jabea, zeinarekin zegoen beharbada, gizona ala emakumea zen ere, “lagun batena” soilik aipatu baitzuen (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
      • Haren zain zeudenek, aldiz, guztiek egin zioten so, baita Sarak ere, zeinari medikuaren aurpegia ezaguna egin baitzitzaion (Ipuin batean bezala, Irigoien, J. M.)
      • Umetatik ezagutu dut giza jenero bat, zeinarentzat bere aitaren kotxea zen beti kotxerik azkarrena, bere oporlekua abenturaz beteena, bere anaia bizkorrena edo bere izeba emakumerik ederrena (Errekarteko koadernoa, Mendiguren Elizegi, X.)
    • adberbioa: jatorriz galde-adberbioak direnak, hala nola non, nora, nondik, noiz, etab. Non-ek lekuzko adiera ez ezik, denborazkoa ere eduki dezake.
    • Funtzio erlatibatua lekuzkoa zein denborazkoa baldin bada, bai adberbioa (non, nora, etab.), bai izenordaina (zeinean, zeinetan, zeinera, etab.) erabil daitezke erlatibatzaile gisa.
    • (…) etxalde arraildu bat da estazioa, zeinera gatazkarik gabe abailtzen baita gaua, bere amets arriskutsuekin (Sarrionandia, J., Narrazioak, 1984, 9).
    • Neguko otzean berotu nairik bidiazti bat sartu zan etxe batean, non zegoan lasta gela bat. (Moguel, J. A., Kristau Erakasle Euskalduna, Erakaste XIX).
  • d) Aditz erlatiboari bi menderagailu hauetako bat atxiki behar zaio: BAIT- aurrizkia edo -N atzizkia.
  • e) Aditz erlatiboaren kokagunea libre samarra da, -N motako perpaus erlatiboan ez bezala.
  • f) Erlatibo mota honen bidez kasu guztiak eta postposizio itsatsi guztiak dira erlatibagarri. Izan ere, kasu/postposizio erlatibatua beti ere agerikoa baita, izenordain edo adberbio erlatibatzaileari atxikirik. Jakina da badirela kasuak/postposizio itsatsiak, hala nola genitiboa eta instrumentala, -N erlatiboaren bidez nekez erlatiba daitezkeenak. Bada, ZEIN izenordain erlatiboarekin ez dago halako murriztapenik.
    • Ene ondoan ethorten dena, ni baino borthitzago da, ceinen çapatén ekarteco ezpainaiz digne. (Leiçarraga, S. Mateo, 3:11, Iesus Christ Iaunaren testamentu berria).
    • Maledictione guiçon haren gainean ceinez guiçonaren Semea traditzen baita. (Idem, S. Mateo, 26:24)
  • Bakanka badarik ere, ZEIN bizigabea izan daiteke: postposizio inesiborik baldin badu, non-ek eta noiz-ek izan ohi duten denborazko funtzioa bete dezake.
  • g) Erlatibo hau mota askotakoa izan daiteke:
    • - ez mugagarria (gehienetan). Esaterako, bizi naizen etxea erlatiboa ezin da zein erlatibatzailearen bidez adierazi:
    • *Etxea zeinetan bizi naizen.
  • Alabaina, txit egokia izaten da erlatibo hau perpaus luze samarretan, batik bat erlatiboa ez-murrizgarria baldin bada.
    • Eguin itzaçue çuen thesaurac cerüan, non ez cerrenec ez herdoillac ezpaitu goastatzen. (Leiçarraga, S. Mateo, 6:20).
  • Esan gabe doa perpaus erlatibo honen izaera ez-murrizgarriak izen ardatzaren esanahia duela oinarri, zerua bakarra baita munduan, baita pluralean erabiltzen denean ere, Aita Gurea otoitzean, kasu.
    • - murrizgarria (baina ez mugagarria).
    • - murrizgarria eta mugagarria, ez oso maiz baina.
    • Eriden ceçan lekua, non scribatua baitzén. (Idem, S. Lucas, 4:17)
  • h) zein erlatiboak, -N erlatiboak ez bezala, perpaus erlatiboen metaketa ahalbidetzen du, izen ardatzaren eskuinean txertatua izateari esker.
  • i) zein izenordaina perpaus erlatiboaren barneko beste mendeko perpaus batekoa (perpaus osagarri batekoa zein adjuntu batekoa) izan daiteke, mendeko aditza jokatua zein jokatugabea izan daitekeelarik.
    • (…) behi hezi batekin, zeinari loturik eraman omen zuten, ardi malsoa bezain umil, etxera laugarren zezen indartsu ibiltari handi hura. (Iztueta, Ez direlako aketsak, 1995, 35).

Garbizalekeria

Esan dugun bezala, mendebaleko Euskal Herrian jatorri izan zuen aurreiritzi garbizaleak, Orcáiztegui buru zuelarik, “zeiñismoaren” kontrako gurutzadari ekin zion, eta gaur egungo idazle eta itzultzaileek ez bide dute aurreiritzi hori gainditu, nahiz eta Villasantek, aspaldi, ondo baino hobeto azaldu zuen zein mesedegarria gerta dakiokeen erlatibo mota hori euskal prosari:

  • “Sobre todo, en traducciones se siente la necesidad de recurrir a zein empleado como relativo, y sabido es que ninguna lengua que aspira a ser vehículo de cultura puede prescindir de las traducciones (…). Cierto es que estas construcciones pueden parecer un tanto pesadas y extrañas y no se emplean en el habla coloquial, pero esto pasa igualmente en castellano y otros idiomas. Son útiles propios de la lengua escrita, la cual tiene sus exigencias propias y sus leyes específicas…”(Sintaxis de la oracion compuesta, Villasante).

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "zein/non erlatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3