Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4:4

bait- erlatiboa

Ekialdeko euskalkien bait- menderagailua, aditzari atxikirik, berez, izenordain edo adberbio erlatiboen laguntzarik gabe, aski da perpaus erlatibo ez-murrizgarri bat osatzeko.

bait- erabiltzen denean, izen sintagma bat nahiz perpaus oso bat izan daitezke izen ardatz.

Bestalde, bait- erlatiboa izen ardatzaren eskuinean txertatzen da, [zein- + bait-/-n] erlatibo mota bezalaxe. Hortaz, bait- erlatiboaren izen ardatza aurrekaria da, eta -n erlatiboarena, ordea, atzekaria (gehienetan) edo aurrekaria (gutxitan), erabiltzen dugun egituraren arabera.

Hala ere, bait- aurrizkiak badu eragozpen bat: esanahi anitz dituenez, zergatizkotzat zein erlatibotzat interpreta daiteke. Hortaz, egokia da, antza, menderagailu huts gisa hartzea, testuinguruaren arabera honako edo horrako balioa har dezakeena. Ikus ditzagun hiru adibide:

Lehenengo adibidean, bait- aurrizkiak esanahi zergatizko nabarmena du; bigarrenean, mendeko adiera zehatzik nabaritzen ez zaionez, erlatibotzat jo daiteke; hirugarrenean, ordea, ez du adiera garbirik, menderagailu hutsa da, zergatizko gisa uler daitekeena (Gizonak, nekatuak zetozenez, etxean sartu ziren) edo erlatibo ez-murrizgarri gisa (Gizonak, zeinak nekatuak baitzetozen, etxean sartu ziren).

bait-en erlatibatze gaitasuna -N menderagailuarenaren parekoa da? Pentsatzekoa litzateke baietz, zeren forma aldetik oso antzekoak baitira: biak menderagailuak dira eta, bestalde, haien bidez osatutako perpaus erlatiboetan ez dago erlatibaturiko kasuaren/postposizio itsatsiaren arrastorik. Baina usteak erdi ustel: izan ere, bait- menderagailuarekin, -n-rekin ez bezala, kasu guztiak eta postposizio itsatsi guztiak dira erlatibagarri. Zer dela eta? Semantika eta testuingurua aski ez direnean zein kasu/postposizio erlatibatu den interpretatzeko, sintaxira jo baitaiteke, hots, kasu/postposizio hori adierazten duten izenordain edo adberbio erresuntiboen erabilerara.

  • Bakotxak badauka eskuan liburu ttipi bat, hartan kondu guziak eginak baitire aitzinetik asti edo jakitaterik ez dutenendako. (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • Ostatu handi batzu idekirik badauzkote, su, ohe on, jateko garbi, soinekorik beharrenak han ediren baititzazke merkeenik. (Buruchkak, Etchepare, J.)

bait- erlatiboetan, kasu gramatikalak (absolutiboa, ergatiboa eta datiboa) aise erlatiba daitezke erresuntiborik gabe, aditz morfologiari esker. Denborazko esanahia duen postposizio inesiboa erresuntiborik gabe erlatiba daiteke, baldin eta izen ardatzaren esangurak denbora edo aldia adierazten badu. Gainerako postposizio itsatsiak ere erraz erlatiba daitezke baldin eta izen ardatzaren eta postposizio itsatsi erlatibatuaren artean erlazio semantikorik badago. Hona hemen adibide bat, zeinean kausa izen ardatzaren (aurrekariaren) esanahiak ederki laguntzen digun zein postposizio itsatsi erlatibatu den interpretatzen.

Dena den, esan behar da izenordain edo adberbio erresuntiboen erabilera zilegi dela bait- erlatiboetan zeinahi kasu/postposizio itsatsi erlatibaturik ere.

Esan gabe doa adibide honetan hura izenordain erresuntiboa ez dela beharrezkoa.

Postposizio itsatsi erlatibatua lekuzko esanahia duen inesiboa denean, izenordaina (hartan, hartara, etab.) nahiz adberbioa (han, hara, etab.) erabil daitezke erresuntibo gisa.

-n eta zein erlatiboekin gertatzen den bezala, bait- erabiltzen dugunean, mendeko perpaus baten osagarria izan daiteke izen sintagma erlatibatua.

Hitz hurrenkerari dagokionez, zein erlatiboak bezala, aposizioko perpaus erlatiboen bi motak onartzen ditu: alboko aposizio arrunta (izen ardatzaren eskuin-eskuinean jarrita) eta aposizioko perpaus erlatibo gibeleratua.

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

Euskaltzaindiak honetaz

Eusklaltzaindiak emana du batasuneko araua “bait gara” edo “baikara” nola idatzi behar den. Egin klik hemen.


Zalantzak argituz

Egitura hauek bi moldetan idatzi izan dira euskaraz: etorri bait zen / etorri baitzen

Batasunaren lehenbiziko urteetan, egileek bietara idazten zituzten, aukeran. Baina gaur egun, bait partikula aditzari elkarturik eman behar da. Arautua den forma bakarra baitzen da.

Kontuan izan behar da, dena den, nola hasten den aditza, idazkera aldatzen baita:

Bait + naiz = bainaiz

Bait + da = baita

Bait + gara = baikara

Bait + luke = bailuke

Bait + haiz = baihaiz

Bait + zen = baitzen

Ikusten denez, bait partikularen azkeneko “t” hori bere horretan uzten da laguntzailea “z”-rekin hasten bada; galdu egiten da “l”, “n” edo “h”-ren aurrean gertatzen denean; eta “k” bihurtzen da “g”-ren aurrean. Eta adizki hauek ahoskatzen ditugunean gauza bera gertatzen da (“h” hori ez da ahoskatzen Hegoaldean, baina bai Iparraldean):

T + Z TZ

T + L L

T + N N

T + HH

T + GK

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "bait- erlatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3