Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4:5

Korrelazioz moldatutako erlatiboa

Perpaus erlatibo korrelatibo honek jatorri erromanikoa bide du eta balio generikoa izan ohi du (nornahi, zernahi, nonahi, etab.), erreferentzia konkretua daukanean ere erabil daitekeen arren: areago, maiz, zalantzazkoa da balioa, hots, generikotzat zein erreferentzia konkretuduntzat uler daiteke.
Erlatibo mota hau bi perpausez osatutakoa da: lehenengoan bada izenordain edo adberbio erlatibo bat (nor, zein, non, etab.) eta bigarrenean izenordain erakusle edo adberbio bat (hura, han, etab), izenordain edo adberbio erlatiboarekin erlazio anaforikoa duena. Hala ere, bakoitzak bere kasu- edo postposizio itsatsi-marka du, dagokion aditzak eskatzen diona, hain zuzen ere: izenordain/adberbio erlatiboak aditz erlatiboak eskatzen diona dauka, eta izenordain erakusleak edo adberbioak aditz nagusiak eskatzen diona dauka. Horri esker, erlatibo mota honetan ez dago murriztapenik erlatiba daitezkeen funtzioei dagokienez, ZEIN eta BAIT- erlatiboekin gertatzen den bezalaxe (eta -N erlatiboarekin gertatzen ez den bezalaxe).

Erlatibo mota hau oso ohikoa zen euskal idazle klasikoetan, eta honako egitura hau du:

a) lehenengo eta behin, korrelazioaren lehenengo osagaia agertzen da. Jatorri galdetzailea duen izenordain edo adberbio erlatiboa da. Biziduna zein bizigabea izan daiteke. Biziduna izanez gero, NOR da; biziduna izatera, ZER. Jatorri galdetzailea duenez gero, zenbaki-paradigma mugagabea du. Lekuzko esanahirik badu, balio hori duen adberbio galdetzailea erabiltzen da (non, nora, nondik, etab.).

b) aukeran, ere adberbioa atxiki dakioke izenordain/adberbio erlatiboari.

c) aditz erlatiboari BAIT- aurrizkia edo N- atzizkia atxikitzen zaio.

d) perpaus erlatiboaren ostean, korrelazioaren bigarren osagaia jarri behar dugu (hots, aipaturiko izenordain erakuslea edo adberbioa), aditz nagusiak eskatzen dion kasu- edo postposizio itsatsi-marka eta guzti. Funtzio ez-lekuzkorik badu, hura izenordain erakuslea erabiltzen da, zeinahi kasu- edo postposizio itsatsi-markarekin. Funtzio lekuzkorik badu, han, hara… adberbioa erabiltzen da. Korrelazioaren bigarren osagai hau ezaba daiteke lehenengo osagaiaren funtzio bertsua daukanean, edota kasu gramatikaletako bat duenean. Bigarren osagaia, dagokion perpausaren galdegaia denez gero, aditzaren aurre-aurrean agertu ohi da.

    1. Zoinek dituen uso gehienak eta harek ostaturat jautsita urrupa bat pagatzen du lagunei. (Pagola, R. M., Euskalkiz euskalki, 1984, 23).
    2. Zer atera nahi duzun, harixe begiratu (Lertxundi, A., Nire kuleroak, 1999, 5).
    3. Patata bezalakoa da Mari: zerekin egosi, haren gustua bereganatzen du. (Alkorta, K. “Progenerikoak”, Administrazioa euskaraz, 65, IVAP, 2009, 4).
    4. Nori-ere pot eguinen baitraucat, hura da. (Leiçarraga, S. Mateo, 26:48)
    5. Non baita çuen thesaura, han içanen da çuen bihotza ere. (idem, S. Mateo, 6:21)
    6. Cer-ere lothuren baituc lurrean, lothua içanen duc cerüetan ere. (idem, S. Mateo, 16:19)
    7. Cer neurriz neurthuren baituçue, aldiz neurthuren çaiçue. (idem, S. Mateo, 7:2)

Bost perpausotako lehendabizikoan, izen-sintagma bizigabe bat erlatibatu da, eta izenordain erlatiboa kasu absolutiboan dago, atera aditzaren objektua delako. Bigarrenean, bizidun bati dagokio erlatibakuntza. Izenordain erlatiboa kasu datiboan dago, zeren pot egin aditzaren zehar objektua baita. Erakuslea, ordea, kasu absolutiboan dago, aditz iragangaitz baten (hots, aditz nagusiaren) subjektua delako. Hirugarren adibidean postposizio inesiboa erlatibatu da, eta adberbio korreferentziala ere aditz nagusiarekiko inesiboa da. Hortaz, postposizio itsatsi-paralelismoa dagoenez, adberbioa ezaba zitekeen ez-gramatikaltasunean erori gabe (Non baita çuen thesaura içanen da çuen bihotza ere). Izan ere, hala gertatzen baita laugarren eta bosgarren adibideetan: erlatibatutako kasuak edo postposizio itsatsiak, hurrenez hurren, absolutiboa eta instrumentala dira, eta erakusleak ez du zertan agertu, kasu berean/postposizio itsatsi berean baitago. Areago, bosgarren adibidean, aditz erlatiboa eta aditz nagusia aditz bera dira (neurtu), eta horrek erraztu egin du ezabaketa, ezabatutakoa aise berreskuragarria baita. Azkenik, seigarren adibidean izenordain erlatiboak postposizio soziatiboa du, zeren egosi aditzaren osagarri instrumentala baita. Lehenengo bost adibideok bestela ere adieraz litezke: izen ardatzik gabeko erlatibo baten bidez (lehenengo, bigarren eta laugarren adibideetan), edo izen ardatza duen erlatibo baten bidez (hirugarren adibidean -zeinaren izen ardatzak lekuzko esangura baitu- eta bosgarrenean -zeinaren izen ardatza aditz erlatiboaren eta aditz nagusiaren oinarri lexematikoa baita-).

    1. Atera nahi duzuna begiratu.
    2. Pot eginen diodana da.
    3. Zuen tesaura den lekuan izanen da zuen bihotza ere.
    4. Lurrean lotzen dena lotua izanen duk zeruetan ere.
    5. Neurtzen duzuen neurriaz neurtuko zaizue.

“Patata bezalakoa da Mari: zerekin egosi, haren gustua bereganatzen du” adibideari dagokionez, ordea, postposizio soziatiboaren bidez adierazitako funtzio instrumental hori ezingo zatekeen izen ardatzik gabeko -N erlatibo motaren bidez erlatibatu, zeren erlatibaturiko funtzioa “berreskuraezina” izango baitzen: ez legoke jakiterik hor funtzio intrumentala erlatibatu dela.

  1. * Patata bezalakoa da Mari: egosten denaren gustua bereganatzen du.

Korrelazioz moldatutako perpaus mota hau, ikusi dugun bezala, erlatiboa izan ohi da. Moduaz eta zenbatasunaz ari garelarik, ordea, egitura berekoa izan arren, ez da erlatibozkoa, moduzkoa edo konparaziozkoa baizik. Izan ere, korrelazioaren lehen terminoa ez da izena, adberbioa baizik (hala, zenbat).

    1. Nola Ionas Niniuacoey signo içan baitzayen, hala içanen çayó guiçonaren Semea-ere generatione huni. (Leiçarraga, S. Lucas, 11:30)
    2. Emanen drauca cenbat-ere behar baitu. (idem, San Lucas, 11:8)

Esan gabe doa Leiçarragak perpaus mota hau hainbatetan erabiltzea estu-estu loturik dagoela itzulitako testuaren izaera moralizatzailearekin.
Bestalde, egitura berezi honek ahozko euskaran utzi du arrasto nabarmenik atsotitzak eta antzeko esaerak osatzekorakoan. Aipatutako esanahi moralizatzaileak badu horrekin zerikusirik, jakina. Esaerotan, denborazkanpotasuna dela eta, aditzak jokatu gabe agertu ohi dira (aditz erroa ekialdeko euskalkietan, eta partizipioa mendebalekoetan).

  1. Non fida, han gal. (San Lucas, 11:8)

Areago, bi aditzok desagertu eta guzti egin daitezke, berreskuragarriak izan baitaitezke aditzon osagarriei esker. Esaterako, hurrengo adibidean galde-jatorria duen adberbio erlatiboa inesiboan dago (eta egon aditza ezabatu da), eta adberbio korreferentziala adlatiboan dago (eta joan aditza ezabatu da). Egon aditzaren eta inesibotasunaren arteko loturari esker eta joan aditzaren eta adlatibotasunaren artekoari esker ere posible izan dira aipaturiko ezabaketak.

  1. Sarraskia non arranoak hara.

Ahozko euskaran, perpaus erlatiboa saihesteko edo, korrelazioz moldatutako alborakuntza erabil daiteke, korrelazioaren lehendabiziko perpausa galderazkoa izaki.

  1. Ikusten duzu etxe zuri hura? Bada, hantxe bizi naiz ni.

Hantxe adberbioa etxe zuri hura izen sintagmarekiko erreferentziakidea den adberbio anaforikoa da. Korrelazio honen bidez saihesten dugun erlatiboa honako hau da:

  1. Ikusten duzun etxe zuri hartan bizi naiz ni.

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "Korrelazioz moldatutako erlatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3