Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:4:6

Aurrekaririk gabeko izenordain edo adberbio galde-jatorridunen bidez sorturiko erlatiboa

Balio generikoa duen erlatibo mota hau jatorriz galdetzailea den izenordain edo adberbio erlatibo baten bidez osatzen da, zeinak kasu erlatibatua/postposizio itsatsi erlatibatua baitu. Erlatibo mota honetan, -N erlatiboan ez bezala, ez dago murriztapenik erlatiba daitezkeen funtzioei (eta haien kasu-markei/postposizio itsatsi-markei) dagokienez. Bestalde, aditz erlatiboa jokatua zein jokatu gabea izan daiteke. Aditz erlatiboaren subjektua nahitaez isildua da, baina badu erlazio sintaktikoa aditz nagusiarekiko: haren subjektua da (Ez daukat norengana jo) edo zehar-objektua (Non lo egin bilatu zidaten). Aditz nagusiak badu murriztapenik esanahi aldetik. Izan ere, lekuzkoa izan daiteke (sartu, iritsi, joan), edutezkoa (eduki, bilatu, utzi, etab.) edo existentziala (egon, izan). Aditz horren atributuak edozein funtzio sintaktiko bete dezake perpaus erlatiboan.

Erlatibo mota honi “de antecedente callado” deitzen dio Villasantek (Villasante, Sintaxis de la oración compuesta, 79). Aditz erlatiboa ez da jokatua: partizipioa izan daiteke (mendebaleko euskalkietan) edo aditz erroa (ekialdekoetan).

    1. Ez daukat zertaz mintzatu.
    2. Zer jan aurkitu nuen etxolan.
    3. Hizkuntza horretan nork idatzi badagoela uste dut. (Amuriza, X., “Horri berria udazkenean”, Punto y Hora, 83-9-16, 52).

Erlatibo mota hau ez da egitura bereko zehargalderarekin nahasi behar.

  1. Ez dakit zertaz mintzatu.

Ez daukat zertaz mintzatu eta Ez dakit zertaz mintzatu, azaleko egituran, aditz nagusiari dagokionez baino ez dira bereizten. Azaleko egituraren aldetik, ordea, berdin-berdinak dira. Baina kontua da lehendabizikoa erlatiboa dela eta bigarrena zati galdera zeharkakoa: aipatutako aditzetako bat edo antzekoren bat izaten dute erlatiboek aditz nagusi gisa; zehar galderei dagokienez, ordea, oso aditz gutxi izan daitezke aditz nagusi, haietariko erabiliena jakin aditza delarik.

Bada beste ezberdintasun bat bi perpaus mota hauen artean: zehar galderaren galdetzaileak adjektibo izaera izan dezake, izen bati lagunduz. Erlatibo mota honetan, ordea, jatorriz galdetzailea den osagarri hau izenordaina izan daiteke (biziduna bada), edo adberbioa (bizigabea, leku-, denbora- edo modu-esangurarekin).

    1. Aurkitu genuen norekin / zeinekin hitz egin.
    2. * Aurkitu genuen zein gizonekin hitz egin.

Izan ere, erlatibo mota hau, izen ardatzik gabeko zenbait perpaus erlatibo bezalaxe, erlatibo generikoei dagokie. Euskara zaharrean, aditz erlatiboa, jokatugabea izan ordez, jokatua zen, subjuntiboan. Kontua da denboraren poderioz aditz laguntzailea ezabatu-edo egin dela, baina, dena den, haren arrastoa nabarmen geratu da, zeren aditz nagusia aditz erroa baita ekialdeko euskalkietan, subjuntiboak hala eskaturik. Jakina denez, mendebaleko euskalkietan, ordea, subjuntibo, agintera eta ahalerazko aditz perifrastikoetan aditz nagusia ez da aditz erroa, partizipioa baizik.

Hortaz, aurreko adibidea honela adieraziko genuke aditza jokatuz gero:

  1. Aurkitu genuen norekin hitz egin genezan.

Leiçarragak maiz erabiltzen ditu horrelako egiturak:

  1. Bada norc accusa çaitzaten. (Leiçarraga, S. Juan, 5:45).

Baina Leiçarragak berak aditz jokatugabea duen egitura ere erabiltzen du sarritan, bi aukerak elkarren lehian aspalditik dabiltzalako seinale.

  1. Ceren ezpaitute nondic hiri ordaina renda. (idem, S. Lucas, 14:14).

Erlatibo mota hau, jatorri latin-erromantzea duenez, ez zen Azkueren gustukoa, zeinak haren ordezko baliokide batzuk proposatu baitzituen1.
Erlatibo mota honek badu ezaugarri bat, itxura bereko zehar galderak ere baduena baina gainerako erlatibo motek ez dutena: erlatibo horietan ezinezkoa da aldi berean bi izen sintagma erlatibatzea. Galderazko perpausetan (zehar galderak barne, jakina), sintagma bat baino gehiago izan daitezke galdetzaileak.

  1. Emazteek ere ba zekiten non zer egin

Bada, erlatibo mota honetan, galderetan bezala, aukera hori badago.

  1. Emazteek ere ba zuten non zer egin. (Landart,D. Aihen ahula, 1978, 72).

Aditz jokatua izatetik aditz jokatu gabea izatera egindako jauziarekin ez da aditzaren prozesu nominalizatzailea bukatzen. Izan ere, bada beste urrats bat prozesu horretan: partizipioari eranstea izenordainak aditz nagusiarekiko betetzen duen funtzioari dagokion kasua/postposizio itsatsia.

    1. Zer esana beti dago. ("Kirikiño", Egunekoa, 1981, 40).
    2. Ez zen nora joanik. (Haranburu, L. , Itsasoak ez du esperantzarik, 1982, 34).

Hortaz, erlatibo generiko honetan, -N erlatiboan ez bezala, bi kasu- edo postposizio itsatsi-markak ageri zaizkigu: aditz erlatiboarekikoa (izenordain edo adberbio erlatiboan), eta aditz nagusiarekikoa (partizipioari erantsita). Azken adibidean, esaterako, izenordainak marka adlatiboa du joan aditzak hala eskaturik, eta partizipioak determinatzaile partitiboa du aditz nagusiaren ezezko izaeragatik. Esan dugun bezala, -N motako erlatiboan aditz nagusiarekiko kasu-marka/postposizio itsatsi-marka ageri da (izen ardatzari atxikirik), baina aditz erlatiboarekiko kasu-markaren/postposizio itsatsi-markaren arrastorik ere ez dago.
Dena den, esan behar da aditz nagusiarekiko kasu-marka/postposizio itsatsi-marka adieraztea alferrekoa dela, ez duela ezer eransten. Izan ere, Zer esan beti dago eta Ez zen nora joan aurreko esaldien pare-parekoak baitira. Azken finean, bi baino ez dira erlatibo mota honetan aditz nagusiarekiko marka zilegiak: absolutiboarena eta partitiboarena. Ezaugarri hau ez dute gainerako erlatibo motek partekatzen, haietan ez baitago murriztapenik izen ardatzak aditz nagusiarekiko betetzen duen funtzioari dagokionez. Erlatibo mota honetan, ordea, bi baino ezin daitezke izan: objektuarena eta izate aditzaren subjektuarena.

Kasu absolutibo singularraz eta partitiboaz gain, zenbatzaile mugagaberen bat ere erabil daiteke, perpaus erlatibo honen nominalizatzearen erakusgarri:

  1. Zer esan ugari dago beti.

Zer ikusi, zer egin, zer esan eta galde-izenordainez eta partizipioz osatutako antzeko esapideetan erdietsi du prozesu nominalizatzaile honek bere maila gorena. Areago, bi hitzak lotuta idatz daitezke (zerikusi, zeregin, zeresan ) eta, lexikalizatze honen ondorioz, alde batetik, hiztegian ageri dira, eta bestetik, beste edozein izenek dituen ezaugarriak dituzte, hala nola ondoan adjektiboak edukitzearena.

— Egilea: Karlos Cid Abasolo

1 “Las locuciones eztaukat zer egiñik, zer esanik, zer emonik están calcadas en los castellanos qué hacer, qué decir, qué dar. Egiñenak es la locución más pura que zeregiñak y así los otros tres”. (Morfología Vasca, § 144:12-17).

lanaren aipamena nola egin...

Karlos Cid Abasolo, "Aurrekaririk gabeko izenordain edo adberbio galde-jatorridunen bidez sorturiko erlatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3